Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, gizarte-hezitzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko
Sakanako Mankomunitateko Batzarrak, 2024ko abenduaren 12an egin bilkuran, Mankomunitatearen lan publikoaren eskaintza onetsi zuen 2025. urterako.
Sakanako Mankomunitateko buruaren 2025eko martxoaren 14ko 164. Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdiaren hasiera eta oinarriak oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko gizarte-hezitzailearen lanpostu bat, B mailakoa eta 51. zenbakia duena 2025eko plantilla organikoan; hori guztia, plantillan lanpostu kopurua handitu gabe.
Hona hemen deialdiaren oinarriak:
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da gizarte-hezitzailearen lanpostu bat, B mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Sakanako Mankomunitatearen zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarri bezala. Lanpostu hori mankomunitate honen 2025eko ekitaldiko plantilla organikoan sortu da, 2024ko abenduaren 12ko osoko bilkuran onetsitako aldaketaren bidez, eta dagoen plantillako lanpostu kopurua gehitu gabe. Prozesu honen bukaeran lanpostua betetzen baldin bada, automatikoki amortizatuko da C mailako gizarte-hezitzailearen lanpostua.
1.2. Hautaprobak gainditurik, gizarte-hezitzailearen lanpostuan jarduteko izendatua gertatzen den pertsona B maila edo taldean egokituko da lanpostuaz jabetzen edo hartan lanean hasten denetik, eta hartuko ditu plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden ordainsari eta osagarriak.
Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko hautagaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.
1.3. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.4. Oposizioaldia gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.
1.5. Ordura arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.
2. oinarria.–Izangaien baldintzak.
2.1. Honako oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:
a) Sakanako Mankomunitatearen zerbitzuko funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izatea.
b) Deialdiko lanpostuaren maila bera edo apalagoa izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
d) Nafarroako administrazio publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
e) Gizarte Hezkuntzako gradudun, lizentziadun edo diplomadun titulu unibertsitarioa izatea, edo horien baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean halako titulua eskuratzeko moduan egotea.
Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako administrazio publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
f) Euskara jakitea. Frogatzeko, aurkeztu beharko da C-1 titulua, gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta NAPIn indarrean den baremoarekin bat, edo maila horretako beste tituluren bat (EGA edo beste batzuk...), ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.
g) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
h) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.
i) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 8:00etatik 15:00etara bitarte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, egiaztatzeko deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria) betetzen direla, bai eta honako hauek ere:
3.2.1. NANaren kopia.
3.2.2. Hala badagokio, Gizarte Hezkuntzako graduko, lizentziaturako edo diplomaturako unibertsitate-tituluaren kopia, edo aurreko tituluetako baten baliokidetzat jotako tituluarena.
3.2.3. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak, 7.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko iragarki-taulan eta web-orrian.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Mankomunitateko buruak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpen bat emanen du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda erakundearen iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Aitor Larraza Carrera, Sakanako Mankomunitateko burua. Ordezkoa: Oihana Olaberria Jaka, Sakanako Mankomunitateko buruordea.
1. epaimahaikidea: Ander Eslava de Miguel, Sakanako Mankomunitateko gerentea. Ordezkoa: epaimahaiak izendatu beharrekoa.
2. epaimahaikidea: Nerea Malkorra Araolaza, Sakanako Mankomunitateko kontu-hartzailea. Ordezkoa: epaimahaiak izendatu beharrekoa.
Idazkaria: Urtzi Nazabal Goñi, Sakanako Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: epaimahaiak izendatu beharrekoa.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoak beharko du elkartu.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
Halaber, oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak emateko ahalmena izanen du, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Merezimenduen baremoa.
Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
3.2.3 apartatuaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira:
a.1) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.2) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
Zerbitzu-urtea osoa ez bada, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.
7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:
a) Ariketa bakarra: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoei buruzkoak. II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.
Ariketa honengatik gehienez 70 puntu emanen dira, eta gutxienez 35 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.
8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.
8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.
9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
9.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren araberako hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian atera dituen kalifikazioak baturik horretarako.
9.2. Gutxieneko puntuazioa gainditu ondoan puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Sakanako Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, non adieraziko baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela zerbitzutik kendua izan inongo administrazio publikotan.
9.4. Izangaiak ez badu aipatutako deklarazioa ezarritako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna ukatu gabe.
9.5. Aurreko 9.4 apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatukoa) hurrengoa den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Aitzineko oinarrian aipatu hautapen prozedura buruturik, Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, Sakanako Mankomunitateko gizarte-hezitzaile izendatuko du hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu dituen izangaia.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko da lanpostuaz izangaia. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Sakanako Mankomunitateko B mailako gizarte-hezitzaile bilakatzeko, eta aurreko oinarrian ezarri bezala jokatuko da.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Sakanako Mankomunitatea da.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, tratamenduaren arduradunak bete dezan aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.
Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jo dezakete, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, Sakanako Mankonunitateko gardentasun ataria baliatu.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Gainera, kalifikazio-epaimahaiaren egintza eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Sakanako Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA
http://sakana-mank.eus/wp-content/uploads/sites/72/2022/11/ANEXO-II-EUS-OL.pdf
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehen zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.
1. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.
2. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
3. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. I. kapitulua. Legearen xedea, definizioak eta printzipioak. II. kapitulua. Aplikazio eremua. III. kapitulua. Desgaitasuna duten pertsonen autonomia. VII. kapitulua. Gizarte babeserako eskubidea. VIII. kapitulua. Gai publikoetan parte hartzeko eskubidea. II. titulua. I. kapitulua: Aukera berdintasunerako eskubidea. II. kapitulua: Sustapenerako eta defentsarako neurriak.
4. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Diskriminaziorik eza eta autonomia. III. titulua: II. kapitulua. Gizarte zerbitzuak. III. kapitulua. Eremu soziosanitarioa. VII. titulua: V. kapitulua. Irisgarritasuna herritarren eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko harremanetan. VIII. titulua: Desgaitasuna dutenen arreta eta partaidetza antolatzea.
5. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.
6. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa (2): prestazio bermatuak eta bermatu gabeak (mendekotasuna duten pertsonentzako arreta).
7. gaia.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
8. gaia.–13/2023 Foru Legea, apirilaren 5ekoa, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzekoa.
9. gaia.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Administrazio-eskumenak eta plangintza. II. titulua. Gazteriaren arloko politikak.
10. gaia.–Haurren eta Nerabeen Eskubideen Estatuko Estrategia (2023-2030).
11. gaia.–Nafarroako Desgaitasun Plana (2019-2025).
12. gaia.–III. Prebentzio Plana: drogak eta adikzioak (2018-2023).
13. gaia.–Nafarroako Osasun Mentalaren Plana (2019-2023).
14.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026).
15. gaia.–Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026).
16. gaia.–Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borrokarako Nafarroako Plana (2021-2026).
17. gaia.–Lagun-egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Iruña, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarea (2016).
18. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan:
–Zainketen oinarriak.
–Itunak egiteko eta abiarazteko gida.
Bigarren zatia.–Gizarte-hezkuntzako gai berariazkoak.
1. gaia.–Gizarte-hezitzaileen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
2. gaia.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.
3. gaia.–Talde lana. Gizarte-hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.
4. gaia.–Asertibitatea eta komunikazio estiloak. Teknika asertiboak eta hezkuntzako entrenamendua.
5. gaia.–Trebetasun sozialak. Kontzeptua. Portaera sozial motak. Trebetasun sozialen defizita eta defizit horren zergatiak. Trebetasun sozialak erakusteko metodoak. Gizarte trebetasunak.
7. gaia.–Prebentzioa: kontzeptua eta motak. Esku-hartze prebentiboa, selektikoa eta berariazkoa aurrera eramateko gida metodologikoa (ADES).
8. gaia.–Esku-hartze sozioedukatiboa. Definizioak eta kontzeptuak. Esku-hartze sozioedukatiboaren esparruak. Esku-hartzearen estrategiak eta teknikak. Akonpainamendu soziala esku hartzeko metodo gisa. Taldean esku hartzeko tresnak. Dokumentazioa: Gizarte Hezkuntzako graduko liburuak.
10. gaia.–Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua.
Lakuntzan, 2025eko martxoaren 14an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.
Iragarkiaren kodea: L2504109
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
