1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
37E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Basozainen prestakuntza plana onesten duena 2025-2028 urteetarako.
Prestakuntza elementu estrategikoa da, ezinbestekoa zerbitzu publikoa mantendu eta hobetzeko. Etengabeko prestakuntzaren helburu nagusia da erakunde baten langileen gaitasunak (ezagutzak, trebetasunak eta iaiotasunak) trebatu eta gaurkotzea, langile bakoitza gai izan dadin bere funtzioak era seguru, efiziente eta eraginkorrean egiteko; aldi berean, etengabeko prestakuntzak aukera emanen die langileei profesionalki garatzeko. Bi arrazoi hauengatik, etengabeko prestakuntzak erakundearen hobekuntzaren alde eginen du.
Basozainak kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak bere laugarren xedapen gehigarrian ezartzen du ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez prestakuntza plan bat prestatuko dela Basozainak kolektiboko langileentzat. Ezartzen du, halaber, langileek parte hartuko dutela prestaketan eta bi urtean behin berraztertuko dela. Egindako azken bi planetan ikusi da komeni dela programazio-aldiak urte gehiago hartzea. Horrek bide emanen du programok hobetu garatzeko eta basozain gehiagorengana iristeko.
Hortaz, eta hori bete beharrez, lau urterako prestakuntza plan bat egin da: 2025etik 2028ra. Prestakuntza plan hori zerbitzuko beharrak eta zerbitzuko langileen ekarpenak aintzat hartuz prestatu da.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Basozainen prestakuntza plana 2025-2028 urteetarako.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitara ematea foru agindu hau eta Basozainen prestakuntza plana 2025-2028 urteetarako.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 25ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
BASOZAINEN PRESTAKUNTZA PLANA 2025-2028 URTEETARAKO
Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua
1.–Sarrera.
Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko kideek funtsezko zeregina dute baliabide naturalak kontserbatu eta babesteko, baso-ingurunea babestu eta aprobetxatzeko, basa-fauna eta -flora eta ibai-ingurunea babesteko, gune babestuak zaintzeko eta jarduera zinegetikoa eta industria-eremuko ingurumen-kalitatea kontrolatzeko. Haien lana Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuan zehazten da. Gehienbat, landa-eremuan egiten da, eta zeregin hauek hartzen ditu barnean, besteak beste: eremu babestuak zaintzea, ingurune naturalean egiten diren jarduerak baimenduta daudela zaindu eta ikuskatzea, suteak prebenitzea eta ingurumen-hezkuntza ematea herritarrei. Basozainek beren eginkizunak modu eraginkorrean bete ahal izateko, funtsezkoa da prestakuntza plan egituratu bat izatea, haien berariazko beharrei helduko diena eta haien eguneroko lanaren erronkei aurre egiteko behar diren tresnak emanen dizkiena.
Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuaren beraren laugarren xedapen gehigarriak ezartzen du Basozainen prestakuntza planak egin eta abian jarri behar direla. Eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen 2024-2027ko Plan Zuzentzaileak prestakuntza jasotzen du bere ildo eta helburuetako zenbaitetan. Kasurako, "1. lerroa (antolaketa eta zerbitzuak)" deritzonaren ekintzetako bat, zeinean proposatzen baita "Larrialdiak sartzea prestakuntza planaren zati garrantzitsu gisa", eta 5. lerroa, "garapen profesionala eta etengabeko hobekuntza", zeinaren helburuetako bat baita "langileei prestakuntza egokia ematea lanpostua betetzearekin lotutako konpetentzia eta gaietan" eta zeinak basozainen prestakuntzari buruzko berariazko 6 ekintza jakin jasotzen baititu.
Aurrekoaz gain, funtsezkoa da Basozainen prestakuntza plana diseinatzea, zenbait arrazoirengatik:
–Laneko efizientzia eta eraginkortasuna hobetzea: hobeki prestatuta badaude, bizkorrago eta egokiago erantzun diezaiekete landa-eremuan gertatzen diren larrialdi eta egoerei.
–Erronka berrietara egokitzea: ingurumena eta harekin loturiko problematikak etengabe aldatzen dira, eta, horregatik, funtsezkoa da etengabeko prestakuntza, basozainak erronka berrietara egokitu ahal izateko.
–Laneko motibazioa eta gogobetetasuna sustatzea: prestakuntzak, halaber, laguntzen du basozainen laneko motibazioa eta gogobetetasuna areagotzen. Profesionalek trebetasun eta ezagutza berriak eskuratzen ari direla sentitzen badute, baloratuta eta beren lanarekin konprometituta sentituko dira, segur aski.
–Kontserbazioan eragin positiboa izatea: epe luzera, prestakuntza-plan sendo batek eragin zuzena du ingurumenaren kontserbazioan. Basozainak ongi prestaturik badaude, eraginkorragoak izanen dira biodibertsitatea eta, oro har, natura-ingurunea babesteko. Horrek etorkizuneko belaunaldientzat ingurunea zaintzea ekarriko du.
2.–Basozainen prestakuntza planean sartutako prestakuntzaren testuingurua.
Oro har, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak, gehienez, 50 ordu ditu urteko eta basozain bakoitzeko, prestakuntzarako (borondatezkoa zein nahitaezkoa), eta borondatezko prestakuntzarako urtean 20 ordu ezarri dira, gehienez, prestakuntza planerako (ikastaroren bat borondatezkoa bada) zein INAPen eskaintza orokorrerako. Salbuespenez, irizpide orokor hau aldatzen ahal da zerbitzuaren beharrengatik, zerbitzuaren zuzendariaren oniritziarekin.
Plan honetan zehazten den prestakuntza Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak berak antolatzen du zuzenean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (INAP) Prestakuntza Zerbitzuarekin elkarlanean, eta Nafarroako Gobernuko erakunde horrek ziurtatzen du. Prestakuntza-beharrak identifikatu ondotik, kasuan kasuko gaiaren arabera, ezartzen da nahitaezkoa ala borondatezkoa izanen den.
Horretaz gain, badaude prestakuntza plan honetan jaso ez diren eta basozainek egiten ahal dituzten beste prestakuntza-modalitate batzuk ere:
a) Prestakuntza plana indarrean den bitartean basozain berriak sartzen badira kolektiboan, lehiaketa eta/edo oposizio bidezko deialdi baten ondorioz, behar den harrera plana prestatzen da Basozainak kolektiboaren zereginetan trebatu daitezen.
b) Talde espezializatu berririk sortuz gero, talde horietako kideek egin beharreko zereginetan trebatzeko behar diren mekanismoak ezarriko dira.
c) INAPek berak eskaintzen duen eskaintza orokorra. Eskaintza hori borondatezkotzat hartzen da, eta basozain bakoitzeko dauden urteko 50 orduen barruan zenbatzen da.
d) Zerbitzuak berak prestakuntza planetik kanpo planteaturiko edo Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko beste zerbitzu batzuek edo talde espezializatuek proposaturiko prestakuntza-ekintzak. Kasu horietan, parte hartu dutenek ikasitakoa partekatzeko txosten edo jardunaldi bat egin beharko dute, kasuan-kasuan zehazten denaren arabera, bai eta eman zaien dokumentazioaren kopia bat ere, basozain guztien eskura jartzeko.
e) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitate teknikoek edo Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak zeregin jakinak egiten ditueneko beste zerbitzu batzuek proposaturik planteatzen diren prestakuntza-ekintzak edo jardunaldiak. Haien garrantzia eta garatzen dituzten lan-gaitasunekin duten lotura ebaluatu ondotik egiten dira. Prestakuntza horiek, gehienbat, lan-ordutegian egiten dira; ohiko lanalditzat hartzen dira, eta ez dira urteko prestakuntza-orduen barruan zenbatzen.
f) Euskara ikasteko ikastaroak. Euskarabideak euskara sustatzeko baliabideak jartzen ditu Nafarroako Gobernuko langileen eskura. Prestakuntza hori zerbitzuaren berariazko prestakuntza plan honetatik kanpo kudeatzen da.
3.–Basozaien prestakuntza planaren helburuak.
a) Gaitasun teknikoak garatzea: prestakuntza planaren helburu nagusietako bat da ziurtatzea bere lana egiteko behar diren gaitasun teknikoak dituela Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak. Besteak beste, tokiko faunari eta florari buruzko ezagutzak, kontserbazio-teknikak, ingurumen-araudiak, eta barrutietan ingurumena kudeatzearekin loturiko arazoak identifikatu eta konpontzeko trebetasunak. Halaber, bere lanak eraginkortasunez gauzatzeko tresna eta teknologia berriei buruz behar diren ezagutzak eman behar dizkio. Era berean, talde espezializatuek garatzen dituzten gaitasunak hobetzea funtsezkoa da eginkizunak behar bezala praktikan jartzeko.
b) Araudiaren eta protokoloen arloan trebatzea: funtsezkoa da Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea ingurumenaren babesa arautzen duten legeen eta araudien jakitun izatea. Bere eginkizunak behar bezala betetzeko, funtsezkoa da ingurumenari buruzko legeria eta jarraiki beharreko prozedura eta protokoloak kontuan hartzea planteatzen diren ikastaroetan.
c) Laneko arriskuei aurrea hartzea: Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak landan egiten du lan, eta horrek segurtasunean eta osasunean eragina izaten ahal duten arriskuak dakartza. Horregatik, funtsezkoa da laneko arriskuen prebentzioari eta lehen sorospenei buruzko edukiak sartzea prestakuntza planean. Prestakuntza horrek, basozainak babesteaz gain, bermatuko du era egokian erantzuten eta jokatzen dutela edozein arrisku edo egoera gertatzen denean. Halaber, beren lanean, basozainek harreman zuzena izaten dute maiz toki-entitateekin, herritarrekin eta abarrekin. Horregatik, garrantzi handia du komunikazioko eta egoera korapilatsuetan moldatzeko trebetasunak eta gatazkak ebazteko eta bitartekaritzarako estrategiak sartzeak, ezinbesteko tresnak baitira lan egiten duteneko barrutietan lankidetza eraginkorra sustatzeko eta konfiantzazko harremanak eraikitzeko.
d) Ingurumen-sentsibilizazioa eta -hezkuntza: herritarrekin harreman zuzena dutenez, basozainen zereginaren zati bat da landan egiten dituzten esku-hartzeak aprobetxatzea herritarrak baliabideen kontserbazioaren eta kudeaketa egokiaren garrantziaz hezteko eta beren eginkizunak egitean haiek sustatzea. Horregatik, funtsezkoa da sentsibilizazio- eta komunikazio-estrategiak sartzea prestakuntza planean, mezu hori publiko desberdinei modu eraginkorrean igorri ahal izateko.
4.–Metodologia.
4.1. Diagnostikoa.
2024ko abenduan, zenbait kontsulta egin ziren basozainen prestakuntza beharrak identifikatzeko.
Batetik, departamentuko laneko arriskuen prebentzioko delegatuarekin ebaluatu ziren prestakuntza beharrak, eta Zuzendaritza Nagusiko unitate teknikoei galdetu zitzaien zer prestakuntza izan zitekeen interesgarria Basozainen kolektiboko langileentzat, beren eskumenen esparruetan, jakin nahian bere zerbitzuetako gaietatik zeinetan beharko litzatekeen prestakuntza handiena; izan ere, horretan jarri zen azpimarra, nagusiki.
Bestetik, inkesta bat bidali zitzaien Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko langile guztiei, prestakuntza beharrak atzemateko. Basozainen %36k parte hartu zuten. Zenbait alderdiri buruz galdetu zitzaien: jada egindako ikastaroak errepikatzeko interesa, basozainek lantzen dituzten gai nagusien inguruko prestakuntza-beharrak eta -proposamenak eta zenbait gairi buruzko ikastaroekiko interesa. Halaber, 2022-2024 prestakuntza-plana ebaluatzeko aprobetxatu zen.
Azkenik, analisi bat egin zen aurreko prestakuntza plana (2023-2024) amaitu ostean, eta hartan atzeman ziren planaren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak.
4.2. Planifikazioa.
Prestakuntza plan honen plangintza lau urtekoa da, eta 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetan gauzatuko da. Prestakuntza plan hau idazteko, honako hauek hartu dira kontuan: Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeko kideen berezko eskumenak, beharrak hautemateko berariazko inkestei emandako erantzunak, unitate teknikoen eta basozainekin lan egiten duten beste zerbitzu batzuen proposamenak, eta Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko Zuzendaritzak haien komenigarritasunari buruz egin duen ebaluazioa. Prestakuntza-ekintzak antolatzean, ahal dela, lan-kargarik handiena duten urteko aldiak errespetatuko dira, baita gehienek oporrak hartzeko aukeratzen dituzten hilak ere.
Dena den, programazioak aldaketak izan ditzake, berariazko prestakuntza-eskaera bati erantzuteko beharraren ondorioz, eta hasiera batean programatu gabeko beste prestakuntza-ekintza batzuk sortzen ahalko dira.
4.3. Prestakuntza-ekintzen jarraipena.
Ikastaro bakoitza ebaluatzeko, berariazko ebaluazio galdetegi bat eginen da. NAPIk ezarritako eredua erabiliko da. Gainera, urtea amaitzean urteko jarraipen txostena eginen da, ikastaroen gaineko alderdi hauek aintzat hartuko dituena, gutxienez:
–Parte-hartzaile kopurua.
–Prestakuntza orduen kopurua.
–Egindako ikastaroak eta planifikatutako ikastaroak.
–Ikastaroetako parte-hartzaileen gogobetetze maila.
–Hobekuntzarako eta zuzenketarako ekintzak inplementatzea.
4.4. Formatua.
Ikastaroak online eta modu presentzialean edo erdipresentzialean egiten ahalko dira. Formatua hautatzean, ikastaroaren gaiari begiratuko zaio, edo formatu jakin bat lehenesteko moduko beste edozein inguruabarri. Nolanahi ere, formatu presentzialari emanen zaio lehentasuna, beste modalitateen aurretik.
5.–Basozainen prestakuntza plana proposatzea eta kudeatzea.
Esparru guztietako prestakuntza beharrak jaso eta gero (basozainek eskatutakoak eta edo zuzendaritzak eta unitate teknikoek atzemandakoak), prestakuntza proposamen hau planteatzen da 2025-2028 urteetarako prestakuntza plan gisa:
GAIA | Zk. | PROGRAMATUTAKO JARDUERA * | BARRUTIAK | 2025 | 2026 | 2027 | 2028 | NAHITAEZKOA BORONDATEZKOA |
LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA | 1 | Gatazkak ebazteko eta kudeatzeko trebetasunak | Guztiak | | x | | x | Nahit. |
2 | Lur orotako ibilgailuak gidatzea | Guztiak | | x | | x | Nahit. |
3 | Mendiko segurtasuna elurra dagoenean | Erronkari-Zaraitzu | x | | | | Nahit. |
4 | Landako lehen sorospenak | Guztiak | x | | x | | Nahit. |
5 | Desagertuak bilatzea: alderdi teknikoa eta psikologikoa | Guztiak | x | | | | Nahit. |
6 | Pantailen erabilera | IAG eta bulego nagusia | | | | x | Nahit. |
7 | Genero Berdintasuna | Guztiak | | | x | | Nahit. |
Larrialdiak | 8 | Ingurumen-delituak: lehenbiziko eginbideak | Guztiak | x | | x | | Nahit. |
9 | Erreketa kontrolatuetan sua erabiltzea; zuzien erabilera | Guztiak | x | | x | | Nahit. |
10 | Suteak: traktoreak, bulldozerrak eta abar ibiltzea | Guztiak | x | | x | | Nahit. |
Teknologiak | 11 | Basozainentzako QGIS espezifikoa | Guztiak | | | | x | Nahit. |
Talde espezializatua | 12 | Telefono bidezko arreta eta herritarrekiko harremanak | IAG | | | | x | Nahit. |
13 | Atoia gidatzeko gidabaimena | Zeharkakoa | | x | | | Nahit. |
14 | Harkaitzetako flora | NAET eta beste batzuk | | | x | | Nahit. |
15 | Droneen arloko berariazko prestakuntza | Drone-taldea | | x | | x | Nahit. |
16 | Arbolazaintza, 2. maila Zuhaitz monumentalak eta inausketa | NAET | x | | | | Nahit. |
Biodibertsitatea | 17 | Aztarnak eta oinatzak, argazki-tranpak jartzea | Guztiak | x | | | | Nahit. |
18 | Jardunbide egokiak ibilguak kontserbatu, mantendu eta hobetzeko jarduketetan | Guztiak | | | x | | Nahit. |
19 | Babestutako espezieek eragindako kalteak | Guztiak | | x | | | Nahit. |
20 | Harrapariak ezagutzea haien hezur-hondarren bidez | Guztiak | x | | | | Nahit. |
21 | Sarrioa Nafarroan | Erronkari-Zaraitzu, Agoitz, Aezkoa-Kintoa | x | | | | Nahit. |
Basoak eta ehiza | 22 | Larreak kudeatzea, mendi-larreak barne | Guztiak | | | x | | Nahit. |
23 | Nafarroan dauden masen basogintza. Baso-espezie berriak. Izurriak. Kubikazioko teknologia berriak | Guztiak | | x | | | Nahit. |
24 | Baso-ziurtapena eta baso-lanetarako laguntzak | Guztiak | | | | x | Nahit. |
25 | Ehiza eta arrantza: ikuskapenak, armaren erabilera, segurtasuna, debekatutako tresna eta bitartekoak. Herritarrarekiko mugak eta bermeak | Guztiak | | x | | | Nahit. |
Nekazaritza Abeltzaintza | 26 | Mindak eta digestatoak aplikatu eta biltegiratzea | Guztiak | | | x | | Nahit. |
Industria | 27 | Industria-ingurumena | Guztiak | | | | x | Nahit. |
Beste batzuk | 28 | Monumentu megalitikoak eta kastroak. Babesa | Guztiak | | | x | | Nahit. |
29 | Zer eginen dut, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, klima-aldaketaren aurrean? | Guztiak | | x | | | Nahit. |
30 | Ingurumen hezkuntza | Guztiak | | x | | x | Nahit. |
31 | Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldean eskuragarri dauden ikus-entzunezko baliabideak erabiltzeko oinarrizko prestakuntza | Guztiak | x | | | | Nahit. |
(*) Ikastaroak egiteko, lehentasuna emanen zaie orain arte ikastarorik egin ez duten basozainei, edo aspaldi egin zutelako jasotako prestakuntza freskatu behar dutenei. Baliteke ikastaroetako batzuek plaza-mugak izatea. Ikastaro horiek kudeatzean ezarriko da zenbat basozain joaten ahalko diren barruti bakoitzeko. |
Iragarkiaren kodea: F2503727