1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
80E/2025 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmen bat egiteko Iruñeko udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio batean. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 5eko 356E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2022ko ekainaren 17an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, prozesu berri bat ezartzeko asmoa baitu, plastikozko ontziak (hondakin arriskutsuak) birrintzekoa.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko abuztuaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2022ko abuztuaren 5ean emandako irizpenean, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio prozedura tramitatzeko, eta, beraz, 2022ko abuztuaren 5ean, prozedura hori hasi zen, proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuaren xedea da prozesu berri bat ezartzea, plastikozko ontzi kutsatuak birrintzekoa, hondakin ez-arriskutsutzat jotzen diren ontziak birrintzeko erabiltzen den ekipo berean, baina bi prozesuak bereizita eginda.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ebazpen honen III. eranskinean jasota daude.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Aldaketa nabarmena baimentzea Iruñeko udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio batean, plastikozko ontziak (hondakin arriskutsuak) birrintzeko prozesu berria ezartzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.
Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–II. eranskinean (Suteen aurkako babes neurriak) adierazitako baldintzak betetzearen justifikazioa.
Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2503407