70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Gutxieneko zerbitzuak ezartzea, greba dela eta

Altsasuko Udalak, 2025eko apirilaren 3an, honako ebazpen hau eman zuen:

Alkatetzaren ebazpena, zeinaren bidez ezartzen baitira behar diren bermeak, segurtatzeko eutsiko zaiela oinarrizko zerbitzuei, 2025eko apirilaren 9eko greba orokorra dela eta.

2025eko martxoaren 28an komunikazio bat jaso dugu, aditzera ematen duena deialdi bat egin dela 24 orduko greba egiteko, 2025eko apirilaren 8ko 22:00etatik 2025eko apirilaren 9ko 22:00ak arte.

Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.

Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Bestalde, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (arautzen ditu Toki Araubidearen Oinarriak) 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak, eta greba deialdiaren aurrean, ezin dira erabat gelditu Altsasuko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.

Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago (betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala), bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.

Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikulua, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta jarraikiz eman zaizkidan eskudantziei, hots, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek eman dizkidaten eskudantziei (7/1985 Legeak arautzen ditu Toki Araubidearen Oinarriak),

EBAZTEN DUT:

1. 0-3 urte bitarteko haur-hezkuntzako Txirinbulo ikastetxeko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2025eko apirilaren 9an. Betiere, errespetatuko dituzte jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzuak:

–Eskolako zuzendaritza: lanaldiaren ½.

–Garbitzaile bat, lanaldi osoan.

–2 hezitzaile lanaldi osoan.

–Jantokiko laguntzailea: lanaldiaren ½.

2. Ebazpen hau jakinaraztea 0-3 urte bitarteko haur hezkuntzako Txirinbulo ikastetxeko Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:

–Greba hasi baino lehen, ikastetxeko Zuzendaritzak Udal honi idatziz jakinarazi beharko dio ikastetxean nork eginen duen lan 2025eko apirilaren 9an.

–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunetan ez baitute lan eginen ikastetxean.

–Ikastetxeak aditzera eman beharko die zerbitzuaren erabiltzaileei zer egoeratan emanen den zerbitzua eta zer neurri hartu diren.

3. Ebazpen hau komunikatzea langileen ordezkariei, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-taulan, eta webgunean argitaratzea, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi ondotik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Altsasun, 2025eko apirilaren 3an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2505169