2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URROTZ-HIRIA
Gordailuak eratzeko baimena
2025eko martxoaren 20an, Urrotz-Hiriko Udaleko Kudeaketa Batzordeko buruak 22-2025 ebazpena eman du; hona hemen haren testu osoa:
Gordailuen Kutxa Orokorrean berme edo gordailu bat eratzea jarduera instrumental edo izapide-jarduera bat da, prozedura nagusi bat betetzeko: kontratu bat, nahitaezko desjabetze bat, dirulaguntza bat edo bertzelako administrazio-jarduera bat. Prozedura hori ekonomikoa da, eta botere publikoek babestu beharreko interesa izan nahi du. Horrenbertzez, beharrezkoa da Gordailuen Kutxa Orokorrak ahalbidetzea bideratzen duen prozedura nagusia eta horren xedea atzerapenik gabe eta modu eraginkorrean bete dadin.
Prozedura bat artikulatu beharra dago, eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko, Urrotz-Hiriko Udalak jarduerak gauzatu ahal izateko. Arautu beharra dago nola eratuko eta nola deuseztatuko diren gordailu horiek.
Gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea joko dira Urrotz-Hiriko Udalak egindako kobrantza eta ordainketatzat.
Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duen Urrotz-Hiriko Udalaren organoa arduratuko da aipatu bezala eratutako gordailuak kontrolatzeaz, kudeatzeaz eta erregistratzeaz.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4 n) artikuluak ezartzen duenez, Kudeaketa Batzordeko buruak dituen eskudantzien artean honako hauek daude:
n) Bere eskumeneko gaietako gastuak baimendu eta xedatzea.
Horregatik,
EBATZI DUT:
Lehena.–Gordailuak eratzeko baimena ematea partikularrei, bertze partikularren eskura jartzeko, gordailu horien xedea denean Urrotz-Hiriko Udalaren organoek bere gain hartutako betebeharrak gauzatzea.
Era berean, gordailuak Urrotz-Hiriko Udalaren organoek eratu ahalko dituzte partikularren alde.
Bigarrena.–Ondorio horietarako, kasuan kasuko prozedura administratiboa egiazki betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak ordainketa-gutuna emanen du.
Hirugarrena.–Gordailuak eratzeko, horien zenbatekoa sartuko da Urrotz-Hiriko Udaleko Diruzaintzan. Gordailua eratutzat joko da aipatu diruzaintzan sartzen den unetik.
Urrotz-Hiriko Udalaren organo bati badagokio gordailu bat eskudirutan eratzeko betebeharra, gordailua eratutzat joko da horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra ordaintzen denean. Ordainketa hori eginen da formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak erabilita.
Organo kudeatzaileek eskudirutan eratutako gordailuak erregistratu eta kontrolatu beharko dituzte.
Laugarrena.–Dagokion organoak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean. Behin erabaki hori hartuta, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren, dagokion ordainketa eginen da dagokion hirugarrenaren alde.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Urrotz-Hiriko Udaleko Zerbitzu Ekonomikoei jakinaraztea.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Urrotz-Hirian, 2025eko martxoaren 20an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Silvia Teilleri Vicondoa.
Iragarkiaren kodea: L2504369