Iragarkia
72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
29/2025 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Energiako, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Baztango udal mugartean "Uzketa 2 3601" ikerketa baimena ematen den.
1.–Ikerketa baimenaren eskaera:
2021eko ekainaren 28an, Canteras Acha SA, sozietateak C Ataleko (ofita) substantzia guztietarako ikerketa baimena eskatu zuen, "Uzketa 2 3601" izenekoa, Baztango udal mugartean, 5 meatze laukitarako.
Espedientea honako arau hauei jarraikiz tramitatu zen: Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea, Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorra, abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitutako eremua babestu eta leheneratzeari buruzkoa.
Era berean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zitzaion, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluari jarraikiz.
Eskaera hori jendaurrean jarri zen, 2021eko azaroaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (285. zk.), 2021eko abenduaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (281. zk.) eta Baztango Udaleko iragarki taulan iragarkiak jarrita.
Jendaurreko informazioaren epean jasotako alegazioak ebazpen honen eranskinean azaltzen dira eta erantzuna ematen zaie.
Ingurumeneko zuzendari nagusiak otsailaren 10ean emandako 119E/2023 Ebazpenaren bidez argitara eman zen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, eta horren arabera, ikerketa baimenak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, ez zaio egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Bestalde, leheneratze planari dagokionez, txostenean horren aldeko iritzia ageri da.
Ebazpen honek proiektuaren exekuzioan bete beharreko zenbait baldintza jasotzen ditu:
–Zundaketa puntu guztiak bideen gainean kokatuko dira. Koordenaturen bat desdoitzen bada, tokian bertan zuinketa egitean, bermatuko da bideen gainean kokatzen dela. Ez zaio inola ere lurzoru naturalari eraginen.
–Tomografia elektrikoko profilak egun sarbideak dituzten eremuetan eginen dira, eta ez dute inolako aldaketarik eraginen ez lurzoruan ez landaredian.
–Zundaketek ur lohitsuak sortzen badituzte hoztearen ondorioz, in situ dekantatuko dira.
–Lanak bukatu eta berehala leheneratuko dira bideak, eta bide zorua eta zerbitzuaren hasierako baldintzak berreskuratuko dira.
119E/2023 Ebazpena, otsailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana (51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2023ko martxoaren 13an).
2.–Meatze soberakinen eskaera.
Industriako zuzendari nagusiaren maiatzaren 23ko 441/2000 Ebazpenaren bidez, "Arritxuri 33061" ustiapen emakida eman zitzaion Canteras Acha, SA sozietateari, 11 meatze laukitarako.
2023ko ekainaren 20an, Canteras Acha, SA sozietateak "Arritxuri 33061" ustiapen emakidaren (erreferentziako sistema: ED50), 1º 37’ 20" eta 1º 35’ 40" meridianoen eta 43º 06’ 00" eta 43º 04’ 40" paraleloen (horiek ETRS89 erreferentzia sisteman adierazita) mugen arteko soberakinerako eskaera egin zuen, bai eta hura ustiatzeko baimena eskatu ere, eta "Arritxuri 33061" ustiapen emakidan sartzeko.
Eskaera horren arrazoia izan zen "Uzketa 2 3601" ikerketa baimena "Arritxuri 33061" emakidaren hegoaldean dagoela, gaur egun indarrean dagoen erreferentzia sisteman (ETRS 89) marraztutako meatze laukien gainean. Hau da, lauki horiek gainjarri egiten dira "Arritxuri 33061" emakidak partzialki okupatutako laukiekin. Emakida hori 2000. urtean indarrean zegoen erreferentzia sistemaren (Ed50) arabera zehaztutako meatze laukien gainean eman zen.
Behin meatze soberakin hori emanda, hala badagokio, "Uzketa 2 3601" ikerketa proiektua garatu liteke, bai "Uzketa 2 3601" ikerketa baimenaren laukietan, bai "Arritxuri 33061" emakidaren laukietako batzuetan.
Eskaera hori aztertu ondoren, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 155/2023 Ebazpenaren bidez, eskatutako meatze soberakina eman zitzaion Canteras Acha, SA sozietateari (hutsen zuzenketa, azaroaren 17ko 173/2023 Ebazpenaren bidez).
3.–Ikerketa baimena egokitzeko eskaera:
2024ko urtarrilaren 19an, Canteras Acha, SA sozietateak eskatutako baimenaren aldaketa aurkeztu zuen. Honako izen hau zuen: "Uzketa 2 3601 ikerketa baimenaren proiektua, Baztango (Nafarroa) 3 meatze laukiri eragiten diena. Meatze soberakina gehitzeko egokitzapena"; eta indarreko emakidako laukiak erreferentziazko sistema kartografikora egokitzea zuen xede.
Ikerketa proiektuaren aldaketa jendaurrean jarri zen, 2024ko otsailaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (44. zk.), 2024ko otsailaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (35. zk.) eta Baztango Udaleko iragarki taulan iragarkiak jarrita.
Jendaurreko informazioaren epean jasotako alegazioak ebazpen honen eranskinean azaltzen dira eta erantzuna ematen zaie.
2024ko ekainaren 20an, Ingurumen Ebaluazioko Atalak txostena egin zuen, eta bertan 119E/2023 Ebazpenera jotzen zen, dokumentazio berriak ez baititu jasotzen zundaketa gune berriak edo ingurumenean eragina duen beste jarduerarik.
4.–Entzunaldiaren izapidea eta ebazpen proposamena.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onartutako Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 71.1 artikuluarekin bat etorriz, espedientea izapidetu ondoren eta ebazpen proposamena idatzi aurretik, interesdunei jakinarazi zaie, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak eta egiaztagiriak aurkeztu ahal izan ditzaten. Entzunaldiko epean egindako alegazioak ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira eta erantzuna ematen zaie.
Informazio publikoaren bi izapideetan eta entzunaldiaren izapidean (2022ko martxoaren 7an, 2024ko apirilaren 10ean eta 2024ko irailaren 20an) jasotako alegazioei enpresak emandako erantzun espedientean jasota dago.
Meategien Atalaren txosten teknikoa ikusi eta espedientearen inguruabarrak aztertu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatu du Canteras Acha, SA sozietateak eskatutako ikerketa baimena ematea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Canteras Acha, SA sozietateari (A31077001) Baztango udal mugartean "Uzketa 2 3601" ikerketa baimena ematea, ezaugarri hauek dituela:
a) Ikerketaren xede den baliabidea: ofita.
b) Ikerketa baimenaren indarraldia: hiru urte, baimena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Ikerketa baimenaren azalera: 3 meatze lauki, koordenatu geografiko hauekin (longitudea, Greenwicheko meridianoa eta datum ETRS 89 UTM 30 N oinarri hartuta):
ERPINA | ETRS89 / UTM 30N zona | |||
LONGITUDEA (W) | LATITUDEA (N) | X | Y | |
PP-1 | 1º 35’ 40" | 43º 5’ 20" | 614400 | 4771644 |
2 | 1º 35’ 40" | 43º 4’ 40" | 614420 | 4770410 |
3 | 1º 36’ 20" | 43º 4’ 40" | 613516 | 4770395 |
4 | 1º 36’ 20" | 43º 5’ 00" | 613506 | 4771012 |
5 | 1º 36’ 00" | 43º 5’ 00" | 613958 | 4771020 |
6 | 1º 36’ 00" | 43º 5’ 20" | 613948 | 4771637 |
2. Enpresak aurkeztutako leheneratze plana onestea, aurkeztu dena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenean adierazitako baldintzekin (Ebazpena 2023ko martxoaren 19ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
3. Aurkeztutako alegazioak ezestea, ebazpen honen I. eranskinean azaldutako arrazoiengatik.
4. Canteras Acha, SA sozietateari 2.584,84 euroko bermea jar dezan eskatzea, leheneratze plana beteko dela segurtatzeko.
Bermea jartzea ezinbesteko baldintza da lanak hasteko, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean jarri beharko da. Bermea abal bidez jarriz gero, eredua Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian jaitsi daiteke: www.navarra.es. Leheneratze planaren exekuzioa bukatu ondoren, titularrak idatziz eskatuko du jarritako bermea askatzeko.
5. Ebazpen hau eta I. eranskina igortzea Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ikerketa baimen hau eman dela Estatuko Aldizkari Ofizialean iragartzea.
7. Ebazpen hau eta I. eranskina jakinaraztea Canteras Acha, SA sozietateari, Beatriz Echeverria Valcarlos-i, Juan José Oscoz Equioiz-i, Bienvenida Rodriguez Diaz-i eta Pello Sarratea Sanzberrori, eta, orobat, ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren kontra jar daitekeela gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko baitzaio Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan adierazi beharko da espediente zenbakia.
8. Ebazpen hau eta I. eranskina Baztango Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Energiako, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN ETA ENTZUNALDIAREN IZAPIDEEN EPEAN JASOTAKO ALEGAZIOEI EMANDAKO ERANTZUNA
Jasotako alegazioei erantzun aurretik, argitu behar da jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren prozedurak ikerketa baimen baten eskariaren harira egin direla, bat etorriz abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onartutako Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 71.1 artikuluarekin eta Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeko eta meategiko jarduerek ukitutako eremua babestu eta leheneratzeko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 6. artikuluarekin. Balizko ustiapen proiektu bat dagokion espedientearen xede izanen litzateke, eta, hala balegokio, orain ebazten denaz bestelako prozedura batean izapidetuko litzateke.
Bestalde, ingurumenari eragindako kalteei buruzko gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan, ingurumen-inpaktuaren txostena ematekoan, aztertu eta ebatzi dira. Ebazpen honek proiektuaren exekuzioan bete beharreko zenbait baldintza jasotzen ditu:
Testuinguru horretan, ondoren erantzunen zaie jasotako alegazioei.
Baztango Udala (Jendaurreko informazioaren lehen eta bigarren izapideak).
"Etorkizunean bi harrobi ustiatzeak –zeinentzat Arizkun-Sur eta Uzketa 2 izeneko ikerketa baimena eskatzen den– Baztanen izanen lituzkeen ondorioen azterketa laburra eta alegazioak" izeneko dokumentuak aurkeztu ziren. "Oinarri kontzeptualak eta premisak" azaldu ondoren, alegazio hauek aurkeztu ziren:
–1. alegazioa: ez da sakon baloratu KBEaren eremuko eragina eta eremuaren kontserbazioaren bermea (...).
–2. alegazioa: ez da kontuan hartu 6230 lehentasunezko habitata, "Nardodun larre azidofiloak", ikertu beharreko laukien zati handi bat hartzen duena Uzketa-2ren kasuan (...).
–3. alegazioa: Europar Batasunean lehentasunezko interesekoak ez diren habitatak suntsitzeari/eraldatzeari garrantzia kendu nahi zaio, tokiko Kudeaketa Planak berak kontserbatu beharreko natura balioetan funtsezkotzat jotzen dituen arren.
Eraginen ebaluazio lokalizatu eta zatikatuak ez du behar beste baloratzen arriskuan dauden hainbat espezierentzako arriskua, ez Nafarroako Naturguneen Sareko eremuentzat (RENA), ez Natura 2000 Sareko eremuentzat (...).
–4. alegazioa: merezi du herpetofauna espezieekiko eragina aztertzea espezie horien presentzia aipatzetik harago, haien babes estatusa dela eta.
–5. alegazioa: Uzketa-2ko eta Arizkun-Sur-eko ikerketa proiektuen aurretiazko azterlanetan, ez da kontuan hartzen mikrohabitatei lotuta zenbait babes maila dituzten narrasti espezieak egonen direla segur aski (...).
–6. alegazioa: Arizkun-Sur-eko ikerketa proiektuaren memorian, ez da akuiferoen kalteberatasunaren alderdi hori kontuan hartzen. Azterketa hidrologiko sakona egin beharko litzateke, bai eta lurpeko uretan eta azaleko uretan izan dezakeen eraginaren ebaluazioa ere.
–7. alegazioa: bi espedienteetan ez zaie garrantzi berezirik eman abeltzaintzari (larreak) eta basogintzari lotutako ekoizpen balioei, ezta balio ekologikoei ere, biodibertsitate korridore diren aldetik.
–8. alegazioa: enpresa sustatzaileak orain arte egindako lanetan sortutako informazioa aztertuta, ondorioztatzen da ez dagoela ukitutako populazio guztien diagnostikoan oinarritutako balioen adostasunik.
–9.etik 11.era bitarteko alegazioak: ez dira kontuan hartu alderdi sozioekonomikoen azterketan: PEFC ziurtagiria, kontenplaziorako ikuspena eta erabilera turistikoen gaineko eragina, kultura eta kirol ibilbideen eta bidexken gaineko eragina (GR T5 Kulunka Bidea) (...).
–12. alegazioa: aztertutako laukien paisaia ingurunea, bereziki Arizkuneko laukiena, arreta bereziko paisaiatzat hartu behar da, horietan meatze ustiaketak eraginen lituzkeen ondorio larrietatik babesteko.
–13. alegazioa: uste da Uzketa-2 eta Arizkun-Sur proiektuetan, eremu populatuetako eta/edo eremu bisitatuenetako ikuspenean eragin txikia izanen litzatekeela esatean, gutxietsi egin dela eragin hori.
–14. alegazioa: uste da alde batera utzi direla klima larrialdiko eta energia krisiko testuinguruak, eta biak oso garrantzitsuak direla erauzketa jardueren kasuan.
–15. alegazioa: uste da osasun publikoko alderdiak gutxietsi egin direla, jendea bizi den zenbait eremu hurbil daudelako.
Erantzuna:
Lehenik eta behin, adierazi behar da prozedura honetan ez direla aztertuko Arizkun-Sur-i buruzko auziak, beste espediente baten xede denez gero.
Ez da egokia balizko ustiapen proiektu batean sartuta leudekeen gaiak aipatzea eta aztertzea ere.
Esana denez, ingurumenari eragindako kalteei buruzko gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan, ingurumen-inpaktuaren txostena ematekoan, aztertu eta ebatzi dira.
Azkenik, espedientean dagoen dokumentazioa ikusita, ez da uste ikerketa lanek klima eta/edo energia larrialdian edo osasun publikoan eraginik izanen dutenik, ezta ondorio sozioekonomiko edo ingurumen ondorio larririk eraginen dutenik ere.
Beatriz Echeverria Valcarlos (97 sinadura) (Jendaurreko informazioaren bigarren izapidea eta entzunaldiarena).
–1. alegazioa: herrigunetik trafiko astuna igarotzea: tona askoko ibilgailuak ibiltzea, materiala bituminosoen plantara sartzeko zein ateratzeko.
–2. alegazioa: hainbat elementurekiko distantziak:
Herrigunea edateko urez hornitzen duen depositua eta meatze laukiak zeharkatzen dituen hoditeria. Proiektuak ez ditu aipatzen ondorengo ustiapenaren garapenarekin sortuko liratekeen afekzioak edo arazoak.
Akuiferoak. Akuifero ugari daude, abeltzaintza aprobetxamendurako hainbat iturburu elikatzen dituztenak.
"Sp5" zundaketa. Almandoztik igarotzen den errekaren ibaiadar baten oinean dago (5 metrora baino gutxiagora).
Aska publikoa eta ur hodia. Aska publiko bat dago "Sp4" zundaketatik 75 metrora baino gutxiagora, eta ur hodi bat igarotzen da zundaketa horretatik 3 metrora baino gutxiagora. Adierazten da, abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 3. artikuluak dioena ez dela betetzen "Sp4" zundaketarako.
Era berean, "Sp5" zundaketa iturburu batetik 20 metrora baino gutxiagora dago.
–3. alegazioa: Natura 2000 Sarea, Belate KBE.
–4. alegazioa: beste kalte batzuk (turismoa, abeltzaintza, bizi kalitatea...): beste fronte bat irekiz, zerora murrizten da jarduera ekonomikoak –bai turistikoak bai abeltzaintzakoak– mantentzeko eta garatzeko aukera.
–5. alegazioa: aurrekontua: aurrekontua 2011ko ekainekoa dela aipatzen da.
Erantzuna:
Alegazioaren zati handi batean aipatzen da ustiapenerako beste fronte bat irekitzeak zer kalte ekarriko lituzkeen. Horren erantzuna eranskin honen sarrerako atalean dago.
Ingurumen eraginei dagokienez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan ebaluatutakora jotzen da.
Meatzaritzaren Erregimenerako Erregelamendu Orokorra onartzen duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 3. artikuluari dagokionez, gogorarazi behar da honako hau dioela artikulu horrek: "Ez dira kalikatak zabaltzen ahalko, ez eta zundaketak egiten edo meatze lanak egiten ahalko ere eraikin, trenbide, zubi edo ur hodietatik berrogei metrora baino gutxiagora; errepideei, autobiei eta autobideei buruzko legeek ezartzen dituzten distantzia atikoak baino distantzia gutxiagora; argiteria, kanal, ubide eta urasketatik edo iturri publikoetatik ehun metrora baino gutxiagora; ez eta bainu edo ur mineral-medizinalak edo mineral-industrialak edo termalak eta baliabide geotermikoak babesteko perimetroen barruan ere; eta gotorlekuetatik I.400 metrora baino gutxiagora ere ez, baldin eta, azken kasu horretan, agintaritza militarraren lizentzia lortzen ez bada, eta, gainerako kasuetan, dagokion agintaritzarena, obra eta zortasun publikoak badira, edo jabearena, jabetza partikularreko eraikinak edo eskubideak badira".
Artikulu hori beti bete beharko da, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
–Tomografia elektrikoak ez dira meatzaritza lantzat hartzen, eta, beraz, aurreko artikuluaren aplikazio esparrutik kanpo daude; hala ere, ingurumen organoak balioetsi du horien eragina.
–"Sp4" eta "Sp5" zundaketak ez dira sartzen 3 laukitarako orain ematen den ikerketa baimeneko lanetan. Hala ere, horiek ere bete beharko dute abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 3. artikulua. Beraz, enpresak horien kokapena lekuz aldatu beharko du, hala badagokio, eskatutako distantziak betetzen direla bermatzeko.
–Gogorarazten da zundaketa horiek egiteko beharrezkoa izanen dela lan planak aurkeztea, eta lursailetarako sarbidea adostea eta koordinatzea. Une horretan, enpresak zer azpiegitura dauden identifikatu beharko du, eta, horren arabera, zundaketetarako azken kokapena zehaztu.
Aurrekontuari dagokionez, enpresak honako hau adierazi du: "Leheneratzeko prezioen aurrekontua eta balorazioa egiteko, idatzi den uneko datari dagozkion merkatu prezioak erabili dira, eta alegazio egileak adierazitako erreferentzia neurketetako akats tipografiko bat da, eta ez du prezioetan eraginik. Alderdi horrek ez du inolako eraginik ikerketaren egingarritasunean".
Bienvenida Rodríguez Valcarlos (Jendaurreko informazioaren lehen eta bigarren izapidea, eta entzunaldiarena).
Adierazi du T6 tomografiak bere jabetzako lurretan egiten duela muga, 84. poligonoko 174. lurzatian.
Gainera, adierazi du lurzati osoa dagoela ikerketa eremua osatzen duten laukien barruan. Lurzati horretan beste ofita fronte bat irekiko balitz, bertako abeltzaintza ustiategiaren funtzionamendua eta errentagarritasuna nabarmen kaltetuko lirateke.
Jendaurreko informazioaren bigarren izapidean, bertan babestu beharreko flora egon daitekeela aipatu du.
T6 tomografia bere lurzatitik kanpo geratzeko eta zundaketen baimenak ukatzeko eskatu du.
Erantzuna:
Eranskin honen sarrerako atalean adierazten den bezala, balizko beste ustiapen fronte bat irekitzearen eraginak ez dira espediente honen xede.
Esana denez, ingurumenari eragindako kalteei buruzko gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi dira, eta Ebazpenak, besteak beste, honako baldintza hau ezarri du proiektuaren exekuzioan betetzeko: "zundaketa puntu guztiak bideen gainean kokatuko dira. Koordenaturen bat desdoitzen bada, tokian bertan zuinketa egitean, bermatuko da bideen gainean kokatzen dela. Ez zaio inola ere lurzoru naturalari eraginen".
Hala baieztatu du enpresak alegazioei erantzunez, ikerketaren eragina murrizteko bideak erabiltzeari lehentasuna eman zaiola adierazi duenean.
Juan Jose Oscoz Equioiz (jendaurreko informazioaren lehen eta bigarren izapidea, eta entzunaldiarena).
Lehenengo alegazioan adierazi du Sp1 zundaketa bere jabetzako lurretan eginen dela, 84. poligonoko 156. lurzatian. Bigarren alegazioan adierazi du bere lurzatitik 30 metrora baino gutxiagora eginen dela.
Azaldu du enpresa sustatzaileak ez diola jakinarazi zundaketa bat egiteko asmoa duela, eta ofita fronte bat irekitzeak kalte nabarmena eginen diola bere abeltzaintza ustiategiaren funtzionamenduari eta errentagarritasunari.
Erantzuna:
Eranskin honen sarrerako atalean adierazten den bezala, balizko beste ustiapen fronte bat irekitzearen eraginak ez dira espediente honen xede.
Esana denez, ingurumenari eragindako kalteei buruzko gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi dira, eta Ebazpenak, besteak beste, honako baldintza hau ezarri du proiektuaren exekuzioan betetzeko: "zundaketa puntu guztiak bideen gainean kokatuko dira. Koordenaturen bat desdoitzen bada, tokian bertan zuinketa egitean, bermatuko da bideen gainean kokatzen dela. Ez zaio inola ere lurzoru naturalari eraginen".
Azkenik, adierazi behar da jabetza pribatuko edo herri jabetzako lursailetara sartzeko baimenak jardueraren aurretik kudeatzen dituela enpresa sustatzaileak. Sustatzaileak baieztatu du jabeetako bakoitzarekin edo herri lurren kudeaketaren arduradunekin harremanetan jarriko dela aurreikusitako lanak zehazteko.
Pello Saratea Sanzberro, Almandozko zinpeko alkatea eta beste sinatzaile batzuk (jendaurreko informazioaren lehen eta bigarren izapidea, eta entzunaldiarena).
Lau alegazio dokumentu aurkeztu dira guztira, eta, horietan, honako hau adierazi da:
–Ikerketa baimenaren eskaeraren aurka ageri dira.
–Herrigunea edateko urez hornitzen duen depositua eta meatze laukiak zeharkatzen dituen hoditeria. Proiektuak ez ditu aipatzen ondorengo ustiapenaren garapenarekin sortuko liratekeen afekzioak edo arazoak.
–Akuiferoak. Akuifero ugari daude, abeltzaintza aprobetxamendurako hainbat iturburu elikatzen dituztenak.
–Beste ustiapen fronte bat irekitzea aipatzen du: etorkizuneko frontea hegaletan kokatzea aurreikusten da, eta horrek agerian utziko luke; bituminosoen egungo plantara ibilgailuek egin beharreko joan-etorriak biderkatu eginen lirateke.
–Balio arkeologikoei buruzko informaziorik eza.
–"T3", "T4", "T5" eta "T8" tomografiek 84. poligonoko 105 eta 176 lurzatiekin egiten dute muga (larreak). "T7" tomografia 84. poligonoko 176. lurzatiaren barruan dago (larrea).
–Aska publikoa eta ur hodia. Aska publiko bat dago "Sp4" zundaketatik 75 metrora baino gutxiagora, eta ur hodi bat igarotzen da zundaketa horretatik 3 metrora baino gutxiagora. Adierazten da, abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 3. artikuluak dioena ez dela betetzen "Sp4" zundaketarako.
–Lurzati horretan beste ofita fronte bat irekiko balitz, bertako abeltzaintza ustiategiaren funtzionamendua eta errentagarritasuna nabarmen kaltetuko lirateke.
Erantzuna:
Beste ustiapen fronte bati buruzko aipamenei dagokienez, eranskin honen sarrerako atalera jo behar da. Bertan adierazten da balizko ustiapen proiektu bat dagokion espedientearen xede izanen litzatekeela, eta orain ebazten denaz bestelako prozedura batean izapidetuko litzatekeela.
Ingurumen eraginei dagokienez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 119E/2023 Ebazpenaren esparruan ebaluatutakora jotzen da.
Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorra onartzen duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 3. artikuluari egiten zaizkion aipamenei dagokienez, Beatriz Echeverria Valcarlosek aurkeztutako alegazioei erantzuteko adierazitakoa begiratu behar da.
Azkenik, argitu behar da, enpresak lortutako informazioaren arabera, ez dagoela ikerketak eragiten ahal duen aztarnategi arkeologikorik.
Iragarkiaren kodea: F2504506
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
