68. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

167E/2025 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, San Adrián udalerriko 3. poligonoko 1669. lurzatirako "PSFV la Glera eta el Pontigón" proiektuaren ingurumen eraginaren txostena egiten duena. Proiektu horren sustatzailea Ríos Renovables SLU da.

2024ko irailaren 25ean, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 j) multzoan dago sartuta.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoari jarraikiz eta, aldi berean, sustatzaileak eskatuta, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Era berean, eta Ingurumen Ebaluazioaren Atalak hala eskatuta, sustatzaileak osaera eta erabilitako teknologia aldatu zituen, jarraitzaileak zituzten instalazioetarako %5etik beherako maldetan ezartzeko baldintzatzaileak ezarritakoa betetzeko. Horrela, eta laburbilduta, la Glera eguzki-instalazioak ez du aldaketarik jasaten hasierako planteamenduari dagokionez, eta el Pontigón eguzki-instalazioak bere ardatz baterako jarraitzailearen teknologia egitura finkora aldatzen du, egungo topografiara eta erliebera egokitzeko, eta lurzatiaren iparraldean dauden eta malda handiagoa duten eremuak baztertzen ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta ala ingurumen eraginaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena.

Jarduketaren helburua bi eguzki-instalazioa eraikitzea da, 1 MW-ekoa bakoitza, 2 MW-ekoa guztira, bien artean 3,97 hektarea batuz gutxi gorabehera 4,90 hektareako lurzati baten barruan. Horrenbestez, instalazioaren gehieneko potentzia, guztira, 2,38 MWp-ekoa da, eta potentzia izendatua 2 MW-ekoa. Elkarrekin ebaluatzen diren bi instalazioek San Adriángo 3. poligonoko 1669. lurzatia partzialki okupatuko dute, eta instalazio horien perimetroa elkarrekin hesituko dute. Proiektuak 1.794 modulu fotovoltaiko ditu, 700 Wp-eko potentziarekin el Pontigónen kasuan, eta potentzia bereko 1.650 modulu fotovoltaiko la Gleraren kasuan. Horiek eguzki erradiazioa hartzen dute, eta energia elektriko bihurtu.

Zentral fotovoltaiko bakoitza osatzen duten hiru inbertsore fotovoltaikoen bidez, panelek sortutako korronte zuzeneko elektrizitatea korronte alterno bihurtzen da. Moduluak "string"etan multzokatuta egonen dira, altzairu galvanizatuzko egitura finkoen gainean el Pontigónen kasuan eta egitura jarraitzaileen gainean la Gleraren kasuan, biak zuzenean lurrera botata.

La Gleraren instalazioak 88 moduluko hamabost jarraitzailez eta 66 moduluko bost jarraitzailez osatutako jarraipen egiturak ditu. Egiturek 5,6 metroko tartea dute elkarren artean, moduluek elkarri itzalik egin ez diezaioten lanean ari direnean. Kateak lurraren topologiaren arabera taldekatuko dira, eta bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio. 50 cm utziko dira libre lurreraino.

El Pontigónen kasuan, instalazioak 69 mahaiz osatutako egitura finkoak ditu, eta mahai bakoitzean 26 modulu daude. Egiturek 5,5 metroko tartea dute elkarren artean, moduluek elkarri itzalik egin ez diezaioten lanean ari direnean. Kateak lurraren topologiaren arabera taldekatuko dira, eta bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio. Kasu honetan ere 50 cm utziko dira libre lurreraino.

Baterako zentral fotovoltaikoan dauden aterpez kanpoko bi transformadoreen bidez, tentsioa 13,2 kV-era igoko da, erdi-tentsioko lurpeko kolektore baten bidez bideratzeko perimetroko hesiaren ondoan dagoen neurketa- eta babes-zentroraino. Neurketa eta babes zentro horretatik, energia lurrazpitik doan linea baten bidez husten da. Linea horrek gutxieneko 1,10 metroko sakonera izanen du laborantza eremuetan, eta 0,80 metrokoa bideetan, batez ere gaur egun dagoen bidean, 3. poligonoko 1459. lurzatian eraikiko den ebakitze zentro berri bateraino. Bertatik konektatuko da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk 7. linean ("San Adrián - Andosilla 2"), 23. euskarriaren inguruan. Bi instalazioek batera jarduteko aurreikusitako luzera 800 m-koa izanen da.

Lurra prestatu aurretik, belar sastrakak garbituko dira, eta, gero, dagoen landare geruza kentzeko lur gutxi batzuk mugituko dira. Barneko bideak eginen dira eraikinetara eta inbertsoreetara sartu ahal izateko. Bide horiek zabor-legar artifizialeko oinarria izanen dute.

Ezarpeneko lurzatia, egun, lehorreko laborantzarako erabiltzen da. Katastroaren arabera, topografia laua edo malda txikia du hegoaldean, eta iparralderantz egin ahala, gora egiten du, %10 inguruko maldak izatera iritsiz. Bertara NA-134 errepidetik sartzen da, eta, ondotik, landabideetatik.

1.019 m inguruko perimetroko hesia jartzea planteatzen da, landa-heskaiarekin. Ehizarako izanen da, 2,3 metroko altuera izanen du, 3 metrotik behin jarritako zutoin galvanizatuen gainean joanen da. Lurzorutik 15-20 cm-ra egonen da gutxienez, ez du elementu ebakitzaile edo zorrotzik izanen, eta hiru baotik behin ikusteko moduko seinaleztapen plakak jarriko dira, abifaunak ez dezan horiekin talka egin. Landarezko pantaila 1.200 landare/ha-ko dentsitatearekin eginen da, eta izpilikua, erromeroa eta beste espezie autoktono batzuk erabiliko dira.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Legean aurreikusitako epean ez da kontsulta horien erantzunik jaso, Ondare Arkitektonikoaren Atalaren kasuan izan ezik; jakinarazi da ez dagoela eraginik atal horren eskumenean.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak aurretik deskribatutako errekerimendua eman zuen, eta sustatzaileak dokumentazioa eta hasierako planteamendua egokitu zituen errekerimendu hori betetzeko.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEtik 700 metrora dago, gutxi gorabehera, eta "Andosilla-Cárcar-Lodosa-Sartaguda-Sesma" estepako abifauna kontserbatzeko "7" eremu kritikotik 1,8 kilometrora.

Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Irizpide anitzeko azterketaren ondotik, 2. alternatiba hautatu da, batez ere lurzoruan, landaredian eta Natura Sarean eragin txikiagoa duelako.

Ebakuazio lineari dagokionez, alternatiba horrek linea lurpean eraikitzea dakar, hori baita beste batzuen aldean (aireko ebakuazio lineak, kasu) eragin gutxien dakartzan modua.

Instalazioaren ezarpen eremuaren morfologia, funtsean, laua da, eta goranzko malda du iparralderantz. Hala, la Gleraren kasuan, malda lautzat jotzen ahal da, eta el Pontigónen kasuan, malda %10-12 baino handiagoa da iparraldeko bidearekin muga egiten duen lurzatiaren eremuan. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak hala eskaturik, sustatzaileak teknologia aldatu du, jarraitzaileetatik egitura finkoko instalazio batera igarotzeko, eta lurzatiaren barruan iparraldeen dagoen eremua baztertu du, malda handiagoa duelako. Era berean, ukipen azalera ia 5 hektareatik 4 hektareara igaro da, eta instalazioekiko eragina murriztu da.

Aurkeztutako dokumentazioan, era berean, zenbait lur mugimendu ageri dira, teknologia aldaketarekin justifikatzen ez direnak eta, beraz, komenigarritzat jotzen ez direnak. Ondorio gisa, lurren mugimenduen atalean, ahalik eta mugimendu gutxien eginen dira, geomorfologia oso gutxi aldatuko baita horrela, eta, horren ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko eragina bateragarria da obren fasean.

Instalazioak, egun, mahatsondoen laborantzarako lurzati bat hartzen du, oso antropizatuta dagoen nekazaritza ingurune batean, hainbat bide azpiegituratatik eta azpiegitura industrialetatik hurbil, zeinen artean legar-hobia nabarmentzen baita; horrenbestez, interes handiagoko fauna komunitateak hartzeko ahalmena txikiagoa da. Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, faunaren gaineko eragin handiena, habitataren ukipenak edo galerak eta faunari eragindako eragozpenek eragindakoa, eraikuntza fasean gertatzen da, eta bateragarria da.

Ebakuazio azpiegitura nekazaritzako lurzatietatik igarotzen da, zati txikietan eta, nagusiki, existitzen diren bide gehienetatik; egikaritzen den unean ez dio landaredi naturalari eragiten. Noizean behin, landaredi orban txiki nahiko degradatuak ikusten dira, interes ekologiko handirik gabeko urteroko espezie bizikorrekin osatuak; hala, landarediaren eta habitaten gaineko eragin handiena ez esanguratsutzat edo hutsal gisa jotzen da.

Gainerako eraginak, bai eguzki-instalazioarenak bai energia ateratzeko linearenak, halakorik egotekotan, bateragarritzat jotzen dira. Proiektuaren balorazio orokorra, bai obra fasean, bai ustiapen fasean, bateragarritzat jotzen da.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, txosten honetan jasotako baldintzak betez, San Adrián udalerriko 3. poligonoko 1669. lurzatirako "PSFV la Glera eta el Pontigón" proiektuaren aldeko txostena ematea proposatzen da. Proiektu horren sustatzailea Ríos Renovables SLU da, eta adierazi da ez duela ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abuztuaren 17an emandako 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. San Adrián udalerriko 3. poligonoko 1669. lurzatirako Ríos Renovables SLUk sustatzen duen "PSFV la Glera eta el Pontigón" proiektuak ez du eragin adierazgarririk ingurumenaren gainean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez du 21/2013 Legearen II. tituluaren II. kapituluaren 1. atalean aurreikusten den ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar.

2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

Zuinketa egiten den bitartean, zerrenda eta marka ikusgarriz balizatuko dira obrek ukitutako eremu guztiak. Balizazioa laborantzako lursailetan soilik eginen da, eta ezinbesteko gutxieneko azalera erabiliko da, landaredi naturalari eragin gabe (lurzatiaren iparraldeko mugako ezpondak, lehendik dagoen bidearen ertzetan). Obrako bide lagungarriak lehendik daudenak soilik izanen dira, edo balizatutako eragin perimetroaren barruan egiten direnak.

–Zanga eta zapatetarako hondeaketa lanetan eta obra lagungarrietan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lurraren geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen. El Pontigónen (iparraldean) sistema finkoak instalatzeak erraztu eginen du alderdi hori.

–Lurra berdintzeko lanik egin behar bada (bideak egiteko, kasu), ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur erauzketarik edo lubetarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazaritzako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.

–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten.

−Leheneratze lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.

–Ukipen handiagoa ekidite aldera, perimetroko hesia zutoinen bidez bakarrik ainguratuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik gutxienez 20 cm-ra altxatuta. Hesia sare zinegetiko deritzon motakoa izanen da; ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan.

−Perimetroko hesiak eguzki-instalazioaren mugetara egokitu beharko dira, eta bi instalazioek hesia partekatuko dute, bi eguzki-instalazioen arteko mugetan hesia bikoiztu gabe.

–Moduluei eusten dieten egitura finkoak eta jarraitzaileak zuzenean finkatuko dira lurrean, zuzenean iltzatuta, lurzorua aldatu gabe.

−Ukitutako eremuek belar estalki bat izan beharko dute. Horretarako, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazaletan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziek egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Ereintza egiteko, ahalik eta mantentze lan txikiena eskatzen duten eta klimara eta eremura egokituta dauden espezie autoktonoak erabiliko dira.

–Obrak bukatu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da.

−Perimetroko hesiaren pantailaren landaketaren kasuan, landaketa egin ondotik egin beharreko lan guztiak eginen dira landatutako espezieen bideragarritasuna ziurtatzeko. Beharrezkoa izanez gero, mantenuko ureztatzean eginen dira lehenengo urteetan, udako garbiketak eginen dira, babesleak jarriko dira... Landaketa horretan, espezie autoktonoak erabiliko dira, eremu horretako landarediak berez dituenak, eta bertako baldintza klimatiko eta edafikoekin bat datozenak.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

−Instalazioa konektatzeko berritu beharko den konexioko euskarrian, abifauna ez elektrokutatzeko beharrezkoak diren prebenitzeko neurri egokiak hartuko dira.

−Elektrokuzio arriskua minimizatzeko, lehendik dagoen euskarria egokitzeko jarduketek, zeina lurpera deribatuko baita, honako hauek bete beharko dituzte: Konexioko euskarria berritu eta isolatu egin beharko da, eta gutxienez 1 m-ko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babes edo maniobra elementuak alderantzikaturik paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Era berean, debekatuta dago posizio horizontalean jarritako ageriko ebaketa-ebakigailuak eta -etengailuak instalatzea.

−Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio elementuen arteko lotura zubiak, bai eta ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debekaturik dago silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Argiztapenik baldin badago, ezinbestekoa denera mugatuko da; ahal bada, ekidinen da, eta ahaleginak eginen dira argi puntuak urrun egon daitezen talka egiteko arriskua dagoen eremuetatik (hesiak, tenkagailuak, aireko linea elektrikoak eta abar). Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira pantailatuak.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta ingurunean integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.

–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Ustiapen aldia bukatzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia leheneratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira; hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta landare estalkia leheneratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (lanen hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio hegoaldeko Lizarra barrutiari (gmaestellasur@navarra.es), edo 608062639 telefonora deitu.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, San Adriángo Udalera, Basozaintzara ("Lizarra hegoaldea" barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2503620