68. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Dirulaguntzen plan estrategikoa 2025-2027 aldirako. Jendaurrean jartzea

Tebas-Muru Artederretako Udalak, 2025eko martxoaren 11n egin osoko bilkuran, Tebas-Muru Artederretako Udalaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onetsi zuen.

Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, publizitatea emateko, jarraikiz ezarritakoari Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluan.

Tebas-Muru Artederretan, 2025eko martxoaren 12an.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

MURU-ARTE EDERRETAKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA 2025-2027 ALDIRAKO

1.–Arau esparrua.

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (221-223 artikuluak).

–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

–Ordenantza, kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, berdintasunaren, gazteriaren eta landa garapenaren arloetan jarduerak egiten dituzten entitateentzako dirulaguntzak arautzen dituena.

2.–Planaren izaera juridikoa eta onespenaren egokitasuna.

Dirulaguntzen plan estrategikoa da politika publikoak planifikatzeko tresna programatiko bat, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna gelditzen da dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende, dauden aurrekontu baliabideen arabera. Hala ondorioztatzen da 38/2003 Legea garatzeko Erregelamendutik; zehazki, 10. artikulutik 15. artikulura bitartekoek ezarritakotik (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez).

Plan estrategikoak ez dakar eskubiderik onuradun izan daitezkeenen alde; hala, pertsona horiek ezin izanen dute eskatu kalte-ordainik edo konpentsaziorik, baldin plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkeztu da, eta, aldez aurretik ezarritako arau esparruaren barnean, planak ezartzen du zer bideri segitu behar zaion, interes orokorreko jarduerak sustatzeko.

Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onetsitako aurrekontu-kontsignazioak eta dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak une oro egokituko dira helburu horietara.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 8.1 artikuluak ezartzen du ezen administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituztela hura aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa iturriak.

Era berean, DLOren azken xedapenetako lehenak xedatzen du artikulu horrek oinarrizko izaera duela, eta administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaiela.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, plan estrategikoek hiru urteko indarraldirako aurreikuspenak jasoko dituzte, eragindako sektorearen izaera berezia dela-eta iraupen desberdineko plan estrategiko bat ezartzea komeni denean izan ezik.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki erakundeei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmenaren arabera, plan estrategiko hau egin da. Plan hau urte anitzetarako sortu da, eta urtero berrikusi beharko da. Horregatik, planak jasotzen du dirulaguntzen arloan 3 urterako garatu beharreko ekintzen aurreikuspena.

Plana formulatzeko, kontuan hartu behar dira Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak eskatzen dituen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioak. Printzipio horiek botere publiko guztiak lotzen dituzte, eta sektore publikoaren aurrekontu politika horietara egokitu beharko da, hazkunde ekonomiko iraunkorraren eta enplegu sorreraren berme gisa. Arau horren barruan, Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren ondorioetarako, nabarmentzekoa da 5. artikulua, urte anitzen printzipioa definitzen duena: "Administrazio publikoen eta lege honen aplikazio eremuan sartzen diren gainerako subjektuen aurrekontuak egitea epe ertainerako aurrekontu esparru batean kokatuko da, eta bateragarria izanen da aurrekontuak onestea eta betearaztea arautzen duen urterokotasun-printzipioarekin, Europako araudiarekin bat etorriz".

3.–Eskumena.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesteko organo eskuduna Udalbatzaren osoko bilkura da, dirulaguntzen edo sustapenaren jardueraren plangintza estrategikorako eta kudeaketa ekonomikorako tresna baita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.e) artikuluan jasotakoaren arabera.

Dagozkion gastuak egiteko eskumena zeini dagokion (udal-organo bat, alkatetza edo Udalbatzaren osoko bilkura), hark izanen du dirulaguntza emateko eskumena, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. eta 22. artikuluetan, zeinek igortzen baitute Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarrira.

Dirulaguntza izendunen kasuan, aldez aurretik jasota egon beharko du, izena eta guzti, aurrekontu orokorrean eta Udalbatzaren osoko bilkurak onetsia.

4.–Esparru objektiboa.

Dirulaguntzen plan estrategiko honek Udalak emandako dirulaguntza guztiak biltzen ditu.

5.–Indarraldia.

Dirulaguntzen plan estrategiko honen denbora-eremua 2025etik 2027ra bitarteko ekitaldietarako proposatzen da, eta hurrengo plana onetsi arte luzatuko da.

6.–Printzipioak.

Plan honen printzipio orokorrak honako hauek dira:

a) Publizitatea eta lehia askea, aldez aurreko deialdi baten bidez, zeinak funts publikoen banaketan bermatuko baititu objektibotasuna, gardentasuna, publikotasuna, lehia eta berdintasuna, hargatik eragotzi gabe zuzeneko emakida, aplikatu beharreko arauan ezarritakoaren arabera, eta aldez aurretik aurrekontuan behar bezalako kontsignatzea izan beharko duena.

b) Deialdian aurrez ezarritako irizpide objektiboen arabera ematea dirulaguntzak, pertsona edo erakunde onuradun izan daitezkeenek aldez aurretik horien berri dutela bermatzeko.

c) Eraginkortasuna ezarritako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean, behar bezala justifikatuta kuantitatiboki eta kualitatiboki.

d) Erakunde eskatzaileen helburuak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetara egokitzen diren kontrolatzea eta aztertzea, diruz lagundutako jarduerak gauzatzean.

e) Nafarroako administrazio publikoek, haien erakundeek eta haiekin lotutako edo haien menpeko entitateek deitzen dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan klausula batzuk jasoko dira, zeinek galaraziko baitute laguntzak ematea entitate eskatzaileei, baldin zehapena edo kondena jaso badute sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, horiek ezarrita badaude administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emanen dira deialdi publiko bidez edo zuzeneko emakida bidez, eta/edo lankidetza-hitzarmenak sinatuz honako hauen alde: pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu, ondasun-erkidego edo bestelako unitate ekonomiko nahiz ondare bereizi, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatzen ahal badituzte.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta DLOren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagoko araubidean.

DLOren 22.1 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoko araubidea izanen da. Prozedura honetan, aurkeztutako eskabideak erkatuz ematen dira dirulaguntzak, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez ezarritako balorazio irizpideen arabera lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei esleitzeko dirulaguntza, deialdian ezarritako muga gainditu gabe.

Nolanahi ere, deialdiaren oinarriek, lehia-prozeduretan, honako hauek jaso beharko dituzte:

1.–Dirulaguntzaren xedea eta zer interesi erantzun nahi zaion.

2.–Entitate nahiz pertsona onuradunak.

3.–Eskaeren betebehar formalak.

4.–Dirulaguntzaren aurrekontuko partida, zenbatekoa eta muga.

5.–Balorazio irizpideak dirulaguntzaren izaeraren arabera.

6.–Balorazio organoak.

7.–Ebazteko eskumena duen organoa.

8.–Entitate nahiz pertsona onuradunen eskubideak eta betebeharrak.

9.–Dirulaguntzaren justifikazioa, berariaz adierazita jasotako funtsen erabilera eta helburuak bete direla.

10.–Dirulaguntzarako betekizunak eta ordaintzeko modua.

7.2. Subvenciones directas.

DLOren 22.2 artikuluaren babesean, zuzenean ematen ahalko dira honako dirulaguntza hauek:

1.–Udalaren aurrekontu orokorrean izendun gisa ezarritakoak. Aurrekontuetan izendun gisa ezarritako dirulaguntzatzat hartzen da gutxienez bere aurrekontu-zuzkidura eta bere entitate nahiz pertsona onuraduna aurrekontuaren gastu-egoeretan zehaztuta agertzen dena. Dirulaguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo dirulaguntza emateko ebazpenean. Xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

2.–Udalak ematen dituenak lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3.–Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen direnak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

8.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.

Helburuak lortzeko, udal arlo edo zerbitzu bakoitzak kudeatu behar du dirulaguntzen emakida bere esparruan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean adierazitako baldintzetan, eta udalaren kontu-hartzailetzari dagokio horiek fiskalizatzea, eta horrek berarekin dakar ekintzak koordinatu beharra.

9.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.

Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena izapidetuko da.

Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.

Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ezin izanen da hartu haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.

Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak ezartzen ahalko du zenbateko gehigarri bat, eskuragarri dauden kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, egin beharrik gabe dirulaguntzak emateko deialdi berri bat, jarraikiz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluari (errege dekretu horren bidez onesten da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua).

DLOren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera –ahalbidetzen duena justifikatu aurretik funtsak entregatzea dakarten ordainketa aurreratuak egitea, dirulaguntzaren berezko jarduerak egin ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa–, aurrekontuan dirulaguntza izendunetarako egindako deialdien eta hitzarmenen oinarriek ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezartzen ahalko dute, modu arrazoituan, legeak ezarritako gehieneko mugaraino.

10.–Plan estrategikoaren kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.

Plan estrategiko hau urtero kontrolatuko da, eta jarraipena eginen zaio, eta bi alderdi izanen ditu:

a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, eta eginen da indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.

b) Planaren kontrola eta jarraipena. Zeregin hori Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio.

11.–Gardentasuna.

Udalak emandako dirulaguntza guztiak gardentasun atarian argitaratuko dira, honako alderdi hauek adierazita: zer entitatek jasoko duen, zenbatekoa eta zer proiektu edo ekintzatara bideratuko den; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean.

Argitaratze horretarako gehieneko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen denetik kontatzen hasita; nolanahi ere, urtearen amaieran agertu beharko dute.

ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN ILDO ESTRATEGIKOAK

Plan estrategiko honetan jasotako jarduera-ildo estrategikoak honako hauek dira:

1. ildo estrategikoa.–Garapenerako lankidetza.

–Ekarpena Garapenerako Lankidetzarako Nafarroako Tokiko Funtsean.

  • Hartzailea: Garapenerako Lankidetzarako Nafarroako Tokiko Funtsa.
  • Emateko modua: zuzena (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 1500 euro.
  • Aurrekontuko partida: 2390 4820001.

–Ekarpena elikagaien bankuari.

  • Hartzailea: Elikagaien bankua.
  • Emateko modua: zuzena (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 500 euro.
  • Aurrekontuko partida: 2390 4820002.

–Ekarpena GKEari, garapenerako jarduketak egiteko.

  • Hartzailea: Garapenerako GKE.
  • Emateko modua: zuzena (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 2.000 euro.
  • Aurrekontuko partida: 2390 4820004.

2. Ildo estrategikoa.–Kultura, hezkuntza, kirol, berdintasun eta landa-garapenaren arloetako jarduerak.

–Dirulaguntzak, kultura, hezkuntza, kirol, berdintasun eta landa-garapenaren arloetako jarduerak egiteko.

  • Hartzailea: Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, baldin eta jarduerak egiten badituzte Tebas-Muru Artederretako udalerrian.
  • Emateko modua: norgehiagoka.
  • 2025erako zenbatekoa: 7.800 euro.
  • Aurrekontu-partida:
    • 2390 4820003 Campanasko gizarte-etxea: 1.200 euro.
    • 2391 4820001 Murugain elkartea: 1.000 euro.
    • 3200 4820001 Tebasko guraso elkartea: 700 euro.
    • 3300 4820001 Alaiz musika elkartea: 1.200 euro.
    • 3300 4820002 Tebasko abesbatza: 1.000 euro.
    • 3410 4820001 Lezea futbito kluba: 700 euro.
    • 9250489000 Beste transferentzia batzuk: 2000 euro.

–Dirulaguntza Nafarroako Abesbatzen Elkarteari, kontzertua antola dezan.

  • Hartzailea: Nafarroako Abesbatzen Elkartea.
  • Emateko modua: zuzena (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 3000 euro.
  • Aurrekontuko partida: 3300 4820003.

3. Ildo estrategikoa–Ingurumenari buruz sentsibilizatzeko proiektuak.

–Ekarpena, Aranzadi Zientzia Elkarteari, hegazki habiagileen atlasa egin dezan.

  • Hartzailea: Aranzadi Zientzia Elkartea.
  • Emateko modua: zuzena (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 1200 euro.
  • Aurrekontuko partida: 1720 4820001.

4. ildo estrategikoa.–Jaiak.

–Ekarpena kontzejuei, jaiak antolatzeko gastuetarako.

  • Hartzailea: Muru Artederretako eta Tebasko kontzejuak.
  • Emateko modua: norgehiagoka (DLOren 22.2 artikulua).
  • 2025erako zenbatekoa: 5000 euro.
  • Aurrekontuko partida: 3380 4680001.

Iragarkiaren kodea: L2503811