67. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2024ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Iragarkia 2024ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Eritze Atetzen, 2025eko martxoaren 5ean.–Alkatea, Mikel Jokin Martin Garijo.

ORDENANTZA FISKALA, ATEZKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN AUKERAKO HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga da zuzeneko tributu erreal bat, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, zehazki II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobari berria.

2. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %50 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

ERRENTA TARTEA

HOBARIA

5.000 eurotik beheitiko per capita errenta %50

%50

5.001 eta 8.000 euro bitarteko per capita errenta %40

%35

8.001 eta 10.000 euro bitarteko per capita errenta %30

10.001 eta 15.000 euro bitarteko per capita errenta %20

15.001 eta 20.000 euro bitarteko per capita errenta %15

20.001 eurotik goitiko per capita errenta, baldin bada lanbide arteko gutxieneko soldataren halako laura artekoa edo hortik beheitikoa

%20

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.

Hobari hori, betiere eskatuz gero, zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada ondorioak izan behar dituen zergaldiaren lehen hiruhilekoan.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa. Eskabidea aurkeztu beharko da ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du onartutako hobariaren eskubidea galtzea familia ugariarendako, eta zergaren kuota erregularizatu eginen da ekitaldi horretarako. Higiezin berrirako, ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen eskatu beharko da hobaria. Uneko urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztutako eskabidea.

Behin hobari fiskala emanda, indarrean izanen da uneko ekitaldirako, eta urtero eskatu beharko da berritzeko, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.

Dena dela, Udalak agiri bidezko justifikazioa eskatzen ahalko dio onuradunari, hobaria izateko eskubidea egiaztatze aldera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2503456