70. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

30E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Ablitasko Udal Plan Orokorraren aldaketa, hirigintza arauen 54. artikuluari dagokiona, Patricia Arriazu Pardok eta Borja Arriazu Sánchezek (BORPA SC) sustatua.

Ablitasko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Ablitasko udal plan orokorraren hirigintza arauen 54. artikulua aldatzea. Artikulu horrek babes-araubidea ezartzen du honetarako: "babeseko lurzoru urbanizaezina, ustiapen naturalerako balioa duena, balio handiko nekazaritza-lurzorua"; lurzoru horretan honako hauek baimentzen dira: "abeltzaintza estentsibo edo erdiestentsiboaren eraikuntza eta instalazio osagarriak eta abereak babesteko artegiak", bai eta "abeltzaintzako ustiategiak, abeltegiak eta eskortak" ere.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 22E/2025 Ebazpenaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egin zen honi buruz: "Ablitasko udal plan orokorraren aldaketa egituratzailea: balio handiko nekazaritzako lurzoru urbanizaezinaren erregulazioa", Arriazu Pardo Patricia y Arriazu Sanchez Borja SCAk sustatua. Txostenaren arabera, aldaketak ez du sortzen ingurumenaren gaineko ukipen nabarmenik.

Ebazpen hori 2025eko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 3koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Ablitasko udal plan orokorraren aldaketa, hirigintza arauen 54. artikuluari dagokiona, Patricia Arriazu Pardok eta Borja Arriazu Sánchezek (BORPA SC) sustatua.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Ablitasko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2503713