1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
130/2025 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko 2025eko bainu-denboraldia eta onesten baita bainurako eremuen laginketa guneen kontrolerako egutegia.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko otsailaren 15ean onetsitako 2006/7/EE Zuzentarauak, bainurako eremuen kalitatea kudeatzeari buruzkoak, Europako aurreko araudia indargabetu zuen, eta gure barne zuzenbidean sartu da, Bainurako eremuetako uren kalitatea kudeatzeari buruzko urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuaren bidez.
Bainurako eremuak kudeatzeko oinarrizko arau esparrua den errege dekretu horren xedeak dira bainuko uren osasun irizpideak ezartzea; ingurumenaren kontserbazioa, babesa eta hobekuntza; eta, arlo horretan, gutxieneko xedapenak ezartzea kontrolerako, sailkapenerako, kudeaketa neurriak hartzeko eta jendeari informazioa emateko.
Errege dekretu horren 3. artikuluan agintari eskudunen definizio batzuk sartu dira; besteak beste, osasun agintariarena, hau da, autonomia erkidego bakoitzaren esparruan arau horretan ezarritako osasun arloko baldintzak betearazteko ardura duenarena. Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin bat, Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagozkio, bere eskumenen esparruaren barruan, osasun agintaria izatea eta esku-hartze publikoaren eginkizunak betetzea, banakakoen eta gizataldeen osasunari dagokionez.
Halere, Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari eskumenak eskuordetzen zaizkio. Hortaz, organo horri dagokio Nafarroako bainuko ur naturalen eremuen zentsu ofiziala, kontrolerako urteko egutegia, laginketa guneak eta bainu-denboraldia onestea, bai eta osasunerako arriskuengatik bainatzeko debekuak ezartzea ere.
Urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezartzen denez, urtero, martxoaren 20an beranduenez, agintari eskudunek Bainurako Eremuen Zentsuko gutxieneko informazioa erantsiko dute, Osasun Ministerioak 14.1 artikuluan xedatutakoa bete dezan, eta 4.3 artikuluan ageri den gutxieneko informazioa emanen da.
Errege dekretu horren 6.1 artikuluak zehazten du zer-nolako maiztasunarekin egin behar diren kontrol analitikoak eta nola finkatuko diren, ikusizko ikuskapenen bidez, bainuko urak behar dituen kalitate parametroak. Bestalde, 4.3.b) artikuluak zehazten du agintari eskudunek, urte bakoitzeko martxoaren 20a baino lehenago, kontrolerako egutegia zehaztuko dutela laginketa gune bakoitzeko.
Bainurako eremuen Batzordeak 2025eko martxoaren 3an eginiko bileran, aktan ageri denez, onetsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala dela Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 31ko 177/2023 Ebazpenaren bidez onetsitakoa (2023ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 2koan), ez baita altarik ez bajarik gertatu, haren berri ematea Osasun Ministerioari 2025eko martxoaren 20a baino lehen, Osasun Ministerioaren web-atariaren bidez (NÁYADE sistema), eta, halaber, erabaki zuen zein izanen den 2025eko bainu-denboraldia eta denboraldi horretarako Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen kontrol programako laginketen egutegia. Aipatutako batzordea entitate hauetako ordezkariek osatzen dute: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Foruzaingoko Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloko Ingurumena Babesteko Brigada, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Ingurumen Kudeaketa entitate instrumentala (GAN-NIK) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua.
Azaldutakoarekin bat, eta Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenari jarraikiz, zeinak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku uzten baitu zenbait eskumenen erabilera.
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen 2025eko zentsu ofiziala Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 31ko 177/2023 Ebazpenak onetsitakoa da, ez baita altarik ez bajarik izan. Ebazpen hura 2023ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2koan.
2. Foru Komunitateko eremuetan hau izanen da bainu-denboraldia 2025ean, bakoitzaren baldintza meteorologikoak kontuan hartuta:
- 2025eko maiatzaren 26tik irailaren 14ra (bi egunak barne), bainurako eremu hauetan: Morea baltsa 1 (Beriain), Agua Salada iturburua 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate), Deierriko Allozko urtegia (Deierri, Ugar) eta Pulguer baltsa 1 (Tutera).
- 2025eko uztailaren 7tik irailaren 7ra (bi egunak barne), bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 1 (Zudairi (Ameskoabarrena)), Urederra ibaia 2 (Artabia (Allin)), Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu), Benasako arroila 1 (Nabaskoze), Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze) eta Itoizko urtegia (Nagore (Artzibar)).
3. Onestea Foru Komunitateko zentsu ofizialeko bainurako eremuetan ur laginak hartzeko kontrolerako egutegia, 2025eko bainu-denboraldirako. Hau da:
–Hasierako laginketa:
Ebazpen honen 2. puntuan ezartzen den bainu-denboraldia hasi aurreko hamabostaldian bainuko uren lagin bat hartuko da, kontrolatzeko.
–Hasierako laginketa honela eginen da:
- 2025eko maiatzaren 20an, bainurako eremu hauetan: Morea baltsa 1 (Beriain), Agua Salada iturburua 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate) (bi laginketa guneetan), Deierri-Allozko urtegia (Deierri, Ugar) eta Pulguer baltsa 1 (Tutera).
- 2025 ekainaren 30ean, bainurako eremu hauetan: Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Benasako arroila 1 (Nabaskozeko mugartea), Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze) eta Itoizko urtegia (Nagore (Artzibar)).
- 2025eko ekainaren 27an, bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 1 (Zudairi (Ameskoabarrena)), Urederra ibaia 2 (Artabia (Allin)) eta Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu).
–Programatutako kontrola:
2025eko bainu-denboraldian, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, bederatzi ur lagin hartuko dira gutxienez, egun hauetan:
- 2025eko maiatzaren 27an, ekainaren 3an, 17an eta 27an, uztailaren 15ean eta 29an, abuztuaren 5ean eta 19an eta irailaren 2an, bainurako eremu hauetan: Agua Salada iturburua 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate) (bi laginketa guneetan), Deierri-Allozko urtegia (Deierri, Ugar), Pulguer baltsa 1 (Tutera) eta Morea baltsa 1 (Beriain).
Bainurako gainerako eremuetan, 2025eko bainu-denboraldian, uztailean eta abuztuan lau ur lagin hartuko dira gutxienez, egun hauetan:
- 2025eko uztailaren 14an eta 28an eta abuztuaren 4 eta 18an, bainurako eremu hauetan: Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Benasako arroila 1 (Nabaskozeko mugartea), Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze) eta Itoizko urtegia (Nagore, Artzibar).
- 2025eko uztailaren 15ean eta 29an, eta abuztuaren 5ean eta 19an, bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 2 (Artabia, Allin), Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu) eta Urederra ibaia 1 (Zudairi, Ameskoabarrena).
4. Informazio osoa honako hauen webguneetan ikusten ahal da: Osasun Ministerioarenean ("NÁYADE" Bainuko Uren Informazio Sistema Nazionalaren bidez), Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarenean ("Ura Nafarroan" bainuko urak kontrolatzeko sarearen bitartez) eta Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarenean.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzura, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Kantauriko Konfederazio Hidrografikora, Nafarroako Foruzaingora, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari; Allingo, Ameskoabarrengo, Beteluko, Burgiko, Zarrakazteluko, Lizarrako, Beriaingo, Gesalazko, Nabaskozeko, Tuterako eta Uztarrozeko udalei; Artabiako, Lerateko, Nabaskozeko, Zudairiko eta Nagoreko kontzejuei; Artzibarko eta Deierriko udalei; halaber, aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 18an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.
Iragarkiaren kodea: F2504264