67. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Sakanako Mankomunitateko Batzarrak, 2024ko abenduaren 12an egin bilkuran, Mankomunitatearen lan publikoaren eskaintza onetsi zuen 2025. urterako.

Sakanako Mankomunitateko buruaren 2025eko martxoaren 14ko 163. Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdiaren hasiera eta oinarriak oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko administrari-ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, eta 52 zenbakia duena 2025eko plantilla organikoan; hori guztia, plantillan lanpostu kopurua handitu gabe.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Sakanako Mankomunitatearen zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarri bezala. Lanpostu hori udal honen 2025eko ekitaldiko plantilla organikoan sortu da, 2024ko abenduaren 12ko Mankomunitateko Batzarrak onetsitako aldaketaren bidez, dagoen plantillako lanpostu kopurua gehitu gabe. Prozesu honen bukaeran lanpostua betetzen baldin bada, automatikoki amortizatuko da D mailako administrari laguntzailearen lanpostua.

1.2. Hautaprobak gainditurik, administrari-ofizial lanpostuan jarduteko izendatua gertatzen den pertsona C maila edo taldean egokituko da lanpostuaz jabetzen edo hartan lanean hasten denetik, eta hartuko ditu plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden ordainsari eta osagarriak.

Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko hautagaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.3. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.4. Oposizioaldia gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.

1.5. Ordura arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren bertze edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.

2. oinarria.–Izangaien baldintzak.

2.1. Honako oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:

a) Sakanako Mankomunitatearen zerbitzuko funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izatea.

b) Deialdiko lanpostuaren maila bera edo apalagoa izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Nafarroako administrazio publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea edukitzea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako administrazio publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.

f) Euskara jakitea. Frogatzeko, aurkeztu beharko da C-1 titulua, gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta NAPIn indarrean den baremoarekin bat, edo maila horretako bertze tituluren bat (EGA edo bertze batzuk...), ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

h) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

i) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa, eta ibilgailu bat eskuragarri edukitzea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 08:00etatik 15:00etara bitarte, edo, bertzela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, egiaztatzeko deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria) betetzen direla, bai eta honako hauek ere:

3.2.1. NANaren kopia.

3.2.2. Kasua bada, Batxilergo tituluaren, bigarren mailako lanbide heziketako tituluaren edo baliokidearen kopia.

3.2.3. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak, 7.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko iragarki-taulan eta web-orrian.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, mankomunitateko buruak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Aitor Larraza Carrera, Sakanako Mankomunitateko burua. Ordezkoa: Oihana Olaberria Jaka, Sakanako Mankomunitateko buruordea.

–1. epaimahaikidea: Ander Eslava de Miguel, Sakanako Mankomunitateko gerentea. Ordezkoa: mahaiak izendatuko du.

–2. epaimahaikidea: Nerea Malkorra Araolaza, Sakanako Mankomunitateko kontu-hartzailea. Ordezkoa: mahaiak izendatuko du.

–Idazkaria: Urtzi Nazabal Goñi, Sakanako Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: mahaiak izendatuko du.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoak beharko du elkartu.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak emateko ahalmena izanen du, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

3.2.3 apartatuaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a.1) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, bertze lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Bertze administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo bertze lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Zerbitzu-urtea osoa ez bada, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: teorikoa. Idatziz erantzun beharko da, II. eranskineko programako gaiei buruz.

Ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

b) Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoei buruzkoak. II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.

Ariketa honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren araberako hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian atera dituen kalifikazioak baturik horretarako.

9.2 Gutieneko puntuazioa gainditu ondoan puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahiak Sakanako Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, non adieraziko baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela zerbitzutik kendua izan inongo administrazio publikotan.

9.4. Izangaiak ez badu aipatutako deklarazioa ezarritako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna ukatu gabe.

9.5. Aurreko 9.4 apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatukoa) hurrengoa den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aitzineko oinarrian aipatu hautapen prozedura buruturik, mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, Sakanako Mankomunitateko administrari-ofizial izendatuko du hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu dituen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko da lanpostuaz izangaia. Ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Sakanako Mankomunitateko C mailako administrari-ofizial bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian aurreikusi bezala jokatuko da.

11. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Sakanako Mankomunitatea da.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, tratamenduaren arduradunak bete dezan aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jo dezakete, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bertzela, http://www.sakana-mank.eus/mank/transparencia/ webguneko gardentasun ataria baliatu.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bertzela, aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio epaimahaiaren egintza eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Sakanako Mankomunitateko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

http://sakana-mank.eus/wp-content/uploads/sites/72/2022/11/ANEXO-II-EUS-OL.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua: Udalak. III. titulua. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.

2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. IX. titulua. I. kapitulua. Prozedura eta araubide juridikoa.

3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren I., II., III., IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.

4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. II. kapitulua. Epemugak eta epeak. III. titulua. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.

6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak eta V. kapitulua. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

7. gaia–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta errolda.

8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: Atariko titulua: Foru legearen xedea eta helburua. V. titulua. I. kapitulua. Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.

9. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.

10. gaia.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. IV. kapitulua. Zehapen prozedura.

11. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa. I. titulua, IV. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.

Lakuntzan, 2025eko martxoaren 14an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.

Iragarkiaren kodea: L2504110