1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
107E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko 2025. urteko Gazteria Sarien deialdia egiten duena, eta saria ematea arautzen duten oinarriak onesten dituena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 822757.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak xedatzen duenez, "gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteria Sariak emanen dira horretarako".
Otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak; beren helburua da aitortza ematea gazteriaren arloan zerbitzuak ematen egindako ibilbide bati eta izan diren jarduketa nabarmenei, berdin pertsonek, elkarteek, instituzioek eta entitate publiko zein pribatuek eginak izan. Era berean, 4. artikuluan ezartzen da emateko prozedura, eta berariaz adierazten da, 2. apartatuan, Gazteria Sarien deialdia egiten duen foru aginduan hauek zehaztuko direla: kategoriak, hautagaitzak aurkezteko epeak eta emateko prozedura.
2025ean Gazteria Sariak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea 2025. urtean Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak ematea arautzen duten oinarriak, zeinak foru agindu honen eranskinean ageri baitira.
2. Gehienez ere 7.500 euroko gastua baimentzea 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak" izeneko 340002 34100 4809 232106 (PEP E-23/000638-01) partida ekonomikoaren kargura, "Gazteari saria", "Saria parte-hartze sozialari" eta "Saria erakunde edo entitate bati" kategorietako sariak emateari aurre egiteko.
3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, guztiak ere Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentukoak, eta orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.
Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 2025. URTEKO GAZTERIA SARIAK
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko 2025. urteko Gazteria Sariak emateko oinarriak ezartzea.
Sari horien helburua da pertsonen edo kolektiboen (formalki eratu gabeko taldeak, elkarteak, erakundeak eta entitate publiko edo pribatuak) ibilbideak eta lanak nabarmentzea, Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia, berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzeko balio izan dutenak.
2.–Hautagaitzak aurkeztea.
Helbidea Nafarroan duen edozein erakundek, entitatek, elkartek edo pertsona fisikok zein juridikok aurkezten ahalko ditu hautagaitzak. Hautagaitzarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non hautagaiaren merezimenduak alegatuko diren.
Sariak lortzeko honako hautagai hauek aurkezten ahalko dira:
–Gazteak, norbanaka hartuta.
–Gazteriaren arloan aritzen den edozein entitate publiko edo pribatu.
–Gazteriaren arloan aritzen diren elkarteak edo elkarturik ez diren pertsona taldeak.
–Gazteei zuzendutako guneak, Nafarroan kokatuak, gazteei emandako laguntza eta zerbitzuengatik nabarmentzen direnak.
3.–Kategoriak.
1. Sariak kategoria hauetan emanen dira:
–Saria gazteari. Nafarroako 14 eta 30 urte arteko gazte bati emanen zaio, balio sozialei lotutako ibilbidea izateagatik (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, e.a.) eta beste gazte batzuentzat erreferentea izateagatik.
–Saria parte-hartze sozialari. Gazteriaren parte-hartze soziala edo gazteek garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte hartzea bultzatzen duen talde edo elkarte bati emanen zaio. Haren jarduketa-eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Beste lurralde batekoa bada, haren jarduerak inolako zalantzarik gabe Nafarroarekin lotuta egon beharko du.
–Saria erakunde edo entitate bati. Erakunde edo entitate publiko edo pribatu bati emanen zaio, nortasun juridikoa duena eta helbidea Nafarroan duena, gazteriaren alde aritzen dena, eta gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzen dituena. Haren jarduketa, lehentasunez, Nafarroako gazteei zuzendua izanen da.
–"Gune GAZTEbikaina". Sari honen bidez, Nafarroako gazteei zuzendutako gune baten aitortza egiten da, gazteei zenbait arlotan (aisia eta denbora librea, gazteentzako informazioa, gazteen parte-hartzea, etab.) ematen dizkien laguntza eta zerbitzuengatik nabarmentzeagatik.
2. Aurrekoa ukatu gabe, Nafarroako Gazteriaren Institutuak zilegi izanen du, nahi izatera, ohorezko aipamenak ematea, gazteriaren arloan eragin esanguratsua eduki duten gertaerak nabarmentzeko.
4.–Agiriak eta aurkezteko epea.
1. Sariak emateko proposamenak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian (www.juventudnavarra.es/eu) dagoen eskaera-orriaren bidez aurkeztuko dira (II. eranskina). Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hautagaitza behar bezala ebaluatzeko, egoki jotzen dituen dokumentazio edo argibide guztiak eskatzen ahalko ditu.
2. Proposamenak 2025eko apirilaren 11tik 30era bitartean aurkezten ahalko dira. Proposamenak lehentasunez Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira. Eskaerak, orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz aurkezten ahalko dira.
5.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Sariak emateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritzak batzorde tekniko bat izendatuko du, eta, ebazpen baten bidez aholku batzorde bat eratuko du. Batzorde horretan gazteriaren arloan aritzen diren pertsonak eta entitateen ordezkariak egonen dira. Aholku batzorde hori bere funtzionamendu-arau espezifikoei jarraikiz arituko da, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea izanen du buru.
2. Batzorde teknikoak jasotzen diren proposamenen egokitasuna aztertuko du, oinarri hauen eta otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako irizpideen arabera, eta, hala badagokio, aurkeztutako hautagaitzen kategoria aldatzea proposatzeko ahalmena izanen du, haien izaeraren arabera eta proposamena egin duen pertsonari edo erakundeari kontsulta egin ondoren. Batzorde teknikoak gehienez bost hautagaitza aukeratuko ditu kategoria bakoitzean, gero aholku batzordeak baloratuko dituenak.
3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak aholku batzordea biltzeko deia eginen du, tokia eta eguna zehaztuta. Aholku batzordeari dagokio finalera iristen diren proiektuak puntuatzea, bakoitzari ikusten dizkion merezimenduen arabera. Gehienez ere 50 puntu emanen dizkio proiektu bakoitzari. Kategoria bakoitzean punturik gehien lortzen duten hiru proiektuak herri bozketaren fasera pasatuko dira.
4. Herri bozketa. Nafarroako Gazteriaren Institutuak bozketa sistema bat paratuko du bere web-orrian; bertan, Nafarroan Europako gazte txartela daukaten 14 eta 30 urte arteko gazteek hautatzen ahalko dituzte saria merezi duten hautagaitzak. Boto gehien lortzen duten hautagaitzek 50 puntu lortuko dituzte. Gainerako hautagaitzen puntuazioa modu proportzionalean kalkulatuko da, puntuazio handiena lortu duen hautagaitzaren boto kopuruarekin alderatuta bakoitzak lortzen duen botoen arabera. Bozketa egiteko, zazpi egun naturaleko epea irekiko da, horretarako ezartzen diren datetan.
5. Aholku batzordeak ematen dituen puntuei herri bozketan lortutako puntuak gehituta puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaitzek irabaziko dute saria.
6. Sari hauetako kategoria bat edo batzuk eman gabe uzten ahal dira.
6.–Sariak.
Saria gazteari, saria parte-hartze sozialari eta saria erakunde edo entitate bati izeneko kategorietan irabazle ateratzen diren hautagaitzei egiaztapen diploma bat eta 2.500 euroko eskudiruzko saria emanen zaie. "Gune GAZTEbikaina" kategorian irabazle ateratzen den hautagaitzari egiaztapen diploma bat emanen zaio.
7.–Ebazpena.
Epaitza ikusita, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, onetsiko du Gazteria Sariak ematea. Ebazpena sarituei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian argitaratuko da (www.juventudnavarra.es/eu).
8.–Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez (erregelamendu horren bidez, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezarri ziren), parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, aurkaratzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.
9.–Antolaketaren erantzukizuna.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, halaber, ahalmena izanen du oinarri hauek interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantzak ebazteko.
10.–Kontaktua.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27.
31003 IRUÑA.
Tel. 848 423 900.
juventud@navarra.es.
www.juventudnavarra.es/eu
Iragarkiaren kodea: F2504535