1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
30/2025 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen 2025eko deialdia (DDBN: 811821), baimentzen baita ekitaldi horri dagokion gastua eta aldatzen baitira deialdiaren oinarri arautzaileak (abuztuaren 20ko 2297/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren).
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2025. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
Hori dela eta, bidezkoa da ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen 2025eko deialdia eta hari dagokion gastua baimentzea.
Bestalde, eta deialdiaren kudeaketa praktikoaren nondik norakoak argitzeko, 11. eta 13. oinarriak aldatu behar dira.
Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. 250.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzak emate aldera ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko (dirulaguntzak araututa daude Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2297/2018 Ebazpenaren bidez eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean 811821 zenbakia dute). Gastua 2025eko gastu-aurrekontu partida honen kargura izanen da: 950001 96100 4809 241200, "Ekonomia Sozialerako laguntzak, hedapen proiektuetarako" izenekoa.
3. Deialdiko 11.1 oinarria aldatzea. Hona hemen testu berria:
"11.1. Proiektuak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Beste entitate onuradun batekin edo batzuekin batera egiten bada, 5 puntu.
b) Proiektuaren barruan proiektua kontrolatu eta ebaluatzeko sistemak badaude (emaitzak eta helburuen betetze maila), 5 puntu.
c) Proiektuak barruan hartzen badu edozein hedabideren bidez kanpainak egitea, 5 puntu.
d) Proiektuak aurreikusten badu ekitaldiak antolatzea (azokak, biltzarrak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta antzekoak), 25 puntu gehienez.
Irizpide horretan lortutako puntuazioa aldatuko da kontuan izanda zenbat pertsona joaten diren proiektuko ekitaldi guztietara eta ekitaldi horiek non egiten diren, taula honen arabera:
| Pertsona kopurua/jarduera Iruñetik eta Iruñerritik kanpo | Pertsona kopurua/jarduera Iruñean eta Iruñerrian |
| 10-20 | +20 | 10-20 | +20-50 | +50 |
Puntuazioa | 15 | 25 | 8 | 10 | 15 |
Puntuak emanen dira proiektuaren barnean egiten den ekitaldi bakoitzeko. Irizpide honen arabera 25 puntu lor daitezke gehienez.
Ez da punturik emanen ekitaldietan parte hartzeagatik, ezpada ekitaldi horiek antolatzeagatik.
e) Proiektua Ekonomia Sozialaren 2025-2028 Plan Integralean jasotako helburuekin lerrokatuta egoteagatik, 15 puntu gehienez. 5 puntu emanen dira proiektuan sartzen den ekonomia sozialaren plan integraleko jarduketa bakoitzeko.
Dirulaguntza lortu ahal izateko, gutxienez 25 puntu lortu beharko dira".
4. Deialdiaren 13. oinarria aldatzea, 3. puntua gehitzen baita. Hona hemen:
"13. 3.–Erakunde onuradunak ezin baditu aurkeztu pertsonal-gastuei dagozkien gastuen eta ordainketen egiaztagiri guztiak, horien aurreikuspenaren zerrenda aurkeztu beharko du abenduaren 5a baino lehen. Kasu horretan, egiaztagiriak aurkezteko epea hurrengo urteko otsailaren 28a izanen da".
5. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Iruñean, 2025eko martxoaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2503418