1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
117/2025 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez zehazten baita borondatez parte hartzeko deiak egiteko prozedura, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoena. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren.
Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduak, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituenak, bere 15.3 artikuluan, ezartzen du ezen, irakasle lanpostuak betetzeko, borondatez parte hartzeko deiak egiten ahalko direla. Lanerako deiak egiteko modalitate horren xedea da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arrunten bidez bete ezin izan diren lanpostuak betetzea.
Horrelako deiak arautzeko prozedura Hezkuntzako Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 2ko 403/2017 Ebazpenean jasota dago, zeina Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 9ko 2244/2017 Ebazpenak aldatu baitzuen. Bi ebazpen horiek dagoeneko indargabetuta dagoen Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 29ko 55/2016 Foru Agindua dute oinarri, baina, gaur egun, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Agindua aplikatu beharra dago, goian aipatu dena. Gainera, prozedura Hezkuntza Departamentuan egin diren egiturazko aldaketetara egokitu beharra dago, eta idazketa neutroagoa ezarri, etorkizunean egitura organikoan egiten diren aldaketetara egokitu ahal izateko. Bestalde, komenigarritzat jotzen da prozeduran hobekuntza batzuk ezartzea, parte-hartzea eta eskaeren aurkezpena plataforma telematiko baten bidez egin ahal izateko, arintasun eta gardentasun handiagoa lortzeko asmoz.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 15.3 artikuluan ezarritako deiak egiteko prozedura, hots, borondatez parte hartzeko deietan erabili beharrekoa, zeina ebazpen honen eranskinean ezarritakoari jarraikiz arautuko baita (37/2020 Foru Agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren).
2. Ondoriorik gabe uztea otsailaren 2ko 403/2017 Ebazpena eta abuztuaren 9ko 2244/2017 Ebazpena, biak Hezkuntzako Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emanak.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratzea: www.nafarroa.eus.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Isidra Roldán Arróniz.
ERANSKINA.–HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAREN APIRILAREN 8KO 37/2020 FORU AGINDUAREN 15.3 ARTIKULUAN EZARRITAKO LANERAKO DEIAK, BORONDATEZ PARTE HARTZEKOAK, EGITEKO PROZEDURA. 37/2020 FORU AGINDU HORREN BIDEZ, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ZERBITZUKO IRAKASLE LANPOSTUAK ALDI BATERAKO KONTRATUEN BIDEZ BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDAK KUDEATZEKO ARAUAK ONETSI ZIREN
Lehenengoa.–Kontratazio eskaintzak.
Prozedura honen bitartez beteko diren kontratazio eskaintzak Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu, kontuan hartuz haiek betetzeko zailtasuna eta/edo destinoko ikastetxeetan gerta daitezkeen inguruabar bereziak.
Kontratazio eskaintzak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez iragarriko dira (www.nafarroa.eus), eta bertan Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren IV. eranskinaren bigarren atalean zehaztutako berariazko informazioa jasotzen ahalko da (foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren).
Oro har, deiak ostegunetan eginen dira, eta dei horietan batera eskainiko dira irakasle lanpostuen kontratu guztiak.
Deiak egiteko prozeduraren tramitazioan zehar, salbuespen gisa eta justifikatutako arrazoiak izanez gero, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du eskaintza batzuk deialditik kentzea.
Bigarrena.–Parte-hartzea.
1. Prozedura honetan pertsona hauek har dezakete parte:
a) Irakasleen aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan dauden izangaiak, zehazki, eskainitako kontratuei dagokien atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten izangaien zerrendetakoak edo eskainitako kontratuen kidego, espezialitate eta hizkuntza bereko zerrendetakoak.
b) Aldi baterako kontrataziorako izangaien antzeko zerrendetan dauden izangaiak. Irakasleak aldi baterako kontratatzeko eskumena duen zerbitzuak zehaztuko du zein diren antzeko zerrendak eta zein ordenatan erabiliko diren.
c) Aurreko ataletan adierazitako zerrendetan ez dauden pertsonak.
2. Aurreko ataleko a) eta b) letretan adierazitako zerrendetan agertzen diren izangaiek ez dute nahitaez parte hartu behar; beraz, parte hartu ezean, parte hartzen duten zerrendetan duten leku berean eta baldintza berberetan geldituko dira.
Hirugarrena.–Eskaeren aurkezpena.
Eskainitako kontratuetan interesa duten izangaiek telematikoki aurkeztuko dituzte eskaerak, Hezkuntza Departamentuak "Lanpostuen esleipen telematikoa" egiteko gaitutako plataformaren bidez, "Ohiz kanpoko deialdi" gisa argitaratuko den deialdiaren barruan.
Eskaera bat aurkeztu ahal izateko, erabiltzailearen ziurtagiri bat (NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala) edo Hezkuntza Departamentuak une bakoitzean zehazten dituen sarbide-kredentzialak eduki beharko dira.
Izangaiek eskaera bat aurkeztu beharko dute, non adieraziko baitituzte eskuratu nahi dituzten kidego, espezialitate eta hizkuntzei dagozkien eskaintzak. Eskaera aurkeztu ondoren, izangaiak egiaztagiri bat lortuko du.
Eskaerak aurkezteko epea irekita dagoen bitartean, izangaiek zilegi izanen dute aurkeztu dituzten eskaerak baliogabetzea.
Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azken eskaera bakarrik izanen da baliozkoa.
Tramiterako onartuko dira, bakar-bakarrik, deialdian zehazten den epearen barruan jasotzen diren eskaerak.
Laugarrena.–Lanerako deia eta eskaintzen esleipena.
1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus) bai eskatzaileen zerrenda, bai parte hartzeko ordena, gero kidegoaren, espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera deitzeko.
2. Lanpostu, kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako kontratuak eskaintzeko deiak egiteko ordena zerbitzuaren beharren arabera zehaztuko da.
3. Irakasleak kontratatzeko eskumena duen zerbitzuak izangaien lehentasun-ordena honen arabera eginen ditu deiak:
–Lehenik eta behin, kasuan kasuko lanpostuko zerrendetan sartuta dauden izangaiei deituko zaie, hots, atzerriko hizkuntzaren eskakizuna betetzen dutenen zerrendetakoei edo kidego, espezialitate eta hizkuntza berekoei, betiere deialdia argitaratzen den unean eskuragai badaude, zerrenda horietan duten lehentasun-ordenaren arabera eta izangai bakoitzak hautatutako eskaintzen arabera.
–Bigarrenik, deialdia argitaratzen den unean antzeko espezialitate bati dagokion aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda batean eskuragai dauden izangaiei deituko zaie, bertan agertzen diren lehentasun-ordenaren arabera eta izangai bakoitzak hautatutako eskaintzen arabera.
–Hirugarrenik, aurreko ataletan aipatutako zerrendetan ez dauden pertsonei deituko zaie, bai eta deialdia argitaratzen den unean zerrenda horietan eskuragai ez daudenei ere. Hirugarren atalean aipatzen den plataforman eskaera sartzen den ordenaren arabera ezarriko da lehentasun-ordena.
4. Irakasleak kontratatzeko eskumena duen zerbitzua harremanetan jarriko da kontratu baten esleipena egokitzen zaion izangaiarekin. Telefono bidez komunikatzeko gutxienez bi saiakera egin ondoren, bien artean gutxienez 10 minutuko tartea utzita, harekin harremanetan jartzea lortzen ez bada, ondoriorik gabe utziko da esleipena, eta kontratua eskainiko zaio telefono deia hartzen duen hurrengo izangaiari, aurreko atalean ezarritako lehentasun-ordenari jarraituz eta, betiere, beste kidego, espezialitate edo hizkuntza bati dagokion kontratu bat onartu ez badu.
5. Eskaintzak esleitzeko, ezinbestekoa izanen da izangaiak frogatzea betetzen dituela kasuan kasuko kidegoko, espezialitateko eta hizkuntzako kontratazio zerrendetan sartzeko eskatzen diren baldintzak.
Era berean, izangai guztiek frogatu beharko dute, hala badagokio, eskainitako lanpostua betetzeko eskatzen den hizkuntza-eskakizuna dutela.
6. Izangai bati atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duen lanpostu bat betetzeko kontratua esleitzen bazaio, edo kidego, espezialitate eta hizkuntza jakin bati dagokion lanpostu bat betetzekoa, ez dira kontuan hartuko izangai horrek beste lanpostu, kidego, espezialitate edo hizkuntza batzuetarako aurkeztu dituen gainerako kontratazio eskaintzak.
7. Lanpostuen esleipena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da: www.nafarroa.eus.
Bosgarrena.–Kontratua sinatzea eta lanean hastea.
Kontratua aurreko atalean xedatutakoaren arabera esleitu ondoren, irakasleak kontratatzeko eskumena duen zerbitzuak behar den informazioa emanen dio esleipen-hartzaile gertatzen den izangaiari, dagokion kontratua sinatzeko eta lanpostuan hasteko.
Seigarrena.
Borondatezko prozedura honetan eskaera aurkeztu bai, baina esleipenari uko egiten dioten edo dagokion kontratua sinatzen ez duten izangaiak irakasle gisa aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda guztietatik kanpo geratuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2504599