67. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez

Berriozarko Udalaren Gobernu Batzarrak 2025eko martxoaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, deialdi bat onetsi zen, Berriozarko Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriozarko Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez. Lanpostu hori funtzionarioen araubidekoa da, C mailakoa, eta 55 zenbakia du plantilla organikoan. Barne igoerako txandaren bidez beteko da, eta Berriozarko Udaltzaingoko kideek parte har dezakete.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia bihurtuko da Berriozarko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehen. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio bertan, eta araubide horren babespean geldituko da.

Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.3. Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

1.4. Izendatzen den izangaiak izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honetako oinarriak.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 38. artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea):

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, udaltzainaren lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko bertze bat edukitzea.

3.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.

4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, "Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez" izapidea erabiliz. Izapide hori sortuko da Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.berriozar.es/default.aspx), eta hara sartzeko erabili beharko da NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sistema.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bertzelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".

Eskabidea eginen da Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.berriozar.es/default.aspx) sortuko den honako izapidean eskuragarri dagoen formularioaren bidez: "Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez". Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.3. Izangaiek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

4.3.1. Berriozarko Udaltzaingoko lanpostu honen jabetza hartu ondoren, Udalak ofizioz aurkeztuko du gutxienez hiru urteko antzinatasuna baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

4.3.2. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, II. eranskineko baremoaren araberakoak, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduen zerrenda. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak administrazio honen esku badaude, erran egin beharko du, eta berariaz adieraziko du zein prozedura zehatzetan dauden.

Izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, ebazpen bat emanen da, adierazten duena bete gabe gelditu dela kategoriaz igotzeko lehiaketa.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.5. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hau bakarrik agertuko da: udaltzainaren zenbakia.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Iker Marriezcurrena Celaya, Berriozarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Félix Puyo Rebollo, Berriozarko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Juan Ceballos Itoiz, Berriozarko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Iñigo Laurenz Itoiz, Nafarroako Foruzaingoko inspektoreordea.

Epaimahaikidea: Iñaki Errea Pérez, Nafarroako Foruzaingoko agente lehena.

Ordezkoa: Iñigo Ángel Goldaraz, Nafarroako Foruzaingoko bitarteko agente lehena.

Epaimahaikidea: Berriozarko Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Idazkaria: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko Giza Baliabideen kudeatzailea.

Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bertzela, haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

7.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak bata bertzearen atzetik baloratuko ditu oposizio-lehiaketako elementuak, oinarri hauetan ezarritako moduan eta ordenan.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, egoitza elektronikoan eta Berriozarko Udaltzaingoaren lokaletan.

Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketa-fasean, lehiakideek aurkeztutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko dira, eta gehienez 82,50 puntu izanen dituzte:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Polizia-eginkizunarekin lotutako formazioa, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu, gehienez.

c) Euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana: gehienez ere 20,00 puntu.

d) Sariak: 2,5 puntu, gehienez.

Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.

Epaimahaiak eskatzen ahalko ditu lehiakideek aurkeztutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Fase honen bukaeran, epaimahaiak Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioetarako, argitaratzen den egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena aurkez dezaten.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzen kontrako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onartu eta Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu".

7.3. Oposizioaldia.

a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoak gehienez 150 puntu emanen ditu. Test motako azterketa bat egin beharko da, 100 galderakoa, lanpostuko edukiari eta zereginei buruzkoa (II. eranskineko gai zerrenda). Galdera bakoitzak balizko hiru erantzun izanen ditu. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez 75 puntu lortu beharko dira.

Epaimahaiak zehaztuko du probaren gehienezko iraupena, proba hasi baino lehen.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera exijituko dira gai guztiak.

b) Proba psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoaren helburua izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehaztea da. Proba horiek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Proba hori ez da baztertzailea izanen, eta balorazioa ez da 70 puntutik gorakoa izanen.

Proba nola eginen den:

–Profil profesiografikoa zehaztea: proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.

–Probak bi ariketa izanen ditu:

  • Lehenbizikoan ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak nahiz laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
  • Bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko dira.

7.4. Alegatutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratu ondoren, eta probetako puntuak batuta (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak), epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Berriozarko Udalaren iragarki-taula elektronikoan, Udalaren webgunean (www.berriozar.es/eu/), eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama eta alega dezaten balorazio horri buruz.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak Berriozarko Udalaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko du izangaien zerrenda, lehiaketan guztira lortutako puntuazioak adierazita.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketa baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

8. oinarria.–Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

8.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.

Berriozarko Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko, zeina emanen baitu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak, hautapen-prozedura gainditu duen izangaia deklaratuko da zerbitzu berezietako egoeran, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.

8.2. Izaera baztertzailea.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza-ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiei "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

8.3. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko lanpostuan zuenarekin.

Nafarroako polizia kidegoetako kideak lanpostuz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean, zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.

Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

9.1. Prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, proposa dezan izenda dadila prestakuntza-ikastaroan "Gai" kalifikazioa lortu duen izangaia.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.2. Kalifikazio epaimahaiak, jaso ondoren izangaiek prestakuntza-ikastaroan erdietsitako kalifikazioak, espedientean bilduko ditu, onetsiko du ikastaroa gainditu dutenen zerrenda, jarraikiz hautapen-prozesuan ateratako guztirako puntuazioei, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio probak gainditu eta puntuazio handiena lortzen duten izangaien zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenaturik, eta proposatuko dio izenda daitezela lanpostu kopuruan kabitzen diren izangaiak.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatzen den dokumentazioa aurkeztu ondoren, Alkatetzak, ebazpen bidez, Berriozarko Udaltzaingoko agente lehen izendatuko du kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditzen duen izangaia.

10.2. Izendatutako izangaiak karguaren jabetza hartuko du izendapenean ezartzen den egunean. Behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak igoerarako eskubidea galduko du.

11. oinarria.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Berriozarko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira egoitza elektronikoan, hautapen prozesu honetan interesdun direnei jakinarazteko ondorioetarako.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1. Nafarroako polizietakoren batean modu finkoan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente postuan.

2. Deialdiaren xede den enpleguan Nafarroako Polizia-kidegoetan bitarteko gisa egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3. Administrazio publiko baten mendeko bertze segurtasun-kidego eta indar batzuetan modu finkoan emandako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.

4. Edozein administrazio publikotan Polizia Kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu gehienez.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu): 10 puntu, gehienez.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

2. Txostenak edo komunikazioak aurkeztea biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik egin den edo taldeka, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: lau (4) puntu gehienez ere.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: bi (2) puntu gehienez ere.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko bertze merezimendu batzuk: bertzeak bertze, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: lau (4) puntu gehienez ere.

Oharra B atal osoari:

Atal honetan, deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko. Inola ere ez dira baloratuko agente gisa sartzeko eta agente lehenaren postua lortzeko beharrezkoak diren trebakuntza-ikastaroak.

C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara (gehienez ere 20 puntu).

1. Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez:

a) A1 maila: 1 puntu.

b) A2 maila: 2 puntu.

c) B1 maila: 3 puntu.

d) B2 maila: 4 puntu.

e) C1 maila: 5 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko. Ez dira inola ere batuko hizkuntza bereko bi mailatako edo gehiagotako puntuak.

Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailei. Maila horiek jasotzen dira NAPIko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

E) Sariak: 2,50 puntu gehienez.

1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

3.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

4.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

5.–Zigor Kodea. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: III. titulua. VI. titulua. VIII. titulua. IX. titulua. XIII. titulua. XVII. titulua. XVIII. titulua. XXII. titulua.

6.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua. II. liburua: I. titulua. III. titulua. V. titulua. VI. titulua eta VIII. titulua.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan.

8.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

9.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

10.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

11.–7/2023 Legea, martxoaren 28koa, animalien eskubideak eta ongizatea babestekoa.

12.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena.

13.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.

14.–Nafar Gobernuaren protokoloa, kirolen testuinguruan jazarpen-egoeren aurrean jarduteko.

15.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

16.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza.

17.–Berriozarko udal-mugartean eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen ordenantza.

18.–Berriozarren autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen ordenantza.

19.–Berriozarren apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzko udal ordenantza.

20.–Berriozarko udal mugapean kutsadura akustikoaren aurkako babesa arautzen duen ordenantza.

21.–Berriozarko Udalaren eremu publikoaren ordenantza.

22.–Berriozarko trafikoko udal ordenantza.

23.–Berriozarko Udalaren emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Berriozarren, 2025eko martxoaren 18an.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.

Iragarkiaren kodea: L2504233