70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

324E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2025eko dirulaguntzen deialdia onesten duena gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako. DDBN identifikazioa: 817870.

Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Gidariak beharrezko tresnak zehazten ditu garapenerako hezkuntzaren ardatz estrategikoa egituratzeko, eta eskatzen du gazte kooperanteen programa martxan jartzeko berriz, lehenago (1995-2011) egin zena Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera. "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" programaren helburua da Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzea. Horretarako, boluntario gisa parte hartuko dute nazioarteko lankidetza programetan, edo garapenerako lankidetzari buruzko tokian tokiko ikastaro teoriko-praktikoetan, hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek sustatuta eta gauzatuta.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen bidez aldatutakoak, ezartzen du, besteak beste, zer printzipiok, helburuk eta bitartekok gidatu behar duten nazioarteko ekintza solidarioaren arlo hori. Izan ere, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Era berean, 26. artikuluan eta hurrengoetan, garapenerako lankidetzako langile gisa sailkatzen dira boluntarioak, eta honela definitzen: interes orokorreko jarduera altruistak eta solidarioak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, integratuta daudenak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, zeinek nortasun juridiko propioa izanen baitute eta parte hartuko baitute garapenerako lankidetzaren programa zehatzak kudeatzean edo gauzatzean. Era berean, zehazten da zer betebehar duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioei dagokienez. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluan adierazten denez, funts publikoak izanen dira, besteak beste, garapenerako lankidetza-ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako dirulaguntzen araubidea arautzeko oinarriak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko dirulaguntzen deialdia onestea gazte kooperanteentzako "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3. 85.000,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontu-partida honen kargura aplikatuko dena: "(E) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partida, 2025eko gastu-aurrekontukoa.

4. Foru agindu hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2025eko martxoaren 3an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–2025. URTEAN GAZTE KOOPERANTEEN "JOAN, PARTE HARTU ETA KONTA IEZAGUZU" SENTSIBILIZAZIO PROGRAMARAKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak dirulaguntza baten deialdia egin du, gazte kooperanteentzako programa hau finantzatzeko: "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu". Programa horren helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioa eta sentsibilizazioa sustatzea.

Laguntzen helburua da gazteak garapenerako arazoez sentsibilizatzea, nazioarteko lankidetza programetan edo proiektuetan boluntario lanetan parte hartuz edo garapenerako laguntzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoen bidez, garapen bidean dauden herrialdeetan praktikak eginez. Hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen bitartez sustatu eta gauzatuko da, gazteei garapen bidean dauden herrialdeetako populazio behartsuekin esperientzia bat izateko aukera eskainiz.

2.–Interesa duten GGKEek egoki juzgatzen dituzten plazen finantzaketa eskatzen ahalko dute, deialdi honen oinarriak betez, bi modalitatetan:

A modalitatea: "Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea": egonaldia ezin izanen da hiru hilabetetik beherakoa izan, ezta 12 hilabetetik gorakoa ere.

B modalitatea: "Garapenerako laguntza ikastaro teoriko-praktikoak tokian bertan", helburu dutenak praktikaren bidez gazteak proiektu baten zikloa gauzatzen eta kudeatzen trebatzea. Lekuan bertan eginen den esperientziak ez du 20 egun baino gutxiago iraunen, ezta 2 hilabete baino gehiago ere.

3.–Garapen bidean dauden herrialdetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Esku-hartze guztiek aintzat hartuko dute genero ikuspegia beren diseinuan eta exekuzioan.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

1.–Guztira, 85.000 euro bideratuko dira 2025ean helburu horietara. Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorrean "(E) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001-91100-4819-143102 partidaren kargura aplikatuko da, eta honela banatuko:

75.000 euro A modalitaterako eta 10.000 euro B modalitaterako, betiere partida horretan krediturik baldin badago.

Hamargarren oinarrian xedatutakoaren arabera eskaerak baloratu ondoren, modalitateren batean aurreikusitako kreditu guztia bukatzen ez bada, soberako zenbatekoa beste modalitatera pasako da, behar izanez gero.

Banaketa horren ondoren, deialdi honetarako esleitutako partidan soberakinik badago, soberako gastu baimendua pasatzen ahalko da larrialdi humanitarioko egoerei berehala erantzuteko deialdira, dagozkion aurrekontu-gehikuntzak eginda. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xedeko laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE):

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratu eta izen emandakoak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Agentzia Espainiarreko (AECID) garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Tokiko bazkide edo kontraparte bat edukitzea, boluntarioen egonaldia, mantenua eta antzeko gastuak segurtatuko dituena. Tokiko bazkide horrek pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko aukeraz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Programa 2025ean hastea. Hautatutako gazteen bidaia 2025ean hasi beharko da, bi modalitateetan.

c) Programan parte hartzeko hautatutako pertsonen zerrenda Nafarroako Gazteriaren Institutuak onetsi behar du.

d) Hautatzen den plaza bakoitzerako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa bat etorriko da eskatzen denarekin A modalitatearen kasuan, eta, B modalitatean, gehienez ere 2.000 euro izanen dira plaza bakoitzerako.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.–Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok helburu berberetarako eman litzakeen beste batzuekin.

2.–Ematen diren dirulaguntzek ez dute sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako esku-hartzearen kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1.–Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

1.1. Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a) Boluntarioak Nafarroatik proiektuaren destinora eraman eta ekartzea, aireportuko tasak eta ezerezte asegurua barne.

b) Herrialdean egoteko baimenak berritzeko nahitaez egin beharreko joan-etorrien gastuak.

c) Txerto eta bisatuen gastuak, eta laguntza aseguruarenak, zeinak estaliko baititu, atzerrian dauden bitartean behintzat, gaixotasun eta istripu arriskuak, aberriratze gastuak eta hirugarrenei sufriarazi edo eragindako kalteengatiko erantzukizun zibila.

d) Destinoko mantenu eta egonaldi gastuak (gehienez ere 350 euro hilabete eta postuko), boluntarioentzat. Tokiko bazkideak fakturatzen ahalko ditu.

e) Behar adina justifikatutako ustekabeak, dirulaguntza jaso dezaketen gastuekin loturik, hamazazpigarren 2.b) oinarrian ezarritako baldintzetan; gehienez ere eskatutako guztiaren %7,5. Justifikatu ezin den zenbatekorako, hamabosgarren oinarriko 1. g) letran ezarritakoaren arabera jokatuko da.

1.2. Zeharkako gastuak:

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du gaindituko zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3.

2.–Kontzeptuen/partiden arteko konpentsazioak onartuko dira, salbu eta ustekabeko gastuen partida murriztea dakartenak, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude, partida-multzo bakoitzean ezarritako mugak gainditzen ez badira eta aldez aurretik baimena eskatzen bada.

3.–Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen:

–Parte-hartzaileek baja hartzen badute nahikoa justifikaturik ez dauden arrazoiengatik.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Prestakuntza-ikastaroekin lotutako gastuak (matrikula, material didaktikoa, hizlariak, etab.).

–Boluntarioen oporraldiei lotutako gastuak.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1.–Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2.–Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. Ahal bada, "TRAMITEAK" aukeratik sartuko da, Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxatik (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian). Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

3.–Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde eskatzaileek inprimaki ofizialean (teknikoa eta ekonomikoa) aurkeztuko dute eskaera, eskatutako plaza bakoitzeko, honako agiri hauekin batera: ez da onartuko informazioa partekatzea eta aldatzea ahalbidetzen duten plataformen bidez bidalitako dokumentaziorik (DRIVE, DROPBOX, datuak biltegiratzeko plataformak edo antzekoak), ezta webeko estekarik ere.

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: "Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak".

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana bateragarria dela proposatutako jarduerarekin.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

e) Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek hilabeteko epea izanen dute gardentasun betebeharrerako eskatzen den informazioa aurkezteko, jakinarazpenetik hasita edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, organo kudeatzaileak eskatzen ahalko du informazio hori bidal dakion, aipatutako ebazpena eman aurretik, prozedura hobeki garatzeko.

Dena dela, entitate eskatzaileek, nahi izanez gero, dirulaguntza eskaerarekin batera aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa:

a) Estatutuak.

b) Tokiko bazkidearen legezko eratzearen egiaztagiria, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoa.

c) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

d) Tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatutako agiri bat, boluntario gazteei ostatua eta mantenua emateko konpromisoa bere gain hartzen duela agertzeko, eta bermatzeko jarduerak behar den segurtasunez eta higienez eginen direla, jardueraren eta ingurunearen ezaugarrien arabera.

C) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan.

b) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Eranskina behar bezala identifikaturik dagoela joko da baldin eta, batetik, adierazten bada memoriaren zein apartaturi buruzkoa den, eta, bestetik, zehazten bada eranskinaren zer tokitan dagoen aztertu beharreko edukia.

c) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz aparte bestelako finantzaketarik badago (beste ekarpen batzuk), dirulaguntza emateko ebazpena aurkeztuko da funts publikoak badira, edo proiektua kofinantzatzen duen erakundeak emandako ziurtagiria, funts pribatuak badira.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1.–Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2.–Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A eta B ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak dituenean.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraituta, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, argibideak eskatzen ahalko dira, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.–Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2.–Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

3.–Hautatzen den plaza bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa bat etorriko da eskatu eta onartu denarekin A modalitatearen kasuan, eta, B modalitatean, gehienez ere 2.000 euro izanen dira plaza bakoitzerako.

4.–Modalitate bakoitzean, baldin positiboki baloraturiko plazei dagozkien zenbateko eskatu guztiek gainditzen badute aurrekontuetan horretarako dagoen dirua, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Gainera, kasu honetan, eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 15.1 artikuluan jasotako ekitate-printzipioa aplikatuz, lau plaza izanen dira erakunde eskatzaile bakoitzeko diruz lagunduko direnak A modalitatean, eta bi plaza, berriz, B modalitatean erakunde eskatzaile bakoitzeko, lehentasun-hurrenkera hori kontuan hartuta.

5.–Modalitate bereko bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1.–Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2.–Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaz gaineko kofinantzaketa-portzentajea, betiere, eskaeran adierazitako bera edo handiagoa izanen da.

Hamabigarrena.–Prozedura ebaztea.

1.–Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak.

2.–Bi modalitateetarako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: finantzatu beharreko plazak eta haien ezaugarriak; GGKE onuradunak, plaza bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa, eta izan litezkeen ezespenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.–Eskaerak ezetsitzat jotzen ahalko dira, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak berariazko ebazpena eman behar ez duenik.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, administrazio prozedura arautzen duen legerian ezarri bezala. Orobat, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian argitaratuko da (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian).

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1.–Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez.

2.–Emandako dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, Nafarroako Gazteriaren Institutuak plazak gazte boluntarioei esleitu ondoren, eta gardentasun betebeharra bete ondoren (betebehar hori ezarrita dago Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta hura garatzeko araudian).

Era berean, GGKEak jakinarazi beharko du zer egunetan hasi eta bukatuko den kooperantearen egonaldia boluntariotzaren herrialdean.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.–GKE onuradun bakoitzak amaierako txosten indibidual bat aurkeztuko du plaza bakoitzerako, boluntarioaren diruz lagundutako egonaldia amaitu eta hiru hilabeteko epean. Txosten horrek justifikazio-kontuaren forma izanen du, eta elementu hauek jasoko ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Gazteen mantenurako tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzen duen dokumentazioa, bai eta, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizunpeko adierazpena, tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua, zenbatekoa eta helburua zehaztuz.

c) Boluntario bakoitzak egin dituen jarduerei buruzko txosten teknikoa eta balorazio orokorra, eredu ofizialaren arabera.

d) Diruz lagundutako plaza bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantzea.

e) Gastu moten arabera bereizitako gastuen zerrenda, barne hartuta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpenekin finantzatutako gastuen zerrenda, halakorik balego. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

Frogagiriek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; "Nafarroako Gobernuak finantzatua" testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

f) Ez da onartuko erabili gabeko hegazkin-txartelen gastua, ezerezte asegurua diruz lagun daitekeen gastua baita.

g) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko dion ordainketa-gutun bidez eginen da, eta horren bidez ulertuko da entitateak berariaz uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

h) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

2.–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikorik bada.

3.–Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, dirulaguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal dute hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Programa honetarako dirulaguntza jasotzen duten GGKEek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1.–Boluntarioei dagokienez:

a) Sustatzen dituzten programetan diharduten boluntario gazteekin hartutako konpromisoak errespetatzea.

b) Ostatua eta mantenua ematea eta jarduerak behar den segurtasunez eta higienez eginen direla bermatzea, jardueren eta ingurunearen ezaugarrien arabera.

c) Eginen duten jarduera gauzatzeko, argibideak, prestakuntza eta orientazioa ematea, hala orotarikoa nola berariazkoa.

d) Laguntza-aseguru bat formalizatzea, seigarren oinarriko 1.1.1.c) apartatuan adierazitako baldintzetan.

e) Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legean horri buruz xedatzen dena betetzea.

f) Boluntarioaren egonaldiko esperientziaren zabalkundea sustatzea eta laguntzea.

g) Pertsonei buruzko datuak, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

2.–Organo emaileari dagokionez:

a) Dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea programa. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatzea eta edukitzea diruz lagundutako esku-hartzean funtsezko aldaketak egin ahal izateko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira, dela lurraldean, dela entitate onuradunaren egoitzan.

Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik. Tokiko bazkideari edo partaideari dirulaguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

Baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik soberakinik badago, barnean direla aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearekin bat, ulertuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehitzen zaizkiola, eta diruz lagundutako jardueran ere aplikatuko dira.

Horretarako, azken txostenean berariaz identifikatu beharko dira soberakin horiek (bai jatorria, bai aplikazioa). Nolanahi ere, soberakin horiek aplikatu beharko dira hasieran aurreikusitako jarduerak handitzeko edo jarduera berriak egiteko. Jarduera berriak badira, esku-hartzearen xedearekin zuzenean lotuta egon beharko dute.

c) Organo emaileari justifikatzea, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den dokumentazioaren bidez, betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta dirulaguntza zertarako eman eta helburu hori lortu dela.

d) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Nafarroako Gobernuari programaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak Garapenerako Lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

f) Dirulaguntza nork eman duen adieraztea esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun izan diren erakundeen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horretan arau batzuk ezartzen dira, bete egin behar direnak zabaltzen denean Nafarroako Gobernuak parte hartu egin duela gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzuetan eta zentroetan egiten diren programetan, jardueretan, inbertsioetan eta jarduketetan.

g) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) letraren kontrakoa, hain zuzen.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea. Era berean, ustekabeko gastuetarako zenbatekoa itzuli beharko da, behar bezala arrazoituta eta justifikatuta ez badago.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Entitate eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da telematikoki, Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera zuzenduta. Horretarako, ahal dela, Nafarroako zerbitzuen atarian dagoen deialdiaren fitxa erabiliko da, "TRAMITATU" aukeratuz (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2.–Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa eginez gero 17. oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe, ez-betetzetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3.–Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4.–Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu honetan, emandako dirulaguntzaren %0,2ko penalizazioa ezarriko da atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, hiru hilabetez. Epe hori iragan ondoan, justifikatzeko betebeharra ez betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

5.–Ez badira betetzen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak, haren 8.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio (foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako).

6.–Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2.–Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA.–MODALITATEEN ARABERAKO BALORAZIO-IRIZPIDEAK:

A) modalitatea: "Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea".

A.–Egokitasun instituzionala (40 puntu arte).

A.1. Entitate eskatzailearena (20 puntu gehienez):

–Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

–Ahalmen finantzarioa (5 puntu gehienez).

–Ahalmen estrategikoa (5 puntu gehienez).

–Ahalmen operatiboa (5 puntu gehienez).

A.2. Tokiko bazkidearena (20 puntu gehienez):

–Boluntarioekin izandako lan-esperientzia. (10 puntu gehienez).

–Ahalmen finantzarioa (5 puntu gehienez).

–Eskaera egin duen GKEarekin batera egindako lanaren aurrekariak (5 puntu gehienez).

B.–Proposamenaren barne-koherentzia eta kalitatea (60 puntu gehienez):

b.1. Proposamenaren kontestualizazioa eta oinarria (10 puntu gehienez).

b.2. Helburu eta jardueren arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

b.3. Jardueren zehaztasuna eta xehetasuna (20 puntu gehienez).

b.4. Eskatutako profilaren egokitasuna boluntarioen esku-hartzearekin (10 puntu gehienez).

b.5. Aurrekontuaren egokitasuna (10 puntu gehienez).

B) modalitatea: "Garapenerako laguntzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoak tokian bertan".

A.–Entitate eskatzaileak erakunde gisa duen gaitasuna (30 puntu).

a.1. Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

a.2. Gaitasun finantzarioa (5 puntu gehienez).

a.3. Gaitasun estrategikoa (5 puntu gehienez).

a.4. Gaitasun operatiboa (5 puntu gehienez).

a.5. Garapenerako laguntzarako prestakuntza proiektuetan izandako esperientzia (10 puntu bitarte).

B.–Barne-koherentzia (25 puntu gehienez).

b.1. Proposamenaren kontestualizazioa eta oinarria (6 puntu gehienez).

b.2. Helburuen eta jardueren arteko egokitasuna (6 puntu gehienez).

b.3. Jardueren argitasuna eta zehaztasuna (6 puntu gehienez).

b.4. Aurrekontuaren egokitasuna (7 puntu gehienez).

C.–Prestakuntza-proiektuaren kalitatea: (45 puntu gehienez).

c.1. Ikastaroaren edukien egokitasuna (10 puntu gehienez).

c.2. Metodologia (10 puntu gehienez).

c.3. Hizlarien curriculuma eta esperientzia (10 puntu gehienez).

c.4. Murgiltze praktikoaren egokitasuna (10 puntu gehienez).

c.5. Praktikak egiten dituzten erakunde, instituzio edo taldeen tipologia eta kopurua (5 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F2503475