68. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Hiriko taxi zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2024ko abenduaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi egin zuen Tafallako hiriko taxi zerbitzua arautzen duen Ordenantza, eta hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea ezarri zuen erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko. Halaber, adierazi zuen hasierako onespena behin betikoa izanen zela baldin eta epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bazen.

Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Tafallako hiriko taxi zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren hasierako onespena behin betiko bilakatu da, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Tafallan, 2025eko martxoaren 10ean.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

TAFALLAKO HIRIKO TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak lehen xedapen iragankorrean ezartzen duenez, udalerriek urtebeteko epean egokituko dituzte beren ordenantzak foru lege honetan xedatutakora.

Gaur egun Tafallako taxi zerbitzua arautzen duen Ordenantza 1983an onetsi zuen Tafallako Udalak. Igarotako denboragatik eta foru legeak ezarritako legezko mandatuagatik, eguneratu egin behar da.

Ordenantza honek 6 kapitulu eta 40 artikulu ditu, eta, bertan, gai orokorrenak jorratzen dira: nahitaezko lizentzien tratamendua, zerbitzua ematea, ibilgailuen baldintzak, eta kontrol, ikuskapen eta zehapen araubidea.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremuak.

Ordenantza honen xedea da osorik Tafallako udal mugapean egiten diren hiriko taxi zerbitzuak arautzea.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Tafallako udal mugapean taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Tafallako Udalari dagokio.

3. artikulua. Definizioak.

a) Taxi zerbitzuak: bidaiarien garraio publikoa bederatzi pertsona bitarteko ibilgailuetan, gidaria barne, besteren kontura ordain ekonomikoaren truke egiten dena, zerbitzua ematen duenak horretarako behar diren gaikuntza tituluak dituela.

b) Hiriko taxi zerbitzuak: oso-osorik udal bakar baten mugapean egiten diren taxi zerbitzuak. Taxia arautzen duen Foru Legean xedatutakoaren arabera baterako zerbitzurako eremuak ezartzen direnean, horrelako eremu batetik irten gabe egiten diren taxi zerbitzuak ere hiriko zerbitzutzat joko dira.

c) Hiriarteko taxi zerbitzuak: aurreko letrako definizioan sartzen ez diren taxi zerbitzu guztiak.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

Tafallako udalerriko hiriko taxi zerbitzua ondoko printzipioei lotuko zaio:

–Tafallako Udalak horretarako gaitutako titular pribatuek ematen dute garraio publikoaren zerbitzua.

–Taxi zerbitzuaren plangintza eta sustapena eta beste garraiobide publikoena koordinatu egin behar dira.

–Taxiaren sektorearen gaineko eskumena mugatua izanen da, Administrazioak esku hartzen ahalko duelako, interes publikoa bermatzeko.

–Zerbitzua nahikoa izatearen eta jarduera errentagarria izatearen arteko oreka zaindu behar da.

II. KAPITULUA.–GAIKUNTZA TITULUAK

5. artikulua. Lizentziak.

1. Hiriko taxi zerbitzua udal mugartean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Lizentzia eskuratzeko, ibilgailuek eta lizentziaren titularrak ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan eskatzen diren baldintzak bete behar dituzte.

3. Tafallako Udaleko alkatearen eskumena da Tafallako udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia ematea.

6. artikulua. Lizentzia kopurua.

1. Lizentzia kopurua Erreferentziazko Indize Orokorrak zehaztuko du, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8.etik 11.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuz eta Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako biztanleria ofizialaren zifren arabera.

2. Biztanleriak behera egiten badu, ordura arte emandako lizentzia kopuruari eutsiko zaio, haietakoren bat baliogabetzea adostu denean izan ezik.

7. artikulua. Lizentziak emateko prozedura.

1. Tafallako Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, dagokion lehiaketaren bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira jarraitu beharreko prozedura eta adjudikazioetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukera berdintasuna, lehia librea eta bereizkeriarik eza. Nolanahi ere, emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira emateko prozeduran. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Tafallako Udalak, taxi lizentziak emateko lehiaketaren deialdian, Taxiari buruzko Foru Legean ezarritakoa beteko du, ibilgailu egokituen lizentziei dagokienez.

4. Taxi lizentziaren titularrak dagokion garraio baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari, hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko.

5. Lizentzien titular berriek 30 egun naturaleko epean hasi beharko dute zerbitzua ematen, lizentzia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzinera, eta epe hori luzatzen ahalko da titularrarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik ibilgailurik ez dagoela justifikatzen bada aldez aurretik.

8. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Baldintza hauek bete beharko dira taxi lizentziaren titularra izateko:

–Pertsona fisikoa izatea.

–Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinatutako nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden pertsona atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

–Ibilgailua dutela frogatzea, jabetzan nahiz errentan hartua, edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bitartez.

–Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak betetzea.

–Gidatzeko baimena dutela frogatzea, baliozkoa eta indarrean, une horretan indarrean dagoen araudiak ezartzen duena.

–Frogatzea erantzukizun zibila estalita dutela zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, une horretan indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

–Ezarritako udal tasak ordaintzea.

2. Gehienez lizentzia baten titularra izan daiteke.

3. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, egitatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren eta ordenantza honetako 14. artikuluaren arabera.

9. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez eta bastidore zenbakiaren bidez identifikatuko da, eta titularraren helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbakia ere adierazi beharko dira.

10. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek izaera mugagabea dute, baina horien balioa baldintzatuta dago ordenantza honen 8. artikuluan eta Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 60 b) artikuluan jasotzen diren titulartasunerako eta ustiapenerako funtsezko baldintzak etengabe betetzera, dagokion ikus onespena eginez.

2. Udalak, aldian behingo ikus onespena egin ala ez, une oro egiaztatzen ahalko du jatorriz taxi lizentziak ematea justifikatu zuten edo lizentzia horien funtsezko baldintzak diren betekizunak betetzen direla. Horretarako, egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak eskatzen ahalko zaizkio lizentziaren titularrari.

11. artikulua. Ikus onespena.

1. Lizentziaren ikus onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 60 b) artikuluan jasotzen diren gainerako funtsezko baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena noiznahi egiteko duen ahalmena.

2. Lizentziari ikus onespena emateko, aldez aurretik eskaera egin beharko da, eta titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu egoitza elektroniko bidez:

–Eskaeraren inprimaki espezifikoa.

–Nortasun agiri ofiziala edo baliokidea.

–Indarrean dagoen gidabaimena.

–Indarrean dauden zirkulazio baimena eta IAT.

–Ibilgailuaren aseguru polizaren frogagiria, baliozkoa eta indarrean.

–Titularraren argazkia, eta, halakorik bada, soldatapeko langilearena.

–Dagokion tasaren ordainketaren egiaztagiria.

3. Udalak telematikoki kontsultatu edo biltzen ahalko ditu dokumentu horiek, interesdunak horren aurka egin ezean. Onespena emateko nahikoa izanen da, kasu horretan, eskaera eta eskatutako argazkia aurkeztea.

4. Ordenantza honen edo Foru Legearen aurkako arau hausterik egin baldin bada, ikus onespena emateko nahitaezko baldintza izanen da, betiere, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana.

12. artikulua. Etetea.

1. Lizentziaren titularrek lizentzia etetea eskatzen ahalko dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua ematea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.

2. Eteteko eskariarekin batera, eskaeraren oinarri den egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. Etete eskaerak baietsitzat joko dira, baldin eta Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman hilabeteko epean, lizentziaren titularrak aurkezten duen egunetik zenbatzen hasita, betiere hori justifikatzen duen arrazoia aurkeztu eta egiaztatu bada.

13. artikulua. Azkentzea.

1. Taxi lizentziak hauetakoren bat gertatuz gero azkenduko dira:

a) Titularraren ukoa, Tafallako Udalari zuzendutako idazki baten bidez.

b) Lizentzia baliogabetzea ordenantza honen 8. artikuluan edo Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 60 b) artikuluan ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik edo foru lege horren 59. artikuluko b), f) edo k) letretan azaltzen diren arau hausteak behin eta berriz egiteagatik.

c) Baliogabetzea, egokia denean, eskubidea izanda kasuan kasuko kalte ordain ekonomikoa jasotzeko. Hura kalkulatzeko, benetako balioa zehazten duten parametro objektiboei jarraituko zaie.

d) Iraungipen adierazpena, honako kasu hauetan:

1.–Ez bada zerbitzurik egin 30 eguneko epean, lizentzia eman zenetik hasita.

2.–Zerbitzua eteten bada 30 egunetik gorako epean, edo ondoz ondokoak ez diren hirurogei egunetan 12 hilabeteko epean. Ondorio horietarako, atsedenaldiak eta oporrak ez dira kontuan hartuko, ezta Udalak lizentzia eteten duen aldiak ere.

3.–Lizentziaren etendura bukatu eta handik hilabetera zerbitzua berriz hasi gabe dagoelako.

2. Lizentziak azkentzeko prozedurak administrazio espediente bat hastea eskatuko du, eta administrazio prozedura erkidea erregulatzen duten arauen bidez izapidetuko da, interesdunari entzunen zaiola bermatuz.

3. Prozedura abiarazteko eskumena duen organoak, prozedura tramitatu bitartean, lizentzia eskualdatzea debekatzen ahalko du, edo ibilgailua prezintatzeko agindu, edo ematekoa den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko egokitzat jotzen duen beste edozein neurri hartzen ahalko du, ebazpen arrazoituaren bidez, behin-behineko neurri gisa.

14. artikulua. Eskualdatzea.

1. Tafallako Udaleko alkateak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahalko dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, baldin eta eskuratzaileak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiari buruzko Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Ez da baimenduko lizentzia bat eskualdatzea, ez badira bi urte baino gehiago igaro eskualdatzen duena horren titular bihurtu zenetik.

3. Erretiroaren kasuan, lizentziaren titularrak gehienez ere urte bat izanen du lizentzia hori eskualdatzeko, erretiratzen denetik hasita.

4. Lizentziaren titularra hiltzen bada, jaraunsleek taxi lizentziari dagozkion eskubideak eta betebeharrak bereganatuko dituzte, eta lizentzia ustiatzen ahalko dute, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatuz gero; edo bestela, hirugarren bati eskualdatzen ahalko diote, artikulu honetan ezarritakoa betez.

5. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:

–Lizentzia atxikita duen ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

–Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu egin beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailua eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

–Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu Tafallako Udalak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen eta ordenantza honen aurkako arau hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

6. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo enbargo baten eraginpean badira, debekua edo enbargoa kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak kitatu gabe baditu Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak.

7. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira eskuratzaileak ordenantza honen 8. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

8. Dokumentazio hori aurkeztuta, Udalak bi hilabeteko epea dauka ebazpena emateko. Ulertuko da eskualdatzeko eskaerak baietsi direla Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman epe hori bukatzen denerako.

9. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da beste lizentzia baten titular izaten ahalko.

10. Lizentzia eskualdatzea doakoa edo kostu bidezkoa izan daiteke. Kostu bidez eginez gero, lizentzia eskuratzen duenak Tafallako Udalari jakinarazi behar dio zenbatekoa izan den eskualdatzea. Lizentzia eskualdatu eta hilabeteko epean egin beharko dio jakinarazpen hori.

11. Tafallako Udalak lizentziak eskualdatzeko tasak finkatuko ditu ordenantza fiskaletan.

15. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak Tafallako Udalaren erregistro batean inskribatuta egonen dira, eta hartan jasoko da:

–Lizentzia zenbakia, titularraren identifikazio datuak eta harremanetarako datuak.

–Lizentzia esleitzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

–Hiriarteko taxi zerbitzuak emateko baimena, baimenaren data eta indarraldia adierazita. Titularrak adierazi beharko du, lortu ondoren.

–Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; zer egunetan matrikulatu zen lehen aldiz eta zer egunetan atxiki zitzaion lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) zer egunetan egin zen azkena eta zenbat denborarako balio duen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua, ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

–Soldatapeko langilea, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak eta harremanetarako datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

–Bestelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.

–Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

–Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

–Lizentziaren ikus onespenak eta aparteko azterketak (halakorik bada), zein egunetan egin ziren eta zenbat denborarako balio duten. Egindako errekerimenduak, eta horiek bete diren ala ez.

–Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

–Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen beste batzuetarakoak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

–Lizentziari dagozkion eta beharrezkotzat jotzen diren beste datu batzuk, hala nola etendurak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren iraungipena, etab.

III. KAPITULUA.–ZERBITZUA EMATEA

16. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.

Lizentzien titularrek beren kasa edo soldatapeko langileen bidez eman dezakete zerbitzua.

17. artikulua. Soldatapeko langileak.

1. Soldatapeko langileak kontratatzeko Tafallako Udalaren baimena beharko da, lizentziaren titularrak aldez aurretik eskatuta.

2. Langileak kontratatzeko baimen eskaerak onetsitzat joko dira Udalak ez badu berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi hilabeteko epean. Behin baimena lortuta, hilabeteko epean, Tafallako Udalari aurkeztuko zaizkio langilearen kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzako alta, edo, hala badagokio, autonomoen araubideko alta.

Bi aldeen arteko ahaidetasuna dela eta, kontratatutako pertsona ezin bada egon Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanda, langile autonomoen araubide berezian sartu beharko du.

3. Lizentziaren titularrak pertsona bat soilik kontratatzen ahalko du haraneko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako eta antzeko aldietarako.

4. Soldatapeko langileak urtean guztira egiten duen zerbitzu denborak ez du gainditzen ahalko lizentziaren titularrak egiten duena.

5. Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra edo zerbitzua ematea eragozten dion beste edozein egoera suertatzen bada, soldatapeko langileak kontratatzen ahalko dira lizentzia aldi baterako ustiatzeko, aitzineko atalean ezarritako baldintza bete beharrik izan gabe; egoera horiek, betiere, behar bezala frogatu beharko dira. Nolanahi ere, egoera honen gehieneko iraupena ez da bi urtetik gorakoa izanen.

6. Kontratu motak eta kontratatutako langileak indarrean dagoen legerian ezarritakora egokituko dira une oro, eta, edozein kasutan, gidariek indarrean dagoen araudiak ezartzen duen gidabaimena eduki beharko dute, baliozkoa eta indarrean.

18. artikulua. Dedikazioa jardueran.

1. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bestelako xede batzuetarako erabiltzea, xede horiek publikoak edo profesionalak izan.

2. Lizentziaren titularrek, zerbitzua pertsonalki ematen badute, urtean 30 egun naturaleko oporraldia hartzeko eskubidea izanen dute, eta Udalari urtarrilaren 1a baino lehen eman beharko diote oporren egutegiaren berri.

3. Tafallako Udalak ezartzen dituen intereseko datetan aski taxi kopuru egon beharko da zerbitzua emateko, eta, beraz, ez dira taxiak, aldi berean, data horietan oporretan egoten ahalko.

4. 63 urte betetzean, lizentzien titularrak salbuetsita geldituko dira gaueko guardiaren zerbitzutik.

IV. KAPITULUA.–IBILGAILUAK

19. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

–Ibilgailuek auto gisa sailkatuta egon beharko dute ezaugarri teknikoen fitxan eta indarra duen araudian eskatutako ezaugarriak bildu beharko dituzte; bestetik, aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuek, haiek behar dituzten baldintza eta zehaztapenak.

–Gehienez zazpi jarleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak. Hala ere, gehienez bederatzi jarleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahalko dira, zenbait inguruabar kontuan izanik, hala nola mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna edo zerbitzua eman behar den lekuaren ezaugarriak.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek lau ate izanen dituzte (sarrera errazekoak, normal irekitzekoak edo ate gidaridun bidez irekitzekoak), bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

–Mugikortasun urriko pertsonak eramateko ibilgailu egokituek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak gurpil aulkiekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, ibilgailuaren beste barne konfigurazio bat homologatzen ahalko da, gurpil aulkian dauden bi bezero hartzeko behar den edukiera izan dezan.

–Gurpil aulkiarentzat lekua duten ibilgailuetan jarlekuak jartzen ahalko dira hor, betiere konfigurazio aldaketa egin badaiteke leku horretan, ondoz ondoko zerbitzuen artean.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Lizentzien titularrek lizentziari atxikitako ibilgailua modernoago batekin edo baldintza hobeagoko beste batekin ordezteko, ordenantza honetako baldintzak bete behar dituzte, eta dagokion baimena lortu.

3. Mota guztietako gailu teknologiko homologatuak instala daitezke zerbitzua hobetzeko.

19. bis artikulua. Ibilgailu egokituak.

1. Pertsona bat bere gurpil aulkian sartu eta irten ahal izateko eta bidaiatzeko ibilgailu egokituen gutxieneko kopurua bat izanen da. Kantitate hori handitzen ahalko da udalerrian dagoen lizentzia kopuruaren arabera, Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako parametroei jarraikiz.

2. Lizentzia berriak emateko lehiaketan, lehenik eta behin eta lehentasunez, ibilgailu egokituentzako lizentziak ematea eskatuko da, ordenantza honetan ezarritako gutxieneko kopurua izan arte.

3. Ibilgailu egokituen ezaugarriak horri buruz indarrean dagoen araudiaren araberakoak izanen dira, betiere erosotasun eta higiene baldintza nahikoak errespetatuz eta bidaiari guztientzako segurtasun baldintza egokietan.

4. Taxi egokituek lehentasunezko zerbitzua emanen diete mugikortasun urria duten pertsonei, batez ere goizez eta astelehenetik ostiralera bitarteko ordutegian lan eginez, baina inolaz ere ez dute erabilera esklusibo hori izanen, eta ez dira salbuetsita egonen ordenantza honetan adierazitako nahitaezko zerbitzuetatik.

20. artikulua. Ezaugarriak.

1. Ibilgailuen kolorea zuria izanen da. 10 cm zabal eta gutxienez 50 cm luze den zerrenda urdin argi bat izan beharko dute ibilgailuaren aurreko ate bakoitzean. Gainera, ibilgailu horrek atxikita duen lizentzia zenbakia ere agertuko da, inskripzio honekin: "TAFALLA", eta, ondoan, Tafallako armarria.

2. Orobat, ibilgailuaren barruan ikusteko moduko lekuan, plaka bat ezarriko da lizentzia zenbakiarekin eta baimendutako jarleku kopuruarekin.

3. Ibilgailu egokituek, Eko edo zero emisio izenekoek, ordezkapenak egiteko taxi ibilgailuek eta ezaugarri bereziak dituzten ibilgailuek –hala nola txartel irakurgailua eta GPSa– bereizgarri osagarri bat eramaten ahalko dute ezaugarri horiekin, ibilgailuaren atzeko aldean.

4. Udalak mugatzen ahalko ditu igorpen bidez edo beste bitarteko batzuen bidez kontratazio enpresen informazioa ematea xede duten espazioak eta ezaugarriak, ibilgailuaren barrukoak zein kanpokoak.

21. artikulua. Dokumentazioa.

1. Taxi zerbitzua ematen duten ibilgailuek agiri hauek eduki behar dituzte beti, ibilgailuaren barruan, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura, taxi ibilgailuetan garraio zerbitzuak ematea arautzen duen araudiaren bidez eska daitezkeen beste batzuk alde batera utzi gabe:

–Udalak emandako txartel profesionala, hauek dituena: une horretan zerbitzua ematen ari den baimendutako gidariaren argazkia (lizentziaren titularra edo soldatapekoa), ibilgailuak atxikita duen lizentzia zenbakia, ibilgailuaren matrikula, gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, hala badagokio, kontratuaren araubidea (lanaldi osoa, lanaldi partziala, etab.). Zerbitzua ematen den bitartean, ibilgailuaren barruan erabiltzaileak une oro ikusteko moduan egon beharko du txartel horrek.

–Erantzukizun zibileko asegurua.

–Ibilbidearen liburua, Taxiari buruzko Foru Legearen 26. bis artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera.

–Ordenantza honen ale bat, paperean edo euskarri elektronikoan, erabiltzaileak eskatuz gero eman ahal izateko.

–Lizentzien titularrak behartuta daude indarrean dauden tarifak ikusgai jartzera ibilgailuaren barruan.

–Erreklamazio liburua.

–Txartelarekin edo ST bidez ordaintzeko sistema.

–Ibilgailuaren eta gidariaren nahitaezko dokumentazioa, trafikoari eta bide segurtasunari buruzko araudiak ezartzen duena.

–Taximetroari buruzko dokumentuak eta metrologian eskumena duen organoak ezarritako arauen araberako egiaztapena.

22. artikulua. Modulua eta taximetroa.

Titularrak salbuetsita gelditzen dira taximetroa eta modulua eramatetik lizentziei atxikitako ibilgailuetan, hori agintzen duen ebazpenik ezean.

23. artikulua. Ibilgailuen antzinatasuna eta haiek berritzea.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko du lizentziari atxikitako ibilgailua, eta nahitaez ibilgailua 10 urtera iritsi baino lehen. Aldi hori beste 2 urtez luza daiteke, ibilgailuak dagozkion osasungarritasun eta segurtasun baldintzak betetzen baditu.

3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua emateko beharrezko agiriak zuzen daudela. Edonola ere, ordezko ibilgailuak urte gutxiago izan behar du aldatu gogo den ibilgailuak baino.

4. Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasun eza behar bezala frogatua bada eta, horren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia denean.

6. Lizentziari atxikitako ibilgailua egokitua bada, horren ordezko ibilgailua ere egokitua izanen da.

24. artikulua. Publizitatea ibilgailuetan.

1. Taxi lizentzien titularrek publizitatea kontratatu eta erakusten ahalko dute ibilgailuetan, bai barruko aldean bai kanpokoan. Kanpoaldean, publizitate hori alboetako atzeko ateetan edo ibilgailuaren atzeko aldean baino ezin da jarri. Gisa horretan, bide segurtasunean indarra duen araudia beteko da, ibilgailuaren estetika zainduko da, ez da ikuspena galaraziko, ez eta arriskurik sortuko ere, eta paisaiaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izanen da.

2. Berariaz debekatzen da ibilgailuan publizitate sexista edo bestelako oro jartzea, pertsonaren duintasunari eraso egiten diona edo Konstituzioan aitortutako balio nahiz eskubideak urratzen dituena, bai eta prostituzioarekin zerikusia duena ere. Halaber debekatzen da osasun fisiko edo mentalerako kaltegarriak diren produktu edo zerbitzuen publizitatea, hala nola tabakoarena, alkoholarena, estupefazienteena edo jokoarena.

3. Tafallako Udalak bere ordenantza fiskaletan ustiapen horren erregimen ekonomikoa ezartzen ahalko du, publizitate moduan.

25. artikulua. Teknologia berrien erabilera.

1. Tafallako Udalak, taxiaren sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteekin batera, sustapen lana eginen du taxi zerbitzuak egiteko modua eta segurtasuna hobetzeko behar diren berrikuntza teknologikoak pixkanaka sar daitezen, zerbitzua ordaindu eta fakturatzeko sistema automatikoak eta nabigazio sistemak erabil daitezen, ibilgailuen zarata maila beheratu dadin, erabiltzen diren materialen birziklapena ahalik onena izan dadin eta sektorean agertzen diren beste berrikuntza guztiak aintzat har daitezen.

V. KAPITULUA.–ZERBITZURAKO SARBIDEA

26. artikulua. Geralekuak.

1. Geralekua edo kokapena Cortés plazako 2. zenbakian egonen da. Geraleku honen aldaketa edo ezabaketa, baita beste batzuen sorrera ere, Tafallako Udalaren Osoko Bilkuraren erabakiz egiten ahalko da, taxi lizentzien titularrei eta erabiltzaile nahiz kontsumitzaileei entzun ondoren.

2. Aparkatzeko modua leku horietan helburu horrekin jarritako bide seinaleen arabera eginen da.

3. Taxi ibilgailuak iritsi ahala kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan bestelakorik adosten badute edo beste ibilgailuren bat erabili behar bada ibilgailua mugikortasun urria duten pertsonentzat moldatuta egoteagatik edo edukiera handiagoa izateagatik.

4. Ulertzen da autoak libre daudela adierazitako puntu horretan geldirik daudenean eta gidariak behartuta daude zerbitzua ematera eskatzen duen edonori, hala hirian nola hiri artean.

5. Ez da zilegi geralekuan gelditzea ibilgailua jardunean ez badago.

27. artikulua. Zerbitzua adostea.

1. Interesdunak bide publikoan eskatzen ahalko du zerbitzua, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu eta taxia gelditu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten, ibilgailuari kalte egiten edo geralekuaren funtzionamendu arrunta oztopatzen.

2. Erabiltzaileak telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez eskatzen ahalko du taxi zerbitzua, baita mugikortasun urria duten pertsonentzat bereziki egokiak diren beste sistema batzuk erabiliz ere, hala nola posta elektronikoa edo antzekoak.

3. Irratiak kudeatzen dituzten elkarteek eta telefonoz nahiz beste sistema teknologiko batzuen bidez zerbitzuak kontratatzen diharduten gainerako pertsona fisiko edo juridikoek Administrazio eskudunei nahi adina informazio eman beharko diete taxi zerbitzua egiteko moduari buruz eta erabiltzaileentzako arretari buruz. Bereziki, kontratatutako zerbitzuen kopurua eta nondik norakoak, erabiltzaileek eskatu arren egin ezin izan diren zerbitzuak eta erabiltzaileen kexak eta erreklamazioak jakinarazi behar dizkiete.

4. Informazio hori Administrazio eskudunari ematen ez bazaio edo gezurrezkoa edo faltsua bada, arau hauste larria izanen da eta elkarteak zigorra jasoko du.

5. Taxi zerbitzua eskatzeko erabiliko diren irrati eta komunikazio sistema guztiek beharrezkoa izanen dute aurretiazko baimen administratiboa. Baimen hori, bai eta baimena denboran zehar mantentzea ere, lizentzien titularrek askatasunez elkartzeko bermea izateari baldintzatuta egonen da.

6. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ez du zerbitzua eskatzen ahalko taxien geraleku hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo bertan beste erabiltzaileren bat bada taxiaren esperoan.

7. Taxiek ez dute erabiltzailerik jasotzen ahalko bidaiari garraioetako geltokien inguruetan, edo tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren beste instalazio batzuen inguruetan, baldin eta era horretara taxi geltokietan esperoan dauden erabiltzaileak jasotzeko ohiko araubide egokia eragozten badute.

28. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1. Arau orokor gisa, erabiltzaileek geralekuan aurreneko lekuan dagoen taxia hartu behar dute; mugikortasun urria duten pertsonentzat egokitutako edo edukiera handiagoko ibilgailuaren beharra dagoenean, beste ibilgailu bat hartzen ahalko da.

2. Betiere, ibilgailua aukeratzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun urriaren frogagiria badute, aitortutako mailaren araberakoa.

29. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

1. Taxi zerbitzuak egiteko, ibilgailuaren edukiera osoa kontratatu beharko da, Taxiari buruzko Foru Legean enkarguetarako eta maletak edo bestelako bagajeak garraiatzeko ezarritako baldintzak kontuan hartuta.

2. Udalak baimena ematen ahalko du hiri barruko edo hiriarteko taxi zerbitzuak plaza banaka kontratatzeko, banakako ordainketarekin, erregulartasunez edo eskariaren arabera, garraiobide publikoak falta direnean edo nahikoa ez direnean.

30. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Tafallako taxi zerbitzua asteko egun guztietan eginen da.

2. Nahitaezkoa da geralekura joatea. Taxiek urte osoan zehar joan beharko dute bertara, atseden egunak, oporrak edo ezinbesteko arrazoiak daudenean izan ezik, horiek gremioak libreki arautuko baititu, eta aldez aurretik Tafallako Udalari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago, baimena eman dezan, eta zerbitzua ematen jarraitzeko neurriak hartu ditzan.

3. Nahitaezkoa da 22:00etatik hurrengo eguneko goizaldeko 1:00era bitartean zerbitzua ematea, larunbatetan eta, jaiak edo tradizioak direla eta, alkateak ebazpen bidez udalerriarentzat interesgarriak direla adierazitako gainerako egunetan, taxiaren sektoreari eta erabiltzaileei, kontsumitzaileei nahiz lurraldeko honetako mugikortasun urriko pertsonen elkarteei entzun ondoren.

4. Nahitaezko zerbitzu horrek irauten duen bitartean, gutxienez ibilgailu bat egonen da geralekuan, ibilgailu hori zerbitzua ematen ari denean edo lizentzia kopurua lau baino txikiagoa denean izan ezik; kasu horretan, nahitaezko zerbitzu horri eusteko beste neurri batzuk aurkezten ahalko dira.

5. Nahitaezko zerbitzu hori lotuta dago lizentziaren kontzesioarekin. Ulertuko da betebehar hori onartzen dela lizentzia ematen den unetik aitzinera.

6. Artikulu honetan ezarritakoa ez betetzeak lizentziak azkentzea ekar dezake.

31. artikulua. Zerbitzua ordaintzeko prozedurak.

1. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

–Eskudirua: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

–Txartela.

–Halaber baimenduko da zerbitzuak web edo mugikorretarako aplikazio homologatu bidez kobratzea, aplikazioaren bitartezko aurretiazko kobrantza barne.

32. artikulua. Itxaronaldia.

1. Erabiltzaileak ibilgailua aldi baterako uzten badu, egindako ibilbidearen zenbatekoa eskatzen ahalko zaio.

2. Bidaiariak taxiari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatzen badio, egindako zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko zaio, zerbitzuarekin jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora muga baino laburragoa bada edo ordaindu behar ez bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo antzeko beste bitartekoren baten bidez adosten bada, eta adostutako puntura iritsi eta 10 minuturen barruan eskatzailea agertzen ez bada, adostutako zerbitzuan atzera egin dela ulertuko da.

33. artikulua. Tarifak.

1. Bi motatan banatuko dira zerbitzuen prezioak:

–Hirikoak: Tafallako udalerriaren barruan igarotzen diren tarteei aplikatu beharrekoak.

–Hiriartekoak: Nafarroako Gobernuko organo eskudunak horrelako zerbitzuetarako xedatutakoa aplikatuko da.

2. Taxiaren sektoreko elkarte profesionalei eta kontsumitzaile nahiz erabiltzaileei entzun ondoren, Tafallako Udalak hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifa araubidea ezarriko du urtero dagokion ordenantza fiskalean.

3. Arau orokor gisa, hiriko tarifak bandera jaitsiera batez eta ibilitako kilometro bakoitzeko prezioaz osatuko dira, eta itxarote ordu bakoitzeko denboraren zenbateko bat ere aplikatzen ahalko da.

4. Tarifen koadroan, gaueko ordutegian, jaiegunetan edo antzekoetan egiten diren zerbitzuen prezioa bereizten ahalko da, bai eta ekipajea edo objektuak garraiatzeagatik, garraio geltokietara sartzeagatik edo bestelakoengatik beste gehigarri batzuk aplikatu ere.

5. Onartutako tarifek uztartu egin beharko dituzte taxi zerbitzuaren ustiapen ekonomiko egokia eta garraiobide horren erabileraren sustapena, eta zonifikazio geografiko baten arabera bereizten ahalko dira, zerbitzuaren jatorriaren eta helmugaren arabera.

VI. KAPITULUA.–KONTROL, IKUSKAPEN ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA

34. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuek nahitaezko aldizkako azterketa teknikoak gaindituta izan beharko dituzte une oro. Ez da zerbitzuan paratzen ahalko azterketa teknikoa gainditu ez edo emaitza txarra izan duen ibilgailurik.

2. Udalak gaitutako ikuskapen zerbitzuek ezohiko azterketa teknikoak proposatzen ahalko dizkiete ordenantza honen xede diren ibilgailuei, arazo larrien presuntzioa dela eta, eta ez dute zerbitzurik ematen ahalko konpondu arte, azterketa teknikoko zerbitzuek hala berresten badute.

35. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra izanen du, eta bat etorriko da hiriarteko garraiorako Tafallarako eskatzen den erreklamazio liburuarekin. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da.

2. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Tafallako Udaleko ikuskapen organora, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

3. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, jada aurkeztuta ez baditu, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan 10 eguneko epean. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarria iruditzen bazaio, zehapen ahalmena erabiliko du.

36. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

Taxi gidariek, zerbitzu bakoitza burutu eta gero, ibilgailua barrenetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, Tafallako Udaltzaingoaren bulegoetan utzi beharko du, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

37. artikulua. Ikuskapen organoak.

1. Hiriko taxi zerbitzuak zaintzea eta ikuskatzea Tafallako Udaltzaingoari dagokio, hargatik beste Segurtasun Indar eta Kidego batzuek esleituta dituzten funtzioak betetzean egin ditzaketen ikuskapenak eragotzi gabe.

2. Ikuskapenak ofizioz eginen dira, aldez aurretik salaketa egon nahiz ez.

3. Lizentzien eta baimenen titularrek beren ibilgailuen nahiz eraman behar dituzten dokumentuen azterketa erraztu beharko dute, baldin eta beharrezkoa bada taxia arautzen duen foru legean eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.

38. artikulua. Arau hausteak eta zehapen prozedura.

1. Administrazioko arau hausteak izanen dira ordenantza honetan ezarritako betebeharrak urratzen dituzten ekintzak eta ez-egiteak, bai eta Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoak ere.

2. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko zehapen prozedura, bai eta bi horien zehapenak edo preskripzio epeak ere, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezarritakoak izanen dira, eta horretan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta hori garatzen duten arauak.

39. artikulua. Arau hausteen sailkapena.

Taxiari buruzko Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan jasotako arau hausteez gain, honako hauek hartuko dira kontuan:

1. Arau hauste arinak:

a) Ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Taxiari buruzko Foru Legean edo aplikatu beharrekoa den beste araudi batean arau hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

b) Zabarkeriaz jokatzea norbera edo ibilgailua garbitzeko orduan.

c) Lizentzien titularren helbide aldaketa ez jakinaraztea, ezta erregistroan agertu behar duten bestelako datu edo inguruabarrak ere, edo beste arrazoi bat dela-eta Tafallako Udalari horren berri eman behar bazaio.

2. Arau hauste larriak:

a) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien aurka hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

b) Geralekuan aparkatzea jardunean egon gabe.

c) Nahitaezko egun eta ordutegietan zerbitzua ez ematea.

40. artikulua. Organo eskudunak.

1. Tafallako Udalean alkate den pertsonari dagokio ordenantza honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzeko eskumena, Tafallako udalerriko hiriko taxi zerbitzuei dagokienez.

2. Hiriarteko taxi zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eskumen hau duten organoek ezarriko dituzte zehapenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau indarrean sartu baino lehen zerbitzua ematen ari diren ibilgailuek, 19. artikuluan adierazitako ezaugarri guztiak betetzen ez badituzte, zerbitzua ematen jarraitzen ahalko dute legez ezarritako gehieneko berritze antzinatasunera arte.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Toki Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera, Tafallako Udaleko alkateak ordenantza hau interpretatzeko eta argitzeko xedapenak ematen ahalko ditu, ordenantzaren baldintza berdinekin, eta horien berri emanen dio Osoko Bilkurari.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orori Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea edo dagokion arloan indarrean dagoen xedapena aplikatuko zaio.

Aipatutako araua edo nahitaez bete beharreko beste edozein arau orokor edo sektorial indargabetzeak, ordenantza honetan ezarritakoari zuzenean eraginez eta arauketa horrekin kontraesanean, ez aplikatzea ekarriko du zuzenean, eta bateragarria dena edo eraginik izan ez duena bakarrik mantenduko da. Nolanahi ere, Tafallako Udalak ordenantza hau berrikusi edo aldatu beharko du.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA.–INDARREAN SARTZEA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Ordenantza hau indarrean sartzeak Tafallako taxi zerbitzua arautzen duen egungo ordenantza indargabetzen du, Tafallako Udalak 1983an onetsia, bai eta haren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Iragarkiaren kodea: L2503726