70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

415E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzen 2025eko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 821528.

Gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak irizten dio sendotu behar dela nazioarteko elkartasun sentimendua, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu behar dela. Horretarako, Europar Batasuneko estatuetan babesa eman behar zaio garapenerako hezkuntzari eta hari lotutako komunikazio politika garatzeari, eta sustatu behar da laguntza eman dakien, aurrerantzean ere, garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKEen ekimenei. Ildo berean, "Garapenari buruzko Europako kontsentsua" zehaztu du, zeinak adierazten baitu, besteak beste, Europar Batasunak bultzatzen duela ugari parte har dezaten herrialdeen garapenean interesa duten eragileek, eta sustatzen duela gizarteko sektore guztiek parte har dezaten.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak garapenerako lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu Nafarroan. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuta, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, dirulaguntzaren xedeko jarduerak gauzatzen direnean aurrekontuko ekitaldiarekin bat ez datorren urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez), hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta ez da nahitaezkoa horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena.

Halaber, eta bat etorriz 11/2005 Foru Legearen 5. bis artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza hau jasota dago indarreko dirulaguntzen plan estrategikoan, honako izen honekin: "Garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia".

Horrenbestez, beharrezkoa da oinarriak ezartzea eta argitaratzea, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak arautzeko. Dirulaguntza horietan bermatu behar da printzipio hauek beteko direla: publikotasunarena, gardentasunarena, konkurrentziarena, objektibotasunarena, berdintasunarena, diskriminaziorik ez izatearena eta kontrolarena, baita eraginkortasunaren printzipioa, administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko orduan, eta efizientziaren printzipioa, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko garaian.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzen 2025eko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3. Urte anitzeko gastua baimentzea, 1.185.000 eurokoa. Zenbateko horretatik 860.000 euro 2025eko ekitaldirako izanen dira, "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura; eta 325.000 euro 2026ko ekitaldirako izanen dira, "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partidaren kargura, baldin eta kreditu nahikoa badago 2026ko aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta DDBNn argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 18an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–GARAPENERAKO HEZKUNTZA PROIEKTUAK ETA SENTSIBILIZAZIO EKINTZAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN 2025EKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Dirulaguntzen deialdi honen bidez, Eskubide Sozialetako, Ekonomia sozialeko eta Enpleguko Departamentuak esku-hartze batzuk finantzatuko ditu, garapenerako lankidetzaren arloan eragile diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, helburu izanen dutenak beharrezko ezagutzak, gaitasunak, balioak eta jarrerak sustatzea herritarrek konpromisoa izan dezaten mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko, Agenda 2030 ekintza planaren esparruan.

2. Esku-hartzeak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, eta hiru motatakoak izan daitezke:

A modalitatea: Sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoei buruzko informazioa ematea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeenei, eta ulertzen laguntzea txirotasunaren arrazoiak eta ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arteko loturak globalizazioaren baitan.

B modalitatea: Garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean. Esku-hartze batzuk dira, hezkuntza formalaren eremutik kanpo gertatzen direnak eta hezkuntza prozesuak bultzatzen dituztenak, hezteko asmoa izanik eta irakaskuntza-ikaskuntza esperientziak planifikaturik.

C modalitatea: Garapenerako hezkuntza esparru formalean, hau da, legez araututako hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak. Zenbait urtetarako esku-hartzeak izanen dira, ikasturtearen baitan egiten direlako.

Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat. Halaber, garapen-bidean dauden herrialdeek dituzten arazoei buruzko ikuspegia islatuko da.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria, modalitatearen arabera.

Guztira, 2025. urtean, helburu horietarako, 860.000 euro bideratuko dira, 2025eko Gastuen Aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura. Zenbatekoa hiru modalitateen artean banatuko da, honela:

A modalitatea: Sentsibilizazio ekintzak: 460.000 euro.

B modalitatea: Garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean: 175.000 euro.

C modalitatea: Garapenerako hezkuntza esparru formalean: 225.000 euro.

2026ko ekitaldirako, eta C) modalitaterako soilik (garapenerako hezkuntza, esparru formalean), 325.000 euro egotziko dira; baldin eta kreditu nahikoa bada 2026. urteko gastu aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

Modalitateren batean 2025. urterako aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberan den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: hezkuntza formala; B modalitatea: hezkuntza ez-formala: A modalitatea: sentsibilizazioa.

Banaketa horren ondoren, deialdi honetarako esleitutako partidan soberakinik badago, soberako gastu baimendua pasatzen ahalko da larrialdi humanitarioko egoerei berehala erantzuteko deialdira, dagozkion aurrekontu-gehikuntzak eginda. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek:

a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, inskribaturik egon beharko dute Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko aukeraz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

f) Gainera, hiru entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, elkartutako entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu. Unibertsitateak C modalitatean soilik aurkezten ahalko dira, hau da, "Garapenerako hezkuntza, esparru formalean" izenekoan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) A eta B modalitateetako jarduerak 2025ean egin behar dira; C modalitateko jarduerak, berriz, 2025-2026 ikasturtean.

c) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

d) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 30.000 euro (35.000 euro, elkarte gisa aurkezten bada).

–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza, esparru ez-formalean): 40.000 euro.

–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza, esparru formalean): 40.000 euro GGKEen kasuan, eta 25.000 euro unibertsitateen kasuan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk baloratuko dira, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua edo, kasua bada, balioespenak bermatzen dituen agiri baten bidez.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo instituzio pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

a) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a.1) Jarduerak egiteko lokalen alokairua.

a.2) Materialak eta hornidurak.

a.3) Pertsonal gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatatzeak eta dietak.

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

b) Zeharkako gastuak: dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio proiektuaren zeharkako kostuen kontzeptuan. Zeharkako gastuak dira eskaera egin duen GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak, esku-hartzea gauzatzeko beharrezkoak direnak; horien %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Langileria gastuak jardueraka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: jarduera bakoitzean langileek zenbat ordu emanen dituzten gutxi gorabehera; orduaren prezioa, eta guztira zenbat ateratzen den.

3. Bankuko gastuak, notarioarenak eta erregistrokoak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerari zuzenean loturik badaude eta hura prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.

4. Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

5. Dirulaguntzetatik kanpo gelditzen dira mota guztietako inbertsio materialak (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Dirulaguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak eta abar). Langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak dirulaguntzaren kontura egotzi ahal izateko, jarduerak egitearekin lotura zuzena izan behar dute, betiere gainditu gabe Gobernuak 2025eko otsailaren 12an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren.

6. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balorizazioak, material didaktikoak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, baldin eta aurrekontuan jasotako jarduerak gauzatzeari zuzenean lotuta badaude. Onuradunak edo ekarpena egiten duen entitateak igorritako egiaztagiri baten bidez akreditatuta egon beharko dira. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta adieraziko dira unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

7. Zuzeneko zein zeharkako gastuetan aplikatuko dira honako hauek:

–Dirulaguntzaren babesean egindako gastutzat hartuko dira seigarren oinarrian aurreikusitakoak, esku-hartzea gauzatzeko aldiaren barruan daudenak eta justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindu direnak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 28. artikulua). Hala ere, azken aldiari dagozkion Gizarte Segurantzako kotizazioen eta PFEZ atxikipenen edo antzekoen ordainketa aplikatu beharreko araudietan aurreikusitako epean egitea onartuko da.

–Exekuzio-alditik kanpo diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira: kontabilitate-auditoretzekin lotutakoak, justifikazio-modalitate hori hautatuz gero, hamabosgarren oinarriko h) apartatuan jasotzen den bezala; bai eta hamazazpigarren oinarriko q) apartatuan aipatutako ex post kanpo-ebaluaziotik eratorritako gastuak ere.

–Edonola ere, ez da onartuko sortzapen-aldi bereko gasturik, partzialki exekuzio-alditik kanpo badaude. Adibidez, hornidura elektrikoaren bi hileko ordainagiri bat ez da onartuko exekuzio-aldiari egokitzen ez zaion zati hainbanatuan.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

Ez da onartuko informazioa partekatzea eta aldatzea ahalbidetzen duten plataformen bidez bidalitako dokumentaziorik (DRIVE, DROPBOX, datuak biltegiratzeko plataformak edo antzekoak), ezta web-orrietako estekarik ere.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Horren ondorioetarako, ulertuko da ezen entitate eskatzaile desberdinak direla entitateen elkartea, eta elkarte horren baitako entitateetako bakoitza.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. Ahal bada, "tramiteak" aukeratik sartuko da, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian argitaratutako fitxatik (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian). Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Eskabideak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egun berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste eragile batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

a.2) Entitatearen estatutuak, baldin Administrazioaren esku ez badaude.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: "Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukeraz gabeturik daudenak".

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana bateragarria dela proposatutako jarduerarekin.

d) Entitateen elkarteak izanez gero, entitate bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

d.1) Entitateen elkartea eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.

d.2) Agiri bat, zeinetan adieraziko baita zer eginkizun eta zer eginbehar hartuko dituen bere gain elkarteko entitate bakoitzak, eta proiektua gauzatzean zer eginkizun eta eginbehar gauzatzeko konpromisoa hartzen duen, elkartearen izenean eta haren kontura. Adierazi beharko da, era berean, dirulaguntzaren zer zenbateko aplikatuko den horietako bakoitzean.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin aurreko dirulaguntzak sartzeko erakundea edo banku kontua aldatu bada.

f) Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera jardun beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute gardentasun betebeharrerako eskatzen den informazioa aurkezteko, jakinarazpenetik hasita edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, organo kudeatzaileak eskatzen ahalko du informazio hori bidal dakion, aipatutako ebazpena eman aurretik, prozedura hobeki garatzeko.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan, (60 orrialde, gehienez ere, Arial 11 letra motarekin eta 1eko lerroartearekin). Orrialdeak zenbatuko dira, II. apartatutik ("Entitate eskatzailearen gaitasuna") VIII. apartatura ("Bideragarritasuna eta jasangarritasuna"), biak barne. Orrialde kopurua baloratuko da soilik adierazitako mugara ailegatu arte. Nahitaezkoa izanen da memorian, izenburuan bertan edo deskribapen laburrean izan, txertatzea esku-hartzeak zer lotura izan duen garapen-bidean dauden herrialdeek dituzten arazoekin, batez ere aurrerapen gutxien dituzten herrialdeei dagokienez.

Adierazitako bi dokumentuetako bat aurkezten ez bada (memoria teknikoa edo aurrekontua, inprimaki ofizialetan), ez da eskaera onartuko.

b) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Eranskina behar bezala identifikaturik dagoela joko da baldin eta, batetik, adierazten bada memoriaren zein apartaturi buruzkoa den, eta, bestetik, zehazten bada eranskinaren zer tokitan dagoen aztertu beharreko edukia.

c) Aurreikusten bada entitate publiko edo pribatuen lokaletan (udalak, beste departamentu batzuk, NUP, elkarteak eta abar) eginen direla jarduerak, agiri bat aurkeztu behar da, frogatzeko lokalaren jabea den entitatea programatutako jarduerarekin ados dagoela.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A apartatuko dokumentazioan akatsak izatea.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraituta, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.

4. Modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Gerta daiteke prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duten proiektu guztien artetik azkenekoa finantzatzeko dagoen zenbateko erabilgarria txikiagoa izatea harentzat eskatutakoa baino. Horrelakoetan, proposatuko da dirulaguntza ematea, baldin haren kontzesioa efizientea bada, eta, kasu horretan, 11. oinarriko 2. puntuan ezarritakoa eginen da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunari entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraituta.

2. Baldin dirulaguntza proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, modalitatea, zenbatekoa, justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezestea, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Egoki ikusiz gero, ebazpen bakar batean bil liteke modalitate bat baino gehiagoren kontzesioa.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez.

2. 2025. urteko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondotik.

3. C modalitaterako soilik: 2026ko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, dirulaguntza osoaren eta Nafarroako Gobernuarena ez den 2025eko diru-ekarpenaren justifikazio txostena aurkeztu ondoren.

4. Hori guztia, gardentasun betebeharra bete ondoren, zeina ezarri baita bai hemezortzigarren oinarri arautzailean bai eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ere (foru dekretu horren bidez arautu egin ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak); hari helduko baitzaio Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoaren aurka ez doan orotan (azken horretan arautu ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak).

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atariko https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Txostena aurkeztea zailtzen duen inguruabarren bat gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera izanen du epe horren luzapena baimentzeko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

2. Urte anitzeko finantzaketaren kasuan, eta 2026ko urtaldia ordaintze aldera, gauzatzeari buruzko txosten partzial bat aurkeztuko da, eredu ofizialean, 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen, eta, harekin batera, gastuen frogagiriak, proiektuaren hasiera-datatik 2025eko abenduaren 31ra bitartekoak.

3. Txosten partzialak eta azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:

a) Justifikazioaren txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eta, halakorik bada, egiaztatze bideak.

c) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen kontua.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez diren beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan.

d) Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiazta ditzan, zeinak laginen bidez berrikusten ahalko baititu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, edo, halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo antzeko froga-balioa duten bestelako agiriak. Egiaztagiri horietan guztietan zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dira. Langileria gastuak justifikatzeko, aipatutakoez gainera aurkeztuko dira baita hilabeteko laburpenak ere, non zehaztuko baita proiektuari egotzitako pertsona bakoitzak zenbat ordu eman dituen eta zer jarduera gauzatu duen. Frogagiriekin batera, dagokien ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Egiazki egindako eta ordaindutako gastu moduan onartuko dira proiektuaren exekuzio epean sortutako pertsonal gastuen ordainagiriak (sortu ondotik ordaintzen direnenak), Gizarte Segurantzakoak eta PFEZ atxikipenarenak, baldin eta ordainagiriak aurkezten badira behar den unean eta justifikazio kontuan sartzen badira.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; "Nafarroako Gobernuak finantzatua" testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

e) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko dion ordainketa-gutun bidez eginen da, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, finantzatutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 7. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, jarraituta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoari.

c) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatzea eta edukitzea diruz lagundutako esku-hartzean funtsezko aldaketak egin ahal izateko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira, dela lurraldean, dela entitate onuradunaren egoitzan.

Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, betiere, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak direnean; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako.

Baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik soberakinik badago, barnean direla finantza errendimenduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearekin bat, ulertuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehitzen zaizkiola, eta diruz lagundutako jardueran ere aplikatuko dira.

Horretarako, azken txostenean berariaz identifikatu beharko dira soberakin horiek (bai jatorria, bai aplikazioa). Nolanahi ere, soberakin horiek aplikatu beharko dira hasieran aurreikusitako jarduerak handitzeko edo jarduera berriak egiteko. Jarduera berriak badira, esku-hartzearen xedearekin zuzenean lotuta egon beharko dute.

Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

d) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

e) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

Pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

f) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatze aldera.

h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun izan diren erakundeen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horretan arau batzuk ezartzen dira, bete egin behar direnak zabaltzen denean Nafarroako Gobernuak parte hartu egin duela gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzuetan eta zentroetan egiten diren programetan, jardueretan, inbertsioetan eta jarduketetan.

i) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortu edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak nahiz kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) letraren kontrakoa, hain zuzen.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da telematikoki, Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera zuzenduta. Horretarako, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian dagoen deialdiaren fitxa erabiliko da, "tramitatu" aukeratuz (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira, eta hauekiko proportzionalak izanen dira:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko itzulketa.
  • Lau egun baliodunetik seira arteko atzerapena: %50era arteko itzulketa.
  • Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: zenbateko osoaren itzulketa.

4. Ez badira betetzen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak, haren 8.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio (foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako).

5. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

1.–A modalitaterako ebaluazio irizpideak: sentsibilizazio ekintzak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu gehienez).

a.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (170 puntu gehienez):

–Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu gehienez).

–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu gehienez).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu gehienez).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu gehienez).

–Elkartean bildutako entitateen kopurua (20 puntu gehienez).

a.2) Eranskin honen 3. apartatuan adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu gehienez).

Entitateen elkarteen kasuan, hori dena elkartearen ordezkariarentzat baloratuko da; elkartea hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin, batasuna 4 entitatek edo gehiagok osatzen badute, 200 puntu arte, gehienez ere.

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu gehienez).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak, ezaugarriak, kuantifikazioa, zein herritan esku hartzen den (50 puntu gehienez).

b.2) Lankidetzarako beste eragile batzuekiko eta eragile sozialekiko koordinazioa (25 puntu gehienez).

b.3) Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu gehienez):

–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (50 puntu gehienez).

–Proiektuaren exekuzioan aipatzen diren entitate publiko eta pribatuen abalak (25 puntu gehienez).

–Arriskuen eta kanpoko faktoreen analisia (25 puntu gehienez).

b.4) Metodologia (125 puntu gehienez):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu gehienez).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu gehienez).

b.5) Edukiaren egokitasuna (125 puntu gehienez):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. apartatuan adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu gehienez).

–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (75 puntu gehienez).

b.6) Baliabideak (175 puntu gehienez):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu gehienez).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu gehienez).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu gehienez).

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen-sistema (15 puntu gehienez).

–Ebaluazio-matrizea (20 puntu gehienez).

–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu gehienez).

–Lan-plana (kronograma) (5 puntu gehienez).

b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa. Bakar-bakarrik baloratuko dira eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk eta, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua bermatzen duen agiri baten bidez (25 puntu gehienez).

b.9) Trinkotasun eta sendotasun orokorra (25 puntu gehienez).

2.–B eta C modalitateetarako ebaluazio irizpideak: garapenerako hezkuntzako proiektuak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu gehienez).

a.1) GGKEetarako:

a.1.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (135 puntu gehienez):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu gehienez).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu gehienez).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu gehienez).

a.1.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu gehienez).

a.1.3) Eranskin honen 3. apartatuan adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu gehienez).

Entitateen elkarteen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta lau entitatek edo gehiagok osatzen badute, 1,4rekin, 200 puntu arte, gehienez ere.

a.2) Unibertsitateetarako:

a.2.1) Gaitasun operatiboa (100 puntu gehienez):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu gehienez).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu gehienez).

a.2.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu gehienez).

A.2.3) Eranskin honen 3. apartatuan adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu gehienez).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu gehienez).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu gehienez).

b.2) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu gehienez):

–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (100 puntu gehienez).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (40 puntu gehienez).

–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (35 puntu gehienez).

b.3) Metodologia (100 puntu gehienez):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu gehienez).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu gehienez).

b.4) Edukiaren egokitasuna (150 puntu gehienez):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. apartatuko zeharkako ikuspegietara (50 puntu gehienez).

–Proposamenaren edukiaren analisia (100 puntu gehienez).

  • Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta aholkularitza (20 puntu gehienez).
  • Urteko edo ikasturteko lan etengabea (20 puntu gehienez).
  • Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (20 puntu gehienez).
  • Laguntza teknikoa eta aholkularitza exekuzioan (20 puntu gehienez).
  • Hedadura komunitatean (20 puntu gehienez).

b.5) Baliabideak (175 puntu gehienez):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu gehienez).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu gehienez).

b.6) Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu gehienez).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu gehienez).

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen-sistema (15 puntu gehienez).

–Ebaluazio-matrizea (20 puntu gehienez).

–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu gehienez).

–Lan-plana (kronograma) (5 puntu gehienez).

b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa: bakar-bakarrik baloratuko dira eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk eta, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua bermatzen duen agiri baten bidez (25 puntu gehienez).

b.9) Trinkotasun eta sendotasun orokorra (25 puntu gehienez).

Baldin Nafarroako Gobernuak esku-hartzea finantzatu badu azken bi urteetako batean, harekin jarraitzea egoki den edo ez baloratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da zenbat exekutatu den (ehunekotan) eta, beste proiektu baten jarraipena denean, zenbat denbora igaro den hura ebatzi zen egunetik egungo deialdiaren data arte. Emaitza positiboa baldin bada, 1,05ekin biderkatuko da b atalean lortutako puntuazioa, gehienez ere 800 puntura arte.

3.–Zeharkako ikuspegiak.

Zeharkako lehentasunak:

1.–Genero-ikuspegia: konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin eta generoan oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokarekin. Diagnostikoan genero-desberdintasunak identifikatzea. Horiek zuzentzeko lana planifikatzea (helburuak, emaitzak, jarduerak, adierazleak), hala gizarte-arloan (genero-rolei buruzko kontzientziazioa, prestakuntza, elkarrizketa eta negoziazioa) nola arlo ekonomikoan, eta eskubide zibil eta politikoei dagokienez. Horrela, bada, sustatuko da emakumeek parte har dezaten erabakiak hartzeko eta elkarrizketa politikoko prozesuetan. Baloratzea zer ondorio dituzten planifikatutako ekintzek eta genero-berdintasunaren ardura duten erakundeekiko koordinazioak gizonezkoengan eta emakumezkoengan. Era berean, genero ikuspegia txertatzea proiektuetan eta GGKEaren estrategia instituzionalean berean.

2.–Giza eskubideetan oinarrituriko ikuspegia. Giza eskubide guztien unibertsaltasunetik, zatiezintasunetik eta interdependentziatik abiatzen da –eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak, indibidualak eta kolektiboak–, eta nazioarteko itunetan aitortutako eskubideen bermean du oinarri. Pertsonen konpetentziak indartzea, beren eskubideak zein diren jakin eta horiek eskatzeko gaitasuna izan dezaten; eta, halaber, erakundeen konpetentziak indartzea, giza eskubideak bermatu, sustatu eta babes ditzaten. Era berean, baztertutako eta zokoratutako gizataldeen eskubideak lortzea du ardatz, bat etorriz Agenda 2030 ekintza planaren goiburu nagusiarekin: "Inor atzean ez utzi". Ikuspuntu honek bere-berea du pertsonen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen gaitasunak indartzea, gobernantza demokratikoko esparru batean (gobernu ona), eta maila guztietan.

3.–Aniztasuna kulturala: aniztasun kulturala errespetatzea giza eskubideak kontuan harturik zaindu beharreko aberastasuna da, eta garrantzi berezia ematen zaio herrien ondare materiala eta immateriala babesteari. Plangintza bideratzeko (diagnostikoa, helburuak, emaitzak, jarduerak), faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak aztertu behar dira, herrien eta kulturen artean desberdintasunak edota gatazkak sortzen dituztenak. Horrez gain, pertsonak partaide eginen dira, eta sustatuko da bai kulturen arteko elkarrizketa bai sareak sortzea gizarte zibilean. Herri indigenei eta afrikarren ondorengoei dagokienez, ekitatea lotzen da, batetik, giza eskubideekin, pertsona horien parte-hartze politiko osoa eta eraginkorra lortzera bideratutako prozesuetan, eta, bestetik, jabetza intelektualeko eskubideen, ondarearen eta kultura aniztasunaren defentsarekin. Haien baldintzak bereziak direnez, protagonismo handia dute biodibertsitate kulturalaren defentsan eta ingurumenaren babesean. Era berean, desberdintasun arrakalen eraginez, taldeok ahulezia sozial eta ekonomikoan daude.

4.–Ingurumen arloko jasangarritasuna: horrek esan nahi du esku-hartzeek baliabide naturalak errespetatuko dituztela, eta saihestuko dutela aurrerapenak eta garapenak ingurumena degrada dezaten; horrela, oraingo beharrak aseko dira, baina kinka larrian jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena. Bereziki garrantzitsua izanen da, batetik, ingurumen inpaktuari buruzko azterketa bat sartzea –identifikatutako ingurumen inpaktu negatiboak saihesteko edo minimizatzeko– eta, bestetik, neurri zuzentzaile egokiak aplikatzea, bai eta klima-aldaketak esku-hartzeen jasangarritasunean izan ditzakeen eraginak arintzeko mekanismoak txertatzea ere (basoberritzea, baso-soiltzea saihestea, uraren zikloaren kudeaketa jasangarria, eraikuntza bioklimatikoa, konpostatzea, etab.) eta, halaber, ingurumen arloko jasangarritasunari buruzko prebentzio eta prestakuntza jarduerak sartzea (gutxitzea, birziklatzea edo berrerabiltzea, hondakin gutxiago sor daitezen).

Iragarkiaren kodea: F2504340