7. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

690/2024 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Bearingo Kontzejuak aurkeztutako alegazioak baiesten dituena eta kontzejua ofizioz iraungitzeko espedientea artxibatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1 artikuluak ezartzen du zein kasutan azkenduko diren kontzeju-entitateak, eta, zehazki, c) letran xedatzen du kontzejuak iraungitzen direla "kontzejuetarako bi hauteskunde prozesutan jarraian hautagai-zerrendarik aurkeztu ez denean, horren zenbaketarako hauteskunde partzialak egin izana kontuan hartu gabe".

Ildo horretan, 44. artikulu horren 2. apartatuaren arabera, ukitutako Kontzejuari eta Udalari entzunaldia eman eta Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena egin ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio kontzejuak iraungitzea erabakitzea; kasu horretan, dagokion foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta Estatuko administraziora igorri, toki erakundeen inskripzioaren ondorioetarako.

Ikusita irailaren 23ko 235/2019 Foru Dekretuaren bidez araututako hauteskunde-prozesuak (foru dekretu horrek hauteskunde partzialetarako deialdia egin zuen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretuaren bidez deitutako hauteskundeetan hautagai-zerrendarik aurkeztu ez zen kontzejuetan) eta irailaren 27ko 204/2023 Foru Dekretuaren bidez araututakoak (foru dekretu horrek hauteskunde partzialetarako deialdia egin zuen martxoaren 29ko 34/2023 Foru Dekretuaren bidez deitutako hauteskundeetan hautagai-zerrendarik aurkeztu ez zen kontzejuetan), Bearingo Kontzejua azkentzeko espedienteari ofizioz hasiera eman behar zitzaion, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1c) artikuluan ezarritako azkentze-kasua baitzen.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 142/2024 Ebazpenaren bidez, Bearingo Kontzejua ofizioz azkentzeko espedientea hasi zen, kontzeju horri eta ukitutako udalari entzunaldia eman ondoren, eta jendaurrean jarri zen, iragarkia 2024ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, apirilaren 18koan, baita udaletxeko ediktuen taulan ere.

Hala ere, apirilaren 15ean, Bearingo Kontzejuak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Erregistro Elektroniko Orokorrean, kontzejua azkentzeko ofizioz hasitako espedientearen aurka. Idazkian alegatu zutenez, nahiz eta egia izan ez zela hautagaitzarik aurkeztu ez 2019ko hauteskundeetan ez 2023ko hauteskundeetan, ez zituzten ezagutzen horrek izan zitzakeen ondorioak. Dena dela, kontzejuak eta udalak borondatea dute Bearinek toki erakundea izaten jarraitzeko, eta, gainera, bertako herritarrek beti lan egin dute Bearinen bizikidetza-baldintzak hobetzeko. Bestalde, konpromisoa hartzen dute hautagaitza bat aurkezteko legegintzaldi honetarako Kudeaketa Batzordea osatzeko, eta 2027ko hauteskundeetarako beste bat aurkezteko, Kontzejuko Batzordea hautatzeko.

Alegazio horiek aztertu ondoren, adierazi behar da ezen Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bidez zenbait aldaketa egin zirela artikuluetan, eta horietako bat aipatutako 44.1 c) artikulukoa izan zela, eta, beraz, Nafarroan lehen aldiz aplikatu beharreko lege-berrikuntza garrantzitsua izan zela; gainera, tarte laburra izan zen erreforma berri hori argitaratu zenetik Kontzejuetako hauteskundeetarako deia egiten zuen martxoaren 29ko 34/2023 Foru Dekretuaren argitaratu arte. Beraz, egia da denbora labur horretan kontzejuek zaila izan zutela jakitea berehala aplikatu behar zela, eta, batez ere, horrek zer ondorio zuen.

Gainera, kontuan izan behar da toki erakundea izaten jarraitzeko borondatea duela erakunde horrek, bai eta haren ordezkari izateko prest dauden hautagaiek ere, eta bitarteko material eta formalak daudela toki erakundea izaten jarraitzeko; hala egin ezean, ondorioak itzulezinak izan litezke, ezinezkoa bailitzateke –edo beste oztopo bat gehituko litzateke, behintzat– etorkizunean kontzejua berriz sortzeko.

Hala ere, gaur egun kontzejua gobernatzen duten pertsonak jardunean daudenez, Nafarroako Gobernuak Batzorde Kudeatzaile bat izendatu behar du, Kontzejua gobernatuko duena hurrengo kontzeju-hauteskundeak egiten ez diren bitartean, eta adierazten du ezen, orduan hautagairik aurkezten ez bada, 6/1990 Foru Legearen 44.1 c) artikuluari jarraituz jardunen duela, eta berriz hasiko dela kontzejua ofizioz azkentzeko prozedura.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 8 c) artikuluak aitortzen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bearingo Kontzejuak aurkeztutako alegazioak baiestea, eta kontzejua ofizioz iraungitzeko espedientea artxibatzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Deierriko Udalari eta Bearingo Kontzejuari jakinaraztea, eta dagokien iragarki-taulan argitaratzeko eskatzea.

Iruñean, 2024ko abenduaren 13an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2418349