Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOZAR
Ordenantza, ostalaritzako terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Espedientea jendaurrean jarri zen hilabete batez, 2024ko abenduaren 19ko 257. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki taulan iragarkia argitaratu ondoren, eta Berriozarko Udalak, 2025eko otsailaren 26an egindako osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi eta behin betiko onartu zuen Berriozarko udal mugartean ostalaritzako terrazak eta beladoreak jartzea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketaren testua.
Hori guztia argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, ordenantzaren testu osoarekin batera, dagozkion ondorioetarako.
Berriozarren, 2025eko martxoaren 11n.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.
UDAL ORDENANTZA, BERRIOZARKO UDAL MUGARTEKO BIDE PUBLIKOAN OSTALARITZAKO TERRAZAK ETA BELADOREAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Berriozarren espaloi zabalak, arkupeak, oinezkoen pasealekuak eta plaza publikoak egin direnez, ostalaritzak badu aukera bere negozioa eremu publikoan handitzeko eta bezeroei gero eta zerbitzu hobea eta zabalagoa emateko, beladoreak eta terrazak ezarrita eremu publikoetan edo erabilera publikoa duten eremu pribatuetan.
Benetako aukera horren aurrean, 2014an ordenantza bat onartu zen, ostalaritzako negozioen titularrei mota horretako instalazioak erregulatzeko arau esparru bat eskaintzen ziena, jarduera ekonomikoaren garapena eta aisiarako eta atsedenerako eskubidea bateratzen saiatuta.
Aldaketa honek aurreko lege aurrekariak jasotzen ditu, hala nola 42/2010 Legea, abenduaren 30ekoa, tabakismoaren aurkako osasun neurriei buruzko 28/2005 Legea aldatzen duena, eta TMA/851/2021 Etxebizitza Agindua, uztailaren 23koa, espazio publikoak bete beharreko irisgarritasun baldintzak zehazten dituena.
2014ko aldaketan, ostalaritzari kontsulta egiteko prozesua gauzatu zen, eta azkenean alegazio zehatzak ekarri ez bazituen ere, behin-behineko baimen batzuk eman ziren ordenantza hartan espresuki jaso gabeko erabilera batzuetarako, ostalarien ekarpenetan oinarriturik; positiboki gainditu den probaldi baten ondorioz, orain araudiaren testuan sar daitezke legezkotasun arazorik gabe.
2015eko aldaketan, terraza eta beladoreen eta Berriozarko bidegorrien arteko erlazioa arautu zen, eremu horietan liskarrik izan ez dadin oinezkoen, bizikleten eta terrazetako erabiltzaileen artean.
Ordenantzaren aldaketa berri honen helburua da terrazak eta beladoreak instalatzeko aukera ematea, bizilagunentzat zerbitzu zabala eskain dezaketen establezimendu guztiei, indarrean dagoen legeriak zehaztutako irisgarritasun baldintzei eta bizilagunen atsedenerako eskubideari kalterik egin gabe. Era berean, hiri ingurunearekin bat datozen eta edertu egiten duten terrazak, terraza estalkiak eta beladoreak jartzearen aldeko apustua egiten da. Berriozarko Udalak aldian-aldian ikuskatuko ditu terraza eta beladore guztiak, ordenantza honen artikulu guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko, bereziki eta zuzenean herritarrei eragiten badiete, hala nola: pertsonen joan-etorriak galarazten dituztenak, bereziki mugikortasun arazoak edo zentzumenezko galerak baldin badituzte, inguruko etxebizitzetara iristen diren asotsak, okupatzen duten tokiko garbitasun edo txukuntasuna, ixteko ordutegia, eta abar.
Ordenantza hau hobeki betetzearren, ezinbestekoa izanen da lankidetza egokia izatea Udalaren eta herriko ostalaritza sektoreko elkarteen artean. Bizilagunen eta ostalaritzako establezimenduen arteko bizikidetzarako hain garrantzitsua den alderdi horretan eragina izan gogo duen ordenantzak haien arteko harreman estua eskatzen du eta etengabeko elkarrizketa ere bai, terrazak, terraza estalkiak eta beladoreak guztien gozaleku izan daitezen, inor gogaitu gabe.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Berriozarko Udalak taberna eta kafetegiei irabazizko jarduera pribatuetarako lurzoru publikoaren erabilera eta erabilera publikoko lurzoru pribatuaren erabilera arautzea du xede ordenantza honek, eta espazio hori erabili eta mantentzeko baldintzak ezartzea kontzesio hartzaileei, baita araubide tekniko eta juridikoa ezartzea ere, terrazak eta beladoreak jartzeko, bai eta, era berean, haien instalazio osagarriak jartzeko ere, hala nola eguzki babesak, eguzki oihalak, berogailuak etab.
Jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentzia duten jarduera guztiak, hala nola taberna, kafetegi, jatetxe eta taberna bereziak, erabilera publikoko enpresa eta lokalen erregistroan inskribatuta egonik, ordenantza honetan ezarritako aginduen mende daude, eta nahitaez bete beharko dituzte udal mugartean.
Prestatutako janaria saltzeko lokalak, partikularren gastronomia elkarteak, gazteen lokalak, ziberzentroak, telefonotegiak eta, oro har, erabilera publikorako ez diren lokalak, ordenantza honen determinazioetatik at daude.
2 artikulua. Definizioa.
Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta beladoretzat hartzen dira jarduera nagusia gauzatzeko Udalaren baimena izanik ostalaritzako jarduera baten osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazioen multzoa, finkoak nahiz mugikorrak. Hona hemen zenbait kontzepturen definizioa:
a) Terraza: eraikinik gabeko leku ireki batean eta jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den eta behar bezala baimenduta dagoen espazioa, bertan mahai, aulki, eguzki babes eta bestelakoak –hala nola lore askak edo loreontziak– dituena, erabilera publikorako, baimendutako ostalaritzako establezimendu bati lotuta.
b) Espazio estaliak: estalki babesa duten terrazei esaten zaie. Irekiak (terraza estalkiak) edo itxiak (beladoreak) izan daitezke.
c) Altzariak: mahaiak, aulkiak, berogailuak, lore askak, eguzkitakoak, eguzki babesak eta horrelatsukoak, den-denak terrazaren zerbitzurako edo babes nahiz mugarri gisa paratuak.
d) Altzari osagarriak: altzari osagarritzat jotzen dira osagarriak diren altzariak, zorupeko kableatu elektrikoa, fokuak, eta beste zenbait.
3 artikulua. Baimenen iraupena eta zein eremutan eman daitekeen baimena.
Terraza instalatzeko baimenaren iraupena urtebetekoa izanen da.
Terrazaren espazioaren barruan instalatu beharreko berogailuak azarotik apirilera bakarrik baimenduko dira.
Terrazaren espazioaren barruan instalatu beharreko eguzkitakoak urte osoan baimenduko dira.
Ez da inoiz denbora mugagaberako baimenik emanen. Beladoreei, terraza estalkiei eta bide publikoko galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazei dagokienez, haiek jartzeko inbertsioa kontuan hartuta, hasiera batean 2 urterako izanen da baimena, betiere zein jardueratarako eman den, hartan jarraitzen bada. Hasierako epe hori igarotakoan, baimena urtero luzatuko da.
Zein lekutan jar daitezkeen beladoreak, hona hemen:
–Iturkoa kalea.
–Foruen pasealekua.
–Nafarroako Emaileen plaza.
–Constitución plaza.
–Zenbait espaloi, aurrerago azaltzen diren baldintzetan.
Udal organo eskudunak beste espazio batzuk aukeratzen ahal ditu beladoreak ezartzeko, bai hiriko alde berrietan bai gaur egungo beste alderdi batzuetan, baldin egokia iruditzen bazaio eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Baimenak irauten duen aldian, esleitutako lurzorua jardueraren edo lokalaren zati gisa hartuko da, eta, zein jarduerari lotuta dauden, haren araubide juridikoaren eta erantzukizunekoaren mende egonen da.
II. KAPITULUA.–PARATZEN AHAL DIREN ELEMENTUEN EZAUGARRIAK
4 artikulua. Elementuen zer-nolakoak.
A) Modulu mota eta instalatu beharreko moduluaren gutxieneko neurriak: mahai batek eta lau aulkik osatzen dute terrazaren modulu tipikoa. Modulu honen azalera 4 metro koadrokoa da (2x2 metro).
B) Mahaiak eta aulkiak: mahaiak eta aulkiak aparte joanen dira, eta oro har moduluka paratzen dira, alegia, mahai batek eta lau aulkik osatuko dute modulu bat. Salbuespenez, baimentzen ahalko dira banku finkoak dituzten mahaiak, baldin eta errespetatzen badira legeak eta ordenantza honek finkatuak dituzten pasabide libreak, eta baldin eta egunaren 24 orduetan eta baimenak iraun bitartean ez badie eragozpenik sortzen inguruko bizilagunei, dela pasabidea eragozteagatik, dela asotsagatik, dela erabilera neurrigabeagatik.
C) Eguzkitakoak: ehunezko edo plastikozko elementu tolesgarriak dira, euskarri bakarrekoak, mahai eta aulkien gainean daudenak erabiltzaileak eguzkitik babesteko. Erabilitako materialek CTE SIk markatutako portaera bete beharko dute suarekiko. Ez da baimenduko hegalak edo alboko itxitura osoak nahiz partzialak dituen eguzkitakorik. Ez dira eguzkitako gisa baimenduko "haima" motako elementuak.
D) Lore askak eta loreontziak: terrazetan edo terraza estalkietan soilik eman daiteke baimena loreontzi edo lore asken lerro bat jartzeko terrazaren okupazioaren perimetroan, terrazetako erabiltzaileak pasabideetatik babestu edo bereizteko. Baimenduko den okupazioaren zabalera 0,50 metrokoa izanen da gehienez, eta loreontziaren altuera 0,40 metrokoa gehienez. Elementu horiek okupatzen duten azalera kontuan hartuko da tasak kalkulatzerakoan eta eremuen okupazioaren mugak jartzerakoan, eta baimen eskaeran bertan azaldua eta definitua egonen da.
E) Haize babesak: landaredunak ez diren elementuak, superfizialak eta zutikakoak dira, gehienez ere 1,70 metroko altuerakoak espaloitik neurtuta, terrazaren hainbat leku bistatik ezkutatzeko edo haizetik babesteko erabiliak. Ez dira paratzen ahalko beladoreetan edo terraza estalkiak dauden tokietan. Terraza irekietan soilik paratzen ahalko dira, betiere egonkortasuna eta oinezkoen, erabiltzaileen nahiz ondasunen segurtasuna zainduta eta bermatuta. Elementu horiek okupatzen duten azalera kontuan hartuko da tasak kalkulatzerakoan eta eremuen okupazioaren mugak jartzerakoan, eta baimen eskaeran bertan azaldua eta definitua egonen da bai hartuko den azalera bai haize babesen eredua.
F) Espazio estaliak: iraunkorrak dira, eta honelakoak izan daitezke:
a) Itxiak edo beladoreak: eremu hauek horizontalki mugatuta daude, estalki finko edo mugigarri batekin, egitura zoruaren gainean jarrita, eta bere zoladura duena, espaloiaren sestratik goiti.
b) Irekiak edo terraza estalkiak: mahai eta aulkiak dituzten terrazak estalita eta alboetan itxita egon daitezke elementu hauekin, eta hauek iraunkorrak eta altxagarriak izanen dira. Terrazen eta haiek estaltzeko elementuen itxitura bukatuak estali gabeko terrazen distantzia mugak bete beharko ditu, eta, gainera, barnean eremu libre bat eduki beharko du beti, gutxienez 2,30 metroko altuerakoa puntu guztietan; itxituraren kanpoaldeko zatirik garaiena 1,5 metrora egonen da gutxienez, honako hauetatik bertikalean neurtuta: jarduera kokatuta dagoen eraikinaren lehen solairuko begiratokiaren edo balkoiaren lauzaren azpiko aldetik, edo fatxadako lehen solairuko leihoen beheko ertzetik.
Lokalaren fatxada alderako alboaldea beti irekita egonen da. Gainerako alboak irekita edo itxita egonen dira, edo erraz mugitzen ahal dira, betiere espazio publikoan sartu gabe.
G) Berogailuak: indarrean dagoen araudiak homologatutako modeloak baino ez dira baimenduko horrelako instalazioetarako. Berogailuak kontsumo txikikoak izanen dira, betiere ingurumenaren jasangarritasuna ahalik gehien errespetatzeko.
H) Publizitatea: beladoreen kanpoaldean, establezimenduaren izena eta jarduera mota jartzen ahal dira. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimendu titularraren izena paratzeaz gain marka komertzialena ere paratzen ahal da, modu nabarmenean ez bada, eta indarrean dagoen legedia betez. Berariaz debekatzen dira publizitaterako terraza eta beladore estandarrak, bai eta tabako laboreen edo apustu etxeen publizitatea ere.
5 artikulua. Elementuen eta materialen homogeneotasuna.
Oro har, mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta ezartzen diren gainerako elementuak ahalik eta asots gutxien ateratzen duen materialekoak izanen dira; bestela, egokitu beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Mugitzean asotsa galarazteko, mahaien eta aulkien hanka guztiek gomazko takoak edo ahalik eta asotsik txikiena ateratzeko elementuak eduki beharko dituzte beti jarriak.
Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab.) ez dira zoladuran tinkatzen ahalko eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira, ordenantza honetan ageri diren salbuespenezko egoeretan edo terraza estalkietan izan ezik.
Behar publiko justifikaturen bat edo jarduera paratua den eraikinaren beharren bat izanez gero (eremua udal kontuetarako erabiltzea, edo dela eremu publikoa dela eraikina konpontzea nahiz bertan mantentze lanak egitea etab.), terrazaren erabiltzaileak desmuntatu egin beharko du, eremu publikotik kanpo gorde eta jarduketa bukatu ondoren berriz muntatu, kostua eta erantzukizuna bere gain hartuz, eta ez da inolako kalte ordainik sortuko, tasa murriztea salbu, baldin eta egoerak astebete baino gehiago irauten badu.
Baimen eta/edo establezimendu baten multzo bateko elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira. Terrazen diseinuak, materialek edo koloreek ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin, eta kromatismoa, materialak eta diseinua ahalik eta berdinena izan beharko dituzte. Gainera, istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak.
Altzariek (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, eguzki babesak, haize babesak, beladoreak eta abar) eta hiri inguruneak halako harmonia eta estetika izan dezaten, ezaugarri hauek izanen dituzte:
a) Materialak: erresistenteak eta seguruak izanen dira, eta harat-honat mugitzean asotsik ateratzen ez dutenak, eta zenbait material konbinatzen ahal dira, hala nola zur tratatua, biniloa, zumea, plastiko estrusionatuak jarleku eta bizkarraldeetan, etab. Mahaiek eta aulkiek bat etorri beharko dute beren artean.
b) Koloreak: paratzen diren altzarietan kolore neutroak erabiliko dira (zuriak, kremak, metalizatuak). Ezin da kolore deigarri eta/edo biziegirik erabili.
Nolanahi ere, haize babesen, lore asken eta terraza estalkien kasuan, ikusmen arazoak dituzten pertsonek aise antzeman ditzaten, inguruko zoladuraren kolorearekiko erabateko kontrastea egiten duen zerrenda bat izan behar dute lurzoruaren parean.
c) Eguzkitakoak: ehunezko edo plastifikatutako materialez eginak izanen dira, lauak, eta suarekiko portaeraren alorrean CTE SIk eraikuntzako eta dekorazioko elementuetarako adierazitako zehaztapenak beteko dituzte. Euskarria arina eta desmuntagarria izanen da. Mahai bakoitzerako banakakoak ez dira zoruan lotzen ahalko. Eguzkitakoetarako, berariazko lizentzia beharko da, eta hasierako eskaeran jasoko da, edo berariazko baimena beharko da lehendik dagoen terraza batera gehitu nahi badira. Elementu horien oinplanoko proiekzioak ez ditu terraza baimenduaren mugak gaindituko, beste murrizketa batzuk izan ezean. Osagai guztiek 2,30 metroko altuera libre utziko dute gutxienez, eta ez dira sartzen ahalko terrazarako baimendu gabeko espazioetan, ez kalekoetan ez espaloikoetan.
Lokalak eguzki oihala izanez gero, lokalaren fatxadan jarriko da, eta Eraikuntzaren Ordenantza Orokorraren 33. artikuluko baldintzak errespetatu beharko ditu, hau da, 1,5 metroko hegalkina gehienez eta 2,30 metroko altuera librea gutxienez. Eguzki oihalak terrazaren eremua estal dezakeenean, baimena emanen da hegalkina mahaien eremua estali arte luzatzeko, puntu guztietan 2,30 metroko gutxieneko altuera librea errespetatuz, terraza muntatuta dagoen bitartean. Instalazioa kentzen den unean eta/edo hori erabiltzeko ordutegitik kanpo, eguzki oihala bildu egin beharko da, Eraikuntzaren Ordenantza Orokorrean hegalkinerako ezarritako mugak bete arte.
Terrazak estalkia baldin badu, fatxadako eguzki oihalak ez du inoiz estaliko lokalaren eta terrazaren arteko tartea, erabat debekaturik egonen baita "tunel efektua" sortzea. Kasu horretan eguzkitakoak ere debekatuta egonen dira.
d) Espazio estaliak: diseinu berezi irekia edo gardena izanen dute, bistetarako trabarik gabea, batez ere; ez dira oztopo izanen ingurua ikusteko, eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen. Egiturazko elementuak zurez, aluminioz edo metalez fabrikatuta egonen dira, eta erraz desmuntatzekoak izanen dira. Espazio estalien itxitura bukatuak estali gabeko espazioen distantzia mugak bete beharko ditu, eta, gainera, barnean gutxienez 2,30 metroko altuerako espazio librea izan beharko du beti. Espazio estaliaren sabaiaren kanpoko akabera, punturik garaienean, 1,5 metrora egonen da gutxienez, honako hauetatik bertikalean neurtuta: jarduera kokatuta dagoen eraikinaren lehen solairuko begiratokiaren edo balkoiaren (halakorik balego) lauzaren azpiko aldetik, edo fatxadako leiho baxuenen beheko ertzetik.
Ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, gutxienez 30 cm-ko zerrenda bat izanen dute, lurzoruan eta estalitako espazioaren kanpoaldetik, zoladuraren kolorearekiko erabateko kontrastea egiten duen kolore batekoa. Alboko itxiturek, tolesgarriak badira, biltzen direnean, goiko aldean egon beharko dute beladoreetan, terraza estalkiaren eremuan, eta betiere kolore kontrastea duen eremuan, hobeki ikusteko.
Euri urak biltzeko eta horiek ertz erreten edo estolda zuloetara bideratzeko elementuak eduki beharko dituzte.
CTE DB SUA eta SIk adierazitako erabilera baldintzak bete beharko dituzte, bereziki eraikuntzako eta dekorazioko materialek suarekiko eduki beharreko portaeraren alorrean.
Beladoreetan, alboetako itxiturak nagusiki material gardenekin eginen dira (%60 baino gehiago) eta zurrunak izanen dira; lerragarriak edo tolesgarriak izaten ahal dira. Terraza estalkietan, eremuaren mugaketarako elementu baxuak egoten ahal dira, lurretik 70 cm-koak, gehienez ere. Beladorearen barneko edozein puntutan gutxieneko garaiera librea 2,40 metrokoa izanen da, eta beti bete beharko dituzte hainbat baldintza, hala nola suteen gaineko legeriak ebakuaziorako zehazten dituenak, irisgarritasunekoak eta CTE SUArenak, baita aireztapenari eta airearen kalitateari dagozkienak ere, itxiak badira.
Beladoreei eusteko plataforma lurretik 5-10 zentimetrora egonen da. Zoladurari lotu ahal izateko, Udalak baimena eman beharko du, eta lotzen ahalko da, betiere, lur azpian garajerik edo sotorik ez badago, edota bermatzen bada finkatze elementuek ez dutela irazgaiztasunean eraginik izanen, eta lizentziaren titularrak bermatzen badu edozein arrazoi dela-eta instalazioa kenduz gero zoladura eta okupatutako lurzorua egoera ezin hobean berreskuratuko direla. Horretarako, 1.200 euroko abala eratuko da.
Beladorearen eredua Udalak onetsi beharko du baimenaren kontzesioaren ekintzan, eta exekuzio proiektua beharko du egina izan (aurrekontua barnean hartuta), teknikari eskudun batek prestatua, eta bertan frogatu Eraikuntzako Kode Teknikoa eta aplikagarria den gainerako arautegia betetzen direla.
Terraza estalkiak aluminiozkoak, burdinazkoak edo zurezkoak soilik izanen dira, edo ehunezko materialekin edo plastiko gardenekoekin nahasiak. Lurrean tinkatuak egonen dira, eta beti oinezkoen ibilbideak eta harat-honatak eta bidegorriak galarazten ez badituzte. Estalkiak eta alboak eratzen dituzten sostengu elementuak eta itxiturak zoruan ongi finkatuta egonen dira segurtasuna bermatzeko, eta desmuntagarriak izan beharko dute, "mekano gisa". Alboko eta sabaiko itxiturak olanak edo antzekoak erabiliz eginen dira, erraz desmuntatu ahal izateko, hiri eremua edo instalazioak nahiz eraikinak erabili beharren ondorioz edo mantendu beharraren ondorioz.
Terraza estalkien itxitura bukatuak estali gabeko terrazen distantzia mugak eta gainerako baldintzak bete beharko ditu, eta barnean gutxienez 2,30 metroko altuera izan beharko du beti libre, puntu guztietan.
Lokalaren fatxada alderako alboaldea beti irekita egonen da. Gainerako alboaldeak irekita edo itxita egon daitezke, erabili bitartean.
Terraza edo jarduera ixten denean itxita egon beharko dute.
Terraza estalkiaren eredua Udalak onetsi beharko du baimenaren kontzesioaren ekintzan, eta exekuzio proiektua beharko du egina izan (aurrekontua barnean hartuta), teknikari eskudun batek prestatua, eta bertan frogatu Eraikuntzako Kode Teknikoa eta aplikagarria den gainerako arautegia betetzen direla.
e) Haize babesak: aluminiozkoak, burdinazkoak edo zurezkoak soilik izanen dira, edo ehunezko materialekin edo plastiko gardenekoekin nahasiak. Lurrean tinkatuak egonen dira zerbitzua ematen duen terrazak baimena duen bitartean, edo kontrapisurako elementuak izan beharko dituzte egonkortasuna bermatzeko, betiere oinezkoen ibilbideak eta harat-honatak galarazi gabe. Baimenarekin batera joanen dira, harekin batera eskatu beharko dira eta jarriko diren ereduen planoak edo argazkiak aurkeztu; eta terraza muntatzean jarri eta desmuntatzean kendu beharko dira. Beti bermatu beharko da erabilera esfortzu guztien kontrako eta haizearen kontrako erresistentzia, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko.
Elementu horiek CTE DB SUAren erabilera baldintzak bete beharko dituzte, eta inguruko zoladurarekin kolore kontrastea dutela bermatu beharko dute, ikusmen urritasunak dituzten pertsonek hauteman ditzaten.
Berariaz debekatuta daude lehen deskribatu baldintza edo materialak betetzen ez dituzten publizitateko terraza estandarrak.
III. KAPITULUA.–UDALAREN LIZENTZIA ESKURATU BEHARRA
6. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.
Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.
Terrazak eta beladoreak instalatzeko baimena emateko, ezinbestekoa izanen da establezimendu eskatzaileak honako hauek betetzea:
–1. artikuluan adierazitako lokalen zerrendan egotea.
–Ordainketak egunean izatea.
–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egotea.
–Lokalak jarduera eta irekiera lizentzia izatea.
–Nafarroako Gobernuaren jolas jardueren erregistroan inskribatuta egotea eta erabilera publikokoa izatea.
–Berriozarko Udalarekin inolako zerga zorrik ez izatea.
7. artikulua. Aurretiazko lizentzia behar ez duten instalazioak.
Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, kasu hauetako batean badaude:
a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.
b) Herriko jaietako ekitaldiak direla-eta aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.
8. artikulua. Nolako tokietan kokatzen ahal den instalazioa.
Terrazak eta beladoreak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan paratzeko lizentzia ematen ahalko da, terraza edo beladorea jartzen den eremuaren alderako fatxada badute.
Erabilera publikoko zortasuna duen lurzoru pribatua bada, lizentziaz gain, haren jabeen baimena eduki beharko da terraza instalatzeko. Baimen hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
9. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.
Udalaren organo eskudunak beladore, terraza eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du, baldin eta hala eskatzen badute interes publikoak, irisgarritasunak, trazadurak, kokalekuak, bideko segurtasunak edo bestelako inguruabarrek, bai eta hurrengo kasuetan ere:
–Terrazaren azalera osoa 60 m²-tik goitikoa izatea.
–Terrazak lehendik dauden edo aurreikusita dauden berdeguneak ukitzea, edo lehendik dauden zuhaitzak kendu edo inausi behar izatea.
–Instalazioa galtzadan edo ibilgailuen aparkalekuan egin nahi izatea; dena den, kontuan izanen dira 10,7. artikuluan aipatzen diren salbuespenak.
–Instalazioaren zerbitzua betetzeko galtzada gurutzatu behar izatea, salbu eta lokaleko irteerako atearen parean zebra bidea badago eta instalazioa establezimenduaren parean jartzen bada, eta jardueraren ondoko espaloian jartzerik ez badago eta paratu nahi den espaloi eremuan terraza paratzeko baldintzak betetzen badira. Salbuespen hori ez da aplikatuko terraza estaliak (beladoreak eta terraza estalkiak) jarri nahi direnean.
–Bide segurtasunari kalte egitea (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzea.
–Inguruko eraikin eta lokalen sarbidea eta segurtasuna ukitu ahal izatea (ebakuazio eremuak edo suteen aurkako babes sistemak).
–Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, telefono kabinak, zaborrak biltzeko sistemak, txakurren aisialdirako espazioak, etab.) erabilera galaraztea, edo modu larrian zailtzea.
–Honako hauek oztopatzea, murriztea edo kentzea: oinezkoen ibilbide irisgarriak, oinezkoen pasabideetarako eta desgaitasuna duten pertsonentzako plazetarako sarbideak, arrapala guneak, oinezkoen pasabideak edo galtzada-inbaditzaileak eta hiriko garraio publikoaren geralekuak. Edo ikusmen urritasuna duten pertsonen zirkulaziorako beharrezkoa den eraikuntza-lerroaren jarraitutasuna haustea (uztailaren 23ko TMA/851/2021 Aginduaren 46. artikulua, irisgarritasuneko eta espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta horiek erabiltzeko oinarrizko baldintzei buruzko dokumentu teknikoa garatzen duena).
–Ordenantza honetan zehazten diren baldintzak ez betetzea.
Terrazak pertsonen segurtasunari eta trafikoaren baldintzei eragin badiezaieke, baimena eman aurretik udaltzaingoak txosten bat eginen du terrazak ezartzeko egokitasunari buruz eta, hala badagokio, alternatibei buruz.
IV. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN BALDINTZAK
10. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.
1. Instalazioa ez da jarduera nagusia hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, salbu eta haren ondokoek baimen idatzia ematen badute; betiere, bermatu beharko da ez duela bidea eragozten ondoko etxebizitza eta lokaletara, bidegorrietara, oinezkoen ibilbide irisgarrietara eta oinezkoen pasabideetara, edo garraio publikoaren elementuetara iristeko.
2. Ahal delarik, terrazak luzetara jarriko dira eta espaloiaren ertzari jarraituz, harekiko tartea gutxienez 30 zentimetro izanik, betiere 1,80 metro zabaleko pasabidea libre utzirik eraikinaren fatxadari atxikia (TMA/851/2021 Aginduaren 5. art.). Nolanahi ere, debeku da oinezkoen pasabideen gainean edota haien oketsen arrapalen gainean jartzea, baita haien luzapenetan ere erabileraren noranzkoan, zabalera izanik 1,8 metro gutxienez, fatxadaren ondoko zerrenda libreetaraino.
3. Ez da terrazarik paratzen ahalko espaloietan edo oinezkoentzako espazioetan, baldin eta ez bada bermatzen oinezkoendako pasabide iraunkor bat, gutxienez 1,80 metroko zabalera librea izanen duena, oztoporik gabea eta eraikinen fatxaden lerroan, oinezkoen pasabideekiko eta gainerako ibilbideekiko 1,80 metro zabaleko lotura garbi eta sinpleekin.
4. Espaloiek erabilera publikoko arkupe edo ataripe irisgarriak izanez gero, terraza espaloiaren gainean jarriko da, eta 30 cm-ko eremua libre utziko da beti, ibilgailuak aparkatzeko zintarriaren ondoan, zuhaitz-zerrendaren ondoan (halakorik bada) eta oinezkoak igarotzeko arkupeen ondoan, eta ez da onartuko horien barruan inolako elementurik jartzea. Horiek libre egon beharko dute, baita kolomarteek ere, taberna edo terraza erabiltzeko elementu guztietatik.
5. Era berean, debeku da estalitako espazioak instalatzea honako hauen parean: oinezkoen pasabideak, desgaitasunak dituzten pertsonek aparkatzeko tokiak, larrialdi irteerak, hiriko garraio publikoaren geralekuak, taxien aparkalekuak, beira, kartoi eta zaborren edukiontziak, ibilgailuen irteerak etab. Debekuaren salbuespena izanen da bermatzen bada paretaren ondoan zirkulaziorako uzten den 1,80 metroko zerrendaz gain, 3 metroko zabalerako zerrenda utz daitekeela, oinezkoek erabiltzeko ertzetik eta hiriko garraio publikoa erabiltzen dutenak igo eta jaistekotik neurtuta.
6. Bidegorriak ez dira inolaz ere hartzen ahalko terrazekin edo beladoreekin, eta galtzada gisa hartuko dira kontuan distantzien kalkulurako. Beladoreak instalatu nahi badira, kontuan hartuko da etorkizunean egitekoa den bidegorriaren trazadura, eginak diren proiektuen edo hirigintzako planeamenduko determinazioen arabera.
7. Lokalek, beren jarduera motagatik (1. artikulua), terrazak jartzeko baimena eskura dezaketenean, baina erantsitako zerrenda ageri diren kaleetan egonik terrazarik jartzerik ez dutenean espaloien zabalera dela-eta, salbuespenez eskuratzen ahalko dute baimena eremu publikoa erabiltzeko, baldintza hauek betez:
a) Terrazak paratzen ahalko dira ostalaritza jarduera dagoen kale zatiko aparkalekuen %10 bete arte; kale zati hori izanen da establezimenduak gertuen dituen bi kaleen artekoa, ondoan duen espaloi aldean, eta kalearen bi aldeetako aparkaleku plazak zenbatuko dira. Okupazio horien baimena eskaerak erregistratzeko hurrenkeraren arabera ebatziko da, baimendutako mugara iritsi arte.
b) Eremu publikoa okupatzean, terrazek beste erabilera batzuekin bateragarri behar dute izan, ez galarazteko ez oinezkoen joan-etorriak ez beste herritar batzuen jarduerak. Bestalde, II. kapituluan ezarritako determinazioen arabera paratu behar dira, eta aldameneko etxebizitzetako herritarrak ez gogaitzeko moduan. Horretarako, baimena eskuratzeko, terraza instalatu aurretik, Hirigintza Arloak eta Udaltzaingoko Herritarren Segurtasunerako Arloak aldeko txostena eman beharko dute, eta aldez aurretik proiektua aurkeztu beharko da, elementu guztiak behar bezala definituta, bai materialei dagokienez, bai koloreei, diseinuari eta neurriei dagokienez.
c) Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.
d) Galtzadaren okupazioa egitura eramaile horizontal baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzada gaineko eremurako sarbidean irtengunerik eta eskailera mailarik ez duelarik. Eraikuntzako arrazoiak direla eta, behin betiko oztoporik gabe geratuko dela bermatzeko, plataforma 5 cm bermatzen ahalko da zintarriarekin bat egiten duen gunean, gehienez ere 2 cm-ko irtengunearekin, eta gehienez ere 45 ºC-tan alakatuta egonik.
e) Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean, betiere suarekiko portaerarako baldintzak eta irristagarritasun baldintzak betez (2. mota, CTE DB SUA, 1. zatia). Beste edozein soluzio teknikoren instalazioa argi eta berariaz sartuko da proiektuan, eta udal agintaritza eskudunaren aldez aurreko baimena beharko da. Azken zoladurak %2ko malda izan beharko du urak espaloi ertzeko erretenera bideratzeko.
f) Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin bada, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ez dira inola ere izaten ahalko establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian).
g) Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.
h) Galtzadaren gainean paratutako terraza eremurako sarbide bakarra ondoko espaloitik izanen da. Instalazioaren ezaugarriek fisikoki galaraziko dute sarrera galtzadako edo aparkatze eremuko edozein tokitatik. Horretarako, eta terrazaren erabiltzaileek erorketarik izan ez dezaten, babes elementuak edo haize babesak jarriko dira inguruz inguru, 4f eta 5f artikuluetan zehaztutako moduan, baina behar bezain sendo, galtzada aldera ez iraultzeko eta erabiltzaileak ibilgailuen zirkulaziotik babesteko.
i) Instalazioaren diseinuak ez du eragozpenik sortu behar galtzadatik euri urak husteko sistemaren edo bestelako edozein instalazio edo zerbitzu publikoren funtzionamendu eta erregistragarritasun normalerako eta haien mantentze lanak ere normaltasunez egiteko. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan.
j) Eguzkitakoak paratzeko eskaera egiten bada, tolesgarriak izanen dira, 5c artikuluan elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, instalazioko zoruan ainguratuta eta finko egon behar dute, eta galtzadaren gehigarriaren inguruan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea. Elementu horiek beti geratuko dira terrazaren mugetatik galtzadarantz 25 cm-ra, proiekzio horizontalean neurtuta. Terrazak eguzkitakoak baditu, ez da erabiltzen ahalko lokaleko olana, halakorik badu, terrazaren eremua estaltzeko, eta are gutxiago fatxadarekiko pasabide librea estaltzeko, hala, "tunel efektua" saihestuz.
k) Terraza mota berezi honetan espresuki dago debekatuta espazio estaliak paratzea (terraza estalkiak eta beladoreak).
l) Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ez da zoladuran lotzen ahalko, eta diseinuak (neurriak, pisua, etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.
m) Ez dira puntu honetan zehaztutako aparkalekuak erabiltzen ahalko, baldin eta dagoen espaloia terraza normal bat instalatzeko modukoa bada.
n) Terraza mota hauek paratzeko argi frogatu behar da aipatu diren zehaztasun guztiak betetzen direla. Halaber, proiektu teknikoak bermatuko ditu oinezkoak eta ibilgailuak eremu publikoan segurtasunez ibiltzeko baldintzak, eta azalduko dira terraza hor jartzeko arrazoiak.
Terraza horiek salbuespenez ezartzeko baimena duten lokalek zein espaloietan jarriko dituzten:
–San Agustin, bakoitiak 1etik 23ra.
–Lekoartea, bikoitiak 2tik 24ra.
–Lekoartea, bakoitiak 1etik 17ra, eta ataririk gabeko eremua Artekale eta Errekaldea artean.
–Iruñalde, bikoitiak 2tik 18ra.
–Iruñalde, bakoitiak Gipuzkoako etorbidearen eta Done Eztebe plazarako sarreraren arteko eremuan, eta 9tik 15era.
–Kaleberri, bikoitiak Gipuzkoako etorbidearen eta Done Eztebe plazarako sarreraren arteko eremuan, eta 6tik 16ra.
–Kaleberri, bakoitiak 1etik 5era.
–Gipuzkoako etorbidea, bikoitiak 12tik 22ra.
–Gipuzkoako etorbidea, bakoitiak 15etik 29ra.
–Arantzazu, bikoitiak Kaleberri eta Done Ezteberako sarreraren artean.
–Donamaria, bakoitiak.
–Artekale, bikoitiak.
–Artekale, bakoitiak 1etik 3ra (Eguzki plazaren eremua izan ezik).
–Artekale, bakoitiak 5etik 15era.
–Errekaldea, bikoitiak 10etik 16ra.
Herriko jaietan, adierazitako eremuetan dauden eta espaloian terraza duten establezimenduek aparkalekuak okupatzeko eskaera egiten ahalko dute. Okupazio horrek ez du gaindituko, lokalaren fatxadaren eta aparkaleku plazen luzera eta zabalera. Baimenak herriko jaiak ospatzen diren egunetarako bakarrik balioko du, eta ez da bateragarria izanen espaloiko terrazarekin.
Zabalpen horrengatik ordaindu beharreko tasa 17. Ordenantza Fiskaleko 1.5 epigrafean ezarritakoa izanen da, tokiko jabari publikoaren lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen aprobetxamendu bereziengatiko tasak arautzen dituena.
Mahaiak, aulkiak eta eguzkitakoak baino ez dira paratzen ahalko. Espazioak erabat perimetratuta egon beharko du, eta alboko espaloitik bakarrik sartzen ahalko da bertara.
11. artikulua. Oinezkoentzako kaleetako instalazioak (edo oinezkoentzako tarteen parekoak diren zabalera handiko espaloiak).
1. Lizentziak ematerakoan, kontuan hartuko dira ibilgailuen inoizkako zirkulazio beharrak eta oinezkoenak, bidearen erabileraren arabera, betiere gutxieneko erreferentzia izanik TMA851/2021 Aginduaren determinazioak.
2. Terraza eta espazio estalietan beti utziko dira zerrenda libreak eraikinen edo fatxadaren lerro jarraituen ondoan (TMA851/2021 Aginduaren 46. art.), gutxienez 2,50 metroko zabalerakoak, terrazekin eta haien erabilerarekin lotutako edozein oztopotik salbu. Espazio hori ez da estaltzen ahalko fatxadako olanekin edo eguzkitakoekin, tunel efektua baztertzeko.
3. Instalazioaren gehieneko luzetarako garapenak eta zabalerak ez du gaindituko jarduera nagusiaren euskarri den establezimenduaren fatxadaren luzera. Terrazaren kasu partikularrean, baimena emanen da, baldin eta terrazaren mugakide diren lokalek aldez aurretik eta idatziz baimena ematen badute, eta ondoko etxebizitza eta lokaletarako igarobidea bermatzen bada.
4. Jarduera baterako baimendutako terrazak hartzen duen azalera osoa, beladorearen edo terraza estalkiaren azalera (halakorik izanez gero) kontuan hartu gabe, ez da 60 m² baino handiagoa izaten ahalko, eta eremu jarraitu batean kontzentratuta egon beharko du, ez baitira onartuko terraza etenak edo terraza barreiatuak.
12. artikulua. Instalazioak plazetan.
Plazetan terrazak eta espazio estaliak jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera eginen dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:
a) Instalazioaren gehieneko luzetarako garapenak eta zabalerak ez du gaindituko jarduera nagusiaren euskarri den establezimenduaren fatxadaren luzera. Terrazaren kasu partikularrean, baimena emanen da, baldin eta terrazaren mugakide diren lokalek aldez aurretik eta idatziz baimena ematen badute, eta ondoko etxebizitza eta lokaletarako igarobidea bermatzen bada.
b) Bertako etxebizitzen eta lokalen sarbideak bermatu beharko dira, baita lehenbizikoen segurtasuna ere, eta bertan jarritako hiri altzarien erabilera egokia eta irisgarritasuna.
c) Udal zerbitzuen (garbiketa, garbigailuak etab.) eta larrialdiko zerbitzuen (suhiltzaileak, anbulantziak etab.) funtzionamendua bermatuko da.
d) Terraza estalietan edo estali gabeetan, beti utziko dira zerrenda libreak eraikinen edo fatxadaren lerro jarraituen ondoan (TMA851/2021 Aginduaren 46. art.), gutxienez 2,50 metroko zabalerakoak, terrazekin lotutako edozein oztopotik salbu. Erabilera publikoko arkupeak dituzten plazetan, terraza arkupearen mugaraino iristen ahalko da.
e) Plazako arkupeak (halakorik bada) ez dira okupatzen ahalko. Horiek libre egon beharko dute, baita kolomarteek ere, taberna edo terraza erabiltzeko elementu guztietatik.
f) Jarduera baterako baimendutako terrazak hartzen duen azalera osoa, beladorearen edo terraza estalkiaren azalera (halakorik izanez gero) kontuan hartu gabe, ez da 60 m² baino handiagoa izaten ahalko, eta eremu jarraitu batean kontzentratuta egon beharko du, ez baitira onartuko terraza etenak edo terraza barreiatuak.
V. KAPITULUA.–UDALAREN LIZENTZIA TRAMITATZEA
13. artikulua. Lizentzia eskatzea.
1. Jarduketa mota dela eta, ez zaie jarduera horiei erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea aplikatzen ahalko.
2. Jardueraren titularrak edo jarduera kudeatzen duen edo alokatuta duen pertsonak eskatu beharko du lizentzia, eta jarduerari loturik egonen da. Interesdunak erregistro orokorrean aurkeztuko du eskabidea, artikulu honetan adierazten diren agiriekin batera. Eskabidea alkatetzara zuzendua izanen da eta honako datu hauek adieraziko ditu:
a) –Eskatzailearen izen-deiturak.
b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.
c) Jardueraren izena eta kokalekua.
d) Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFK eta abar).
e) Terrazaren erabilerarako jardueraren gaineko erantzukizun zibileko aseguruaren kopia edo hura baduela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena, hain zuzen ere instalazioak erabiltzaileei nahiz hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalteak estaltzeko adinakoa.
f) Ondoko etxebizitza eta lokalek emandako baimenaren egiaztagiriak, halakorik behar denean.
g) Kokalekuaren planoa, gutxienez 1:200 eskalakoa, argi eta garbi zehaztuta instalazioak okupatzen duen eremua, mahaien eta aulkien banaketa, alboetako babesak eta abar. Orobat, fatxadaren luzera eta eremu libreen zabalera adierazi beharko dira; gainera, hiri elementuak (trafiko seinaleak, arbolak, bankuak, zutabeak, hiri altzariak etab.) eta udal zerbitzuetan izan daitekeen eragina (urak, saneamendua, gasa etab.) azalduko dira. Planoan, lokalaren fatxadak, espaloiak, aparkalekuak, terrazarekin erabili beharreko eguzki oihalak eta abar ere jasoko dira.
h) 10.7 artikuluan zehaztutako espazioetan galtzada gehigarria duten terrazen eta espazio estalien (beladoreak eta terraza estalkiak) kasuan, teknikari eskudun batek idatzitako proiektua aurkeztuko da, instalazioa gauzatzeko aurrekontua barnean hartuta, eskulanaren eta materialen kostua barne.
i) Ordenantza honek instalazio motaren arabera xedatutako fidantza jartzea.
3. Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak badituela jarduerarako eta martxan jartzeko nahitaezko lizentziak, eta Udalarekiko betebeharren ordainketak egunean dituela.
4. Behin egintza adieraziaren bidez lizentzia emanda, hura besterik gabe berritutzat joko da, aurreko baimenaren baldintza beretan, toki berean eta mahai eta aulki kopuru bererako, eta instalazioa paratzeagatik ordaindu beharreko tasak eta fidantzak kobratuko dira adierazitako kontu zenbakitik. Halaxe eginen da, salbu eta instalazioa kentzera behartu bada, zehapen baten ondorioz, tasak ez ordaintzeagatik, fidantzak ez gordailutzeagatik edo ordena publikoko arazoengatik.
Instalazioa kenduz gero edo hartan edozein aldaketa sartuz gero, dela mahai eta aulkien kopurua handitu edo murriztu delako, terraza tokiz aldatu delako edo eguzkitakoak nahiz elementu berriak sartu direlako eta abar, lehenik Udalari eman beharko zaio horren berri, eta betiere egitura berria ezarri baino 20 egun lehenago gutxienez, instalatu aurretik baimen berria eman dadin.
Jarduera utziz gero edo lokalaren kudeaketan baja emanez gero, modu eraginkorrean jakinarazi beharko zaio Udalari; bestela, tasak kobratuko dira eta berritutzat joko dira.
Lokalaren titulartasuna aldatzen bada edo kudeatzaile berriak badaude, alokatu edo eskualdatu egin delako, terrazarako baimen berria izapidetu beharko da jarduera kudeatuko duen pertsonaren alde.
14. artikulua. Ebazpena.
1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa egin ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.
2. Lizentziaren agirian, instalazioaren, eguzkitakoen eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak Orobat, terrazaren edo espazio estaliaren ordutegia finkatuko da, baita murrizketak ere, baleude.
3. Baimena ematea bidezkoa ez bada edo eskatutako lizentzia ematea egokitzat jotzen ez bada edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.
4. Eskatzaileak ez badu ordaintzen ordenantza fiskaletan zehaztutako prezio publikoa, eremu publikoa okupatzeari dagokiona, edo ordenantza honetan zehaztutako fidantzak ez baditu jartzen edota ordenantza honen arabera jarritako isunak ez baditu ordaintzen, lizentzia bertan behera geldituko da, eta bere jarduerari lotutako instalazio guztiak berehala kendu beharko ditu.
15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.
1. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardunean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala kendu edo gutxitzeko.
2. Udal lizentzia prekarioan emanen da beti, eta udal organo eskudunak instalazioa bide publikotik kentzeko agintzen ahalko du; baimendutako instalazioen titulartasunaren kontura izanen dira gastuak. Ez du kalte ordainik jasotzeko eskubiderik emanen, baldin eta trafikoarekin, urbanizazioarekin, espazioaren erabilerarekin edo interes orokorreko beste edozerekin lotutako arrazoiengatik (besteak beste, etxebizitzei, auzotarrei, saltokiei edo bide publikoari sortutako arazoengatik) hala egin behar dela jotzen bada. Horretarako, beladoreen, terraza estalkien, haize babesen eta abarren instalazioak erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira, une oro erabiltzaileen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko.
3. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera, baita erabiltzaileei edota hirugarrenei egiten zaizkienak konpontzera, jarduera nagusiari atxikia dagoen aseguruaren bidez.
4. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita. Beladoreen eta terraza estalkien kasuan zehazki –garbiketa zerbitzuko makinek eremu publikoa garbitzeko eragozpena direnez–, terraza instalatzeko eskaera egin duen pertsonaren ardura izanen da lokalaren fatxadatik terraza estalirainoko espaloiaren zabalera guztia garbitzea.
5. Terrazen lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, erabat edo zati bat. Beladoreen edo terraza estalkien kasuan eskualdaketa egin daiteke lokalaren jarduerarekin batean, gelditzen den denborarako eta betiere jarduera aldi baterako uztea gertatzen ez bada.
6. Udalaren obrak eta ekitaldiak direla eta, terrazak eta beladoreak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte ordainik hartzeko eskubiderik gabe.
7. Establezimendu bakoitzeko terraza lizentzia bakarra emanen da, gehienez ere 60 m²-ko azalerarako.
8. Jarduera aldi baterako edo behin betiko uzten bada, edo jarduera kudeatzen duen pertsonak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan baja ematen badu, terraza, terraza estalia edo beladorea eta haren osagarri guztiak ezartzeko lizentzia bertan behera geratuko da eta berehala kendu beharko dira. Terraza berriz instalatzeko, berriz baimendu beharko da eta berriz ordaindu beharko dira tasak eta fidantzak.
16. artikulua. Tasak, zergak eta fidantzak.
1. Lizentziaren titularrak tasa eta dagozkion gainerako zergak ordainduko dizkio Udalari, ordenantza fiskaletan ezarritako kopuruan eta moduan, eta autolikidazioa eginez kudeatzen ahal ditu.
2. Espazio estaliak bide publikoan instalatzeko lanak eta obrak direla-eta, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga sartuko da.
3. Azaleretarako eta tasak igortzeko erreferentzia gisa, mahai batek eta lau aulkik 4 metro koadro hartzen dutela kalkulatzen da, haiek erabiltzen ari direnean. Toki gehiago hartuz gero, benetan okupatutako azalerari dagokion tasa igorriko da.
4. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatzeko, lizentziaren titularrak, tasaren ordainketarekin batera, eskudiruzko fidantza bat jarri beharko du, 400 eurokoa. Borondatezko ordainketa epea igaro eta fidantza jarri ez bada, baimena iraungi eginen da, eta, beraz, interesdunak berehala kendu beharko du instalazioa, eta, hala badagokio, lizentzia berria eskatu beharko du instalazioaz baliatu ahal izateko. Terrazak instalatzeko emandako lizentzien titularrek beren eginbeharrak bete dituztela frogatu bezain laster itzuliko dira fidantzak.
5. Beladoreen kasuan, fidantza 2.000 eurokoa izanen da, hain zuzen ere bermatzeko desmuntaketa eta eremu hura lehen zegoen bezala geldituko dela, jarduera uzten bada. Terraza estalkietarako fidantza 1.500 eurokoa da. Kasua hori bada, fidantza dirutan edo bankuko abalaren bidez ordaintzen ahal da.
17. artikulua. Instalazioaren baldintzak.
Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten. Kontzesiodunak argi eta zehatz zuinkatuko du lurzoruan okupatuko duen eremua, hura erabiltzen hasi baino lehen.
Azken markak eskatzaileak eginen ditu, pintura urdinez; marra jarraiak izanen dira, ongi taxutu eta zuzenak, 4 zm lodi. Baimendutako eremua izanen da; bertan sartuko dira erabiltzaileek baliatuko dituzten mahai eta aulkiak, lore askak, haize babesak, eguzkitakoak, terraza estalkiak eta abar, eta ez da inola ere eremu hori gaindituko.
Aparkalekuen gaineko terraza berezien, beladoreen eta terraza estalkien kasuan, banaka birplanteatuko dira Udaleko teknikariekin, jarduerarako muntatu aurretik.
Lurzoruaren erabilera esleitua duen pertsona arduratuko da terraza, terraza estalkia edo beladorea garbitzeaz, baita pertsona horrek berak bere jardunean edo erabiltzaileek inguruan utz ditzaketen hondarrak biltzeaz ere. Bai terrazak bai inguruak garbi eta txukun egon beharko dute. Baimen lizentzia eteteko arrazoia izaten ahalko da egiteko hori behin eta berriz ez betetzea.
Horretarako, beti bete beharko ditu Udaltzaingoak edota Garbiketa Zerbitzuak emaniko jarraibideak, eremu hura txukun-txukun mantentzeko, eta jarraibide horiek unean berean bete beharko ditu.
Espazioa okupatzeagatik ezin da lokalerako sarbidea nahiz ondoko lokaletarakoa edo atarietarakoa oztopatu, ezta espaloian barnako joan-etorria trabatu ere, eta ez zaie eragiten ahalko jardueretako elementuei edo eraikinetako ebakuazio elementuei.
Terraza, beladorea edo terraza estalkia esleitua duen pertsona arduratuko da bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.
Esleipena dutenen ardura izanen da terrazetako, terraza estalkietako eta beladoreetako bezeroek eragozpenik ez sortzea ozen hitz egiteagatik edo beste arrazoi batzuengatik, eta baimendutako espazio eta ordutegietatik kanpo EZ kontsumitzea.
Terrazek ez dituzte eremu publikoa edo ibilgailuen aparkalekuak hartzen ahalko, salbu ordenantza honetako 10.7 artikuluan jasotako salbuespenetan, herriko jaietan edo behar bezala justifikatutako ekitaldi berezietan espresuki emandako baimen zehatza eta puntuala dutenean.
Lokaletako terrazak arkupe eremuetan kokatzen ahal direnean, eremu horiek erabat libre utzi beharko dira, nahiz eta egoera klimatologikoa txarra izan.
18. artikulua. Erantzukizunaren azkentzea.
Lizentzia kasu hauengatik azkenduko da:
–Titularrak bide publikoa okupatzeko lizentziari uko egitea.
–Udalak baliogabetzea:
a) Interes publikoko arrazoiengatik, eta kalte ordainerako eskubiderik gabe.
b) Lizentziaren baldintzak eta/edo ordenantza honetan ezarritako arauak edo aplikagarria den edozein araudi ez betetzeagatik.
c) Bidea okupatzeko tasa ez ordaintzeagatik borondatezko aldian.
d) Fidantza ez jartzeagatik.
II. KAPITULUA.–EPEAK ETA ORDUTEGIAK
19. artikulua. Denboraldia.
–Terrazen denboraldia: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Automatikoki berritzen da urtero, jardueraren edo instalazioaren titularraren edo kudeatzailearen arau hausteak, zehapenak edo aldaketak gertatzen direnean izan ezik; horrelakoetan, beharrezkoa izanen da Udalari beste baimen bat eskatzea.
–Espazio estalien denboraldia: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Kasu hauetan, lehen baimenaren indarraldia 2 urtera luzatzen da, eta urtero berritzen da, jardueraren edo instalazioaren titularraren edo kudeatzailearen arau hausteak, zehapenak edo aldaketak gertatzen direnean izan ezik; horrelakoetan, beharrezkoa izanen da Udalari beste baimen bat eskatzea.
–Terrazetako eguzkitakoen denboraldia: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
–Berogailuen denboraldia: azaroaren 1etik apirilaren 30era arte.
20. artikulua. Ordutegia.
1. Zein den ere jarduera nagusirako baimendu den ordutegia, terrazak, terraza estalkiak edo beladoreak ordutegi honen barrenean baizik ez dira erabiliko:
–Instalazioak eremu publikoan paratzeko ordutegia:
- Lokala irekitzen denetik, baina inoiz ez 08:00ak baino lehen.
–Instalazioak eremu publikotik kentzeko ordutegia:
- Igandetik ostegunera: 23:00ak arte.
- Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00ak arte.
2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.
3. Edozein arrazoi dela-eta auzoak gogaitzen direla egiaztatzen den tokietan, 21:00etara murrizten ahal da ordutegia igandetik ostegunera, eta 22:00etara ostiral, larunbat eta jai bezperetan.
4. Debeku da auzoen atsedenaldia galaraztea zarata, oihu, kantu edo bestelakoekin, 22:00etatik aurrera batez ere.
5. Nolanahi ere, debekatuta egonen da megafonia, musika, zuzeneko musika, karaokeak, bideo edo multimedia ekipoak instalatzea lokalaren kanpoaldean, edo barruan, ateak irekita badaude.
21. artikulua. Instalazioa kentzea.
1. Aitzineko artikuluan ezarritako ordutegia bukatuta, instalazioaren titularrak terrazetako elementu guztiak kenduko ditu kanpotik: mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta abar. Egunero bilduko dira terrazari dagokion lokalaren barrenean edo interesdunak horretarako prestatua duen lokal batean.
2. Terrazaren erabilera eteten denetik jarduera ixten den arte, altzariak aldi baterako biltegiratzen ahalko dira terrazarako eremuaren barruan, jarduera ixten den unean lokalaren barrura eraman arte. Denbora tarte horretan, altzariak lotuta egonen dira eta ez dira erabilgarri egonen, eta eguzkitakoak itxita egonen dira.
3. Baimenduriko materiala eramandakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.
4. Bide publikoaren gaineko beladoreak, terraza estalkiak eta espazioak, 10.7 artikuluan zehaztuak, bereziak direnez, ez dira kenduko baimena bukatu arte, edo jarduera uzten den arte, baina itxita eta desmuntatuta egon beharko dute erabiltzen ez diren eremuetan, erabilera desegokiak edo kontrolik gabeak galarazteko.
5. 10.7 artikuluan zehaztutako lekuetako terraza estalkien eta terrazen kasuan, mahaiak eta aulkiak barnean gordetzen ahalko dira, desmuntatuta eta ordenatuta, eta itxita egon beharko dute erabilera desegokiak edo kontrolik gabeak galarazteko. Eguzkitakoak jarri badira, tolestuta eta itxita egonen dira.
6. Bai desmuntatzeko, lekualdatzeko eta biltegiratzeko lanak, bai ingurua garbitzeko lanak isilean eginen dira, kontu handiz, lurrean materialik arrastatu gabe eta ahalik eta asotsik txikiena sortuz.
22. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.
1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, terrazaren titularra behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta bertako elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola paperontziak, hautsontziak etab.
2. Debeku da kanpoko barrak, bozgorailuak, ikus-entzunezko sistemak eta/edo musika makinak nahiz multimedia makinak instalatzea, edozein bertsiotan. Terrazaren erabiltzaileek horrelako gailuak erabiltzen badituzte, titularraren erantzukizuna izanen da horiek itzaltzeko eta kentzeko agindua ematea.
3. Jardueraren titularrak etengabe zainduko du ez daitezen kokalekuaren baldintzak eta elementu baimenduen mugak aldatu, lizentzian ageri diren bezalaxe.
4. Lizentziaren titularrak uneoro izanen du prest terrazaren erabilerarako lizentzia, agintaritzako agenteen eskura, bertan adieraziko baita zenbat mahai, beladore eta/edo eguzkitako dauden baimenduta, baita zehazki non kokatu ere.
5. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo asotsik onartuko instalazioan, batez ere 22:00etatik aurrera.
6. Zein den ere arrazoia, terraza edo beladore bat behin betiko kentzen bada, establezimenduaren jabeak behar bezain ongi utzi beharko du okupatua duen lurzorua eta eremu publikoan ezarrita dituen elementu guztiak behin betiko kendu beharko ditu astebeteko epean, baimendutako denboraldia bukatzen denetik edo instalazioa erretiratzeko agindua ematen denetik. Jarritako fidantza ez da itzuliko harik eta udal zerbitzuek egiaztatu arte terraza edo beladorea behar bezala kendu dela eta ingurua garbitu eta berreskuratu dela, bai eta zoladuran eragindako kalteak konpondu direla ere.
VII. KAPITULUA.–ARAU HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
23. artikulua. Arau hausteen sailkapena.
Honela sailkatzen dira ordenantza honetako arauen gaineko arau hausteak: arinak, larriak eta oso larriak.
1. Arau hauste arinak:
a) Terraza edo beladorea paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.
b) Baimendutakoa baino azalera gehiago okupatzea, %30etik beheiti.
c) Ordenantzan xedatutako ordutegia ez betetzea.
d) Espazio estaliak, terrazak eta/edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea.
e) Auzoei eragozpenak sortzea asotsekin, kearekin, usainekin edo denda, lokal nahiz atarietarako sarbideetan.
f) Terrazak edo espazio estaliek hartzen duten eremua behar bezain garbi ez edukitzea.
g) Hartutako espazioa behar bezain garbi ez uztea, behin mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta abar eremu publikotik kendutakoan.
h) Bide publikoan dauden elementuei eragitea, hala nola hiri altzariei, zuhaitzei, lorezaintzako elementuei, apaingarriei eta/edo gainerako elementu publikoei.
i) Lizentzian baimendurikoa ez den espazio bat okupatzea.
j) Lizentzian jaso bezainbat mahai, aulki edo beste ez paratzea.
k) Establezimendutik kanpo edo ordutegitik kanpo mahaiak eta aulkiak tolestuta eta biltegiratuta izatea, terrazetarako eta terraza estalkietarako 10.7 artikuluko salbuespenetan izan ezik.
l) Ordenantza honetan ezarritako ordutegia ez betetzea.
m) Ordenantza honetan ezarritako epean bide publikotik ez kentzea mahaiak, aulkiak, berogailuak, eguzkitakoak, lore askak, haize babesak, altzari osagarriak eta abar, terrazak edo espazio estaliak erabiltzeko baimena bukatzen denean.
n) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako betebehar edo debekuak ez betetzea edo urratzea, hutsegite larriaren kalifikazioa ez dutenetan.
2. Arau-hauste larriak:
a) Terraza edo espazio estalia paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.
b) Falta arinak bitan egitea.
c) Baimendutakoa baino azalera handiagoa okupatzea, %30 edo hortik goiti.
d) Ez betetzea espazio estaliak, terrazak eta/edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.
e) Bizilagunak gogaitzen behin eta berriz aritzea.
f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriz ez betetzea.
g) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.
3. Arau hauste oso larriak:
Urtebetean bi arau hauste larri edo bi baino gehiago egitea edota arau hauste larri bat eta bi arin egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
24 artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatik egiten da arau haustea eta, ondorioz, zehapen espedientea ireki ondotik, hurrengo zehapenak ezarriko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozedurari jarraituz. Zehapen horiek ez dira inoiz izanen arau hausteak arau hausleari ekarri dion etekina baino txikiagoak.
–Falta eta arau hauste arinak:
- 100etik 400 eurora bitarteko isuna.
–Falta eta arau hauste larriak:
- 401etik 1.000 eurora bitarteko isuna.
–Falta eta arau-hauste oso larriak:
- Emandako lizentzia baliogabetzea denboraldia bukatzeko geratzen den denborarako eta hurrengo denboraldirako. Terraza hurrengo denboraldian instalatzen ahalko da, baldin eta beste baimen bat bada eta zehapena eragin zuten kudeatzaile edo entitate jabeekin ahaidetasunez edo merkataritza harremanez lotutako pertsonek, erakundeek edo enpresek aurkezten ez badute.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, zehapen prozedurak bukatzeari dagokionez arau hausleak bere erantzukizuna aitortzen badu eta zehapena borondatez ordaintzen badu. Isunaren zenbatekoa %50 murriztuko da, baldin eta zehatutako pertsonak idatziz adierazten badu harekin ados dagoela eta berariaz uko egiten badio zehapenaren aurkako administrazio bideko edozein ekintza edo errekurtsori.
25 artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak. Legezkotasunaren berrezarpena.
Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau hausleari eskatzen ahalko zaio bestelakotutako egoera lehengoratzeko, baita kalte-galerengatik ordaina pagatzeko ere.
Terrazak lizentziarik gabe edo emandako lizentziaren baldintzak errespetatu gabe instalatzen direla ikusten denean, terrazak berehala kentzeko edo baldintzetara egokitzeko aginduko zaio titularrari edo establezimenduaren kargura dagoenari.
Errekerimenduari erantzuten ez bazaio, Udalaren ikuskapen zerbitzuak berehala kentzeko behar den laguntza eskatuko du.
Arau hauslearen kontura likidatuko dira kentzeak eragindako gastuak.
Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak bertan segitzea Udalaren baimena ez izatearen parekotzat hartuko da.
26 artikulua. Betearazpen subsidiarioa.
Instalazioaren erantzule den pertsonak edo erakundeak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, edo haren galdea eginen duen pertsona nahiz entitate titular berriak, behar diren tasak eta zehapenak ordaindu ondoren edo horretarako pausatu den fidantza konfiskatu eta gero.
Gauza bera aplikatuko da instalazioa bide publikoan uzten denean.
Materiala gehienez ere 6 hilabetez edukiko da biltegietan, eta, epe horretarik aurrera, Udalak egokien deritzon moduan jokatuko du materialarekin.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.
Ordenantzaren testu bategina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak berekin ekarriko du terrazetarako aurretik emandako lizentziak indargabetzea, eta, beraz, jardueraren titularrek berriro eskatu beharko dute lizentzia. Hala ere, beladoreetarako eta terraza estalkietarako emandako lizentziek indarrean jarraituko dute, aurreko ordenantzaren babesean.
Bigarrena.
Fatxadari itsatsitako beladoreak baimenduta egonen dira aurreko ordenantzaren babesean, betiere bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Hirugarrena.
Ordenantzaren testu bategina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 90 egun naturaleko epea emanen da, eta epe horretan ez da indarrean egonen ordenantzaren 24. artikulua. Epe horretan, arau hausleek dagokien ohartarazpena jasoko dute, egindako hutsegiteaz ohartarazi eta arauaren aldaketa berriaren edukia praktikan ezagutarazteko.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantzaren testu bategina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izanen ditu ondorioak ordenantza honek, 24. artikuluak izan ezik, argitaratu eta 90 egun naturaleko epean jarriko baita indarrean artikulu hori.
Iragarkiaren kodea: L2503766
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
