69. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

552/2025 EBAZPENA, martxoaren 18a, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian egindako eta defendatutako amaierako lan hoberenentzako hiru sari emateko deialdia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedra Nafarroako Familia Enpresaren garapenerako Elkartearen (ADEFAN), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Familia Enpresa Institutuaren, ARPA Abogados Consultores enpresaren eta SONAGARen arteko lankidetza-tresna da, eta haren xedea da enpresa familiarrari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzen, eskura jartzen eta zabaltzen laguntzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.

Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak, 2025. urterako jarduera programaren barnean, erabaki zuen 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian ikasleek egindako eta defendatutako amaierako lan hoberenentzako hiru sari emateko deialdiaren oinarriak onestea.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak egin duen proposamena eta akta.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2025eko otsailaren 25ean eman zuen 351/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian egindako eta defendatutako amaierako lan hoberenentzako hiru sari emateko deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. 600,00 eurokoa izanen da gehienez gastua, sarietarako baliatuko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.8325-0380-480.08 Katedren sarietarako: 600,00 euro.

Hirugarrena.–Honako sari hauek emanen dira:

–Lehenbiziko saria, 300,00 eurokoa, Ikasketa Amaierako Lan hoberenarentzat.

–Bigarren saria, 200,00 eurokoa.

–Hirugarren saria, 100,00 eurokoa.

Halako sariak Nafarroan ondare-irabazitzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Horretaz gainera, Enpresa Familiarren Katedraren webgunearen bidez ere zabalduko da ebazpen hau (https://www.unavarra.es/catedra-empresa-familiar/?languageId=100001).

Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila horretako epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, betiere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2025eko martxoaren 18an.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.

NUPEKO "UNIBERTSITATEKO ESPEZIALISTA ENPRESA FAMILIARREN KUDEAKETAN" TITULU BEREKIAREN AMAIERAKO LAN HOBERENENTZAKO SARIEN V. EDIZIOA, NUPEKO ENPRESA FAMILIARREN KATEDRAK ANTOLATUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ADEFANekin, Familia Enpresa Institutuarekin, ARPA Abogados Consultores enpresarekin eta SONAGARekin lankidetzan (Enpresa Familiarren Katedra osatzen duten entitateak), beharrezkotzat jotzen du ezagutza teorikoa eta praktikoa sortu, eskura jarri eta zabaltzea enpresa familiarrari lotutako arloetan, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.

Alde horretatik, Enpresa Familiarren Katedrak, NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin batera, "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekia garatu du, eta haren ikasketa planak barnean hartzen du 2,6 ECTS kredituren baliokidea den amaierako lan bat egitea. Alde horretatik, Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak erabaki du 2024-2025 ikasturtean titulu horretan matrikulatutako ikasleek egindako eta defendatutako amaierako lan hoberenei hiru sari emateko deialdia egitea.

Horiek horrela, Enpresa Familiarren Katedrako Jarraipen Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian matrikulatutako ikasleek egin eta defendatutako amaierako lan hoberenei hiru sari emateko prozedura arautzea, publizitatearen, objektibotasunaren eta norgehiagokaren printzipioen arabera.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 600,00 euroko aurrekontua du guztira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2025eko gastuen aurrekontuko Katedren sarietarako izeneko 30.30.00.8325-0380-480.25 partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko sariak.

2024-2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian matrikulatutako ikasleek egin eta defendatutako amaierako lan hoberenei sari hauek emateko deialdia egin da.

–Lehenbiziko saria, 300,00 eurokoa.

–Bigarren saria, 200,00 eurokoa.

–Hirugarren saria, 100,00 eurokoa.

4.–Hautagai izateko baldintzak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute 2024-2025 ikasturtean "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian matrikulatu diren eta aipatu tituluko amaierako lana egin eta defendatu duten ikasleek.

5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.

Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute, zeina deialdi honi atxiki baitzaio eranskin gisa. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoko prozeduren katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez aurkeztu beharko dute inprimaki hori.

Eskabide inprimakiarekin batera, hautagaiek "Unibertsitateko Espezialista Enpresa Familiarren Kudeaketan" titulu berekian egindako amaierako lana aurkeztu behar dute, PDF formatuan.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2025eko maiatzaren 5ean bukatuko da, eta ezin izanen da luzatu.

6.–Saridunen betebeharrak.

1. Saridunek nahieran erabiltzen ahalko dute jasoko duten diru kopurua.

2. Halako sariak Nafarroan ondare-irabazitzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

3. Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

4. Lehiaketan parte hartzeak deialdiko oinarrien eduki guztia onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak ebatziko du.

7.–Sariaren epaimahaia.

Sariak emanen dituen epaimahaia bost kide hauek osatuko dute:

–Lucía Garcés, Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Beatriz Rodríguez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Francisco Esparza, ADEFANeko lehendakaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

–José Antonio Arrieta, ARPAko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Pablo Cámara, SONAGAReko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, dei eginen die epaimahaikideei. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Sariaren esleipena.

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:

–Originaltasuna eta sakontasuna lanaren xedea den gaia aztertzeko.

–Ondorio praktikoak eta ikerketarako ekarpena.

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpenean saritutako lanak besterik ez da jasoko.

Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila horretako epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera.

Ekitaldi publikoa eginen da saria emateko. Behin betiko esleipenaren ebazpenean zehaztuko da ekitaldi hori noiz eta non eginen den.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrak emanen du ezagutzera sariaren behin betiko esleipenaren ebazpena, saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago.

9.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua -2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (DBEO)-; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa -2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)-.

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua NUPen Enpresa Familiarren Katedrari lotutako sariketa antolatzea eta saria ematea da.

Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Halaber, lan akademikoen balorazioari buruzko datuak ADEFANeko, ARPAko eta SONAGAReko ordezkariek ere tratatuko dituzte. Erakunde horiek, puntu horretan, aipatutako datuen tratamenduaren ardurakideak izanen dira.

10.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinean ageri diren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira. Azken horretan argitaratuko dira, halaber, deialdi honen oinarriak gauzatzearen ondorioz emandako gainerako egintzak.

Haiek argitaratzeaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarraren Katedrak ahalik eta zabalkunderik handiena emanen dio deialdiari bere webgunearen bidez, interesdunei mezu elektronikoak bidaliz edo publizitaterako egokitzat jotzen dituen beste bide edo tresna batzuk erabiliz.

11.–Errekurtsoak.

Interesdunek, deialdi honen eta haren oinarrien aurka, zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila horretako epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2504394