69. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

91/2025 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita hasiera ematea Bidaurretako udal mugartearen eta udal mugarte mugakideen arteko muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal mugartearen mugaketa zehatza, "muga jurisdikzionaletako marrak" izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Are gehiago, mugako marra horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitate handikoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.

Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu dokumental eta kartografiko multzo batean oinarritzen da. Datu horiek Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean gordetzen dira.

Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, hori ere udal jatorria duena eta haien eskumenean dagoena: Nafarroako katastroetako datuak. Horiek ere udalen mugetako marren kartografia eskaintzen dute, baina beste helburu batekin, helburu fiskalarekin, alegia.

Maiz, bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, arrazoi askorengatik: batean edo bestean nahiz bietan datu zehaztugabeak izatea, eskala eta lan metodologia desberdinak erabili direlako, garai desberdinetan jaso direlako edo erakunde desberdinek egin dutelako bilketa.

Egoera hori dela eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.

Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan-programa bat gidatzea, pixkanaka helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan arau eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofizialaren batasun erabatekoa lortzea.

Testuinguru horretan, 2023ko urtarrilaren 12an, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak eskatu zuen "lehentasuna eman ziezaien lurzatiak biltzeko eremu berrietan udalerrien mugetako marrak, autonomia erkidegoen artekoak, ezartzeko prozedurei", Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari zuzendutako eskaera batean. Horretaz gain, jarduteko zenbait eremu ezarri ziren, lehentasun hurrenkeraren arabera ordenatuta, eta haien artean Bidaurretako udal mugarte osoa ukitzen duten lanak zeuden.

Hala, lanek beste sei udalerri ere hartuko dituzte, hain zuzen Bidaurretaren mugakide direnak. Honako hauek, zehazki: Beraskoain, Zabaltza, Etxarri, Gesalatz, Jaitz eta Girgillao.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak aldez aurreko lan teknikoa eta administratiboa egin du, 2025eko otsailaren 24ko txosten teknikoan adierazten den bezala.

Horiek horrela, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hasiera eman diezaiela Bidaurretako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei. Hona hemen marra horiek:

Bidaurreta - Beraskoain.

Bidaurreta - Zabaltza.

Bidaurreta - Etxarri.

Bidaurreta - Gesalatz.

Bidaurreta - Jaitz.

Bidaurreta - Girgillao.

2. Bidaurretako, Zabaltzako eta Etxarriko udalei eskatzea bakoitzak mugaketarako bere udal batzordea izenda dezala, lan horietan laguntza eta berrespena emateko. Batzorde horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

3. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei, modu egokian, gaur egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatu daitezen.

4. Jendaurrean jartzea ebazpen honen 1. zenbakian adierazitako udal mugetako marrak zuzentzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko oinarrizko proposamena, hilabeteko epean, honako hau argitaratzen den egunetik hasita, lanen xedeari buruzko informazioa edo ekarpenak jasotzeko. Hori helburu, dokumentazioa aztergai egonen da Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren egoitzan (Arrieta kalea 12, 4. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian.

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-046_23_004

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukitutako udalei jakinaraztea, baita Izurtzuko Kontzejuari (Gesalazko udalerria) eta Arraitzako Kontzejuari (Zabaltzako udalerria) ere.

6. Ebazpen hau Institutu Geografiko Nazionalaren Eskualde Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuko unitate hauetara igortzea: Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalera eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalera.

Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2504027