72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

87E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorra, eranskin gisa jaso dena.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-baliabideen aprobetxamendua babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea, jasangarritasun irizpideen arabera.

Ildo horretan, Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legearen 61. artikuluak ezartzen du ezen, arrantza-aprobetxamendua antolatzeko, arrantzaren kudeaketaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak onetsiko dituela aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak arrantzatzeko debekuei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko duela. Horrez gainera, adierazten du berariaz aipatuko direla arrantzarako eremuak, garaiak, egunak eta aldi baliodunak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurriak ere.

Hortaz, foru agindu honek biltzen ditu Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Lege berriaren ondorioz Nafarroan kirol arrantza egiteko beharrezkoak diren zehaztapen eta erregulazio berriak, basoko populazioen kontserbazioarekin bateragarri eginez eta baliabidearen iraunkortasuna bermatuz. Lege berriak dakartzan berritasunen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

–Arrantza-eredua aldatzea arrantzarako libre dauden uretan; izan ere, orain arte, ur horietan, harrapatu eta eramateko arrantza zen baimendutako modalitatea, baina hemendik aurrera, ur horietan harrapatu eta askatzeko modalitatea baino ez dago baimendua arrantzatu daitezkeen espezie autoktono guztientzat.

–Espezie exotiko inbaditzaileen kasuan, zeinak nahitaez hil behar baitira, baimendua dago baimendutako ur-masetan arrantzatzea, baina espezie horiek nahitaez hil beharko dira.

–Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteak araubide bereziko ur gisa ezartzen dira. Tarte horiek arrantza-arro bakoitzeko ibilgu nagusietan arrantzatu daitekeen tarte osoaren %20 hartuko dute gehienez, eta, betiere, bertan baimendua badago espezie autoktonoen populazioen harrapatu eta eramateko aprobetxamendua. Horiek izanen dira harrapakinen aprobetxamendua baimendua duten eremu bakarrak.

Uretako faunaren habitata osatzen duen ibai-ingurunea tentsio handien eraginpean dago aldaketa globalaren ondorioz, eta horrek baliabide horien aprobetxamendua etengabe egokitzera behartzen du. Aldi berean, habitataren baldintzak hobetzeko ahalegin handia eskatzen du, ibaiertzeko formazioak berreskuratuz, arrabalekuak babestuz eta faunaren mugimendu askerako oztopoak kenduz, zeinak baitira, besteak beste, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak duela urte batzuetatik garatzen dituen ekintzak.

Urteko jarraipenez gain, azterlan bat baino gehiago egin da jakiteko zer egoeratan dauden Nafarroan salmonidoen espezie autoktonoak (amuarraina eta izokina), zer presio jasaten dituzten eta informazio zehatzagoa izateko populazioen arazoei buruz.

Amuarrainaren kasuan, ikuspegi zehatzagoa izan dugu, hainbat mailatan (penintsula, eskualdea eta arroa) egindako azterketari esker, jakiteko zer egoeratan dagoen espeziea. Lan horietan agerian gelditu da ingurumeneko faktoreen eragina. Faktore horiek globalak dira, eta ez dugu gaitasunik haietan eragiteko. Baina, bestalde, lan horiek agerian utzi dute beste faktore batzuek ere eragin handia dutela populazioetan, eta, haietan, bai, eragiten ahal da. Horren adibide dira habitataren zatiketa eta ibaiertzeko landarediaren narriadura. Presio horiek kenduz gero, aldaketa garrantzitsuak lor daitezke epe laburrean.

Amuarrainaren populazioei eragiten dieten arazo horiek areago eragiten diote Nafarroako izokinari ere. Kasu horretan, izokina kudeatzeko planak (2019-2025) NASCOren (North Atlantic Salmon Conservation Organization) eskakizunak betetzen ditu, eta espeziea hobetzeko ekintza zehatzak jasotzen ditu, ibilbide-orri gisa. Ia guztiak bete dira.

Horrekin guztiarekin, Nafarroako Gobernuak etengabe lan egiten du espezieen habitata hobetzeko (inbertsio propioen bidez edo Europako programen laguntzarekin), eta horien artean nabarmentzekoak dira ibaien zatiketa murrizteko jarduketak. Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da azken urteotan iragazkortzeko lanei emandako bultzada. Lan horiek beste administrazio batzuekin (tokikoa, eskualdekoa eta estatukoa) koordinatuta egiten dira, eta enpresa, elkarte eta partikularrek ere parte hartu dute kasu batzuetan. Nafarroan, 2001etik, zaharkitutako 83 oztopo eraitsi dira (horietatik, 15 eraitsi dira 2024an). Erabiltzen ari ziren oztopoetan, azpiegiturak egin dira, arrainek pasabidea dutela bermatzeko.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legeak zehazten du arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorrak ez direla urtero onetsi behar eta 5 urtera arteko indarraldia izan dezaketela. Araudi honek 2029ra arteko indarraldia izan dezake, baldin eta inongo arrazoirengatik ez bada gomendagarria arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor berri bat onestea.

Era berean, gaikuntza ematen zaio arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularrari, egutegirik egokienak finkatzeko, harrapaketa kupoak ezartzeko –kontuan izanda espezie bakoitzerako egindako laginketen, ereduen edo azterlanen datuak–, eta aldi baterako debekualdietan egin beharreko aldaketak egiteko, basafaunari eragin diezazkioketen kalteak justifikatu ondoren. Hori guztia Arrantzako Aholku Batzordeari kontsulta egin ondoren eginen da. Aldaketa horiek argitara emanen dira Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren arrantzarako webgunean (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea).

Amuarrain arruntaren kasuan, 1992tik, Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak amuarrainen populazioen egoeraren jarraipena egiten du espezie horrek Nafarroan duen banaketa-eremu osoan. Jarraipen horretarako oinarri dira Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ezarri dituen elektroarrantzako laginketak. Laginketa horiek basozainen taldeak egiten ditu, aipatutako zerbitzuaren zuzendaritzapean, udako hilabeteetan, Nafarroako salmonidoen eremuko ibai guztietan banatutako 60 kontrol-tarte baino gehiago biltzen dituen sare zabal baten bidez.

Nafarroako salmonidoen eremuan amuarrainen populazioek joera negatibo orokorra izan dute jarraipena egiten hasi zenetik, eta, ondorioz, populazio gehienak oso egoera delikatuan daude. Logikoa dirudi pentsatzeak ezen, espeziearen habitatean izandako aldaketez gain, ur-masen emari- eta tenperatura-erregimena zehazten duten klima-baldintzek ere badutela eragina populazioen egoeran. Klimaren aldaketa-egoera batean –orain jasaten ari garen honetan, alegia–, beren banaketa-eremuaren mugan dauden espezieek (Nafarroan dauden salmonidoek, esate baterako) tentsio oso handiak jasaten dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du populazioen bideragarritasuna. Arrantzaren kudeaketari buruzko lege berria egoera berrietara egokitu nahi izan dute, eta arrantza eredu jasangarriagoetara bideratu.

Hala ere, segitu behar da populazioen jarraipena egiten eta harrapaketak haien egoerara egokitzen. Ildo horretan, amuarrainarentzat eredu berri bat egin da, kalkulatzeko guztira zer kopuru den onargarria amuarrainaren harrapaketan, harrapatu eta askatzeko arrantza modalitate berrira egokituta. Eredu hori erabili da 2025ean harrapaketa kupoa zehazteko; hala ere, eredu hori aztertu eta baliozkotu beharko da hurrengo urteetan, laginketen datuekin. Datu horiei esker, amuarrainaren populazioen bilakaera zehazten ahalko da.

Izokin atlantikoari dagokionez, haren banaketa naturalaren hegoaldeko muga iberiar penintsulan dago. Horrek esan nahi du hemen haren populazioak txikiak direla, Europako iparraldeko beste ibai batzuetako populazioekin alderatuta, eta oso kalteberak direla aldaketa hidrologiko eta klimatikoen aurrean. Iberiar penintsulako izokin atlantikoaren populazioak gainbehera datoz nabarmenki hamarkada batzuetatik hona. Azken 40 urteotan Bidasoako izokin populazioa hobetzen joan bada ere, Nafarroako Gobernuak lan egin baitu populazioak handitzeko eta habitata hobetzeko, azken urteotan Bidasoako populazioak ere gainbehera izan du, beste arro batzuetan behatzen ari den bezala, baina hor larriagoa da eragin hori, populazioa txikia delako. Ondorioz, izokin-populazioa egoera kezkagarrian dago.

Swanseako Unibertsitateko (Gales, Erresuma Batua) Carlos García de Leániz irakasleak egindako azterlanaren arabera (2021), Bidasoaren arroaren baldintzak kontuan hartuta, esan daiteke ibai horretako izokin populazioa egoera egokian legokeela 189 eme ugaltzen direnean (guztira 1,3 milioi arrautza jar ditzakete). Gaur egun, zifra horretatik oso urrun gaude, bai eta kontserbazio-muga kritikotik ere, kalkulatu baita milioi bat arrautzakoa dela.

Hurrengo urteetan egoera antzekoa izan daitekeela ikusita, zentzuzkoa dirudi NASCOk (North Atlantic Salmon Conservation Organization) sustatutako zuhurtzia-printzipioa aplikatzea eta 2023ko eta 2024ko denboraldietan hartutako kudeaketa-neurriei eustea, Bidasoko izokinaren populazioa kolapsatu ez dadin. Egoera hori zuzentzeko kudeaketa-neurri egokienetako bat da ugaltzaileen heriotza-tasa murriztea, eta, horretarako, kirol arrantza etetea da neurririk eraginkorrena.

Esan beharra dago egoera hori orokorra dela espeziearen banaketa-eremu osoan, eta nabarmenagoa dela banaketa-eremuaren hegoaldeko mugan. Kantauriko itsasertzean egoera kezkagarria da; izan ere, espeziearen presentzia duten erkidego guztiek Nafarroakoaren antzeko joera izan dute, eta, horregatik, neurriak hartu dituzte arrantza-presioa espeziearen egoeraren errealitatera egokitzeko nola edo hala. Horregatik, proposatzen da Bidasoa ibaian izokinaren kirol arrantza eteteari eustea.

Ziprinidoen eremuan arrantzarako gune berri bat gaitu da arrantzaleen elkarteek eskatuta, eta, eskualde horretako arrantzarako beste 20 eremuekin batera, helburua da arrantza sustatzea eta arautzea erabilera handiko eremuetan. Horregatik guztiagatik, jarraitzen da gune berriak gaitzen eta daudenak hobetzen, eremu horietan arrantza errazteko.

Horrenbestez, Arrantzako Aholku Batzordeak eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egin ondoren, eta bat etorriz Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bidez esleitu didaten eskumenarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorra onestea (eranskin gisa gehitu da).

2. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 21ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

ARRANTZA-DEBEKUEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Xedapen orokor honen xedea da Nafarroan, arrantzarako aprobetxamendugai izaten ahal diren espezieak ezartzea, bai eta eremu, garai, egun eta aldi baliodunak ere, espeziearen edo modalitatearen arabera eta aprobetxamendugai diren espezieak babesteko muga orokorren arabera, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurrien arabera ere.

Era berean, xedapen orokor honen helburua da espezie exotiko inbaditzaileen populazioak eraginkortasunez kontrolatzeko neurriak hartzea, espezie horiek harrapatzeko eta, kasua bada, harrapatutako aleak desagerrarazteko asmoz.

2. artikulua. Arrantza egitea Nafarroan.

1. Nafarroan egiten den arrantza Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legean eta arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da.

2. Nafarroako arrantza, oro har, harrapatu eta askatzeko modalitatean eginen da, salbu eta debekualdien xedapen orokor honen arabera aleak harrapatu eta eramatea baimenduta dagoen tarte edo ur-masetan.

3. Beste lurralderen batekin muga egiten duten ibai tarteetan, arrantzaleak Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden arauak eta baldintzak bete beharko ditu, arrantza Nafarroan egiten bada.

3. artikulua. Arrantzatzen ahal diren espezieak.

1. Denboraldian, espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Autoktonoak edo bertakoak:

–Graellsko barboa (Luciobarbus graellsii).

–Txipa edo ezkailua (Phoxinus bigerri).

–Tenka (Tinca tinca).

–Amuarrain arrunta (Salmo trutta).

b) Exotikoak:

–Karpa txikiak (Carassius auratus eta beste Carassius batzuk).

2. Horretarako baldintzak betetzen badira, eta debekuei buruzko xedapen orokor honetan adierazitako zonetan, espezie exotiko inbaditzaile gisa deklaratutako espezie hauek arrantzatzen ahalko dira:

a) Arrainak:

–Alburnoa (Alburnus alburnus).

–Karpa (Cyprinus carpio).

–Lutxo arrunta (Esox lucius).

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa (Micropterus salmoides).

–Katu arraina (Ameiurus melas).

–Silurua (Silurus glanis).

–Ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss).

b) Ornogabeak:

–Paduretako karramarroa (Procambarus clarkii).

–Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus).

4. artikulua. Uren zonifikazioa, arrantzaren eta ur bilduen ondorioetarako.

1. Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako ibaien eta ur-masen tarteak honela banatzen dira: salmonidoen eremua eta ziprinidoen eremua.

2. Ur bilduetako arrantzari dagokionez, zer ibilgutan isurtzen duten ura, haien arrantza-eremuko araudi bera bete beharko da. Arro endorreikoen edo itxien kasuan, ibilgua hurbilenik duen arrantza-eskualdean ezarria dagoen araudi bera bete beharko dute. Esako urtegia ziprinidoen eremutzat jotzen da.

Urtegien, ureztatzeko idoien eta antzekoen kasuan, bildutako uren inguruko perimetrora sartzea ur horien titularrari dagokion eskubidea da, eta, horregatik, bere esku du sartzeko baimena ematea edo debekatzea. Arrantzarako eskubidea, beraz, jendearentzako sarrera-eskubidearen ondotik helduko da.

5. artikulua. Arrantza baimenak.

1. Arrantza baimena izateaz gainera, baimendutako edozein espezie harrapatzeko salmonidoen goiko eremuan, eta ziprinidoen eremuko arrantzarako kirol guneetan, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak emana. Arrantza naturaleko barrutietan, baimenaren ordez, arrantza-barrutiak ematen duen pasea eduki beharko da.

2. Eremu bakoitzerako baimenen kopurua eta ezaugarriak I. eranskinean zehazten dira.

3. Salmonidoen goiko eremuan:

16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko arrantzan egiteko arro guztietako hirigunearen barreneko ibai tarteetan. Salbuespen hori aplikatuko da, soilik, eremu horretako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko arrantza motan.

4. Ziprinidoen eremuan dauden arrantzarako kirol guneetan:

Aurretik ezarritako akordioen arabera, kirol guneen mantentze-lanez arduratzen diren erakundeek lehentasunez eskatzen ahalko dituzte gune horretako zenbait postu.

Baimenaren titularraz edo titularrez gain (postua partekatuz gero), postu bakoitzean beste norbaitek arrantzatzen ahalko du baldin eta egun horretarako eta gune horretarako baimena erreserbatua badu eta baimenen titularrak han badaude eta ados badaude.

Gune eta egun jakin baterako baimena duen pertsona batek erreserbatutakoa ez den beste postu batzuk erabiltzen ahalko ditu, baldin eta postu horiek erabiltzen ari ez badira.

6. artikulua. Hil beharreko arrainak.

1. Ondoren zehazten diren aleak hil behar dira:

a) Arrain hauek hil behar dira harrapatutakoan:

–Alburnoa.

–Karpa: salmonidoen eremuan arrantzatutako aleak nahitaez hil beharko dira; ziprinidoen eremuan, berriz, arrantzale bakoitzak aukeratuko du zer egin: harrapatutakoan hil edo uretara itzuli, ezin baitira bizirik eduki.

–Urrearraina eta beste karpa txiki batzuk.

–Lutxoa.

–Perka amerikarra edo Black-bass izenekoa.

–Katu arraina.

–Silurua.

–Ortzadar-amuarraina.

b) Ornogabe hauek hil beharko dira arrantza gunea utzi baino lehen:

–Paduretako karramarroa.

–Karramarro seinaleduna.

2. Era berean, gainerako espezie exotikoak, arrantzarako debekua dutenak, hil egin beharko dira; harrapatu bezain azkar hilko dira arrantza-debekuen xedapen orokor honetan baimendutakoez bestelako espezieen aleak, horiek uretatik nola edo hala harrapatu, atxiki edo ateratzen direnean.

3. Zilegi da arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honen arabera arrantzatzen ahal diren espezie exotiko inbaditzaileen aleak eduki eta garraiatzea, arrainak hilik badaude eta desagerrarazteko toki egoki batean uzteko asmoz edo autokontsumorako harrapatzen badira. Arrantzatu ezin diren espezieen kasuan, arrainak garraiatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, desagerrarazteko.

7. artikulua. Arrantzarako egunak eta orduak.

1. Arrantzarako egunak dira espezie bakoitzarentzat adierazitakoak.

2. Honako hau da arrainak arrantzatzeko ordutegia:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:00etara.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:30era.

–Abuztuan: 07:00etatik 22:00etara.

–Irailean eta urrian: 07:00etatik 21:00etara.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da arrantzan, eguzkia sartu eta ordubete pasatu arte (betiere, ordu ofizialaren arabera, 06:00etatik 24:00ak bitarte). Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuan dauden arrantzarako kirol guneetan arrantzan aritzeko adierazitako ordutegitik kanpo, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuak daudela egiaztatzen badute.

3. Honako hau da karramarro exotikoak arrantzatzeko ordutegia:

a) Karramarro exotikoak harrapatzeko eremuak:

–Martxoan eta apirilean: 07:00etatik 21:30era.

–Maiatzean, ekainean eta uztailean: 06:30etik 22:00etara.

–Abuztuan, irailean eta urrian: 07:00etatik 21:30era.

Urteko gainerako egunetan, eguzkia atera baino ordu bat lehenago hasten ahal da, eta sartu ondotik ordu bat pasatzen denean utzi beharko da.

b) Karramarro exotikoen kontrol tarteak:

–Ekainaren 15etik urriaren 15era: 16:00etatik 21:00etara.

8. artikulua. Debekatuak dauden harrapaketa metodoak eta baliabideak.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko abenduaren 26ko 21/2023 Foru Legeak arrantzarako debekatzen dituen metodoez eta baliabideez gain, honako hauek ere debekatzen dira:

–Tokiko faunarenak ez diren espezieen larbak, pupak, ninfak edo banakoak erabiltzea arrantzatzeko.

Era berean, II. kapituluan zehazten da zer harrapaketa metodo eta bitarteko dagoen debekatuta leku jakin batzuetan, eremu bakoitzerako.

9. artikulua. Ur libreetako arrantza.

Arrantzarako ur libreetan harrapatu eta askatzeko modalitatea baino ez dago baimenduta, eta baldintza hauek bete beharko dira:

1. Sare ez-metalikoa duen hargailua erabili beharko da nahitaez, eta gomendatzen da sare horrek korapilorik ez izatea eta harrapatutako arrainak, ahal dela, uretan bertan maneiatzea, haiei kalte ez egiteko.

2. Harrapatutako arrain guztiak berehalaxe itzuli beharko dira uretara, eta behar diren bermeak jarri behar dira hil ez daitezen. Harrapatzean hiltzen direnak ere uretara botako dira, salbu derrigorrez hil behar direnak, arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan ezarritakoarekin bat.

3. Ezin izanen da arrainik garraiatu, ezta beste tarte batzuetan harrapatutakoak ere.

10. artikulua. Ontzitik edo flotazioko beste sistema batzuetatik arrantzatzea.

1. Nafarroako ur kontinental nabigagarrietan baizik ezin da egin arrantzan ontzitik, ibai-arroaren ardura duen erakundeak ezarritako arau eta baldintzei jarraikiz.

2. Zilegi da bainatzeko osagarriak diren flotazio baliabide edo tresnekin (ahateak edo katamaran-ahatea) arrantzan egitea jabari publiko hidraulikoko eremuetan, haietan bainatzea debekatua ez badago.

3. Oro har arrantzarako debekua duten tokiez gain, honako toki hauetan ere debeku da ontzitik arrantzatzea, bai eta bainatzeko osagarriak diren flotazio bitartekoekin arrantzatzea ere (ahateak edo katamaran-ahatea):

–Ebro ibaia: Soto de las Norias lekune naturalaren (EN-11) goiko mugatik hasi eta ibaian behera Soto de la Mejana lekune naturalaren beheko mugara arteko ibai tartean (Soto de Traslapuente lekune naturala barne): ezin izanen da halakorik erabili martxoaren 1etik uztailaren 31ra.

–Pulguerko idoia (RN-35).

–El Cardeteko idoia.

–Corellako urmaela.

–Valdelafuenteko idoia, Tutera.

–Las Estanquillasko idoia, Cintruenigo.

–Cintruenigoko urmaela.

–Arradako aintzira.

–Allozko urtegia: ertzetik 50 metrotik behera dauden tarteetan, Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuetan. Debekatua dago ekainaren 1etik irailaren 30era arte.

11. artikulua. Arrantza-denboraldiak etetea.

Ahalmena ematen zaio arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendari nagusiari arrantza-denboraldiak salbuespenez eteteko, baldin eta ingurumeneko baldintzek arrisku larrian jartzen badituzte arrain populazioak, edo departamentuak kudeaketa-errekerimendu teknikoak eginez gero. Horretarako ematen diren ebazpenak argitara emanen dira Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren arrantzarako webgunean (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea).

II. KAPITULUA.–ARRANTZARAKO ESPEZIEAK ARRANTZA EREMUEN ARABERA

12. artikulua. Arrantza izokin tartean.

Izokin tartean arrantza debekatuta egonen da.

13. artikulua. Arrantza salmonidoen eremuan.

1. Salmonidoen eremurako alderdi komunak:

a) Arrantzatzen ahal diren espezieak:

–Autoktonoa: amuarrain arrunta, barboa, tenka eta txipa.

–Aloktonoak edo exotikoak: perka amerikarra edo black-bass delakoa, Itoizko urtegian. Zonifikazio horrek jasotzen du zein zen espezie exotiko inbaditzaile horrek zuen banaketa abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri aurretik, 64.ter artikuluaren 1 eta 2 zenbakietan xedatutakoaren arabera.

b) Tresnak: kanabera baizik ez da onartuko, eta bat bakarra arrantzalearen eskura; ordezko bat eraman daiteke, aparailua muntatua duela. Arrantzale federatuen kasuan, federatuak daudela egiaztatzen badute, beste bi ordezko eramaten ahalko dituzte, aparailua muntatua dutela.

c) Amuak eta aparailuak: ez da zilegi inolako garrangadun amurik erabiltzea. Apeu artifizialekin soilik arrantzatzen ahalko da, aparailu bakoitzeko gehienez ere hiru apeu artifizial erabiliz, eta horietako bakoitzean amu bakun bat. Arrantza-koilaran, arrain artifizialetan, biniloetan eta abarretan, amu bakun bakar bat jartzen ahalko da. Arrantzan aritu bitartean, ezin izanen da garrangadun amurik edo atxamartarik eraman erabilera hori baimenduta ez dagoen tarteetan.

Debekatuta dago ninfa edo eulia erabiltzea harren kutxatilarekin edo puruarekin, baita buia edo buldo beruneztatuak erabiltzea ere, eta halaber hondoratzea eragiten duen edozein materialekin zamatuak daudenak, baldin eta jaurti eta hondoratu ondoren uraren gainazalera itzultzea eragozten badute.

Amuarrainaren barruti intentsiboetan harrapatu eta eramateko arrantzako tarteetan soilik baimentzen da garrangadun amua edo atxamarta erabiliz arrantzatzea.

d) Beitak: beita naturalak harrapatu eta eramateko arrantzako tarteetan soilik baimentzen dira.

Debekatuta dago arrantza egitea gazta, gantz solidoak, haragi oreak, arrabak eta "haragiaren harra" edo "asticot" izenekoa erabiliz, edo tokiko faunarenak ez diren espezieen larbak, pupak edo ninfak edo banakoak erabiliz.

e) Neurriak eta kupoa: ez da bidezkoa, salbu eta harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteetan (ikus dagokion atala).

f) Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteak:

I.–Neurria: amuarraina, gutxienez 20 zentimetrokoa eta gehienez 35 zentimetrokoa.

II.–Kupoa: 2 amuarrain, arrantzale eta eguneko. Egun horretan harrapatu eta eramateko kupoa bete duen arrantzaleak ezin izanen du jarraitu beste modalitate batean arrantzatzen.

g) Amuarraina arrantzatzeko barrutietan, men eginen zaio debekualdiei buruzko xedapen orokor honen IV. kapituluan adierazitakoari.

2. Salmonidoen goiko eremuan:

a) Salmonidoen goiko eremuan arrantzatu ahal izateko, Nafarroako arrantza baimena izateaz gainera, beharrezkoa da eguneko baimen berezia izatea, pertsonala eta besterenezina. Baimena ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak emanen du, Internet edo telefono bidez. Arrantza naturaleko barrutietan arrantzatzeko, baimenaren ordez, kasuan kasuko ehiza-barrutiaren pasea eduki beharko da, zeina Internet bidez edo sozietate administratzaileen bidez lortuko baita.

b) Salmonidoen goiko eremurako arrantza-denboraldian eta arraina harrapatu eta askatzeko modalitatean bakarrik, 16 urtetik beherakoek ez dute baimen hori beharko hirigunearen barreneko ibai tarteetan, arro guztietan. Hiriguneko tarteetan debekua ezarria duten arro irekietan, tarte horietan debekua errespetatu beharko da.

c) I. eranskinean ezarrita dago zenbat baimen emanen den arrantzale eta denboraldi bakoitzeko.

d) Arrantzaleak arrantza-egunetan lortzen dituen arrainen berri eman beharko dio ingurumen arloan eskumena duen departamentuari, dela Interneteko inkestak betez (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea), dela behar bezala betetako baimenak postaz itzuliz.

e) Zonifikazioa: zilegi da salmonidoen goiko eremuko arro eta barruti hauetan arrantzatzea (I. eranskina); gainerako arroetan debekatua egonen da.

f) Arrantza-denboraldia: maiatzaren 1etik ekainaren 30era. Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

3. Salmonidoen eremu mistoan:

Arrantza-denboraldia:

I.–Oro har, apirilaren 1etik irailaren 30era arte.

II.–Salmonidoen eremu mistoan mugatu gabe dauden tarte guztietan, abuztuaren 1etik irailaren 30era bitartean, harrapatu eta askatzeko modalitatean arrantzatzen ahalko da soilik.

III.–Amuarrainen arrantza intentsiboko barrutiak, gehienez otsailaren 1etik azaroaren 30era.

Arrantza-egunak: asteko egun guztiak, jaiegun ez diren astearteak izan ezik.

14. artikulua. Arrantza ziprinidoen eremuan.

a) Arrantzatzen ahal diren espezieak:

–Autoktonoa: barboa, tenka, txipa eta amuarrain arrunta.

–Aloktonoak edo exotikoak: karpa, urre-arraina, perka amerikarra edo black-bass delakoa, lutxoa, alburnoa, silurua, katu arraina eta ortzadar-amuarraina. Zonifikazio horrek abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri aurretik espezie exotiko inbaditzaile horiek zuten banaketa jasotzen du, 64.ter artikuluaren 1 eta 2 zenbakietan xedatutakoaren arabera.

b) Arrantza-denboraldia: espezie horiek urte osoan arrantza daitezke. Arrantza-egunak: asteko egun guztiak.

c) Neurria eta kupoa:

–Autoktonoa: ez da bidezkoa, harrapatu eta askatzeko modalitateko espezie guztietan.

–Aloktonoak edo exotikoak:ez dago inolako debekurik arrainen neurriari edo harrapakinen kopuruari dagokionez.

d) Tresnak: arrantzale bakoitzak bi kanabera izaten ahalko ditu eskura, gehienez ere.

e) Espezie exotiko inbaditzaileak hiltzea: arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honen 6. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

f) Beitak: debeku da ibaia beitaz ereitea arrantzatu aitzin edo arrantzatu bitartean, beita gisa ilean edo hair delakoan sartuta ez dauden boilieen erabilera barne. Entrenamendu fasean dauden arrantzaleei baizik ez zaie baimenik emanen ziprinidoen eremuko tarteetan ibaia beitaz ereiteko, Nafarroako Arrantza Federazioan federatuak daudela egiaztatzen badute. Kasu horretan, egun osoan arrantzatzeko (gaueko ordutegia barne), baimena izanen dute aldi baterako aterpeak jartzeko (bivvy-ak).

III. KAPITULUA.–ARAUBIDE BEREZIKO URAK

15. artikulua. Aldi baterako debeku tarteak.

Aldi baterako, debekatua dago arrantzan egitea xedapen honen II. eranskinean adierazitako ibai tarteetan eta ur-masetan, babestu beharrekoak direlako.

16. artikulua. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak.

Harrapatu eta eramateko arrantzako urak dira tarte eta ur-masa jakin batzuk (III. eranskinean daude zehaztuta), non harrapatutako arrainak eramaten ahalko baitira harrapatutakoan, baldin eta arrainek eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua. Arrantzan ikasteko eskola eta jaurtiketa-praktiketarako eremua.

1. Arrantzan ikasteko eskola Donezteben egonen da, Ezkurra ibaian, hain zuzen ere, Ezkurra ibaiaren eta Ezpelura ibaiaren zubietatik Bidasoa ibairaino.

2. Nafarroako Arrantza Federazioak, arrantzaleen elkarteek, toki entitateek edo ingurumen arloan eskumena duen departamentuak sustatzen dituzten hezkuntza jardueretarako baizik ez da erabiliko, arraina harrapatu eta askatzeko arrantza mota eginez, ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren baimena badute.

3. Eremu bat ezartzen da euliaren jaurtiketa simulatua praktikatzeko Bidasoa ibaian, Zia errekaren bukaeraren eta Berako San Martin presa zaharraren eraikinaren artean. Apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarte erabiltzen ahalko da eremu hori. Erabilitako aparailuek ezin izanen dute inola ere arrainak harrapatzeko amurik edo gailurik izan.

18. artikulua. Arrantzarako kirol guneak.

Arrantzako kirol guneak dira IV. eranskinean halakotzat jotako tarteak eta ur-masak.

IV. KAPITULUA.–ARRANTZA BARRUTIAK

19. artikulua. Arrantza barrutietako arrantzaren gaineko alderdi komunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean araututako tarifa murriztuaz honako hauek baliatzen ahalko dira: 65 urtetik gorako edo 16 urtetik beherako pertsona fisikoak, federatuak badaude, eta ongintzako elkarteek antolatutako jardueretan parte hartzen duten beste pertsona talde batzuk.

2. Barrutiaren barreneko edo barrutiarekin muga duten udalerri edo kontzejuetako herritarrak hartuko dira bertakotzat, baita ibaiko salmonidoen tartean dauden sozietate federatuetako kideak ere.

3. Arrantza intentsiborako barrutietan, asteazkenetan 65 urtez goitikoek, 16 urtez beheitikoek eta arrantzale federatuek izanen dute lehentasuna.

4. Sozietate administratzaileek aparkatzeko guneak jarriko dituzte eta barrutietako arrantzaleek derrigor erabili beharko dituzte.

5. 16 urtetik beherakoek barrutietan arrantzatzen ahalko dute pasearen zenbatekoa ordaindu gabe, baldin eta kasuan kasuko pasea daukan adin nagusiko norbaitekin badoaz. Harrapatu eta eramateko tarteetan, amuarrainen barrutietan, biek batera gehienez ere 5 amuarrain arrantzatzen ahalko dituzte.

20. artikulua. Amuarrainen arrantza barrutiak.

Ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur-masak amuarrainen arrantza barruti izanen dira:

a) Arrantza naturaleko barrutiak.

–Arrantza-denboraldia bi sektoreetan: maiatzaren 1etik ekainaren 30era, biak barne. Debekatua dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

I.–Eugiko arrantza naturaleko barrutia, Arga ibaian.

Eugiko urtegiko presatik ibaian behera dagoen neurketa-estaziotik (Eugi) Zubiriko burdinazko zubirainoko sektorea (Saigots). Luzera: 6,3 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak:III. eranskinean jasotakoaren arabera.

–Eguneko baimen kopurua, gehienez ere: I. eranskinean adierazitakoak.

II.–Zudairiko arrantza naturaleko barrutia, Urederra ibaian.

Bakedaoko zubitik (Bakedao) San Fausto zentralaren Intzurako presarainoko sektorea (Artabia). Luzera: 7,5 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak: III. eranskinean jasotakoaren arabera.

–Eguneko baimen kopurua, gehienez ere: I. eranskinean adierazitakoak.

b) Arrantza intentsiborako barrutiak.

–Arrantza-denboraldia: otsailaren 1etik azaroaren 30era, gehienez. Debekatua dago jaiegun ez diren astearteetan arrantzan aritzea.

–Harrapatu eta eramateko arrantzarako ibai-tarteetako mugak:

  • Gehieneko kopurua: 5 amuarrain, arrantzale eta eguneko.
  • Neurriak: 20 zentimetro gutxienez eta 35 zentimetro gehienez. 55 zentimetrotik gorako aleak harrapatzen ahalko dira.

I.–Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian.

Akerretako zubiaren (Akerreta) eta Zokorenako presaren (Uharte) arteko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak: III. eranskinean jasotakoaren arabera.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 23 pase arrunt eta 2 bertako arrantzaleentzat lanegunetan, eta 40 pase arrunt larunbat, igande eta jaiegunetan.

II.–Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian.

Arintzanoko zubiaren (Arintzano) eta Deikazteluko zentraleko presaren (Deikaztelu) arteko sektorea. Luzera: 8,1 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak: III. eranskinean jasotakoaren arabera.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 23 pase arrunt eta 2 pase bertako arrantzaleentzat lanegunetan, eta 45 pase arrunt eta 5 bertakoentzat larunbat, igande eta jaiegunetan.

III.–Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian.

Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera) itoaren harria deitutako tokiraino, Esako arrain-haztegitik 150 metro ibaian behera. Luzera: 3,2 km.

–Arrantza barrutiaren tarteak: III. eranskinean jasotakoaren arabera.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 25 pase arrunt lanegunetan, eta 45 pase arrunt, larunbat, igande eta jaiegunetan.

V. KAPITULUA.–ARRANTZAKO KIROL LEHIAKETAK

21. artikulua. Arrantzako kirol lehiaketak.

1. Honako hau jotzen da arrantzako kirol lehiaketatzat: Nafarroako Arrantza Federazioaren lehiaketa erregelamenduak arautzen duen edozein proba, federazioaren babespean edo gainbegiradapean egiten dena eta federazioaren egutegi ofizialean sartua dagoena.

2. Ingurumen arloan eskumena duen departamentuak baimenduko ditu Nafarroako Arrantza Federazioak sustatutako edo babestutako kirol lehiaketak.

3. Kirol lehiaketek Nafarroako Arrantza Federazioaren arauei jarraituko diete, betiere arrantza-debekuei buruzko xedapen hauetan ezarritakoarekin bat.

22. artikulua. Kirol lehiaketetan egiten den arrantzaren espezialitateak.

1. Kirol lehiaketetan eta federatutako arrantzaleen entrenamenduetan egiten den arrantzak bat etorri beharko du arrantza-debekuei buruzko xedapen honetan xedatutakoarekin, berezitasun hauekin:

–Parte-hartzaileek beste kanabera batzuk izaten ahal dituzte muntaturik, une bakoitzean erabiltzen ari direnaz gain.

–Beita botatzea baimenduta dago.

–Carp Fishing modalitatean, arrantzarako ordutegia lehiaketarako ezarritakoa izanen da.

–Barboak eta tenkak neurririk eta kuporik gabe harrapatzen ahalko dira, eta uretara itzuliko dira lehiaketa edo entrenamendu fasea bukatutakoan; horretarako, sare-saskiak edo vivariumak erabiltzen ahalko dira.

2. Arrantzako kirol lehiaketak egiten diren egunetan, lehiaketatik kanpoko arrantzaleek ezin izanen dute arrantzarik egin tarte horretan. Lehiaketen egutegia argitara emanen da Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren arrantzarako webgunean (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea).

3. Espezie exotiko inbaditzaileak hiltzeari dagokionez, arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan xedatutakoa aplikatuko da kirol probaren bukaeran.

VI. KAPITULUA.–KARRAMARRO EXOTIKO INBADITZAILEEN ARRANTZA

23. artikulua. Karramarro exotiko inbaditzaileen arrantza: paduretako karramarroa eta karramarro seinaleduna.

a) Arrantzatzen ahal diren espezieak:

–Paduretako karramarroa.

–Karramarro seinaleduna.

b) Zonifikazioa: zilegi da karramarroa harrapatzea ibai eta tarte hauetan:

–Karramarro exotikoak harrapatzeko eremuak (24. artikuluan zehaztuta daude).

–Karramarro exotikoen kontrol tarteak (25. artikuluan zehaztuta daude).

Ur haietatik kanpora, debekatua dago karramarroa harrapatzea.

c) Arrantza-pasea: karramarro exotikoen kontrol tarte batean arrantzatzeko, arrantza baimenaz gain, pase pertsonal bat ere eduki beharko da, kasuan kasuko kontrol tartea administratzen duen arrantzaleen elkarteak emana.

d) Arrantza-denboraldia:

–Harrapaketa libreko eremuak: urte osoan.

–Karramarro exotikoen kontrol tarteak: ekainaren 15etik urriaren 15era arte, asteko egun guztietan, jaiegun ez diren astearteetan izan ezik.

e) Neurriak eta kupoa: ez dago mugarik, ez kupoan, ez tamainan.

f) Tresnak: karramarroa sare-saskiz baizik ezin da harrapatu. Arrantzale bakoitzak gehienez ere bost sare-saski erabil ditzake. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura, arrantzako baimenaren zenbakia eta arrantzalearen telefono zenbakia.

Debeku da arrain hila beitarako erabiltzea, edozein ale, zati edo eratorri barne. Merkaturatutako arrainen zatiak bakarrik erabil daitezke.

g) Harrapatutakoak berehala hil beharko dira, bertantxe, arrantza egiteko tokitik alde egin baino lehen.

24. artikulua. Karramarro exotikoak harrapatzeko eremuak.

Zilegi da karramarroa harrapatzea ondoko ibai eta tarte hauetan:

–Ebro ibaia: ibilgu nagusian, eta Lodosatik Arnedorako errepide nazionaleko zubitik ibaian behera ura Ebron isurtzen duten ibaiadarretan; eta ibai horrek zeharkatzen dituen udalerri guztietako ureztatzeko erreten eta ubideetan.

–Ega ibaia: ibilgu guztian eta adarretan, Alloko zentraletik Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erreten eta ubideak barne direla.

–Arga ibaia: ibilgu guztian eta adar guztietan, Larragako zubitik Aragoi ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko erretenak, ubideak eta uharkak barne direla.

–Zidakos ibaia: ibilgu guztian eta eskuinaldeko adarretan, ureztatzeko ubide eta erretenak barne, Puiuko eta Tafallako mugatik Aragoi ibaiarekin bat egin arte.

–Aragoi ibaia: ibilgu osoan eta ezkerraldeko adarretan Galipentzuko Arribako presatik ibaian behera Zarrakazteluko mugaraino, eta Galipentzu eta Zarrakaztelu arteko mugatik behera dauden ur guztietan Ebro ibaiarekin bat egin arte, ureztatzeko ubide eta erretenak barne direla.

Barnean gelditzen da idoi, aintzira eta urtegietan egiten den arrantza, libre den ibai-tarte edo adarren arroetan.

Ezin da karramarrorik arrantzatu ur-masa hauetan:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 ).

–Juncaleko aintzira (RN-23).

–Pitillasko aintzira (RN-27).

–Agua Saladako idoia (RN-34).

–Pulguerko idoia (RN-35).

–Dos Reinosko aintzira (EN-13).

–Valdelafuenteko idoia.

–El Cardeteko idoia (ez da zilegi arrantzan egitea idoiaren mendebaldean).

–Nafarroako ubidea, bai eta ubidearen erregulazio idoi guztiak ere.

25. artikulua. Karramarro exotikoen kontrol tarteak.

1. Karramarro exotikoen kontrol tarteetan arrantza egiteko mugak ezarrita daude tarte horietarako onetsitako kudeaketa-plan teknikoetan eta arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honetan.

2. Ondoan aipatzen diren ibai tarteak eta ur-masak izanen dira karramarro exotikoen kontrol tarteak, baldintza hauekin:

a) Karramarro exotikoen Asiaingo kontrol tartea, Arakil ibaian.

–Tokia: Irurtzunen Larraun ibaiarekin bat egiten duen tokitik Asiaingo hodien zubirainoko sektorea. Luzera: 11,5 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

b) Karramarro exotikoen Egako kontrol tartea, Ega ibaian.

–Tokia: Arabako mugatik (Zuñiga) Alloko zentralerainoko sektorea. Luzera: 54,3 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 90 pase arrunt.

c) Karramarro exotikoen Uharteko kontrol tartea, Arga ibaian.

–Tokia: Akerretako zubitik Uharteko Zokorena presarainoko sektorea. Luzera: 8,4 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

d) Karramarro exotikoen Esako kontrol tartea, Aragoi ibaian.

–Tokia: Rincón del Royotik (Esako urtegiko gainezkabidetik 500 metro ibaian behera), Zangozako I. Zentraleko presarainoko sektorea. Luzera: 9,6 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

e) Karramarro exotikoen Soraurengo kontrol tartea, Ultzama ibaian.

–Tokia: Eltzarrain eta Ultzama ibaien arteko elkargunetik Azotzera doan NA-4251 errepideko zubirainoko sektorea. Luzera: 9,24 km.

–Paseen gehieneko kopurua eguneko: 30 pase arrunt.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA.–PRESETATIK HURBIL ARRANTZATZEA

Arrantzan egiteari dagokionez, honako hauek hartzen dira presatzat: ibilguan zeharka jarriak dauden oztopo artifizialak, arrantza egiteko unean metro batetik gorako altuera dutenak beren gailurretik presaren behealdean dagoen uraren gainazalera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–ZEBRA MUSKUILUAREN KONTROLA

Nafarroako Foru Komunitateko ur-masetan zebra muskuiluaren (Dreissena polymorpha) ondoriozko infekzioa prebenitzeko eta zabal dadila saihesteko, arrantza tresnak kontu handiz garbitu eta lehortu beharko dira, baita konfederazio hidrogafikoek ezartzen dituzten arau guztiak bete ere.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–FELTROZKO ZOLAK ERABILTZEKO DEBEKUA

Didymo edo harriko mukia izeneko alga inbaditzailea (Didymosphenia geminata) Nafarroako uretan ugal ez dadin, debekatzen dira feltrozko zola duen edozein oinetako, Nafarroan arrantzatzeko.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–INDARRALDIA

21/2023 Foru Legearen 61.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, arrantza-debekuei buruzko xedapen orokor honen indarraldia gehienez 5 urtekoa izanen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.–GAIKUNTZA

Ahalmena ematen zaio arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendari nagusiaren titularrari honako hauek finkatzeko edo aldatzeko arrantza-denboraldi bakoitzean:

a) Baimenen kopurua eta ezaugarriak, espezieen jarraipen, eredu edo azterlanei buruzko datuetan oinarrituta.

b) Aldi baterako debekualdiak, arrain faunari kalterik ez egiteko.

c) Harrapatu eta eramateko arrantzarako tarteak.

d) Arrantzako kirol guneak.

Horretarako ematen diren ebazpenak argitara emanen dira Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren arrantzarako webgunean (https://www.navarra.es/eu/ingurumena/arrantza-egitea).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.–INDARRA HARTZEA

Arrantza-debekuei buruzko xedapen orokorrak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA.–2025EKO DENBORALDIKO ARRANTZA BAIMENAK

1.–Salmonidoen goiko eremurako baimenak.

20 baimen emanen dira arrantzale eta denboraldi bakoitzeko; baimen guztiak harrapatu eta askatzeko modalitaterako izanen dira.

Honako hau da arrantza-arro bakoitzerako eman daitezkeen baimenen gehieneko kopurua, zeinak harrapatu eta askatzeko modalitaterako baino ez baitira eskainiko:

a) Baztan-Bidasoa: 9.928 baimen.

b) Oria-Urumea: 4.750 baimen.

c) Ega-Urederra: 447 baimen.

–Zudairiko arrantza barrutia: 322 baimen. Astegunetan, 5; asteburuetan, 8.

d) Arakil-Larraun: 500 baimen.

e) Arga-Ultzama: 572 baimen.

–Eugiko arrantza barrutia: 500 baimen. Astegunetan, 8; asteburuetan, 12.

f) Irati-Erro: 697 baimen.

Arro bakoitzeko bertako arrantzaleek beren eremuari dagozkion baimenen %20 izanen dute gordeta aldi baterako. Erabiltzen ez dituzten baimenak ekainaren 1etik aurrera libratuko dira gainerako arrantzaleek erabil ditzaten.

2.–Izokin tarterako baimenak.

Izokin tartean debekua egonen da.

3.–ziprinidoen eremuko arrantza guneetarako baimena.

Arrantzaleko eta urteko ematen diren baimenek ez dute urteko mugarik izanen. Erabili aurretik gordetzen ahal den baimen kopurua, gehienez, 5ekoa izanen da.

4.–Salmonidoen eremu mistoa.

Kontuan hartuta apirilaren 1a ez dela egun balioduna arrantzarako, denboraldia apirilaren 2an hasiko da.

II. ERANSKINA.–ALDI BATERAKO DEBEKUAK

1.–Aintzirak, urtegiak eta ubideak.

Honako hauek dira arrantzan egitea erabat debekatua daukaten urtegiak, aurkakoa adierazten ez den bitartean:

–Salobreko edo Las Cañasko urtegia (RN-20 natura-erreserba). 36/2016 Foru Dekretua.

–Juncaleko aintzira (RN-23 natura-erreserba). 50/2016 Foru Dekretua.

–Pitillasko aintzira (RN-27 natura-erreserba). 109/2016 Foru Dekretua.

–Pulguerko idoia (RN-35 natura-erreserba): debekatua dago eremu osoan, salbu eta espresuki adierazitako tokietan, hau da, diketik eta kanaberarekin. 108/2016 Foru Dekretua.

–Agua Saladako idoia (RN-34 natura-erreserba).

–Escuderako putzua (EN-8 lekune naturala eta lekune naturalean sartzen ez den eremua), Alesbes. 107/2016 Foru Dekretua.

–Dos Reinos idoia (EN-13 lekune naturala): debekatua dago eremu osoan.

–Eugiko urtegia: debekatua dago itxitura duen inguru osoan, eta Arga ibaiak Sasoaran errekarekin bat egiten duen tokitik behera.

–Mairagako urtegia: debekatua dago itxitura duen inguru osoan.

–Artikutzako urtegia.

–Añarbeko urtegia.

–Leurtzako urtegiak.

–Urdalurko urtegia.

–Domikoko urtegia.

–Endara/San Antón urtegia.

–Allozko urtegia: honako tarte hauek debekatuak daude:

  • Lerateko, Hiriberri Deierriko eta Ugarko bainu-eremuak, ekainaren 1etik irailaren 30era.

–Nafarroako ubidea: erabat debekatua, baita ubidearen erregulazio idoi guztietan ere (Billabeta, Elo eta Artaxoa).

–Valdelafuenteko idoia: debekatua dago ezkerralde osoan, erreka-zuloaren sarreratik Lodosako ubidearekin elkartzen den tokiraino.

–Lotzako idoia eta Itzako putzua.

–La Mueda idoia.

–Ezkorizko idoia (Zolina-Badostain).

–Corellako urmaela: hego-mendebaldeko bazterreko tarte bat, Unica lantegiko uhatetik hegaztiak behatzeko etxolaraino.

2.–Ibai tarteak.

a) Irati ibaiaren arroa:

–Irati ibaia: Itoizko urtegiko presatik hasita presara sartzeko zubiraino.

–Areta ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Irurozkiko errotako presako zubitik gora.

b) Aragoi ibaiaren arroa:

–Aragoi ibaia: Esako presaren gainezkabidetik hasita 500 metroko tartea ibaian behera, Rincón del Royoraino.

–Aragoi ibaia: Zangozako presatik hasita Zangozako zentralaren irteerako ubidearen bukaeraraino (Los Pozancos).

–Aragoi ibaia: Galipentzuko Haitzuloko zentralaren presatik gora 50 metrora dagoen lekutik hasita, zentralaren ubideak ura ibilgu nagusira isurtzen duen punturaino.

–Ezka ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Burgiko presatik gora, bai eta adar guztiak ere presa horretatik behera, Aragoiko mugaraino.

Zaraitzu ibaia: ibai osoa eta bere adarrak, Ustaizeko errotako presatik gora.

c) Arga ibaiaren arroa:

–Arga ibaia: Eugiko urtegiko presatik ur emaria neurtzeko estaziorainoko tartea, uretan behera.

–Arga ibaia: Mañeru eta Garesen artean, Aizpea haitzeko malkarren azpiko tartea. Debekatua dago martxoaren 1etik irailaren 15era arte.

d) Bidasoa ibaiaren arroa:

–Baztan-Bidasoa ibaia: Giltxaurdiko zubiaren eta Opokako presaren arteko tartea, Elizondon.

–Bidasoa ibaia. Banaketa ubideak: debekatua dago Bidasoa ibaiaren banaketa ubide guztietan arrantza egitea, Bertizko Jaurerriaren (Oronoz-Mugairi) zubitik ibaian behera.

–Bidasoa ibaia. Izokin tartea: Fundiciones de Berako presatik Nafarroako mugaraino, hots, Endarlatsaraino.

–Zia ibaia: Santo Kristo zubitik, Illekueta auzoan, Bidasoa ibaiarekin bat egiten duen tokiraino.

–Tximista ibaia: Landaburuko eta Antsolketako presen arteko tartea.

–Borda ibaia: Ote kaleko zubitik Albistur kaleko zubiraino, Lesakan.

–Endara erreka: Gipuzkoarekin muga egiten duen tarte guztia.

e) Ega ibaiaren arroa:

–Itxako ibaia: Itxakoren iturburutik Urederrarekin bat egin arte.

f) Oria-Urumea ibaien arroa:

–Añarbe ibaia: ibai osoa eta bere adarrak Añarbeko presatik gora (urtegia barne).

III. ERANSKINA.–HARRAPATU ETA ERAMATEKO ARRANTZARAKO TARTEAK

1.–Salmonidoen goiko eremuan ez da harrapatu eta eramateko arrantzako tarterik aurreikusten.

2.–Salmonidoen eremu mistoan, honako hauek dira harrapatu eta eramateko arrantzako urak:

a) Mugatu gabeko eremuak:

–Eska ibaia: Burgiko presatik Aragoiko mugaraino. Luzera: 2,6 km.

–Zaraitzu ibaia: Ustaizeko errotako presatik NA-2112 errepideak Aizpurgin duen zubiraino. Luzera: 10,9 km.

–Irati ibaia: Arripodas-Irunberrin dagoen Bijuesko presatik (San Antonio irin-fabrika) Aragoi ibaiarekin bat egiten duen lekuraino. Luzera: 12,4 km.

–Aragoi ibaia: Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian. Luzera: 3,2 km.

–Aragoi ibaia: Irati ibaiarekin elkartzen den tokitik Zangozako zubi metalikoraino (Los Pozancosko tartean izan ezik, debekatua baitago). Luzera: 1,9 km.

–Erro ibaia: NA-150 errepideko zubitik (Urrotz-Hiria) Billabetako ur-emaria neurtzeko estazioraino. Luzera: 5,7 km.

–Arga ibaia: Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian, Irozko errepideko zubitik Zokorenako (Uharte) presara bitarteko sektorea. Luzera: 3,7 km.

–Ultzama ibaia: Eltzarrain ibaiarekin elkartzen den tokitik hasi eta, NA-4213 errepideak Enderitzen (hirigunearen bukaeran) duen zubia igaro ondoren, ibaian behera 400 metro egin arte. Luzera: 1,6 km.

–Arakil ibaia: Etxarri Aranazko errotako presatik Lakuntzako hirigunearen ondoan dagoen zubiraino. Luzera: 5,6 km.

–Arakil ibaia: Arruazuko hirigunearen ondoan dagoen zubitik Uharte-Arakilgo Erdi Aroko zubiraino. Luzera: 4,3 km.

–Arakil ibaia: Errozko errotako presatik trenbideko lehenengo zubiraino (Oskia ondoan). Luzera: 1,6 km.

–Arakil ibaia: NA-7020 errepideak Anotzen duen zubitik NA-7063 errepideak Egillorren duen zubiraino. Luzera: 3,4 km.

–Ega ibaia: kiroldegiko zubitik edo trenbidetik Lizarrako Saltos del Ega presaraino. Luzera: 2,8 km.

–Ega ibaia: Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian. Luzera: 8,1 km.

b) Arrantza intentsiborako barrutiak:

–Uharteko arrantza intentsiborako barrutia, Arga ibaian.

  • Harrapatu eta askatzeko tartea: Irozko errepideko zubiaren eta Zokorena (Uharte) presaren arteko sektorea. Luzera: 3,7 km.

–Arintzanoko arrantza intentsiborako barrutia, Ega ibaian.

  • Harrapatu eta eramateko arrantzarako tartea: barruti osoa.

–Esako arrantza intentsiborako barrutia, Aragoi ibaian.

  • Harrapatu eta eramateko arrantzarako tartea: barruti osoa.

3. Ziprinidoen eremuan ez da harrapatu eta eramateko arrantzako tarterik aurreikusten.

IV. ERANSKINA.–ARRANTZARAKO GUNEAK

1.–Hona hemen arrantzarako kirol guneak salmonidoen goiko eremuan:

–Bertizarana-Bidasoa ibaia: Bertizko zubitik Bidasoak Donezteben Ezkurra ibaiarekin bat egiten duen tokiraino. Luzera: 5,6 km.

–Baztan-Bidasoa ibaia: Erratzuko zubitik NA-8307 errepideak Elbeten duen zubiraino. Luzera: 8,3 km.

–Aribe-Irati ibaia: Hiriberri Aezkoako errota zaharreko presatik Esklusa azpiko presaraino (Aribe). Luzera: 4,1 km.

–Artzibar-Urrobi ibaia: Arrañosin eta Xuringoa erreken elkargunetik, Aurizberriko kanpinaren ondoan, errepideak Urrobi ibaiaren gainean duen zubiraino, Arrietan. Luzera: 7 km.

–Larraingoa-Erro ibaia: Tarteko zubitik NA-2330 errepideko zubiraino, Ardaitzera doan NA-2331 errepidearekiko bidegurutzetik ibaian behera. Luzera: 4,0 km.

–Kintoa-Arga ibaia/Olazar: Olazar errekako Urtzelgo plazuelatik Sasoaran errekarekin bat egin arte. Luzera: 5,9 km.

2.–Hona hemen arrantzarako kirol guneak ziprinidoen eremuan:

–Plazaola-Arga ibaia: Arrotxapeko zubitik Cuatro Vientos zubiraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km.

–Hodien oinzubia-Arga ibaia: Cuatro Vientos zubitik Biurdanako presa eta errotaraino, Iruñean. Luzera: 1,0 km. Kanpoan utzita ibai ertzeko tarte hormigoiztatua, Biurdanako errotako presatik ibaian gora eskuinaldean dagoena, eremu hori arrantza sustatzeko gune gisa erabiliko baita.

–Morea-Moreako idoia, Beriainen: idoiaren iparraldeko muturretik (industrialde ondoan) eta mendebaldeko bazterretik jarraituz (dikearen parean) hegoaldeko muturreraino, oinezkoen bidean barna. Luzera: 1,1 km.

–Panueva-Zidakos ibaia: Panueva zubitik San Martin Unxera doan NA-132 errepideko zubiraino, Tafallan. Luzera: 1,2 km.

–Soto del Churri-Azkoiengo idoia: Santa Eulalia lekunearen hegoaldean dagoen idoia, Argaren lehengo ibilguaren beheko tartea, 260 metrokoa. Perimetroa: 0,6 km.

–Arradako aintzira, Arrada. Perimetroa: 1,1 km.

–El Vergal-Ega ibaia: Andosillako irin-errotako edo San Adrián irin-fabrikako presatik Azagrako ureztapen-presaraino San Adrianen. Luzera: 3,9 km.

–Gobella-Ebro ibaia: Alcanadreko errepideak Lodosan duen zubitik Electra Sartagudaren presaraino. Luzera: 3,6 km.

–El Marinal-Ebro ibaia: Soto de Resa hasten den tokitik San Adriango zubi zaharreraino, ezkerreko bazterra. Luzera: 11,8 km.

–La Barca-Ebro ibaia: La Barcatik (puntu horretatik 100 metro ibaian gora) Errioxako mugaraino (Azagrako La Boletan), ezkerreko bazterra. Luzera: 2,9 km.

–Campiel-Ebro ibaia: Campielgo amildegietatik Machinen presaraino, Azagran, ezkerreko bazterra. Luzera: 1,5 km.

–Barca Vieja-Ebro ibaia: Tuterako zubitik ibaian behera (NA-8703 errepidea) Soto de Barca Vieja bukatzen den tokiraino, Tuteran, ezkerreko bazterra. Luzera: 0,9 km.

–La Peñica-Ebro ibaia: Tuterako zubitik (NA-8703 errepidea) ibaian behera El Prado pasealekua bukatzen den tokiraino, eskuineko bazterra. Luzera: 1,1 km.

–Valdelafuente-Valdelafuenteko idoia: Valdelafuenteko erreka-zuloaren eskuineko bazterra, Tuteran. Luzera: 0,3 km.

–Barcelosa-Barcelosako urtegia, Tuteran. Perimetroa: 1,6 km.

–Rinuevo-Rinuevo Altoko idoia, Cascanten. Perimetroa: 0,4 km.

–La Estanca-La Estanca idoia, Corellan: idoi osoa, hego-mendebaldeko ur bazter hau izan ezik: Unica lantegiko uhatearen ondoko postutik hegaztien behatokitik hurbil dagoen posturaino. Perimetroa: 1,4 km.

–La Estanquilla-La Estanquillako idoia, Corellan. Perimetroa: 1,6 km.

–Las Estanquillasko idoia edo edateko urarena, Cintruénigon. Perimetroa: 1,6 km.

–La Estanca idoia, Cintruénigo. Perimetroa: 1,0 km.

–Castejongo idoia, Castejonen. Perimetroa: 0,5 km.

Iragarkiaren kodea: F2504389