1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
129E/2024 FORU AGINDUA, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.
Azaroaren 30eko 106/2022 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datuaren gobernantzaren eta Datuaren Bulegoa antolatzeko eredua ezartzen duenak, 16. eta 17. artikuluetan, Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen xedea eta eginkizunak ezartzen eta definitzen ditu.
Datuaren Bulegoko Etika Batzordea kide anitzeko organo eztabaidatzailea eta aholku-emailea da, eta datu pertsonalen eta publikoen kudeaketaren inplikazio etikoekin eta adimen artifizialeko algoritmoen erabilerarekin zerikusia duten gaietan jardunen du. Diziplina anitzeko osaera izanen du, eta gai teknikoetan, juridikoetan edo humanistetan kualifikazio egiaztatua duten profesionalek osatuko dute. Autonomia osoz beteko ditu bere zereginak.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Datuaren Bulegoaren eremuan Nafarroako Gobernuaren datuen eta algoritmoen erabilerari buruzko manifestu etikoan jasotako printzipioak babestea eta sustatzea.
b) Datuaren Bulegoko Koordinatzeko Batzordeari eta Batzorde Iraunkorrari aholku ematea, hala eskatzen zaionean, alderdi etikoak baloratzea beharrezkoa den jardueretan.
c) Jarduteko protokoloak definitzea Datuaren Bulegoaren jarduera-eremuan gatazka etikoak eragiten dituzten egoeretarako.
d) Txostenak, proposamenak eta gomendioak egitea inplikazio etikoak dituzten gaiei buruz, baldin eta gai horien eremua Datuaren Bulegoari badagokio.
e) Aholku ematea eta proposamenak egitea, plan estrategikoak egiteko esparru etikoa sustatzeko.
f) Jardueren urteko txostena egitea, eta informazio-sistemen arloan eskumena duen kontseilariari aurkeztea.
Bestalde, testu horrek 16.3 artikuluan dioenez, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, arlo horretan eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez onetsiko dira haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua".
Horregatik guztiagatik, foru agindu honek erantzuna ematen dio Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen osaeraz, antolaketaz eta funtzionamenduaz aipatutako foru dekretuan ezarritako eskakizunari; izan ere, funtzionamendu araubide operatibo, erraz eta arina eman nahi izan zaio, esleitzen zaizkion eginkizunetara egokituta.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–Nafarroako Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduaren testua onestea.
2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
NAFARROAKO DATUAREN BULEGOKO ETIKA BATZORDEAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDEA
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da Nafarroako Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.
II. KAPITULUA.–OSAERA
2. artikulua. Nafarroako Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen osaera.
1. Batzordea batzordeburu batek, idazkari batek eta bokalek osatuko dute. Kide horiek, ahal dela, datuaren etikaren arloko prestakuntza akademikoa eta esperientzia izanen dute, haren alderdi tekniko, juridiko edo humanistaren batean. Etika Batzordearen osaeran, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa bermatu beharko da, eta eremu publikoa eta pribatua ordezkatuta egonen dira.
2. Batzordeburua izanen da guztien artean bozketa bidez hautatuko den kidea.
3. Datuaren Bulegoa mendean duen departamentuko ordezkari bat izanen da idazkaria, departamentuko titularrak izendaturik; departamentuko titularrak ordezko bat ere hautatuko du. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu. Ez du bokal kargurik izanen, eta hitza izanen du, baina botorik ez.
4. Honako hauek izanen dira kontseilukideak:
a) Datuen zientziarekin lotutako teknologietan ikerketan, garapenean eta berrikuntzan adituak diren bost pertsona gehienez. Haietako hiru izendatuko dira Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiak proposatuta, bat Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatuta eta bestea Nafarroako Unibertsitateak proposatuta.
b) Datuen zientziarekin lotutako teknologiei aplikatzen zaien zuzenbidean adituak diren lau legelari gehienez: horietako bi izendatuko dira Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiak proposatuta, bat Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatuta eta bestea Nafarroako Unibertsitateak proposatuta.
c) Etikan adituak diren lau pertsona gehienez, etika aplikatuaren arloko ezagutzak dituztenak, hala nola ikerketaren etikan, osasun publikoaren etikan eta enpresa-etikan adituak direnak. Horietako bi izendatuko dira Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiak proposatuta, bat Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatuta eta bestea Nafarroako Unibertsitateak proposatuta.
d) Enpresa teknologikoen administrazioan adituak diren hiru pertsona gehienez. Horietako bat Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) proposatuta izendatuko da, eta beste biak prozesu ireki bidez, 3. artikuluan zehazten denari jarraituz.
e) Herritarren bi ordezkari gehienez, gizarte-interesak ordezkatzen dituzten herritar-erakunde edo -entitateetakoak. Bi pertsona horiek prozesu ireki bidez izendatuko dira, 3. artikuluan zehazten denari jarraituz.
f) Komunikazio-profila duen pertsona bat, Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiak proposaturik izendatuko dena.
Zenbat bokal titular diren, beste hainbeste ordezko bokal izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan. Ordezkoak eta titularrak izendatzeko proposamenetan, kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren irizpidea.
Bokalek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen IV. kapituluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.
3. artikulua. Etika Batzordeko kideak izendatzea eta bokalak hautatzea.
1. Etika Batzordeko kideak Datuaren Bulegoa mendean duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez izendatuko dira, lau urterako.
2. Aurreko artikuluko 4. apartatuko d) eta e) letretan adierazitako bokalak izendatzeko, honela eginen da hautaketa:
a) Enpresa teknologikoen administrazioan adituak diren bi bokal izendatzea. Nafarroako edozein enpresa-erakundetako hautagaiak aurkezten ahalko dira.
b) Herritarren ordezkari izanen diren bi bokal izendatzea. Gizarte-interesak ordezkatzen dituen edozein herritar-erakunde edo -entitatetako kide diren hautagaiak aurkezten ahalko dira.
3. Etika Batzordeko kide izateko hautagaitzak aurkeztu beharko dira bat eginda Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiko titularrak onetsitako jarraibideekin, hilabeteko epean, Gobernu Irekiaren atarian argitaratutako prozedura irekia irekitzen denetik aurrera.
4. Bete beharreko kontseilukidetzak baino hautagai gehiago aurkezten badira, prozesu honi jarraituko zaio izendapena egiteko:
a) Lehenik eta behin, saiatuko da hautagaitza aurkeztu duten erakundeen arteko adostasuna bilatzen, eta, hala badagokio, Datuaren Bulegoak bitarteko lanak egiten ahalko ditu.
b) Adostasunik lortzen ez bada, hautagaitza aurkeztu duten entitateen artean eginen da bozketa, eta deialdian parte hartzen dutenen hiru bostenen gehiengoa beharko da proposamen bat egiteko.
c) Aurreko letran adierazitako akordioa ere lortzen ez bada, Datuaren Bulegoak zozketa eginen du.
4. artikulua. Batzordeko kide izateari uztea.
1. Batzordeko kideek honako zio hauengatik utziko dute kargua:
a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.
b) Kideak zer alditarako izendatu ziren, hura bukatzea.
c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak hala proposatzeagatik.
d) Uko egitea eta lehendakariak onartzea.
e) Batzordeburuak erabakitzea, batzordeko kideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.
f) Kide den elkarte edo fundazioari dagokion erregistroan baja emateagatik.
g) Kondenatua izatea, epai irmoz, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako adierazpenetako batengatik, Zigor Kodean aurreikusitako administrazio publikoaren aurkako delituren bat egiteagatik edo datu pertsonalen babesarekin edo sekretuak ezagutarazi eta agerraraztearekin lotutako delituak egiteagatik, baita Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan deskribatutako arau-hausteren batengatik zigortua izatea ere.
2. Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren bokalen hutsuneak ordezkoek beteko dituzte, eta haiek kargualdia bukatuko dute gainerako bokalekin batera.
III. KAPITULUA.–ANTOLAKETA- ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUBIDEA
1. ATALA.–OSOKO BILKURA ETA LANTALDEAK
5. artikulua. Osoko Bilkura.
1. Datuen Bulegoko Etika Batzordeak osoko bilkuran jardunen du.
2. Etika Batzordeko kide guztiek osatzen dute osoko bilkura.
6. artikulua. Lantaldeak.
Etika Batzordeak bere eginkizunak bete ditzan, lantaldeak eratzen ahalko dira intereseko gaiak aztertzeko, hala behar denean.
7. artikulua. Adituak agertzeko eskaerak.
Osoko bilkurara eta lantaldeetara, aditu egokiak bertaratzen ahalko dira, hitza izanik baina botorik gabe, bilkura jakin horretan landuko diren gaiei buruz duten ezagutza berariazkoa dela-eta, eta eztabaidatu beharreko gai zehatz horretarako.
8. artikulua. Bileretarako sarbide librea.
Hala eskatzen dutenak joaten ahalko dira batzordearen bileretara, entzule gisa, hitzik gabe eta botorik gabe, batzordeburuaren aldez aurreko baimenarekin.
9. artikulua. Barne funtzionamendua.
Batzordeak bere barne funtzionamendurako beharrezkoak diren arauak edo akordioak onesten ahalko ditu.
2. ATALA.–BILKUREN ARAUBIDEA
10. artikulua. Bilkura arruntak eta bilkura bereziak.
Datuaren Bulegoko Etika Batzordea urtean bi aldiz bilduko da ohiko bilkuran, eta bilkura bereziak eginen ditu batzordeburuak haietarako deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo batzordeburuordeak eskatuta, sei bokalen edo gutxienez ere bokalen laurdenaren babesarekin. Kasu horretan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez.
11. artikulua. Deialdiak.
1. Deialdiak idatziz eginen dira, gutxienez ere zortzi egun lehenago, bereziak izan ezik, horiek bi egun lehenago bidaltzen ahalko baitira.
2. Deialdiak betiere posta elektronikoaren bidez eginen dira, eta batzordeko kideek jakinarazi dituzten helbide elektronikoak erabiliko dira horretarako.
3. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrenda igorriko da, baita, ahal delarik, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa ere.
4. Batzordeburuak edo, gutxienez, bokalen heren batek proposatu beharko du aztertu beharreko gaiak Datuaren Bulegoko Etika Batzordearen bilkuretako gai-zerrendan sartzea. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.
5. Bilkura arrunten deialdietako gai-zerrendan, aurreko bilkuraren edo bilkuren aktaren onespena sartuko da, bai eta galde-erreguetarako atal bat ere.
6. Ezin izanen da eztabaidatu edo erabaki eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu eta, batzordeko kide guztiak bildurik daudela, gaia presakoa deklaratzen bada kide gehienek horren aldeko botoa emanda.
12. artikulua. Eraketa.
1. Lehen deialdian, batzordea modu baliozkoan geldituko da eraturik eta, beraz, erabakiak hartzen ahalko ditu, bertan baldin badaude batzordeburua eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen erdiak gutxienez.
2. Bigarren deialdian, batzordea modu baliozkoan eratutzat joko da bertan baldin badaude, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen herenak gutxienez. Lehenbiziko deialditik bigarrenera ordu erdi bat iraganen da gutxienez.
13. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko bilkurak.
Datuaren Bulegoko Etika Batzordeak urrutiko bilkurak egiten ahalko ditu, hau da, bertako kide guztiak edo batzuk toki desberdinetan egonda, betiere honako hauek ziurtatzen badira baliabide elektronikoen bidez (telefonoak eta ikus-entzunezko bitartekoak ere baliabide elektronikotzat hartuko dira): kideen nortasuna, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek zein unetan egiten diren, kideen arteko elkarreragina edo interkomunikazioa denbora errealean egitea eta, azkenik, bitartekoak eskuragarri egotea bilkurak irauten duen bitartean. Besteak beste, baliozkotzat hartzen diren bitarteko elektronikoen artean honako hauek daude: audiokonferentziak eta bideokonferentziak. Irisgarritasunaz arduratzen den unitatearen erabakiak kontuan hartuko dira irisgarritasun unibertsaleko arauak betetzeari dagokion guztian.
3. ATALA.–ERABAKIAK
14. artikulua. Erabakiak nola hartu.
1. Erabakiak bertaraturiko batzordeko kideen gehiengo soilez hartuko dira. Urrutitik parte hartzen denean, ulertuko da erabakiak hartu direla batzordeburua dagoen lekuan.
2. Idazkariak batzordeburuaren oniritziarekin eginen du akta, eta bide elektronikoen bitartez bidaliko die batzordeko kideei, onets dezaten. Kideek bide bera erabiliz adierazten ahalko dute testuarekin ados dauden edo eragozpenak dituzten.
Xedapen gehigarri bakarra.–Batzordearen eraketa.
Datuaren Bulegoko Etika Batzordea sei hilabeteko epean eratuko da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita, aldez aurretik egoki diren proposamenak eginda eta kideak izendatuta.
Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.
Baimena ematen zaio Datuaren Bulegoa mendean duen zuzendaritza nagusiko titularrari, foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko abenduaren 23an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo.
Iragarkiaren kodea: F2503441