Iragarkia
72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
EBAZPENA, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzupeko sistema informatikoetako erdi-mailako teknikari izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia.
Ikusita Kontuen Ganberaren zerbitzupeko sistema informatikoetako erdi-mailako teknikari izateko bi lanpostu, erakundearen plantilla organikoan aurreikusiak, betetzeari buruz Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusiak emandako txosten-proposamena, zeinak aholkularitza juridikoak, administrariak eta kontu-hartzailetzak eginiko aldeko txostenak jaso dituen, eta Ganberako langile-batzordeari jakinarazia izan zaiona, lehendakaritza honek, dagozkion ahalmenak eta bere eskumenak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.–Onestea Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzupeko sistema informatikoetako erdi-mailako teknikari izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia, zeina behean jasotako oinarrien arabera gauzatuko baita.
Bigarrena.–Xedatzea argitara dadila Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian.
Iruñean, 2025eko martxoaren 20an.–Kontuen Ganberako lehendakaria, Ignacio Cabeza del Salvador.
DEIALDIA, NAFARROAKO KONTUEN GANBERAREN ZERBITZUPEKO SISTEMA INFORMATIKOETAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARI IZATEKO BI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKOA
Hona hemen deialdi honen oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzupeko sistema informatikoetako erdi-mailako teknikari izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea:
–Lehenengo lanpostua txanda irekikoa da.
–Bigarrena, igoera-txandakoa.
1.2. Honako arau hauetan xedatutakoa beteko da deialdia gauzatzean: 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan xedatutakoa, eta, osagarri gisa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatu eta betearazteko emandako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedatutakoa.
1.3. Igoera-txandako lanpostua bete gabe gelditzen bada izangairik ez dagoelako edo izangaiek ez dutelako lortzen hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekikoari gehituko zaio.
Bestalde, igoera-txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretako probak gainditu bai baina lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
1.4. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, sistema informatikoetako erdi-mailako teknikari lanpostuan dihardutenentzat ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta haiei dagozkien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
Horien eginkizunak izanen dira Nafarroako Kontuen Ganberaren antolaketari buruzko erregelamenduaren 7. ter artikuluan ezarritakoak (https://camaradecomptos.navarra.es/sites/default/files/assets/files/Instituci%C3%B3n/Reglamento%20de%20Organizaci%C3%B3n%20de%20la%20C%C3%A1mara%20de%20Comptos%20de%20Navarra.pdf), eta horien artean daude honako hauek:
a) Kontrol orokorren, aplikazio-kontrolen eta une bakoitzean kontrolatu behar diren prozedura nagusien betetze-probak egitea, auditoreek eta sistema informatikoetako goi-mailako teknikariak emandako irizpideen arabera, eta, orobat, informazioa ateratzearekin, eraldatzearekin, kargatzearekin eta aztertzearekin lotutako egin beharreko lanak egitea.
b) Auditoreekin eta sistema informatikoetako goi-mailako teknikariarekin lankidetzan aritzea fiskalizazio-taldeari agindutako lanaren plangintzan eta antolaketan, bai eta egindako kontrol-lanean ateratako behin-behineko emaitzak eta ondorioak aztertzea ere.
c) Ganberako sistema informatikoetako goi-mailako teknikariari laguntzea Kontuen Ganberan informatika-tresnak garatzen eta ezartzen eta aplikazioen produktibitatearekin eta horien garapenarekin lotutako hobekuntzak proposatzea Ganberako lanpostu jakinei.
d) Sistema informatikoetako goi-mailako teknikariak eta Kontuen Ganberako langileek eskatzen dizkieten eta beren titulazioarekin eta jakintza-arloarekin bat datozen gainerako antzeko eginkizunak.
1.5. Izendapena dela bide, izendatuak Kontuen Ganberako plantillako nominadun funtzionario bihurtuko dira, eta indarreko xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte.
1.6. Lanpostuak egungo lanpostu-sailkapeneko B mailakoak izanen dira, eta horri dagozkion lansariak izanen dituzte, bai eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehaztutako osagarriak ere.
1.7. Izendatzen diren pertsonak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta alta eginen zaie, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun- eta gizarte-laguntzaren araubidera afiliatuta badaude lehenagotik; kasu horretan, aukera izanen dute erabakitzeko araubide horretan jarraitu ala Gizarte Segurantzan afiliatu.
1.8. Kontuen Ganberako langileentzat oro har ezarritako ordutegian gauzatuko da lanaldia.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek jarraian aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barruan (deialdiaren 7.3 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu kide batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa izatea. Nazionalitatea edozein dela ere, deialdian parte hartzen ahal dute espainiarren eta Europar Batasuneko estatu kideren bateko herritarren ezkontideek, eta, kasuko tratatuak hala aurreikusten badu, baita langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarren ezkontideek ere, zuzenbidez bereizita ez badaude.
Halaber, eta ezkontideen baldintza beretan, aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonen ondorengoek eta ezkontidearenek ere parte hartzen ahalko dute, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo hortik gorako adina izan baina haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gaindituta ez izatea.
c) Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua, gradu-titulua edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den titulazioa edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituta izatea, hori guztia bat etorriz urriaren 10eko 1272/2003 Errege Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin (Errege Dekretu horren bidez arautu zen zer baldintza bete behar diren Espainiako unibertsitateko edo unibertsitatez kanpoko goi-mailako irakaskuntzako tituluak unibertsitate-titulu ofizialen baliokide deklaratzeko eta Espainia osoan balioa izan dezaten).
d) Kasuko eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisikorik ez edukitzea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia izan ez izana.
2.2. Igoera-txandako izangaiek, aurreko atalean aipatutako baldintzez gain, jarraian aipatzen direnak ere bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta deialdi honen 7.3. oinarrian ezarritako agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte:
a) Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioa izatea eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian abiapuntuko lanpostuan.
b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.
2.3. Aipatutako baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira, eta ulertuko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla baldintza horiek. Era berean, izangaiek lanpostu-betetzeko prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintzak, eta izendapena egiten den unean joko da bukatutzat prozesu hori.
3. oinarria.–Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Tasak.
3.1.1. 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da azterketa-eskubideengatik eta espediente-formalizazioagatik. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.
b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden dauden pertsonak.
Aurreko a) paragrafoan aurreikusitako salbuespena frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona ezintasun iraunkor osoagatik, ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik.
Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Dagokion langabezia-bulegoak emandako ziurtagiria, lan-eskatzaile gisa izena eman zeneko data adierazten duena.
3.1.2. Caixabank banketxeko eta Kontuen Ganberaren titulartasuneko kontu-zenbaki honetan ordaindu beharko da tasa: ES46 2100 8988 8002 0003 9318. Deskribapenean "SIEMT azterketa-eskubideak" jarri beharko da, eta igortzailearen izen-abizenak adierazi beharko dira. Diru-sarreraren frogagiria deialdian parte hartzeko eskabideari atxikiko zaio.
3.1.3. Azterketa-eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da. Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztea.
3.2. Eskabideak.
3.2.1. Oposizioan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, eskabide-eredu ofizialarekin bat (deialdi honen I. eranskina), eta honako hauek idatzi beharko dituzte hor: izen-abizenak, adina, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia, helbidea, posta elektronikoko helbidea eta telefono-zenbakia; orobat, adierazi beharko dute txanda irekian ala igoera-txandan lehiatuko diren. Tasaren ordainagiria atxiki beharko zaio eskabideari.
3.2.2. Eskabidean espresuki adierazi beharko da deialdi honen 2. oinarrian aipatzen diren betebehar guzti-guztiak betetzen direla, eta 7. oinarrian ezarririko moduan frogatu beharko dira horiek.
3.2.3. Eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren erregistro orokorrean (Iruñeko Ansoleaga kalea 10) aurkeztuko dira, instantzia bidez, egun eta ordu baliodunetan (astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte), hogeita hamar egun naturaleko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro-bulegotan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliz.
Eskabidea posta-bulegoan aurkeztea erabakiz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten ziurtatu eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik.
Modu telematikoan ere aurkezten ahalko dira eskabideak, Kontuen Ganberaren Erregistro Elektronikoan, haren egoitza elektronikoan dagoen instantziaren bidez (https://camaradecomptos.sedelectronica.es/catalog/t/820da714-8d1a-48df-975c-5a4767d34dfd).
3.2.4. Desgaitasun aitortua dutenek, ariketak egin ahal izateko denboran edo baliabideetan egokitzapenen bat egitea behar badute, zilegi izanen dute eskatzea; horretarako, eskabidean adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten, eta horrekin batera aurkeztu beharko dute desgaitasun-izaeraren legezko egiaztapena, organo eskudunak emana.
3.2.5. Eskabide-eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web-orrian ere.
4. oinarria.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian, atal honetan: "Gardentasuna/Enplegu publikoa/Deialdiak". Zerrenda horretan, izangai onartuen eta baztertuen izen-abizenak agertuko dira, eta adieraziko da txanda irekian ala igoera-txandan aurkezten diren. Izangai bazterturik ez badago, zerrenda hori behin betiko zerrenda gisa onesten ahalko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzinako hamar egun balioduneko epean, egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzten interesdunek zerrenda horren aurka, eta, kasua bada, beraiek lehenago egindako balizko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Ganberaren iragarki-oholean eta web-orrian ere.
4.4. Ez da azterketa-eskubideengatik eta espediente-formalizazioagatik ordaindutako zenbatekorik itzuliko, baldin eta baztertua izatearen arrazoia izangaiari egotz badakioke.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi zerrendan agertzen direnei deialdi-prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela aitortzen zaienik. Hautatze-prozedura gaindituz gero aurkeztu behar den dokumentaziotik ondorioztatzen baldin bada interesdunak ez duela eskakizunen bat betetzen, pertsona horrek galdu eginen du prozedura honetan parte hartzeagatik sortutako eskubide oro, ezertan galarazi gabe faltsutasunezko jokabideagatik erator lekizkiokeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hona hemen oposizioa epaituko duen epaimahaiko kideak:
–Lehendakaria:
- Karen Moreno Orduña, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.
- Ordezkoa: José Javier García Logroño, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.
–Epaimahaikideak:
- Paula Borao Ezquerra, Valentziako Erkidegoko Sindicatura de Comptes erakundeko informazio-sistemen auditoretza-unitateko teknikaria.
- Ordezkoa: Antonio Minguillón Roy, Valentziako Erkidegoko Sindicatura de Comptes erakundeko auditorea.
- Francisco Javier Ibero Gutiérrez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko sistema informatikoetako erdi-mailako teknikaria.
- Ordezkoa: Fernando Izco García, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko sistema informatikoetako goi-mailako teknikaria.
- Marta Sabalza Navallas, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langile-batzordeak izendatua.
- Ordezkoa: Carlos Ruiz Rémirez, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langile-batzordeak izendatua.
–Idazkaria:
- Ainara Rodríguez Jiménez, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.
- Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi aitzin osatu beharko da, eta ezin izanen du ez eratu ez jardun epaimahaikideen gehiengoa bertan izan gabe.
5.3. Epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo, kasua bada, haien ordezkoek.
5.4. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sortzen ahal diren zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusi gabeko kasuetan egin beharrekoari buruz sortzen direnak ere, epaimahaiak ebatziko ditu, gehiengoz.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideak prozeduran esku hartzetik abstenitu beharko dira, eta organo deitzaileari jakinarazi beharko diote, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoaren, 23. artikuluan abstenitzeko arrazoi gisa jasotakoren batean badaude. Halaber, deialdian parte hartzen dutenek edozein epaimahaikide errekusatzen ahal dute aipatutako arrazoi horietakoren bat gertatzen denean.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahal du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek lankidetzan arituko dira epaimahaiarekin, eta beren espezialitate teknikoetan baino ez dira jardungo.
6. oinarria.–Oposizioaldia.
6.1. Oposizioa 2026ko urtarriletik aurrera hasiko da. Gutxienez 2025eko abenduaren 15a baino lehen iragarriko da, Kontuen Ganberaren iragarki-oholean eta web-orrian, zer lekutan, egunetan eta ordutan eginen den.
6.2. Bi ariketa izanen ditu. Hona hemen proba horien edukiak eta puntuazioak:
a) Lehenengo ariketa (35 puntu gehienez ere).
Idatziz erantzun beharko zaie erantzun laburreko zenbait galderari –deialdiaren II. Eranskinean jasotako gai-zerrendako zati orokorrarekin lotutakoak izanen dira–, eta gai-zerrendako zati espezifikoarekin lotutako zenbait galderari eta/edo kasu teoriko-praktikori. Informatika-gela batean eginen da proba hau.
Proba hau egiteko gehienezko denbora ezin izanen da izan lau ordutik gorakoa.
Proba baztertzailea izanen da, eta 35 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez ere. Proba gainditzeko, gehieneko puntuazioaren erdia bederen lortu beharko da.
b) Bigarren ariketa (65 puntu gehienez ere).
Ariketa honetan, idatziz ebatzi beharko da/dira deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendako zati espezifikoarekin lotutako kasu praktiko bat edo batzuk.
Proba hau egiteko gehienezko denbora ezin izanen da izan lau ordutik gorakoa.
Proba baztertzailea izanen da, eta 65 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez ere. Proba gainditzeko, gehieneko puntuazioaren erdia bederen lortu beharko da.
6.3. Bi ariketetan, plika itxien sistema erabiliko da zuzenketarako. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatzean, gutun-azal handi batean sartuko dituzte, izenik inon jarri gabe, epaimahaiak aurrez emandako USBa edo idazteko baliatu dituzten orriak, kasuaren arabera. Izen-abizenak gutun-azal txiki batean sartuko dira, eta aurrekoari atxikiko zaio hori. Epaimahaiak zenbaki bera jarriko du bi gutun-azaletan. Behin ariketak zuzendu ondoren, eta kasuan kasuko plika zenbakiari dagokion puntuazioa emanda, gutun-azal txikiak irekiko dira jendaurrean, eta ariketa bakoitza zer izeni dagokion argituko da horrela.
6.4. Epaimahaiak Kontuen Ganberaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko du ariketa bakoitzaren emaitza, kalifikatu ondoren, eta horrekin batera adieraziko ditu hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua. Hurrengo proba egin baino gutxienez 48 ordu lehenago egingo du iragarpena.
Ariketa bakoitzeko puntuak izangaiek hurrengo probetan lortzen dituztenekin batuz joanen dira, eta horrela kalkulatuko da oposizioko guztizko puntuazioa.
6.5. Ariketa bakoitzerako, deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira azterketara azaltzen ez direnak eta nortasuna egiaztatzen ez dutenak.
6.6. Oposizioko probak egiteko orduan, horiek egiteko denbora- eta bitarteko-egokitzapenak eginen zaizkie minusbaliotasunen bat duten eta instantzian hala eskatu duten pertsonei.
7. oinarria.–Probak gainditu dituzten pertsonen zerrenda, izendapen-proposamena eta dokumentu-aurkezpena.
7.1. Oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Kontuen Ganberaren iragarki-taulan eta web-orrian, txanden arabera eta, txanda bakoitzean, ateratako puntuazioaren arabera ordenatuta.
7.2. Kalifikazio-epaimahaiak puntuazio handienarekin gainditu duten izangaien –deialdiaren xede diren lanpostuen kopurura iritsi arte– aldeko izendapen-proposamena aurkeztuko dio Kontuen Ganberako lehendakariari, oposizioko aktekin eta gainerako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan, proposaturiko izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Kontuen Ganberan:
7.3.1. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak ez diren izangaiek:
a) Nortasun-agiri nazionala edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.
b) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatzen den titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.
c) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, egiaztatzen duena interesdunak ez duela eritasun edo akats fisikorik lanpostuaren berezko eginkizunetan aritzea eragozten dionik. Ofizioz aurkeztuko da horretarako osasun-azterketa egin ondoren.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaien kasuan, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek ofizioz emanen dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria izateari buruzko frogagiria.
d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatearen zinpeko aitorpena.
e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Nafarroako Kontuen Ganbera ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko funtzionarioek edo langile finkoek, gainera, haien aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zeinetan adierazita ageri beharko diren administrazio horretarako sarrera-data, antzinatasuna, maila, egoera administratiboak eta abar.
7.3.2. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak diren izangaiek:
a) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
7.4. Aipatutako epearen barrenean arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak, aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ezertan galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan (7.1 apartatuan aipatzen den hartan) ondotik heldu den pertsonarekin beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Aurreko 7.3 puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak proposaturiko izangaien izendapena eginen du ebazpen bidez. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendatzen diren pertsonek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita.
8.3. Aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, izendatutako pertsonaren batek deialdi honetako 7.3 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu edo aipaturiko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, oposizioko jarduketetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta, halakoetan, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengo dagoen pertsonarekin beteko da lanpostua.
9. oinarria.–Jarduketak argitaratzea.
Izapide batzuk Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta/edo Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean ofizialki argitaratzeko derrigortasuna ezertan galarazi gabe, epaimahaiak probetara deitzearen eta kalifikazioen inguruan egindako jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat baliagarria den beste edozein informazio orokor ere, Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitaratuko dira (https://camaradecomptos.navarra.es/eu), "Gardentasuna/Enplegu Publikoa/Deialdiak" atalean.
10. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
Jarraian aipatzen diren zerrendak osatuko dira aldi baterako kontrataziorako, eta zerrenda horietan sartuko dira hautapen-prozesuan parte hartu duten eta lanposturik lortu ez duten izangaiak, honako lehentasun-hurrenkera honetan:
1) Probak gainditu dituzten baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
2) Lehenengo proba gainditu duten eta bigarren proban gutxienez 26 puntu lortu dituzten izangaien zerrenda.
Bi zerrendak ere hautapen-prozesuan lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta egonen dira.
11. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.
11.1. Izangaiek zilegi izanen dute aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzea, berariaz eskatuz gero eta erreklamaziorik edo errekurtsorik jarri ez bada. Agiriak itzuliak izateko eskaera hiru hilabeteko epean zehar aurkezten ahalko da, aurrez behin betiko izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabete igaro direnetik hasita.
11.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada dokumentazioa berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, ulertuko da izangaiek uko egiten diotela agiriak berreskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko dute eta agiriak suntsitu eginen dira.
11.3. Erreklamazioren edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren izapideek horretarako modua ematen duenean.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Jarraian aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira deialdi honen, deialdi honetako oinarrien, izendapen-erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da deialdi hau aplikatze aldera kalifikazio-epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA
II. ERANSKINA
Zati orokorra
1. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Aurrekariak. Atariko titulua. Nafarroako foru erakundeak.
2. gaia.–19/1984 Foru Legea, abenduaren 20koa, Nafarroako Kontuen Ganberari buruzkoa. Eskumen-esparrua eta eginkizunak. Antolaera eta funtzionamendua. Osaera.
3. gaia.–Kontuen Ganberaren antolaketari buruzko erregelamendua. Kontuen Ganberako organoak eta langileak. Kontuen Ganberako erregistro orokorraren, artxiboaren eta liburutegiaren funtzionamendua eta erakundearen barrenean kontu-hartzailetza eginkizuna betetzea.
4. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. Foru sektore publiko instituzionalaren osaera eta sailkapena.
5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atarikoa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko erak.
6. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun publikoari buruzkoa. Nafarroako sektore publikoa. Nafarroako aurrekontu orokorren edukia eta onespena. Urteko kontuak.
7. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako toki-ogasunei buruzkoa. Nafarroako toki-ogasunen baliabideen zerrenda. Udal-zergak, zerrenda. Toki entitateen aurrekontu orokorren eta urteko kontuen edukia.
8. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: aplikazio esparru objektiboa eta subjektiboa. Foru legearen mende dauden kontratuen definizioa. Adjudikaziorako prozedura-motak eta horien deskribapen laburra.
9. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. Plantilla organikoak, funtzionario zerrendak eta espediente pertsonalak. Ordainsariak (II. Tituluaren VIII. Kapituluaren 2. atala).
10. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. Foru legearen xedea eta helburuak. Aplikazio eremu subjektiboa. Betebeharra duten beste subjektu batzuk. Gardentasun betebeharrak. Argitaratu beharreko informazioa.
Zati espezifikoa
A blokea.–Administrazio-prozedurari, informazioaren segurtasunari eta administrazio elektronikoari buruzko araudia.
1. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa urriaren 1eko 40/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoan (Atariko Tituluaren V. Kapitulua). 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa (IV. Titulua).
2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, zeinak pertsona fisikoen babesa ezartzen baitu datu pertsonalen tratamenduari dagokionez: Xedapen Orokorrak. Printzipioak. Interesdunen eskubideak. Kontrol-agintaritza independenteak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.
3. gaia.–Segurtasun-proiektu global bat egitea. Arrisku-kudeaketa. Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistemak (ISKS). ISKS baten eskakizunak, ISO 27001ren arabera. ISKS bat ezartzeko jardunbide egokiak, ISO 27002ren arabera.
4. gaia.–311/2022 Errege Dekretua, maiatzaren 3koa, Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena.
5. gaia.–4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duena. Dauden elkarreragingarritasun-plataformak. SARA sarea (Administrazioentzako Aplikazioen eta Sareen Sistema).
B blokea.–Informazio-sistemak.
Datu-baseak.
1. gaia.–Datu-base erlazionalak. Datu-base erlazionalak kudeatzeko sistemen printzipioak. ACID propietateak. Eredu erlazionala. Datu-baseak entitate/erlazio diagramen bidez adieraztea. SQL lengoaia. SQL Server, Oracle eta DB2 datu-base kudeatzaileak. Programazio-lengoaia datu-baseetan: T-SQL eta PL-SQL. Konektibitate-estandarrak: ODBC eta JDBC.
2. gaia.–Datu-baseen diseinua. Eredu logiko erlazionala. Normalizazioa. Diseinu logikoa. Diseinu fisikoa.
3. gaia.–Datu-base ez-erlazionalak. Oinarriak: CAP teorema, BASE printzipioa. Datu-base ez-erlazionalak. Big Data: datu-multzo masiboak atzematea, analizatzea, eraldatzea, gordetzea eta ustiatzea. Hadoop ekosistema.
4. gaia.–Informazioa analizatzeko tresnak. Microsoft Access, Excel, Power Pivot, Power Query.
Datu-kudeaketa.
5. gaia.–Negozio-adimeneko sistemak (Business Intelligence). Oinarrizko kontzeptuak. Arkitektura. ETL prozesuak. Informazioaren modelatze dimentsionala (bateratzea eta hisotirifikatzea). Datu-analisia eta datu-meatzaritza. Informazio-ustiapenerako eta -administraziorako tresnak. Aginte-koadroak, adierazleak eta erabaki-hartzera bideratutako sistemak analizatzea eta diseinatzea.
6. gaia.–Datu-zientzia. Datu-modelatze prozesuen bizi-zikloa (ETL, aurreprozesatzea, modelatzea, balidazioa, MLops). Tresnak eta lengoaiak. Python. Bias-Variance Trade-Off. Makina-ikaskuntzako proiektu baten egitura. Ikaskuntza sakona (deeplearning). Sare neuronalak. Erregularizazioa eta optimizazioa.
7. gaia.–Datu-ustiaketarako teknologiak eta sistemak: data lake, data warehouse, lakehouse, data fabric, data mesh, datu-babeserako teknologiak. Datu-partekatzerako inguruneak: datu-guneak eta alderdi teknologikoak eta antolaketakoak.
8. gaia.–Open Government eta Open Data: printzipioak. Gobernu irekiaren atari bateko elementuak. Datu irekien formatuak. Data Governance: datuaren bizi-zikloaren kudeaketa, datuaren kalitatearen kudeaketa, datuetan oinarritutako erabaki-hartzea. Katalogoak eta datu multzoak deskribatzeko teknologiak eta estandarrak: semantikoak eta ontologiak.
Proiektu-kudeaketa.
9. gaia.–Proiektu-kudeaketaren kontzeptu-esparrua. Proiektu baten definizioa eta ezaugarriak. Proiektuaren bizi-zikloa. Proiektu-kudeaketako prozesuak. Prozesu multzoak: hasiera, plangintza, exekuzioa, monitorizazioa eta kontrola, itxiera. Proiektu-kudeaketako prozesuen arteko elkarreragin komunak.
10. gaia.–Proiektu-kudeaketako jakintza-arloak: proiektu-integrazioaren kudeaketa, proiektuaren norainokoaren kudeaketa, proiektuaren kronogramaren kudeaketa, proiektuaren kostuen kudeaketa, proiektuaren kalitatearen kudeaketa, proiektuko baliabideen kudeaketa, proiektuko komunikazioen kudeaketa, proiektuaren arriskuen kudeaketa, proiektuko erosketen kudeaketa.
11. gaia.–Informazio-sistemen plangintza. Bideragarritasun-azterlanak. Eskakizun-ingeniaritza: eskakizun-motak. Eskakizunen erauzketa, dokumentatzea, balidazioa, negoziaketa eta kudeaketa. Laguntza-tresnak.
12. gaia.–Informazio-sistemen garapenerako sistemak: analisia, diseinua, eraikitzea, ezartzea eta onartzea. Software-garapenaren bizi-zikloa. Metodologia prediktiboak: garapen teilakatua, iteratiboak. Metodologia hibridoak: inkrementalak, espiralekoak. Metodologia arinak: Scrum, XP, Kanban, SAFe. Laguntza-tresnak.
13. gaia.–Lan-taldeak koordinatzeko teknikak. Lan-bilerak eraginkortasunez kudeatzeko teknikak. Erakundean aldaketa kudeatzea informazio-sistemak ezartzeagatik eta ezartzeko.
Zibersegurtasuna.
14. gaia.–Segurtasuna software-garapenaren bizi-zikloan. S-SDLC ereduak: BSIMM eta OWASP SAMM. Segurtasunaren kudeaketa software-proiektuen plangintzan. Segurtasun-eskakizunak. Diseinu segurua: softwarearen diseinu seguruaren printzipioak, mehatxu-modelatzea, eraso-azalerak, software arkitekturen diseinu segurua. Programazio segurua: programazio seguruko jardunbide egokiak, OWASP Top 10. Segurtasun-probak. Software-entregaren kudeaketa segurua. Segurtasuna software-osagaien kudeaketan.
15. gaia.–Kriptografia. Gako publikoko azpiegitura (PKI): PKI baten definizioa eta elementuak. Ziurtagiri elektronikoak. Informazioa gordetzeko eta komunikatzeko mekanismo kriptografikoak. Ziurtagiri digitalen bidezko autentifikatze-zerbitzuak. Gako publikoen lokalizazioa: direktorio-zerbitzuak. Ziurtapen-zerbitzu publikoak eta pribatuak ematea. Ziurtapen-agintaritzak.
16. gaia.–Segurtasuna lanpostuan. Malware-motak. Anti-malware sistemak. Segurtasuna mugikortasunean: VPN sistemak, aplikazioen birtualizazioa, gailu mugikorren kudeaketarako eta datu-babeserako EMM sistemak.
17. gaia.–Ziber-krimena: erasoen motibazioa. Ahuleziak, exploitak, malwarea, botnetak eta eraso-mota nagusiak. Informazio-sistemen segurtasun-estrategiak eta -teknikak. Sistemetarako eta sareetarako sarbideen kontrola. Intrusio-kontrola. Segurtasun perimetrala. Suebakiak: motak eta teknologiak. Segurtasuna aplikazio-mailan: web-zerbitzuen babesa, datu-baseak eta erabiltzaile-interfazeak.
Arkitektura eta teknologia.
18. gaia.–Software-arkitektura: software-arkitekturaren printzipioak. Oinarrizko arkitekturak: monolitikoa, bezero/zerbitzari, n mailako arkitektura, peer to peer. n geruzako garapen-arkitektura. Enpresa-aplikazioetarako arkitekturako ereduak (Patterns of Enterprise Application Architecture, M. Fowler).
19. gaia.–Datu Prozesaketako Zentroak: tipologiak. Diseinua. Kudeaketa. Erabilgarritasun handia eta TIER mailak. Segurtasun fisikoa eta logikoa.
20. gaia.–Zerbitzari- eta biltegiratze-azpiegitura. Azpiegituren operazio- eta kudeaketa-ereduak.
21. gaia.–Cloud Computing. Oinarrizko printzipioak. Hodei-zerbitzuak: laaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.
22. gaia.–Lanpostua. Sistema eragileak. Kudeaketa eta lizentzia-motak. Euskarria. Inbentarioa.
23. gaia.–Software-banaketa: politikak, tresnak. Sistema-monitorizazioa eta -kudeaketa. Sarea eta zerbitzariak kudeatzeko sistemak. Gertaerak kudeatzeko sistemak. Logak zentralizatzeko eta biltzeko sistemak. Analisi forentserako sistemak.
24. gaia.–Nortasunak eta autentifikazioa kudeatzeko sistemak. Single Sign On: CAS, SAML, OpenID Connect. Autentifikazio-sistemak: ezaguna den zerbaitetan oinarritutako sistemak, dugun zerbaitetan oinarritutako sistemak, autentifikazio biometrikoko sistemak. Faktore anitzeko autentifikaziorako sistemak. RADIUS. Direktorioetarako sarbidea: LDAP. OAuth 2.0. baimena.
25. gaia.–Web-aplikazioak: web-garapeneko arkitekturaren printzipioak. Web-erako backend garapeneko teknologiak. Web-zerbitzuak: estandarrak, lotutako protokoloak, elkarreragingarritasuna eta segurtasuna.
26. gaia.–Garapena Microsoft plataforman. NET: oinarrizko printzipioak, NET Framework. Garapena Java plataforman: oinarrizko printzipioak, lan-esparruak.
27. gaia.–Aplikazioak exekutatzeko plataformak: Microsoft, Java, LAMP. Software-edukiontzien plataformak: oinarrizko printzipioak, tresnak, Openshift. Datu-base erlazionalen kudeatzaileak: administrazioa, optimizazioa, erabilgarritasun handia.
28. gaia.–Gauzen Interneta. Kontzeptua. Joerak. Erlazioa hodeiarekin eta azpiegitura erabakigarriekin. Segurtasun-arazoak. Eraso-azalerak. Babes-neurriak.
29. gaia.–Dokumentuen kudeaketa eta artxibatze elektronikoa. Dokumentu-kudeaketarako sistemak. Eduki-kudeatzaileak. Administrazio Publikoetan aplikatzekoa den araudia.
30. gaia.–Teknologia kognitiboak, ikaskuntza automatikoa eta ikaskuntza sakona. Adimen artifiziala. Ezaugarriak eta desberdintasunak.
31. gaia.–Prozesu-analisia. Datu-hiztegia, datu-fluxuen diagrama. BPM (business process management) teknikak.
32. gaia.–Software-probak. Software-proben oinarriak. Proba-mailak: baterako probak, integrazio-probak, sistema-probak (funtzionalak eta ez-funtzionalak: karga-, estres-, segurtasun-, erabilgarritasun-probak), ezarpen-probak, onarpen-probak, erregresio-probak. Proba estatiko eta dinamikoetarako teknikak (kutxa zuria, kutxa beltza, esperientzian oinarritutako teknikak). Proba-tresnak.
33. gaia.–Blockchain. Kontzeptua eta ezaugarriak.
34. gaia.–Interfazeak. Kontzeptua eta motak. Auditoretza-arriskuak. Kontrolak. Auditoretza-prozedura aplikagarriak.
C blokea.–Informazioaren teknologien auditoretza.
Gidak Kontuen Ganberaren webgunean argitaratuta daude: https://camaradecomptos.navarra.es/es/institucion/normativa.
1. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganberaren fiskalizazio-prozedura 2022. Auditoretza-mota nagusien definizioa: finantzena, betetze-mailarena, erregulartasunarena, operatiboa eta informazio-sistemena.
2. gaia.–GPF-OCEX 5300 Informazioaren sistemen auditoretzako gida.
3. gaia.–GPF-OCEX 5311 Zibersegurtasuna, informazioaren segurtasuna eta kanpo-auditoretza.
4. gaia.–GPF-OCEX 5312 Zibersegurtasuneko glosarioa.
5. gaia.–GPF-OCEX 5313 Zibersegurtasuneko oinarrizko kontrolen berrikuspena.
6. gaia.–GPF-OCEX 5314 Zibersegurtasunaren gobernantza eta horren auditoretza.
7. gaia.–GPF-OCEX 5330 Administrazio elektronikoko ingurune bateko informazioaren teknologien (IT) kontrol orokorren berrikuspena.
8. gaia.–GPF-OCEX 5331 Gobernantza korporatiboa, ITen gaineko gobernantza eta horren auditoretza (berria).
9. gaia.–GPF-OCEX-5332 CGTI berrikuspena. B arloa. Aldaketen kudeaketa aplikazio eta sistemetan.
10. gaia.–GPF-OCEX-5333 CGTI berrikuspena. C arloa. Informazio-sistemetako operazioak.
11. gaia.–GPF-OCEX-5334 CGTI berrikuspena. D arloa. Datu eta programetarako sarbide-kontrolak.
12. gaia.–GPF-OCEX-5335 CGTI berrikuspena. E arloa. Zerbitzuaren jarraitutasuna.
13. gaia.–GPF-OCEX-5340 Informazio-prozesaketako kontrolen berrikuspena administrazio elektronikoko ingurunean.
14. gaia.–GPF-OCEX 5370 Datu-probak egiteko gida.
15. gaia.–GPF-OCEX 1403 Cloud-inguruneetako auditoretzaren gida.
16. gaia.–GPF-OCEX 1503 Auditoretzako ebidentzia elektronikoa.
17. gaia.–GPF-OCEX 1511 Nola egin eta dokumentatu probak urratsez urrats.
18. gaia.–GPF-OCEX 1512 Nola egin prozesu-mapak eta fluxugramak.
19. gaia.–GPF-OCEX 1961 Langile-gastuen alorreko auditoretzako gida.
20. gaia.–GPF-OCEX 1962 Ondasun eta zerbitzuen erosketen auditoretzako gida.
21. gaia.–GPF-OCEX 1964 Onetsitako dirulaguntzen arloko fiskalizazioko gida.
22. gaia.–GPF-OCEX 1957 Diruzaintzaren alorreko auditoretzako gida.
23. gaia.–GPF-OCEX 1971 Tributuengatiko diru-sarreren alorreko auditoretzako gida.
24. gaia.–GPF-OCEX 1315R Okertasun materialerako arriskua identifikatzea eta balioestea. GPF-OCEX 1316 GPF-OCEX 1315 lehen aldiz inplementatzeko gida (berrikusia).
Iragarkiaren kodea: F2504986
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
