Iragarkia
68. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
57E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Agindua. Haren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak betetzeko prozedura.
391E/2023 Foru Aginduaren bidez (391E/2023 Foru Agindua, azaroaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak betetzeko prozedura), zenbait arau ezarri ziren, eta bi deialdi egin dira arau horiek erabiliz, zenbait burutza betetzeko.
Prozesu horietan agerian gelditu da zailtasun praktikoak daudela zenbait alderditan (epaimahaia nola osatu; nola egin deialdia eta izendapena, deialdi bat bete gabe gelditu ondoan), eta prozedura sinplifikatzeko eta arintzeko moduak hauteman dira, ez baita beharrezkoa eskaerak aurkezteko bi epe izatea eta merezimenduak aurkezteko epea hain luzea izatea.
Era berean, egokitzat jo da aurkeztu beharreko memorian edo proiektuan baloratzen diren gaiak zabaltzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra. Aldatzea 391E/2023 Foru Agindua, azaroaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak betetzeko prozedura.
Bat.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da idatzita:
"2. artikulua. Betebeharrak.
1.–Deialdian parte hartzen ahalko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagokion espezialitateko lanpostua jabetzan duten eta jarduneko zerbitzuan, eszedentzia bereziko egoeran edo zerbitzu berezietan diharduten langile fakultatiboek.
Hasiera batean, gutxieneko baldintza izanen da kasuan kasuko espezialitateko lanpostuan edo Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzu berezietan aritu izana, gutxienez bi urtez zerbitzuburuei dagokienez eta gutxienez urtebetez atalburuei dagokienez, deialdia argitaratu aurreko azken lau urteetan, edo azken bost urteetan, baldin eta izangaiak, aldi horretan, amatasun, aitatasun edo edoskitze baimenak izan baditu edo eszedentzia berezian egon bada.
Baldintza horiek betetzen dituen izangairik ez bada, eskaerak aurkezten ahalko dituzte lanpostuaren jabe izanda aipatutako antzinatasun-baldintzak betetzen ez dituztenek eta lanpostuaren jabe izanda jarduneko zerbitzuaren luzapen-egoeran daudenek.
Epea bukatuta hautagairik ez badago, foru-agindu honen 6. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio."
Bi.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren 3. eta 4. artikuluak aldatu dira, eta honela geldituko dira idatzita:
"3. artikulua. Prozedura.
Merezimendu-lehiaketaren sistema bidezko hautapena prozedura honi jarraikiz eginen da:
1.–Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Parte hartu nahi dutenek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute bete nahi den zerbitzua edo atala kudeatzeko proiektua, bai eta planteatutako helburuak ere.
Memoria hori epaimahaiaren aurrean defendatuko da jendaurreko saio batean.
2.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean (https://www.empleosalud.navarra.es/eu) argitara dadila aginduko du.
Baztertutako izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean.
3.–Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Alegazioak egiteko epea bukatutakoan, Profesionalen Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean argitara dadila aginduko du.
Behin betiko zerrenda onestean, argitara emanen da zer egunetan, zer tokitan eta zer ordutan izanen den aurkeztutako kudeaketa-proiektua defendatzeko jendaurreko saioa.
Inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da zuzenean.
4.–Kalifikazio-epaimahaia.
1. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute:
–Epaimahaiburu bat: deialdiko lanpostuaren zentroko zuzendari kudeatzailea izanen da, edo zuzendari edo zuzendariorde mediko bat, edo Eriari Osasun Laguntza Emateko zuzendaria edo zuzendariordea.
–Epaimahaikide bat: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finko bat, deialdiko lanpostuaren lanbide-kategoriakoa eta zerbitzuko edo ataleko espezialitatekoa edo espezialitateetakoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordean dauden sindikatuek proposaturik izendatua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko norbait ezin bada izendatu, Langileen Batzordeak Osasun Sistema Nazionaleko langile finko bat izendatuko du.
Langileen Batzordeak izendatutako pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari, izendapena eskatu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean. Epe horretan izendatutako pertsona nor den jakinarazi ezean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean izendatzen ahalko du epaimahaiko kide hori.
–Idazkari bat: deialdiko espezialitateko zerbitzuburu edo atalburu bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edozein zentrotakoa. Ezin bada izendatu baldintza hori betetzen duen inor, zerbitzuan jardunean dagoen arloko fakultatibo espezialista bat izendatzen ahalko da, baldin eta zerbitzuburu edo atalburu aritu izan bada. Hori ere ezinezkoa bada, deialdiko lanpostuaren zentroko zuzendari kudeatzaileak Estatuko beste osasun-zerbitzu publiko bateko espezialitateko zerbitzuburu edo atalburu bat izendatzeko eskatuko du, eta, halakorik ezean, dagokion espezialitateko arloko fakultatibo espezialista bat, jardunean dagoena eta aurretik zerbitzuburu edo atalburu aritu izan dena. Modu subsidiarioan, eta aurreko horietako bat ere ezin bada izendatu, deialdiko lanpostuaren zentroko zuzendari kudeatzailea izendatzen ahalko da, edo zuzendari edo zuzendariorde mediko bat, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria edo zuzendariordea.
2. Izendapena egin aurretik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean argitaratuko da, 5 eguneko epean, kalifikazio-epaimahaia izendatzeko proposamena, hura osatzeko eskakizunak betetzeari buruzko alegazioak aurkeztu ahal izateko.
3. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du epaimahaia; zenbat epaimahaikide diren, hainbat ordezko izendatuko dira.
5.–Kudeaketa proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazioko fasea.
Atal honetan 60 puntu emanen dira, eta gutxienez 30 puntu lortu beharko dira. Fase hau baztergarria izanen da.
5.1. Epaimahaiak kudeaketa proiektuaren dokumentazioa baloratuko du, hura jendaurrean defendatu aurretik (30 puntu gehienez).
5.2. Gero, izangaiek jendaurrean defendatuko dute aurkeztutako kudeaketa-proiektua (30 puntu gehienez).
Epaimahaiak, izangaia deialdiko lanpostua betetzeko egokia den baloratzeko, aurkeztutako kudeaketa-proiektuari buruz egokitzat jotzen dituen galderak eginen ditu.
Kalifikazio-epaimahaiak defentsa publikoa grabatuko du.
5.3. Behin kudeaketa-proiektua eta jendaurreko defentsa baloratutakoan, epaimahaiak puntuazioen emaitza argitaratuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren webgunean.
6.–Merezimenduen balorazioko fasea.
Kudeaketa-proiektuaren eta jendaurreko defentsa baloratzeko fasea gainditu dutenek I. eranskinaren 2. ataleko (laneko esperientzia: egindako zerbitzuak) eta 3. ataleko (prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak) dokumentazioa aurkeztu beharko dute, kudeaketa-proiektuaren eta jendaurreko defentsaren balorazioaren emaitzak argitaratu eta zazpi egun balioduneko epean.
Fase hori izangai bakarrak gainditu badu, ez dira baloratuko merezimenduen gainerako atalak, eta ez da horien gaineko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Fase hori gainditu duen izangaia zuzenean proposatuko da izendapena egiteko.
Fase honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Puntu horiek, zehazki, honela banatuko dira:
–Laneko esperientzia: egindako zerbitzuak: 18 puntu, gehienez.
–Prestakuntza; bereziki, kudeaketaren, irakaskuntzaren, ikerketaren eta hizkuntzen arlokoa: 22 puntu, gehienez.
Izangaiek aukera izanen dute lanbide-karreraren maila kontuan hartu dadila eskatzeko, prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak kalifikatzearen ordez, foru-agindu honen I. eranskinaren 3. atalean xedatutakoaren arabera.
7.–Azken emaitza.
Behin kudeaketa-proiektua eta jendaurreko defentsa baloratzeko fasea eta merezimenduak baloratzeko fasea bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitaratuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren webgunean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak telematikoki aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak eta merezimendu-lehiaketaren azken emaitza. Aurkeztu diren erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin batera.
Izangai bakoitzak lehiaketaren emaitza eta bere merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko ditu deialdiaren web-orrian.
Deialdiak foru-agindu honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko dira eta, bereziki, deialdiaren oinarrietan xedatutakoaren arabera."
"4. artikulua. Prozedura ebaztea.
Prozedura bukatuta, epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari proposatuko dio puntuaziorik altuena lortu duen izangaia izendatzeko, edo, hala badagokio, deialdia bete gabe utziko du.
Foru-agindu honetan araututako prozedura gehienez ere 7 hilabeteko epean ebatzi beharko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita".
Hiru.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren 6. artikuluaren 2. apartatua aldatu da, eta honela geldituko da idatzita:
"2. Kasu horietan, zerbitzuan edo atalean egokientzat hartzen den arloko fakultatiboa izendatuko da aldi baterako, bete beharreko lanpostuaren zentroko zuzendari kudeatzaileak proposatuta. Behin-behineko izendapenerako proposamena berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren irizpideei jarraituz eginen da. Haren aurkako alegaziorik ez badago 10 eguneko epean, behin betikoa bilakatuko da. Alegaziorik egonez gero, haien gaineko ebazpen arrazoitua emanen da.
Lanpostua betetzeko deialdia egin beharko da berriz, norbaitek hala eskatzen badu aurkeztu nahi duelako, edo, inork eskatu ezean, urtean behin."
Lau.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren eranskinaren 1. atala aldatu da, eta honela geldituko da idatzita:
"1. atala. Kudeaketa-proiektua eta jendaurreko defentsa.
Atal honetan, guztira, 60 puntu emanen dira gehienez. Puntuak azpiatal hauen arabera banatuko dira:
a) Proiektuaren balorazioa: 30 puntu gehienez.
Eduki hauek baloratuko dira:
–Antolakuntzaren eta kudeaketaren arloa: zerbitzuaren edo atalaren organigrama, burutzaren eta hari atxikitako gainerako lanpostuen eginkizunak adierazita.
–Osasun laguntzaren arloa: osasun laguntzaren arloan helburuak eta adierazleak ezartzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa.
–Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloa: zerbitzuan edo atalean irakaskuntza-plan bat ezartzea.
–Lidergoaren atala.
–Laneko arriskuen prebentzioari buruzko atala.
Epaimahaiak txosten teknikoak egiteko eskatzen ahalko die kasuan kasuko gaian adituak direnei, atal horietako edozein baloratzeko.
b) Jendaurreko defentsa: 30 puntu gehienez.
Proiektua jendaurrean azaltzean, argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, bai eta alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.
Atal honetan guztira 30 puntu lortu beharko dira."
Bost.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduaren eranskinaren 3. atala aldatu da, eta honela geldituko da idatzita:
"3. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.
Atal honetan, osotara, 22 puntu emanen dira.
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
Halaber, azpiatal bakoitzean puntuazio bikoitza emanen da prestakuntza kudeaketakoa bada.
3.4, 3.6 eta 3.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta-liburuetan edo abstractetan jasotzen diren komunikazioak, posterrak eta txostenak ez dira argitalpentzat hartuko.
3.1. Hirugarren zikloko ikasketak.
a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.
b) Doktore gradua: 2,5 puntu.
c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.
a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.
3.2. Prestakuntza espezializatua:
Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.
3.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela ageri bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak hainbanatuko dira.
Honako arlo hauetako prestakuntza baloratuko da: laneko arriskuen prebentzioa, informatika, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, osasuna eta generoa, emakumeen kontrako indarkeria eta ingurumena eta klima-aldaketa.
Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.
Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Osasun Zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
3.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan txostenak, posterrak edo komunikazioak idatziz aurkeztea:
–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.
–Espainian: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
–Autonomia erkidegoan: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
3.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:
–Nazioartekoak: 1 puntu.
–Espainiakoak: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegoetakoak: 0,25 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik bekadun edo saridun denari baizik ez zaio baloratuko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
3.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, inpaktu-faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:
–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.
–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.
–Inpaktu-faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
Inpaktu-faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.
Gehienez ere 4 puntu emanen dira.
3.7. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko, 0,2 puntu.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa; osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa; irakasle kliniko elkartu gisa; irakasle elkartu gisa; unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa; osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa; eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.
Gehienez ere 1 puntu emanen da.
3.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
3.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik. Hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
3.10. Izangaiek, 3. atalean ezarritakoari jarraikiz egokitzen zaien puntuazioaren ordez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aitortua duten lanbide karreraren mailari dagokion puntuazioa aukeratzen ahalko dute, honen arabera:
–I. maila: 0 puntu.
–II. maila: 6,6 puntu.
–III. maila: 11 puntu.
–IV. maila: 17,6 puntu.
–V. maila: 22 puntu.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.–JARDUNA EBALUATZEA
Foru-agindu honetan aipatzen diren burutzak ebaluatzeko sistema arautuko da lanbide-karrera garatzeko araudian.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.–EPAIMAHAIA ERATU EZIN IZAN ZEN AURREKO PROZEDURETAKO ESKAERAK
Foru-agindu hau aplikatuko da O-NOZeko laguntzako zerbitzuak eta burutzak betetzeko aurretik onetsitako deialdietan, baldin eta deialdi horien tramitazioa eten bada ezinezkoa izan zelako kalifikazio-epaimahaia osatzea azaroaren 27ko 391E/2023 Foru Aginduari jarraikiz.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.–INDARRA HARTZEA
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko martxoaren 5ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2503527
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
