68. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2025 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Jaizko Udal Planaren 53. artikuluan (hirigintzako araudi orokorra) egin nahi den aldaketari buruz. Aldaketaren sustatzailea Jaizko Udala da.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, 2024ko urriaren 4an Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari aurkeztu dio Jaizko Udal Planaren 53. artikuluaren aldaketa, Jaizko Udalak sustatua.

Udalak 2024ko irailaren 3an onetsi zuen hasiera batez aldaketa, eta erabaki horren iragarkia 2024ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3koan.

Planaren aldaketaren xedea da berariazko erregulazioa finkatzea lurzoru urbanizaezinean energia eolikoa eta energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioetarako eraikuntza erabilerak ezartzeari buruz. Proposamenak aldaketaren beharra justifikatzen du, paisaia, lurraren ekoizpen balioa eta landa inguruneko bizimodua babestu behar direla argudiatuta. Horretarako, udal planaren hirigintzako araudi orokorraren 53. artikulua aldatzea proposatzen da, lurzoru urbanizaezineko kategoria eta azpikategoria guztietan debekatzeko energia eolikoa eta energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioen ezarpena, salbu eta sortzen den energia autokontsumorako bada eta instalazioak "legez ezarritako eraikinetan" kokatzen badira.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ustez, ez dirudi lurraldean ezarri nahi den debeku generiko hori –CO2 emisioak murrizten dituzten energia berriztagarriak ezartzeari eragiten diona– foru lurralde osora estrapolatu daitekeen konponbide bat denik, emisioak murrizteko helburuak betetzea eragotziko lukeelako.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea Jaizko Udal Planaren 53. artikuluan (hirigintzako araudi orokorra) egin nahi den aldaketari buruz, ingurumenean ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Jaizko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari (Hirigintza Atala) eta Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2503621