Iragarkia
70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
39E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita turismo establezimenduetan klima aldaketara egokitzeko eta uholdeen eta suteen aurkako autobabeseko neurriak egikaritzeko dirulaguntzen deialdia. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua. DDBN identifikazioa: 799853.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).
Europako Berreskuratze Funtsaren finantza baliabideen betearazpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) bidez gauzatuko da. Plan hori Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi zen, Plan horren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, ezarritakoarekin bat etorriz.
SEEPek aurreikusten dituen hamar politika bultzatzaileen barruan hogeita hamar ekintza ildo identifikatzen dira. Horietako bat 14. osagaia da, "Turismo sektorearen modernizazio eta lehiakortasun plana", eta barnean hartzen du "Helmugetako jasangarritasun turistikorako planen programa", 1. inbertsioko 2. azpineurri gisa (C14.I01.02).
Programa horrekin bat etorriz, autonomia erkidegoek Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren Lurralde Planak aurkezten dituzte (aurrerantzean JTLP), hiru administrazio publiko eskudunen eta helmugako turismoaren ekosistemako eragile publiko eta pribatuen arteko parte hartzeko eta kolaborazioko prozesu baten bidez eginak. Lurralde Plan horiek Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Planek osatzen dituzte (aurrerantzean (HJTP), bai eta Helmugen arteko Kohesio Jarduketek ere (aurrerantzean HKJ).
2023ko maiatzaren 9an, Turismoko Konferentzia Sektorialean erabaki zen zer irizpideren arabera banatuko zen lurraldeka SEEPeko 14. osagaiaren (1. inbertsioa) esparruan toki-erakundeek inbertsio jarduketak finantzatzera bideratutako kreditua eta nola eginen zen ondoriozko banaketa autonomia erkidegoen artean. Turismoaren Konferentzia Sektorialak 2023ko abenduaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, aipatutako erabakia aldatu zen (2024ko 26. BOE, urtarrilaren 30ekoa).
Nafarroako Foru Komunitateko Lurralde Planean jasotako esku-hartzeek 17.201.000 euroko zenbatekoa esleitzea dakarte, honako hauen artean banatuta:
–"URDINA. Bidea Aragoi ibaitik" HJTPa (1.330.000 euro).
–"Plazaola-Sakana-Ultzamaldea" HJTPa (5.000.000 euro).
–"Nafarroako Erriberagoiena" HJTPa (2.000.000 euro).
–"Iruñerri landatarra" HJTPa (2.000.000 euro).
–"Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJ (6.871.000 euro).
Orobat, Turismoko zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 563E/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen Helmugako Jasangarritasun Turistikorako Planeko "Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea HKJ" kudeatzeko plana (0010-4249-2024-000022 espedientea). Halaber, Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 10eko 23/2022 Foru Aginduaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onetsi zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko. Turismoko arloa, hain zuzen, departamentu horri atxiki zaio.
"Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJak (Helmuga arteko Kohesio Jarduketa) helburu espezifikoen artean jasotzen du "Nafarroako helmuga turistikoa erresilientea izan dadila eta eraldatzeko eta egokitzeko gaitasuna izan dezala klima aldaketaren eta trantsizio berdearen et digitalaren ondoriozko agertokietara".
Horretarako, bada, HKJ horren 1. ardatzean ("Trantsizio berdea eta jasangarria"), egin beharreko jarduketen artean dago honako hau: dirulaguntzen deialdi bat prestatzea, turismo establezimenduetan uholdeen eta baso-suteen aurkako autobabeseko neurriak gauza daitezen, aipatutako ardatzean ezarritako adierazleak betetze aldera. Zehazki, deialdi horren bidez lortu nahi den helburuko adierazle gisa markatzen da gutxienez ere autobabeseko neurriak gauzatuta dituzten zortzi turismo establezimendu izatea.
Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren (haren bidez aldatzen da 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakia, Espainiaren suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa) eranskin berrikusiak jasotzen duenaren arabera, honako hauek bete beharko dira, besteak beste:
- CIDaren 220. mugarria: 2024ko laugarren hiruhilekoa: Jarraipen Batzordeek ziurtatuko dute helmuga onuradun guztiek gutxienez ere Jasangarritasun Turistikoaren Plan bakoitzeko betearazpen portzentaje hauek lortzen dituztela:
- %50eko betearazpena 2021ean adjudikatutako helmugen kasuan.
- %30eko betearazpena 2022an adjudikatutako helmugen kasuan.
- %15eko betearazpena 2023an adjudikatutako helmugen kasuan.
- CIDaren 221. mugarria: 2026ko bigarren hiruhilekoa: Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planetan jasotako eta 217, 218 eta 219. helburuekin bat adjudikatutako proiektu guztiak bukatzea; horietako funtsen %35 helmugetako efizientzia energetikoa/mugikortasun elektrikoa, jasangarritasuna eta trantsizio berdea jorratzen dituzten neurriak finantzatzeko izanen da, bat etorriz Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gidarekin (DO C 58, 2021-02-18koa, 1. or), bazterketen zerrenda bat erabilita eta EBren nahiz herrialdearen kasuko ingurumen legedia betetzeko baldintzarekin.
Deialdi honek lagunduko du lortzen, batetik, CIDaren 220. mugarria (2024ko laugarren hiruhilekoan, 2021eko laguntzen helmuga onuradunek %50a exekutatuta eduki beharko dute), eta, bestetik, 221. mugarria (Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planetako funtsen %35 erabili beharko da trantsizio berdeari, jasangarritasunari eta efizientzia energetikoari lotutako neurrietarako), jarduketa hau 1. ardatzean sartuta baitago ("Trantsizio berdea eta jasangarria").
Honako klima etiketa hau du esleituta: 037: klima aldaketara egokitzeko eta klimarekin lotutako arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko neurriak: beste batzuk, hala nola ekaitzak eta lehorteak (barnean hartuta sentsibilizazio ekintzak, babes zibila, hondamendiak kudeatzeko sistemak eta azpiegiturak eta ikuspegi ekosistemikoak), klimaren eta ingurumenaren helburuei %100ean laguntzen badiete, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinean jasotakoaren arabera.
Bestalde, bete beharrez ezarrita dagoena SEEPen eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduan (EB), deialdiak bete egiten ditu berariazko kudeaketa printzipioak eta zeharkako printzipioak. Horietako batzuk dira, besteak beste, honako hauek: etiketatze berdea, ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea (DNSH printzipioa), iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzea, detektatzea eta zuzentzea, Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta kostu bererako Europako finantzaketa bikoitza prebenitzea, funtsen bukaerako hartzailea identifikatzea, eta, azkenik, plana gauzatzeari lotutako komunikazio-jarduketak.
Halaber, deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari dagokionez, deialdi honetan finantzatzen diren jarduketek %100ean laguntzen diote klima aldaketara egokitzeko ingurumen helburuari.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin, deialdi hau ebazteko banakako ebaluazioari dagokionez dirulaguntzak emanen dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz horretarako aurrekontuko kreditu nahikoa eta egokia izan artean; hori horrela, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuak horretarako onespenik ematea, Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko den apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 12. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez:
"Ez da izanen beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena, proiektuaren gauzatzea arautzen duen Estatuko tresna juridikoan zehazten bada banakako ebaluazioaren araubidea".
Prozedura hori Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62. artikuluan aurreikusitakoa da. Aipatutako artikuluaren 1. apartatuak ezartzen duenez, "Europako funtsekin finantzatu daitezkeen eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak arautzen dituen dirulaguntzen kasuan, horien xedea beste proposamen batzuekin alderatzeko balioespenik behar ez duten jarduera edo egoera zehatzak finantzatzea bada, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman ahalko dira, eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera, diruz lagundu daitekeen egoera edo jarduera gertatu dela eta exijitutako gainerako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, deialdian esleitutako aurrekontu kreditua agortu arte".
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea turismo establezimenduetan klima aldaketara egokitzeko eta uholdeen eta suteen aurkako autobabeseko neurriak egikaritzeko dirulaguntzen deialdia. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Guztira, 648.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Honela finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | 2025EKO | 2026. | ZENBATEKOA, |
A30001 A3100 7709 432102 (PEP: E-23-000608-01) SEM CIR turismo establezimenduentzako dirulaguntzak | 220.000,00 | 428.000,00 | 648.000,00 |
2026ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK TURISMO ESTABLEZIMENDUETAN KLIMA ALDAKETARA EGOKITZEKO ETA UHOLDEEN ETA SUTEEN AURKAKO AUTOBABESEKO NEURRIAK EGIKARITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIRAKO. SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANA-EUROPAR BATASUNAREN NEXT GENERATION EU FUNTSAK FINANTZATUA
1. oinarria. Xedea.
Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak Next Generation EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean sartzen dira. Plan hori finantzaketa-tresna bat da, bideratuta dagoena bertan adierazitako emaitza, mugarri eta helburuetara, zeinak lotesleak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitatearentzat, planean parte hartzen duen administrazio publikoa den aldetik.
Ebazpenaren azalpen zatian aipatzen den "Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea" HKJak jarduketen artean jaso egiten du, Trantsizio berdeari eta jasangarriari buruzko 1. ardatzaren esparruan, lehenbizikoa: "Turismo azpiegituren erresilientzia handitzea uholdeen eta suteen aurrean, eta klima aldaketaren egokitzea"; hori guztia Nafarroa helmuga turistiko gisa erresilientea izan dadin eta klima aldaketaren ondoriozko agertoki berrietara egokitzeko eta eraldatzeko gaitasuna izan dezan.
Lehenbiziko jarduketak, halaber, zenbait ekintza hartzen ditu barnean, horien artean deialdi hau, helburutzat duena turismo establezimenduetan klima aldaketara egokitzeko eta baso-suteen eta uholdeen aurkako autobabeseko neurriak egikaritu daitezela.
Baldintza bereziak direla-eta (ibai edo baso masa handietatik hurbil daudelako edo jendetza izaten delako) arrisku potentzial handiagoa duten instalazioei dago bideratuta nagusiki jarduketa hori.
Ekintzaren helburuko adierazlea da gutxienez ere autobabeseko neurriak gauzatuta dituzten zortzi turismo establezimendu izatea.
Helburu hori betetzeko, deialdi honen xedea da araubidea ezartzea turismo azpiegituretan fenomeno meteorologiko bortitzek eragiten dituzten kalteak minimizatzeko eta prebenitzeko neurriak gauza daitezela sustatzeko dirulaguntzak emateko.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
648.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Kreditu hori honela finantzatuko da:
AURREKONTU-PARTIDA | 2025EKO | 2026. | ZENBATEKOA, |
A30001 A3100 7709 432102 (PEP: E-23-000608-01) SEM CIR turismo establezimenduentzako dirulaguntzak | 220.000,00 | 428.000,00 | 648.000,00 |
2026ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du laguntza hau, eta aipatu mekanismoa honako honetan araututa dago: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena. Finantzaketa hori legez lotuta dago diruz lagundutako jarduketak egitearekin, bai eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako neurriekin ere.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
Jarduketak dagokion eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, eta beranduenez 2026ko urtarrilaren 31rako, hori barne.
Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin eta epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.
4. oinarria. Enpresa onuradunak.
1. Turismo establezimenduen nahiz interes turistikoko azpiegituren titular diren turismoko enpresa txiki eta ertainak izaten ahalko dira onuradun, eskakizun orokor hauek betetzen badituzte:
1.1. Nafarroako Foru Ogasunaren subjektu pasiboa izatea dirulaguntzaren xedeko jarduera ekonomikoari dagozkion zergei dagokienez.
1.2. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.
Interesdunak, dirulaguntzaren eskaera-orrian horretarako dagoen laukia markatuta, espresuki ukatzen badu Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez bere datuak kontsultatzeko baimena, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko (aipatutako baimena Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago).
1.3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.4. ETE eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.
1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
1.6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).
Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:
a) Kontabilitate arauekin bat galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.
b) Kontabilitate arauekin bat kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.
1.7. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. ETE eskatzaileek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren egunerako:
2.1. Turismo establezimenduaren nahiz interes turistikoko azpiegituraren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.
Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu beranduenez dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako, betetzat joko da betekizun hori.
Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen bada Nafarroako Turismo Erregistroan.
Turismo establezimenduak eta jarduera turistikoen enpresak 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar dute inskribaturik Nafarroako Turismo Erregistroan.
2.2. Web-orria eta posta elektronikoa edukitzea, eta biak jardunean egotea. Enpresa eskatzailea enpresa-talde bateko kide bada, baldintza horiek betetzat joko dira enpresari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.
2.3. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du betekizun espezifikoak betetzen diren.
3. Turismo establezimenduen eta interes turistikoko azpiegituren titularrek, gainera, honako baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunerako:
3.1. Turismo establezimenduak.
Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 687. epigrafean (erabilera publikoko turismoko kanpalekuak) alta emanda izan behar dute.
3.2. Aisialdiko, abenturako eta kulturako jarduerak egiteko interes turistikoko azpiegiturak.
EJZan alta emanda egon behar dute, eskaintzen dituzten jardueren espezialitateari dagokion taldean.
3.3. EJZ baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web lotura honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx.
4. Turismo establezimenduek eta interes turistikoko azpiegiturek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Antolamendu, Azpiegitura eta Kalitateko Atalak era horretako errekerimendurik jakinarazi badu, eta horretarako emandako epea bukatu bada enpresak errekerimendua bete gabe.
4.1. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du betekizun hori betetzen den.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren proiektu, inbertsio eta kostu motak.
1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen ahalko dira fenomeno meteorologiko bortitzek azpiegitura turistikoetan eragiten ahal dituzten kalteak minimizatzeko eta prebenitzeko autobabeseko neurrietarako inbertsioak, bat etorriz enpresaren Autobabeseko Plan – Baso-suteen arriskutik autobabesteko plana deritzon dokumentuarekin.
Honako hauek dira diruz lagungarriak:
–Suteak eta uholdeak egoteko arriskua murrizten laguntzen duten obrak, hala nola uholdeen aurkako hesiak instalatzea eta babeseko zerrenda perimetralak sortzea.
–Itzalgailuak suaren kontrako hesiak, suteen aurkako ur harguneak edota itzalgailuak, ebakuazio bideak eta larrialdetako irteerak dauden tokiak adierazteko seinaleak erostea.
–Fenomeno meteorologiko bortitzek eragindako kalteak prebenitzen nahiz murrizten laguntzen duen eta Autobabeseko Plana – Baso-suteen arriskutik autobabesteko plana deritzon dokumentuan jasota dagoen beste edozein jarduketa.
2. Diruz lagungarriak ez diren gastu eta inbertsioak.
Laguntza hauek pizgarri gisa erabili nahi direnez, laguntzaren eskaera erregistratzeko egunaren ondotik onuradunek hasitako jarduketak baino ez dira onartuko. Hori horrela, ez da hautagarri izanen egun hori baino lehenago jarduketaren gauzatzeari buruz fakturatutako inongo kosturik.
Gastu mota hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak izanen:
a) Dirulaguntza eskatzen duen erakundeak berak egindako lanak ez dira lagunduko, eta jarduera ematen edo hornitzen duena erakunde eskatzailea bera denean ere ez, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean, ezta ere.
b) Garraio elementuak.
c) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.
d) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.
e) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketei edo birfinantzaketei dagozkienak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.
f) Establezimenduen errentamendu gastuak.
g) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko bat ezarri ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.
h) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
i) Funtzionamendu gastu arruntak.
j) Erakunde onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.
Orobat, bermatu beharrez neurria egokitzen dela «Kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoan jasotakoari, eta bat etorriz Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakiaren eranskinarekin, ez dira diruz lagungarritzat joko kontzeptu edo jarduera hauei lotutako gastuak:
k) Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne (salbu eta neurri honen esparruko proiektuek zerikusia badute gas naturala erabiliz elektrizitatea eta/edo beroa sortzeko prozesuekin edo horiei lotutako garraio eta banaketa azpiegiturekin, eta betetzen badituzte «Kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoaren III. eranskinean ezarritako baldintzak).
l) EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak eta aktiboak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera. Aurreikusten bada diruz lagundutako jarduerak sortuko dituen berotegi efektuko gasen isuriak ez direla dagozkien erreferentziako parametroak baino nabarmen txikiagoak izanen, horri buruzko azalpen arrazoitua eman beharko da. Isurketa eskubideak doan esleitzeko ezarritako erreferentzia parametroak, isurketa eskubideen salerosketa araubidearen aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerei dagokienez, Batzordearen 2021eko martxoaren 12ko 2021/447 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, 2021etik 2025era bitarteko aldian isurketa eskubideak doan esleitzeko erreferentzia parametroen balio berrikusiak zehazten dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/87/EE Zuzentarauaren 10. bis artikuluaren 2. apartatuari jarraikiz.
m) Hondakinen zabortegiekin eta erraustegiekin lotutako jarduerak (bazterketa ez zaie aplikatuko hondakin arriskutsu birziklaezinak soilik tratatzen dituzten instalazioetako ekintzei, ezta dagoeneko dauden instalazioetakoei ere, neurri honen esparruan abiatzen diren ekintza horien helburua bada energia-efizientzia handitzea, ihes-gasak biltegiratzeko edo erabiltzeko harrapatzea edo errausketen errautsetatik materialak berreskuratzea, baldin eta ekintza horien ondorioz ez bada handitzen instalazioek hondakinak tratatzeko duten ahalmena edo ez bada luzatzen haien bizitza baliagarria; eta, nolanahi ere, inguruabar horiek agiriz frogatu beharko dira instalazio bakoitzeko), ez eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutakoak ere (bazterketa ez zaie aplikatuko dagoeneko dauden tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioei, neurri honen esparruan abiatzen diren ekintza horien helburua bada energia-efizientzia handitzea edo instalazioa berrantolatzea gaika bildutako hondakinen birziklatze-eragiketak egiteko –konposta eta biohondakinen digestio anaerobioa, esaterako–, baldin eta ekintza horien ondorioz ez bada handitzen instalazioek hondakinak tratatzeko duten ahalmena edo ez bada luzatzen haien bizitza baliagarria; eta, nolanahi ere, inguruabar horiek agiriz frogatu beharko dira instalazio bakoitzeko).
n) Hondakinak epe luzera ezabatzeagatik ingurumenari kalte egiten ahal dioten jarduerak.
Ez dira inola ere diruz lagunduko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako klima eta ingurumen arloko helburuei kalte nabarmena, zuzenekoa edo zeharkakoa, eragiten dieten jarduketak (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).
Jarduketa guztiek, gainera, bete beharko dute ingurumen arloan aplikatzekoa den Espainiako eta Europako legeria. Ingurumen ebaluazioko prozedurak beteko dituzte beti, indarreko arauekin bat aplikagarri direnean, bai eta ingurumenaren arloko araudiari jarraikiz egin beharreko eraginen bestelako ebaluazioak ere.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoaren (BEZa kanpo) %80.
Eskatutako gutxieneko inbertsioa 3.000 euro izanen dira eta gehieneko aurrekontu diruz lagungarria, berriz, 100.000 euro.
7. oinarria. Eskaerak aurkeztea. Epea eta modua.
1. Epea:
Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 15ean bukatuko, egun hori barne.
2. Modua:
a) Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko izapideen katalogoko kasuko fitxaren bitartez. Bertan dagoen eskaera formularioa erabili beharko da.
b) Ordezkaritza-ahalorde askietsia duen pertsonaren sinadura elektronikoa erabiliko da eskaera aurkezteko. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.
c) Jakinarazpenak eta komunikazioak eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (HEG) bidaliko dira.
d) Turismo enpresa bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du, non eta ez diren eraikin edo instalazio ezberdin, bereizi, erabat banatuetan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio-kode ezberdinak dituztenetan egin beharreko proiektuak, kasu horretan establezimendu turistiko bakoitzeko eskaera bana aurkeztu beharko baita.
Baldin eta eraikin, instalazio, konplexu, espazio edo azpiegitura batean enpresa beraren establezimendu turistiko bat baino gehiago badaude, enpresak eskaera bakarra aurkeztuko du haietan osotara egin behar dituen inbertsioengatik.
8. oinarria. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Laguntzen eskaerak deialdi honi dagokion eta Nafarroako Gobernuaren Atariko izapideen katalogoan dagoen fitxan jasotako eskaera ereduari jarraikiz aurkeztuko dira.
2. Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, esanez ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, esanez administrazioarekin laguntza, mailegu edo aurrerakinen itzulketan zorrik ez duela, eta berreskuratze-agindu baten zain ez dagoela Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, esanez betetzen duela aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia (bereziki, lehiaren, kontratazioaren, obren eta horniduren adjudikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak) eta konpromisoa hartzen duela bere gain proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzeko.
e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (14. oinarrian aipatzen dira).
3. Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Adierazpenak, II. eranskinaren araberakoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruz.
b) Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den, horren deskripzio-memoria, gutxienez ere informazio hau jasoko duena:
–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak eta proiektua betez lortu nahi diren helburuak.
–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egiteko diren jarduketen deskribapena.
–Proiektua gauzatzeko faseak eta aurreikusten diren epeak.
–Diruz lagungarria den epean egiteko diren inbertsioen zenbateko xehatua.
c) Kasua bada, dagozkion baimenak (ingurumena, ondarea edo beste batzuk).
d) Aurrekontuak, kontzeptua adierazita, edo proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez da onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).
e) ETE eskatzaileek beren web-orriaren esteka adierazi beharko dute eskaera-orrian, 4. oinarriko 2.2 baldintza betetzeko.
f) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" apartatuan.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
g) Eskatzaileak, dirulaguntzaren eskaera-orrian horretarako dagoen laukia markatuta, espresuki ukatzen badu Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak kontsultatzeko baimena, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko (aipatutako baimena Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago).
4. Eskabideak betekizun horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.
9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa.
2 Oro har, eta iruzurrari aurrea hartzeko ezarritako arauei jarraikiz, helburu hori lortzeko duten inplikazioa indartuko dute onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek, interes-gatazkarik ez dutela dioen adierazpen baten bidez, eta hitz emanen dute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.
3. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, eta 2. oinarri arautzailean proiektu mota bakoitzerako kontsignatutako kredituen arabera.
4. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Dagozkien dirulaguntzak aurreko zenbakiaren arabera esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu-baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
5. Turismo Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Aurrera eramandako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko urtarrilaren 31n, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 7.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Laguntzaren fitxan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
Kontuan hartuz 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan ezarritakoa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromiso bat non behar diren eskubideak eta sarbideak emanen baitira, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Espainiako agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko.
Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Jarraian aipatutako dokumentazioa atxikiko zaio justifikazio inprimakiari. Dokumentu horiek eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen excel formatuko ereduarekin bat.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.
100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
d) Egindako ordainketak justifikatzeko banku agiriak.
Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, ordainagirien zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan zordundu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze agiriak ez dira onartuko.
e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xede diren jardueren finantzaketari buruzkoa. Adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketa horiek finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
f) Egindako jarduketen argazkiak.
g) Jarduketa SEEPen esparruan finantzatu dela oro har zabaltzeko hartu diren neurrien gaineko ziurtagiria, bat etorriz ezarrita dagoenarekin agindu honen III. eranskinean (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako betekizun eta obligazio berariazkoak).
Dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da egindako gastua justifikatzeko, "Kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa bete dela frogatzeko eta Suspertze Planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema betetzeko, sistema hori elikatzeko beharrezkoa denaren berri emanez; horrez gain, Estatuko edo Europako araudiak finantzaketaren eta helburuen kudeaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako aurreikusten dituen aplikazio informatikoak edo datu-baseak elikatzeko beharrezkoa dena ere eskatzen ahalko dira.
11. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.
1. Frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena helaraziko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, ETE onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatuko duena.
2 Laguntza ordaintzeko ebazpena 2026ko martxoaren 31 baino lehenago emanen da.
12. oinarria. Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Betebeharrak.
Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute entitateek, telematikoki. Hilabeteko epea izanen dute adierazpen hori aurkezteko, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
b) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
c) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketak (bateren bat edo guztiak) ezarritako epean ez badira egin behar.
d) Diruz lagundutako jardueren azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, hasieran onartutako aurrekontuaren aldean, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari jakin bezain laster, eta edonola ere laguntza jaso eta bi hilabetera, beranduenez.
Jakinarazpen hori egin ezean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen gauzatze mailari buruz 12.2 oinarrian ezarritako murrizketak aplikatuko dira.
e) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere. Proiektuaren gauzatzean aldaketa garrantzitsurik bada, onuradunari eskatzen ahalko zaio aurkez dezala beste txosten bat, ziurtatzen duena errespetatu egin dela "Kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa, 2020/853 Erregelamenduaren (EB) 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.
f) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Epe horiek inbertsioak abian jartzen direnetik zenbatuko dira, eta, ondorio horietarako, justifikazioan onartutako azken fakturaren data hartuko da kontuan.
g) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.
h) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen erakunde onuradunek bete behar dituzten betebeharrak betetzea; laguntzaren fitxaren III. eranskinean jasotzen diren horiek, alegia.
Zehazki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan jasotako informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrak (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da) eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoak betetzeko, baso-suteen eta uholdeen arriskuaren aurkako eta klima aldaketara egokitzeko larrialdi planean honako logo hauek agertu beharko dira:
1.–Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEParen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
2.–Espainiako Gobernuaren Industria eta Turismo Ministerioaren logotipo ofiziala, honako esteka honetan dagoena eskuragarri: https://www.mintur.gob.es/es-es/servicios/paginas/imageninstitucional.aspx.
3.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logotipoa, honako esteka honetan eskuratzen ahal dena: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.
4.–Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (Agenda 2030 duena), esteka honetan eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2 Ez-betetzeak eta ez-betetzeen graduazioa.
Osorik betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, gehi berandutze interesak.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunei eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, emandako dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko eguna bitarte ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Egiaztagiriak aurkezten badira 2026ko otsailaren 15aren ondoren, baina atzerapena ez bada hamar egunetik gorakoa, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Hamar egunetik gorako atzerapenarekin aurkeztuz gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Halaber, laguntza justifikatzeko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Laguntza kobratzeko eskubide galera deklaratzen denean, onuradunak esleitutako dirulaguntzaren aurrerakinen bat jaso badu, ordaindutako aurrerakina itzultzea eskatuko zaio, egoki den berandutze interesarekin batera.
c) Enpresaren jarduerari lotutako eta diruz lagundutako ondasunak Nafarroan mantentzeko aldia betetzen ez bada, aurreko apartatuan exijitzen dena, itzuli beharreko zenbatekoa betetzeko falta den denborarekiko zuzenki proportzionala izanen da, kasuko berandutze interesak barnean hartuta.
d) "Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa edo etiketatze klimatikoa betetzen ez badira, pertsona edo erakunde onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, gehi berandutze interesak.
Nolanahi ere, entitate onuradunak jaso dituen funtsak itzuli beharko ditu, arau urratzeak eragozten duenean funts europarrak Altxorrera itzultzea, diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbateko berean.
Orobat, erantzukizunpeko neurrien inguruko irregulartasunik aurkitzen bada estatuko edo Europako erakundeek egindako kontrolen batean, eta hark eragozten badu funtsak Altxorrera itzultzea, onuradunak itzuli beharko du diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbatekoa.
13. oinarria. Dirulaguntzen bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik (estatukoa zein nazioartekoa izan) jasotako dirulaguntza edo laguntzekin, betiere kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikulua; izan ere, artikulu horrek ezartzen du ez dela kostu bera finantzatuko Europar Batasuneko beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza horien zenbateko osoak, bakarka edo beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, finantzatutako jardueraren kostua gainditzen ez badu edo onuradunari, hala badagokio, finantzatutako jarduera estaltzeko eskatzen zaion finantzaketa propioaren zenbatekoa murrizten ez badu. Kostu berak finantzatzen lagundu duten beste funtsik izan bada, edozein eratakoak izanik ere, eta Europatik kanpokoak badira ere, onuradunak horiei buruzko informazioa eman behar du.
Ondorio horietarako, eskatzaileek, eskaera aurkezten dutenean, eta onuradunek, justifikazioa aurkezten dutenean, jakinaraziko dute diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituztela.
14. oinarria. "De minimis" laguntzen izaera.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera inprimakian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen mende badaude. Deialdia kudeatzen duen organoak emandako informazioa egiaztatuko du eta, hala badagokio, osatuko du, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dagoenarekin alderatuz https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/minimis.
15. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.
Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko). Departamentu hori, egun, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua da.
Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiei dagokiena. Adierazpen hori eguneratuta mantentzeko konpromisoa hartzen dute, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko baitie prozeduran parte hartzea.
Orobat, laguntzaren eskatzaileek beren "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA) aurkeztuko dute, II. eranskinekoa ("Adierazpenak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari buruz").
16. oinarria. Interes-gatazkak ebaztea.
Kasua bada, deialdi honen ardura duen administrazio organoaren titularrak iruzurra zuzentzeko eta jazartzeko neurri zuzentzaileak hartuko ditu, Iruzurraren aurkako Neurrien Planean eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan jasotakoak.
Aipatutako HFP/55/2023 Aginduaren aplikazio esparruan, eta deialdi honetan parte hartzen duten eskatzaileentzat ez badago benetako titulartasunaren daturik ZAEAren datu baseetan, honako prozedura honi jarraituko zaio:
Operazioaren arduradunak MINERVAn sartuko du eskatzailearen identifikazioa, eta, behin ZAEAk egiaztatu ondoren ez dituela entitatearen benetako titulartasunaren datuak, erantzunean jasoko du ZAEAn informaziorik jasota ez dagoelako indikazioa; martxan den prozedurarekin jarraitzen ahalko da.
Nolanahi ere eta aldi berean, organo kudeatzailea gaituko da deialdiko parte hartzaileei eska diezaien benetako titulartasunaren informazioa, betiere ZAEAk ez badu kontsultan hizpide den entitatearen benetako titulartasunaren informaziorik eta horixe adierazi badio hizpide den operazioaren arduradunari dagokion bandera beltzaren bidez. Informazio hori organo kudeatzaileari eman beharko zaio, informazio eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.
Informazio hori adierazitako epean ez ematea dirulaguntzak emateko prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia izanen da.
17. oinarria. Laguntzak kontrolatzea.
Bai dirulaguntzak emateko fasean, bai horiek ordaintzekoan edo ondoren, dirulaguntza ematen duen organoak, bai eta kontrolerako organo eskudunek ere, barnean direla 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan jasotakoak, egokitzat jotzen dituzten kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko dituzte, emandako laguntza behar bezala gauzatu dela ziurtatzeko. Horrela, bada, eskatzaileak behartuta daude laguntza ematera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio ematera. Era berean, onuradunek konpromisoa hartzen dute egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko. Egiaztapen eta ikuskapen horiek eragozteak laguntza itzultzea ekartzen ahal du, ukatu gabe dagokion zehapen prozedura tramitatzea.
Artikulu horietan ezarritakoaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromisoa, behar diren eskubideak eta sarbideak errazteko, Batzordeak, OLAFek (Iruzurraren aurkako Europako Bulegoa), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatuko agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten.
Justifikazioak aintzat hartuko ditu, halaber, Europar Batasunak eta Espainiak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruz emandako araudiaren eskakizunak.
Dirulaguntza ematen duen erakundeak neurriak hartuko ditu iruzurrari eta ustelkeriari aurrea hartu, antzeman eta haiek jakinarazi eta zuzentzeko, eta halaber interes gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Agindua betez.
Administrazioak eta 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako erakundeek Benetako Titulartasunen Erregistroetan jasotako informazioa eskuratzen ahalko dute, bai eta administrazioaren beste datu base guztietan jasotakoa ere, benetako titularren inguruko datu horiek eman ahal izateko.
Laguntza horien gaineko informazioaren eta kontrolaren ondorioetarako, informazioa lagako da Europako Funtsen Sistemekin dirulaguntza horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko ezarritako sistemen artean.
18. oinarria. Laguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta kopurua.
Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.
19. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.
Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte aginduan bertan ezarritakoak, oinarri arautzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta gainerako araudi aplikagarriek. Era berean, dirulaguntza hauek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren mende daude, bai eta gai horri buruzko Europar Batasuneko gainerako arauen eta horiek garatzeko edo transposiziorako estatu mailako arauen mende ere.
–«Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gida teknikoa», Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01).
–36/2020 Errege Lege-dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena.
–HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretako interes gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoari buruzkoa.
–HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.
–HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen duena, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuei zein neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze mailari.
20. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuan, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA.–ADIERAZPENAK, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN (SEEP) JARDUKETAK GAUZATZEARI BURUZKOAK
Prozedura: turismo establezimenduetan klima aldaketara egokitzeko eta uholdeen eta suteen aurkako autobabeseko neurriak egikaritzeko dirulaguntzen deialdia. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua.
Nik, ................................................................................................................................. jaunak/andreak (IFZ: ..........................), .............................................................................................................. entitatearen (IFK: .............................) ordezkaria naizen aldetik, eta erakunde horrek SEEPeko baliabideen bidez finantzatutako laguntzak jaso dituela-eta, honako hauek adierazten ditut:
1. Interes-gatazkarik ez dagoelako adierazpena.
Goian aipatutako prozeduran inpartzialtasuna bermatze aldera, sinatzaileak adierazten du:
Lehenengoa.–Honako hauen berri duela:
1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak (EBko Finantza Erregelamendua) 61.3 artikuluan ezartzen duenez, "interes-gatazka egonen da funtzioen betetze inpartziala eta objektiboa arriskuan jartzen denean arrazoi familiarrengatik, afektiboengatik, kidetasun politiko edo nazionalengatik, interes ekonomikoengatik edo interes pertsonaleko zuzeneko edo zeharkako edozein arrazoirengatik".
2 Sektore Publikoko Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 52. artikuluaren ("Interes-gatazkak konpontzea") helburua da lehiaren edozein distortsio saihestea, prozeduraren gardentasuna bermatzea eta hautagai eta lizitatzaile guztiei tratu-berdintasuna bermatzea.
3. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ("Abstenitzea") ezartzen duenez, prozeduran esku hartzetik abstenituko dira hurrengo apartatuan adierazitako egoeraren batean dauden administrazioetako agintari eta langileak:
a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo besteren batean, baldin eta horren ebazpenak eragin badiezaioke; sozietate edo entitate interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.
b) Ezkontza-lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.
c) Aurreko letran aipaturiko pertsonetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.
d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartua izatea.
e) Gaian zuzeneko interesa duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu harremana izatea edo pertsona horri, azken bi urteetan, zerbitzu profesionalak eskaini izana, edozein motatakoak eta edozein baldintza eta tokitan.
Bigarrena.–Ez dagoela EBko Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan adierazitako "interes-gatazkatzat" har daitekeen inolako egoeratan, eta ez dagoela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan jasotako abstentzio-kausarik, aipatutako prozedurari eragin diezaiokeenik.
Hirugarrena.–Konpromisoa hartzen duela geroratu gabe jakinarazteko dagokion organoari egoera hori dakarren edo ekar dezakeen edozein interes-gatazka edo abstentzio kausa.
Laugarrena.–Badaki ezen, adierazten bada interes-gatazkarik ez dagoela eta frogatzen bada hori faltsua dela, horrek aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen ondorioak izanen dituela diziplina, administrazio edo justizia aldetik.
2. Datuak lagatzeari eta tratatzeari buruzko adierazpena.
Sinatzaileak aplikatu beharreko araudia ezagutzen duela adierazten du, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren apartatu hauek:
1. 2. apartatuko d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honako datu kategoria bateratu hauek biltzea, bilaketak egitea ahalbidetuko duen formatu elektroniko batean eta datu-base bakar batean, erreformak eta inbertsio proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko:
i) Funtsen azken hartzailearen izena.
ii) Kontratistaren eta azpikontratistaren izenak, baldin eta funtsen azken hartzailea adjudikazio-botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko Batasuneko edo Estatuko zuzenbidearen arabera.
iii) Funtsen benetako hartzaileen edo kontratistaren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan definitzen denaren arabera;
iv) Suspertze eta erresilientzia planaren esparruan eraberritze eta inbertsio proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzazioa publikoaren guztizko zenbatekoarekin batera, eta Mekanismoaren eta Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa adierazita».
2 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak estatu kideek eta Batzordeak bakarrik tratatuko dituzte, aurrekontu kudeaketaren onespenari eta 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioen aplikazioari lotutako funtsen erabilerari dagozkien kontrol prozedurei buruzko auditoretzaren ondorioetarako, eta auditoretzak iraun bitartean. Batzordearen kudeaketa onesteko prozeduraren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 319. artikuluarekin bat etorriz, Mekanismoa aplikatzeko txostenak aurkeztu behar dira, Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza informazioaren eta kontu ematearen esparruan, eta, zehazki, bereizita, kudeaketari eta errendimenduari buruzko urteko txostenean».
Azaldutako esparru juridikoarekin bat, datuak lagatzeko eta tratatzeko adostasuna adierazten dut, aipatutako artikuluetan espresuki zerrendatutako helburuetarako.
3. Zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoaren adierazpena.
Sinatzaileak adierazten du ordezkatzen duen pertsonak/erakundeak arau juridiko, etiko eta moralei dagokienez estandar zorrotzenak hartzeko konpromisoa hartzen duela, horretarako, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, eta, hala badagokio, ikusitako ez-betetzeen berri emanen diela agintariei.
Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukiari kasu eginez, konpromisoa hartzen du ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta plan horren esparruan egiten diren jarduketak gauzatzean ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko («DNSH» sigla ingelesez, «do no significant harm»). Gainera, adierazten du ez dagoela finantzaketa bikoitzik, eta, kasua bada, ez duela Estatuko laguntzen araubidearekiko bateraezintasun arriskuaren berri.
4. Sei ingurumen helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH) betetzeari buruzko adierazpena.
Sinatzaileak konpromisoa hartzen du, garatu beharreko proiektuaren edo jardueraren bizi-zikloaren fase guztiak kontuan hartuta, bai proiektua ezartzen den bitartean, bai balio-bizitzaren bukaeran, DNSH printzipioa betetzeko, hots, «ez duela kalte nabarmenik eraginen», Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 (EB) Erregelamenduak eskatzen duena, eta hortaz:
1. Ez die kalte nabarmenik eragiten 2020/852 EB Erregelamenduaren 17. artikuluan aipatzen diren ingurumen-arloko sei helburuei, honakoei alegia:
a) Klima aldaketa arintzea. Jarduera batek klima aldaketa arintzeko helburuari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta berotegi efektuko gasen (BEG) isuri handiak eragiten baditu.
b) Klima aldaketara egokitzea. Jarduera batek klima aldaketara egokitzeko helburuari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta oraingo baldintza klimatikoen eta etorkizunerako aurrez ikusitakoen ondorio txarrak areagotzen baditu, bai jarduerari dagokionez, bai pertsonei, naturari edo aktiboei dagokienez.
c) Baliabide hidrikoen eta itsas baliabideen erabilera jasangarria eta babesa. Jarduera batek baliabide hidrikoen eta itsas baliabideen erabilera eta babes jasangarriei kalte nabarmena eragiten diela jotzen da, baldin eta kaltea eragiten badie ur-masen –azaleko urak eta lur azpikoak– egoera onari edo potentzial ekologiko onari eta itsas uren egoera ekologiko onari.
d) Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklatzea barne. Jarduera batek ekonomia zirkularrari –hondakinen prebentzioa eta birziklatzea barne– kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, kasu hauetan: efizientzia eza ugari eragiten baditu materialen erabileran edo baliabide naturalen zuzeneko edo zeharkako erabileran; hondakinen sorrera, tratamendu mekaniko-biologikoa, errausketa edo zabortegietako biltegiratzea nabarmen areagotzen baditu, edo hondakinen epe luzerako ezabaketak ingurumenerako kalte nabarmena eta epe luzerakoa eragiten ahal badu.
Egindako edozein obratarako, eta helburu honi dagokionez, honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan:
–Jarduketak Europako helburu hau bultzatuko du: eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala– berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuta egotea, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz hondakinen hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako Batasunaren protokoloarekin.
–Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu behar dute, EBren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz, eskura dauden praktika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskura dagoen sailkapena erabiliz.
–Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasuna sustatuko dute, eta, bereziki, erakusten dute, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei dagokienez, nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez efizienteagoak izateko, eta moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak direla gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskura dauden sailkapen sistemak erabiliz.
e) Atmosferaren, uraren edo lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta kontrola. Jarduera batek kutsaduraren prebentzioari eta kontrolari kalte nabarmena eragiten diela jotzen da, baldin eta nabarmen areagotzen badu atmosferara, uretara edo lurzorura isuritako kutsatzaileen kopurua.
f) Biodibertsitatearen eta ekosistemen babesa eta leheneratzea. Jarduera batek biodibertsitatearen eta ekosistemen babesari eta leheneratzeari kalte nabarmena eragiten diola jotzen da, baldin eta kalte egiten badie ekosistemen baldintza onei eta erresilientziari edo kalte egiten badio habitat eta espezieen kontserbazio-egoerari, bereziki Batasunaren interesekoen kontserbazio-egoerari.
Egindako edozein obratarako, eta helburu honi dagokionez, honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan:
–Eraikuntza jarduera berriak biodibertsitaterako sentikorrak diren eremuetan edo horietatik gertu eginen diren adieraztea. Jarduerek habitaten eta espezieen kontserbazio egoerari kalte egiten ahal dieten adieraztea. Hala bada, Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6. eta 12. artikuluak eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 5. artikulua bete beharko dira.
–Adierazi beharko da, halaber, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IIE) edo bahetzea eginen den, IIEei buruzko Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.
2 Erakunde eskatzaileak ez du egiten jarduera bazterturik, kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa aplikatzeko gida teknikoan adierazitakoarekin bat, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren ondorioz.
Hauek dira jarduera baztertuak:
–Petrolio findegiak.
–Ikatz-zentral termikoak eta erregai fosilen erauzketa.
–Elektrizitatea edo beroa sortzea erregai fosilak erabiliz eta horien garraio eta banaketarako azpiegiturarekin lotutakoak.
–Hondakinen ezabaketa (esate baterako, nuklearrak, ingurumenari epe luzeko kalteak eragiten ahal dizkiotenak).
–Hondakinak zabortegian uzteko instalazioetako inbertsioak, edo tratamendu biologiko mekanikorako (MBT) instalazioetako inbertsioak, horien edukiera edo balio-bizitza luzatzea ekartzen dutenak (hondakin arriskutsu ez birziklagarrien tratamendurako instalazioak izan ezik).
–EBko isurketa eskubideen merkataritza araubideak estalitako jarduerak (Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidea arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legearen I. eranskinaren arabera).
3. Erakunde eskatzaileak aurreikusten du proiektuak edo jarduerak ez duela zuzeneko ondoriorik izanen ingurumenean, ez eta zeharkako ondorio primariorik ere, hau da, proiektua edo jarduera bukatuta gertatzen ahal direnak.
Adierazpen honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak, dagokion itzultze-prozedura bete ondoren.
5. Iruzurraren aurka borrokatzeko adierazpena (OLAF).
Sinatzaileak behar diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu bermatzeko Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintari eskudunek beren eskumeneko eginkizunak eginen dituztela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzei loturik.
Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan aurreikusitako baimena berariaz ematen du.
.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n.
Sinadura:
Kargua:
III. ERANSKINA.–SUSPERTZE ETA ERRESILIENTZIA MEKANISMOARI LOTUTAKO BETEKIZUN ETA OBLIGAZIO BERARIAZKOAK
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen erakunde onuradunek Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko betebeharrak (Europakoak eta Espainiakoak) bete beharko dituzte. Horretarako, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Batasuneko erakundeen kontrol jarduketak beteko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluaren arabera. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen II. eranskina bete beharko dute, eta eskaerarekin batera aurkeztu.
b) Men egin beharko diete Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.
c) Dagokien laguntza onartutakoan, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartzen dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Horretarako, bildu behar dituzte, funtsen kontrolerako eta formatu elektronikoan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak otsailaren 12an emandako 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan jasotzen diren datu kategoria harmonizatuak.
d) Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Turismo Zuzendaritza Nagusiaren esku jarri beharko dute funtsen bukaerako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, eta kontratisten gaineko informazioa, bukaerako hartzailea adjudikazio-boterea denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.
e) Haien erantzukizunak izanen dira diruz lagundutako jarduketen gauzapenaren fidagarritasuna eta jarraipena, une oro ezagutu ahal izateko jarduketa bakoitzaren lorpen maila eta horri dagozkion mugarri eta helburuen betetze maila.
f) Mekanismo egokiak eratu beharko dituzte ziurtatzeko hirugarrenek gauzatu beharreko jarduketak lagungarriak direla aurreikusitako helburuak lortzeko, eta, kasua bada, hirugarren horiek ematen dutela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarraipenerako adierazleen balioa zehazteko behar den informazioa.
g) Dirulaguntza honen esparruan egindako jarduketei dagokienez, bere gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta dokumentazio euskarria gordetzeko betebeharra. Informazio emate hori eginen da Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioak ezartzen duen moduan, estatuko eta Europar Batasuneko araudiak betez.
h) Bermatuko dute bete-betean betetzen direla "Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala egiteko betebeharra, bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin: Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena); 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua, hark ezartzen baitu esparru bat inbertsio jasangarriak errazteko, eta aldatzen baitu 2019/2088 (EB) Erregelamendua, era horretan betetzeko «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruzko Gida Teknikoa (2021/C 58/01); irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua; 14. osagaian aurreikusitako baldintza berariazkoak, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuko 3. eta 8. ataletan jasotakoak, kokatzen den inbertsioarekin lotuta; eta, orobat, Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren balorazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian eta haren eranskinetan eskatutakoa. Laguntzaren xede diren proiektu guztiek, diseinu-, gauzatze- eta justifikazio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, errespetatu beharko dute "Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa.
i) Laguntzaren erakunde onuradunak dirulaguntza honen xede den jardueraren zati bat edo jarduera osoa kontratatzen edo azpikontratatzen badu, kontratistek eta azpikontratistek "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" eta funtsen azken hartzailea identifikatzeko printzipioak betetzen dituztela ziurtatzeko mekanismoak ezarri beharko ditu.
j) Azpiko gastuaren erregulartasuna bermatu beharko dute, eta neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere, bat etorrita irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin.
k) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako jardueraren dokumentazioa gorde eta zainduko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Zentzu horretan, laguntza jasotzen dutenek frogagiriak eta finantzaketari dagozkion gainerako dokumentuak bost urtez gorde behar dituzte formatu elektronikoan, azken saldoaren ordainketa egiten denetik. Epe hori hiru urtekoa izanen da finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada.
l) Jarduketa gauzatzeko obraren bat egin behar bada, onuradunek bermatuko dute, obraren ezaugarrien arabera, ez zaiola kalterik eraginen erregelamendu horretan ezarritako sei ingurumen helburuetako bati ere, eta konpromiso hauek hartuko dituzte:
1.–Azpiegitura proiektuetako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortutako hondakinen %70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita EHZ 17 05 04 kodea duten hondakinak– beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta birbalorizatzeko prestatzeko konpromisoa, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, hondakinen hierarkiaren eta EBren eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketarako protokoloaren arabera.
2.–Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz.
3.–Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasuna sustatuko dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari dagokionez, edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko, eta nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez efizienteagoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskura dauden sailkapen sistemak erabiliz.
4.–Jarduketa egiteko erabilitako osagaiek eta eraikuntza materialek ez dute amiantorik edukiko, ezta substantzia oso kezkagarririk ere. Substantzia horiek 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean, baimena behar duten substantzien zerrendan, daude identifikaturik. Eraikuntzan erabiltzen diren eta erabiltzaileekin kontaktuan jar daitezkeen eraikuntzako osagai eta materialen formaldehido isuria 0,06 mg-koa baino txikiagoa izanen da materialaren edo osagaiaren m³ bakoitzeko, eta 1A eta 1B kategorietako konposatu organiko lurrunkor kantzerigenoen isuria, berriz, 0,001 mg-koa baino txikiagoa izanen da material edo osagaiaren m³ bakoitzeko, aldez aurretik proba egin ondoren bat etorriz CEN/TS 16516 eta ISO 16000-3rekin edo proba estandarizatuen beste baldintza batzuekin eta antzeko determinazio-metodoekin. Gainera, obraren fasean neurriak hartuko dira zarata, hautsa eta emisio kutsatzaileak murrizteko, eta neurri horiekin lotutako jarduerak gauzatuko dira, betiere indarreko araudi aplikagarria betez, lurzoruak eta ura kutsatzeari dagokionez.
6.–Inbertsioek eraispenen bat badakarte, eraispen selektiboa egin beharko da.
7.–Birgaitzeko jarduketak egiten direnean biodibertsitatearekiko sentikorrak diren eremuetan (barne direla gune babestuen Natura 2000 sarea, UNESCOren Munduko Ondareko lekuak, biodibertsitaterako funtsezkoak diren eremuak eta babestutako beste eremu batzuk) edo hurbileko eremuetan, bete beharko dira Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6 (3) eta 12. artikuluak eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 5. artikulua. Gainera, nahitaezkoa denean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eginen da, IEA Zuzentarauaren arabera.
8.–Eraikinen birgaitzeari dagokionez, kontuan hartuko dira eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak, ia energia-kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen, energia primario berriztaezinaren kontsumoa nabarmen murrizteko aukera emanez.
9.–Birgaitze neurriak lagungarriak izanen dira eraikinak klima-aldaketara egokitzeko, eta, horretarako, ahal diren egokitze irtenbideak hartuko dira, betiere lehendik dauden eraikinek ematen dituzten aukeren barruan, eta eraikin babestuak izanez gero horiek babestuko dira, landare estalkiak, toldoak, itzaleztatze eremuak, etab. erabiliz.
m) Komunikazio-betebeharrak: onuradunek bete beharko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan jasotako informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrak (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da), baita irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoak ere. Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:
1.–Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEParen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
2.–Espainiako Gobernuaren Industria eta Turismo Ministerioaren logotipo ofiziala, honako esteka honetan dagoena eskuragarri: https://www.mintur.gob.es/es-es/servicios/paginas/imageninstitucional.aspx.
3.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logotipoa; esteka honetan eskuratzen ahal da: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.
4.–Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (2030 Agendarekin), esteka honetan eskuragarri: https://www.navarra.es/es/gobierno-de-navarra/simbolo-oficial.
Informazio-kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko leku publikoetan jarri beharko dira.
n) Onuradunak SEMi buruzko Batasunaren xedapen guzti-guztiak betez jardun beharko du, Nafarroako Foru Komunitateak eta Espainiako Gobernuak arlo honetan ematen dituzten arauekin bat.
Iragarkiaren kodea: F2504120
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
