65. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Aldaketa, Udalaren espazio, eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera eta lagapena, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2024ko azaroaren 21ean egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa egitea Udalaren espazio, eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera eta lagapena, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen udal ordenantzan; erabakia 2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Vianan, 2025eko otsailaren 19an.–Alkatea, B. Yolanda González García.

ORDENANTZA, UDALAREN ESPAZIO, ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO EDO ALTZARIEN ERABILERA, ETA LAGAPENA, BAI ETA BAKOITZARI DAGOKION TASA ERE, ARAUTZEN DITUENA. ALDAKETA

I. KAPITULUA

1. artikulua. Ordenantza honen xedeko tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean.

2. artikulua. Ordenantza honen helburua da udal eraikin eta lokalen erabilera arautzea eta kontzeptu horri dagokion tasa ezartzea.

3. artikulua. Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal, instalazio eta altzari guztiei, ez baldin badute berariazko ordenantzarik.

4. artikulua. Udal eraikinak eta lokalak erabiltzeko interesa dutenek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

5. artikulua. Baimena lortzen duten eskatzaileek udal eraikin eta lokalak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, haietan inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Udalaren eraikin eta lokalak ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelakoetarako.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldi bakoitzaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste hartzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Udal eraikin eta lokalak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabilera-denbora, okupatzaileen nortasuna eta kopurua eta erabileraren helburua adieraziz. Dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du Udalak, egoki irizten badio eskatutakoaz ebazteko. Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

9. artikulua. Udalburuak kasu bakoitzean bidezko juzgatzen duena erabakiko du, kontuan izanik eskatutako ezaugarriak dituzten eraikin edo lokalen erabilgarritasuna, okupatzaile kopurua, helburua eta erabilera-denbora.

10. artikulua. Udalak fidantza eratzeko eska dezake, legez onarturiko edozein modutan. Fidantzaren xedea izanen da erantzutea udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aurretik zeuden egoerara lehengoratzeko betebeharrei. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da eraikinak edo lokalak erabili diren denbora guztiarengatik edo udal altzariak lagatzeagatik likidatutakoa.

11. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen dituzten ezarritako betebeharrak, hala ordenantza honetakoak nola indarrean dauden gainerako legedikoak. Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza izanen da ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak eta eragindako kalte-galerek ekarritako diru-erantzukizunak ordaintzeko.

II. KAPITULUA.–UDALAREN ERAIKIN, LOKAL ETA INSTALAZIOAK ERABILTZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK

12. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea da pertsona fisiko nahiz juridikoek, baita, nortasun juridikoa izan ala ez, erakunde edo entitateek ere, Udalaren lizentzia eskuratu ondotik udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzeagatik ordaindu behar den tasa.

Ez dira ordenantza honen mende egonen:

a) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskola ordutegiaren barnean eta eskolak berak baimendu badu, baldin eta ofizialki onetsitako hezkuntza-programak garatzeko jarduerak edo horien osagarriak badira.

b) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskolaz kanpoko ordutegian bada eta gurasoen elkarteak antolatutako jarduera gisa egiten bada, betiere eskola kontseiluak eta Udalak onetsita.

c) Irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol edo ongintzako elkarteak, egoitza soziala Vianan badute, edo Vianan erroldatutako edozein pertsona fisiko, baldin eta arestian aipatu xedeetako bat badute.

13. artikulua. Subjektu pasiboak.

1) Pertsona naturalak edo juridikoak daude ordainarazpenok ordaintzera behartuta, baimena badute beren intereserako udal instalazio hauek erabiltzeko: Kultur Etxea, Navarro Villoslada Kultur Zentroa, Udalaren bilkura aretoa, Añoa etxea, Gaztegunea, San Pedro elizaren hondakinak eta alboko aretoa (9:00etatik 0:00etara), eta udal altzariak.

2) Lokalak erreserbatzeko eskaeran adierazi beharko da zein den gauzatuko den jarduera, zein den parte-hartzaile kopuru zenbatetsia, noiz hasi eta bukatuko den jarduera, bai eta beste edozein informazio garrantzitsu ere.

14. artikulua. Erabiltzeko baimena dekretu bidez ematen den unean sortuko da ordaintzeko betebeharra.

15. artikulua. Eskubideak ondoko tarifa hauen arabera bilduko dira:

1) 39,00 euro egunean, areto guztietan, salbu eta San Pedro elizaren hondakinak eta ondoko aretoa. Arte erakusketetarako erreserbatzen badira, ikusgai jarritako artelanetako bat ematen ahal da tasaren ordez. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, erakusketa amaitzen denetik hasita. Hori egin ezean, dagokion tasa ordainaraziko da.

Zeremoniak zibilak egiteko, 60 euroko fidantza jarri beharko da.

2) San Pedro elizaren hondakinak eta ondoko aretoa erabiltzea: 400 euroko kostua izanen du eguneko, eta 200 euroko fidantza utzi beharko da.

3) Udalaren mahaiak eta aulkiak erabiltzea:

  • 50 zentimo, aulki eta egun bako itzeko.
  • 2 euro, mahai eta egun bakoitzeko.

Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokala eta/edo altzariak behar bezala uztea.

16. artikulua. Lokalen eta altzarien erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak nahiz instalazioa edo altzariak erabiltzeko paratutako arauak.

17. artikulua. Iruzurtzat joko da Udalaren baimenik gabe lokalean sartzea edo altzariak erabiltzea.

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2502816