70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: "Dirulaguntzak, 2025ean Nafarroako Foru Komunitateko ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 820505.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan ezartzen duenez, kulturaren arloan eskumenak dituen departamentuak dirulaguntzak eta laguntzak ezarriko ditu urtero foru lege horren 2. artikuluan zerrendatutako printzipioen arabera zehazten diren kultur sektoreentzat. Artikulu horretan, Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestea, kontserbatzea, hedatzea eta baloratzea aipatzen da foru legearen alderdi inspiratzaile gisa. Era berean, foru lege horrexen 10. artikulua betetzen laguntzea aurreikusten da.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean irabazi-asmorik gabeko entitateek ondare higigarrian esku hartzeko sustatzen dituzten proiektuei laguntzea. Hala, Nafarroako kultur ondarea babestu eta kontserbatzeaz gain, Nafarroako ondare higigarriaren ondasunen kontserbazio eta zaharberritzearekin loturiko enpresa txiki eta autonomoei laguntzea ere bilatzen da, administrazio publikoen mende nabarmen dagoen sektore horren enplegagarritasuna sustatuko baita.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdiaren oinarri arautzaileetan adierazitako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen diren puntuen araberako lehentasun-hurrenkerari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

Gehieneko aurrekontu-zuzkidura 70.000 eurokoa da, eta esku-hartze bakoitzerako eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa izan.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntzen deialdi bat 2025ean Nafarroako Foru Komunitateko ondare higigarria kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak egin daitezela sustatzeko asmoz.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20001-A2100-7819-337104: Laguntzak ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko

2025

70.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko martxoaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE PRIBATUENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2025EAN ONDASUN HIGIGARRIAN ESKU-HARTZEAK EGITEA SUSTATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntza batzuk arautzea, helburu dutenak ondare higigarria kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak sustatzea, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, ondare higigarritzat hartzen dira garraia daitezkeen eta izaera eta balio historiko, artistiko edo arkeologikoa duten ondasunak edo ondasun multzoak, higiezinen egiturarekin hertsiki lotuta ez daudenak, edozein dela ere haien euskarri materiala.

1.3. Dirulaguntzak ematea oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.

1.4. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubideari jarraikiz, eta 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuta, 4. oinarrian ezarritako mugekin.

1.5. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

Zabalkundea egiteko eta balioa nabarmentzeko jarduketak, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak, eskuorriak, etab.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Egoitza soziala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta esku-hartzeak sustatzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatean.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea, eta, horiez gainera, honako hau: ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Egiaztatzea esku-hartzearen xedeko ondasunaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren aurretiazko baimena duela, zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bidez.

d) Frogatzea lortu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak.

b) Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretan xede bererako dirulaguntzaren partida izendun baten onuradun diren entitateak.

3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze hauek:

a) Zaharberritze proiektuak idatzi aurreko azterlanetarako.

b) Ondasun higigarriak aztertu eta mantentzeko esku-hartze ezohikoetarako.

c) Ondasun higigarriak kontserbatu eta zaharberritzeko esku-hartzeetarako.

d) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak kontserbatzeko esku-hartzeetarako.

3.2. Esku-hartzeek Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean eginak izan behar dute.

3.3. Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako kontzeptu hauetan egindakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:

a) Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren langileen gastuak; lan horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta langileen gaitasuna zehaztuko dira.

b) Jarduera egiteko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.

c) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak kontserbatzeko gastuak.

d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei bezala, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan.

e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da izanen aurrekontuaren %5etik gorakoa.

3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Zabalkunde lanen gastuak, hots, panelak, argitalpenak, erreprodukzio digitalak, kartelak eta beira-arasak, eta dirulaguntzaren xedearekin zuzenean loturik ez daudenak.

4.–Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

4.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa esku-hartze bakoitzerako onarturiko aurrekontuaren %70ekoa izanen da gehienez.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkezten duen aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Aurrekontuetako egozpena.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 70.000 eurokoa da, eta 2025eko Gastuen Aurrekontu Orokorreko honako partida honi egotziko zaio: "Laguntzak ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko" izeneko A20001 A2100 7819 337104 partida.

6.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, dela tramiteen bilatzailean dagoen deialdiaren fitxaren bidez, url honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-a-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-patrimonio-mobiliario

Hurrengo ataletan eskatutako agiriak erantsiko dira, eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatuak.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

A) Dokumentazio administratiboa.

Eskaera-inprimakia, entitate eskatzailearen datuak eta beharrezkoak diren baimenak eta adierazpenak zehaztuta. Eskaera horren eredua eskuragarri egonen da tramiteen bilatzailean, deialdiaren fitxan.

Ondasunaren titularraren aurretiazko baimena.

Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.

B) Dokumentazio teknikoa:

a) Dirulaguntza zer esku-hartzetarako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek izanen ditu:

–Ondasunaren ezaugarriak eta titulartasuna.

–Esku-hartzearen proiektua.

–Prebentziozko kontserbaziorako neurriak.

Adierazi beharko dira esku-hartzea hartzen duen proiektu orokorraren barneko faseak.

Teknikari zaharberritzaile bat agertuko da esku-hartzearen zuzendari tekniko gisa.

b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu xehatua, BEZa barne, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

–Proiektuaren barruan 2025ean eginen den fasearen guztirako aurrekontua.

–Dirulaguntza zertarako eskatzen den 2025ean, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen gauzatu beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.

C) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz laguntzen ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.

D) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.

6.3. Entitate partikular bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitza esku-hartze proiektu bakar baterako izanen da.

6.4. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, gehienez hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 60 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.

7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:

a) Kulturaren ikuspegitik duen balioa edo interesa, esku-hartzearen xede diren ondasunen banakako babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.

b) Jardueraren egokitasuna. 35 puntu gehienez.

c) Kontserbazio egoera, eta esku-hartzearen urgentzia. 15 puntu gehienez.

d) Esku-hartzeak ondasunaren ondare-intereseko elementu espezifikoetan duen eragina. 15 puntu gehienez.

Aipatutako balorazio irizpideak honako hauen arabera aztertu eta haztatuko dira:

a) Kulturaren ikuspegitik duen balioa edo interesa, esku-hartzearen xede diren ondasunen banakako babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.

Balorazioa baremo honen arabera eginen da:

–Kultur intereseko ondasuna: 35 puntu.

–Ondasun inbentariatua: 30 puntu.

–Babesteko proposatutako ondasuna: 25 puntu.

–Beste egoera batzuk: 20 puntu gehienez.

b) Jardueraren egokitasuna: 35 puntu gehienez.

Atal honetan, aurkeztutako proiektuaren edo memoria teknikoaren kalitatea baloratuko da, kontuan harturik aurreikusitako esku-hartzea eta dokumentazio teknikoa, eta aplikatutako irizpideen egokitasuna baloratuko da. Balorazioa globala izanen da; kalkulu objektiborik egiterik ez dagoenez, modu kualitatiboan eginen da, baremo honen arabera:

–Oso ona: 30-35 puntu.

–Ona: 20-30 puntu.

–Nahikoa: 5-20 puntu.

–Ez-nahikoa: 0-5 puntu.

–Eskasa: 0 puntu.

c) Eskaeraren xede den ondasunaren kontserbazio egoera eta esku-hartzearen urgentzia: 15 puntu gehienez. Balorazioa globala izanen da; kalkulu objektiborik egiterik ez dagoenez, modu kualitatiboan eginen da, baremo honen arabera:

–Oso egoera txarra eta presakoa: 15 puntu.

–Txarra eta presakoa: 13 puntu.

–Ertaina eta presakoa: 10 puntu.

–Txarra eta ez-presakoa: 8 puntu.

–Ertaina eta ez-presakoa: 5 puntu.

–Beste egoera batzuk: 0 puntu.

d) Esku-hartzeak ondasunaren ondare-intereseko elementu espezifikoetan duen eragina: 15 puntu gehienez. Balorazioa globala izanen da; kalkulu objektiborik egiterik ez dagoenez, modu kualitatiboan eginen da, baremo honen arabera:

–Eragin oso handia: 10-15 puntu.

–Eragin ertaina: 5-10 puntu.

–Eragin baxua: 0-5 puntu.

–Eraginik gabe: 0 puntu.

7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:

a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 60 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 59 puntu kenduko zaizkio.

b) Baimendutako gastuko 70.000 euroak aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz zatituko dira, puntu/euro ratioa lortzeko.

c) Banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuan zehaztutako ratioa kontuan hartuta proposamen bakoitzak lortutako puntuen arabera.

7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi. Era berean jokatuko da entitate eskatzaileetako batek emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu; horretarako, 15 egun balioduneko epea izanen dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik aurrera.

8.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamen bat eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-a-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-patrimonio-mobiliario

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie.

Deialdiaren ebazpena Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: patrimoniohistorico@navarra.es.

10.–Dirulaguntzen ordainketa.

10.1. Onartutako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren artean dagoen portzentaje bera.

10.3. Ezinbestekoa izanen da eskatzaileak Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean izapidetu izana transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, abonu-kontuaren titular gisa.

11.–Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.

11.2. Frogagiriak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 17an bukatuko da. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 17ra artekoak izan behar dute, biak barne.

11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, justifikazioko kontua igorri ondoren honako agiri hauekin batera:

a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onetsitako proposamena.

b) Fakturak, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek egin beharko dira Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Langileria gastuak frogatuko dira langileen eguneroko parteen kopien bidez; esku-hartzearen titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta bertan jasoko dira egiaz lan horretan emandako orduak.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.

Zerrendarekin batera, excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

11.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, adierazten duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.

11.5. Gastu diruz lagungarrien laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egin gabe baldin baditu PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2026ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Justifikatzea hornitzailea hautatzeko efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatu direla, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Dekretuaren 28.3 artikuluan ezarritakoarekin.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen betiere.

e) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Gardentasun betebeharrerako ereduak tramiteen bilatzaileko deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira, www.nafarroa.eus web-orrian.

Betebehar hori dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

f) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion legedian agindu bezala edukitzea, Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabil daitezen bermatzeko asmoz.

h) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari idatziz jakinaraztea esku-hartzearen hasiera- eta bukaera-datak.

c) Proiektuaren edozein aldaketa jakinaraztea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, aldaketak egiteko atalaren onespena beharko baita.

d) Esku-hartzea garaiz bukatzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.

Laguntzen onuradunek Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko konpromisoaren adierazpena aurkeztu beharko dute.

12.2. Hemen adierazitako edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezean, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, legegintzako foru dekretu horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzean, bete beharko da maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak bateraezinak dira Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

Bateragarriak dira, ordea, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate pribatu edo publiko batzuek edo partikularrek helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

17.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2504177