2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Gutxieneko zerbitzuak zehaztea Hirigintza Gerentzian 2025eko apirilaren 9rako deitutako greba egunerako
Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren kudeatzaileak, 2025eko martxoaren 31n, honako ebazpen hau eman zuen:
RGU 31-MAR-25.
«Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko sindikatuek (LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGT) greba egun bat erregistratu dute apirilaren 9rako; horren bidez aldarrikatu nahi dute "enplegatu publikoen lan-baldintzak hobetzea" eta "zerbitzu publikoak sendotzea".
Greba langileen interesak defendatzeko borroka-mekanismo bat da, Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluan oinarrizko eskubide gisa aitortua. Artikulu horren arabera, "langileen greba eskubidea aitortzen da, haien interesak defendatzeko. Eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu funtsezko zerbitzu publikoak emanen direla ziurtatzeko".
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Gutxieneko zerbitzuak dira erakundeak, kasu honetan Hirigintzako Udal Gerentziak, nahitaez eman behar dituen zerbitzuak, herritarrei zerbitzua ematean kalteak saihesteko.
Azaldutako guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz, gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea ere bermatuta egon dadin, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluek botere publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluaren arabera. Lan harremanei buruzko araudia aldatzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedaturikoaren arabera, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztu eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernuaren agintaritzari dagokio.
Espedientean jasota dago gerentearen albokoaren txostena, 2025eko martxoaren 31koa.
Kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa, eta eman zaizkidan eskumenen indarrez,
EBATZI DUT:
1.–Xedatzea Udaleko Hirigintza Gerentziako langileek 2025eko apirilaren 9an egin beharreko greba eginen dela ondoren zehazten diren gutxieneko zerbitzuak errespetatuz:
a) Herritarren arreta: administrari-ofizial batek lan egin beharko du lanaldi osoan.
b) Zerbitzu teknikoak: zerbitzu teknikoko langile batek lan egin beharko du lanaldi osoan.
2.–Adieraztea lehen zenbakian aipatutako gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez ematea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko dela ondorio guztietarako, bat etorriz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin, eta erantzukizuna izanen dute zerbitzua betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek.
3.–Jakinaraztea aurreko apartatuetan xedatutakoak ez diela inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileei aitortzen dizkien eskubideei.
4.–Ebazpen hau helaraztea langileen ordezkariei, behar diren ondorioak izan ditzan.
5.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko Hirigintza Gerentziaren iragarki-taulan».
Ebazpen honen aurka, honako errekurtso hau aurkez daiteke:
–Gora jotzeko errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Hirigintza Gerentziaren Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi ondotik.
Iruñean, 2025eko martxoaren 31n.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2504995