64. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 818867.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen mende egon dira. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen deialdia onestea, 2025. urterako, horretarako 110.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako laguntzen deialdia onestea, 2025. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak

2025

110.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko martxoaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN FUNTZIONAMENDURAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2025. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendu gastuak ordaintzeko, 2025. urterako.

1.2. Onura publikoko eta interes sozialeko xedearen oinarria da pertsona guztien kulturarako eskubidea. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, adierazi zuen pertsona orok duela eskubidea bere behar kulturalak asetzeko, aske parte hartzeko komunitatearen bizitza kulturalean eta arteez gozatzeko.

Nazioarteko tresna ugarik dute eragin zuzena kulturaren eta museoen arloaren arauketan, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik harago. Adibidez, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), historian zehar, gai horrekin lotutako tresna ugari prestatu ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: museoak guztiontzat irisgarriagoak egiteko bitarteko eraginkorrenei buruzko Gomendioa, 1960ko abenduaren 14koa, ondasun kultural higigarrien babesari buruzko Gomendioa, 1978ko azaroaren 28koa, edo, berriena, 2015eko azaroaren 17ko Gomendio inspiratzailea, museoak, bildumak, haien aniztasuna eta gizartean duten funtzioa babestu eta sustatzeari buruzkoa, zeinak erakunde horien rola eguneratzen baitu gaur egungo mundurako.

1.3. Hau da dirulaguntzen aplikazio eremua:

–Museo ekipamenduen funtzionamendu gastuak eta eraikinen mantentze-lanak finantzatzea.

–Haien bildumetarako prebentziozko kontserbazio lanak finantzatzea.

–Haien bildumetarako kontserbazio sendatzaileko lanak finantzatzea.

2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan funtzionamendurako partida izendunak –Museoen Zerbitzuari dagozkionak– dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.

3.1. Deialdi honetara 110.000 euro bideratuko dira, 2025. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak" izeneko A20003-A2300-4816-333100 partidaren kontura.

3.2. Laguntza horiek bi motakoak izanen dira:

3.2.1. Funtzionamendurako laguntzak. 90.000 euro bideratuko dira atal honetarako, irizpide honen arabera:

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak diruz lagunduko dira, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuek jasoko dute dirulaguntza.

Laguntza 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera emanen da, betiere eskaeran aurkezten den aurrekontutik datorren defizita gainditu gabe.

Funtzionamendurako laguntza finkoetarako esleitutako kopurua (90.000 euro) osorik banatzen ez bada, gelditzen den hondarra erabiliko da prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko lanetarako laguntzen aurrekontua handitzeko.

3.2.2. Bildumaren prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko lanetarako laguntzak. 20.000 euro bideratuko dira atal horretarako. Aurkeztutako proiektuei laguntza aldakorrak emanen zaizkie, puntuazio ordenaren arabera, eta onartutako aurrekontuaren %80rainokoak, gehienez ere 3.000 euro proiektu bakoitzeko, kontzeptu horri atxikitako zuzkidura agortu arte.

Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko lanetarako zenbatekoa osorik esleitzen ez bada, erabilgarri dagoen saldoa baliatuko da esleipenaren lehenbiziko fasean funtzionamendurako laguntza finkorik lortu ez duten entitate eskatzaileei emateko. Hala eta guztiz ere gerakinik geratuz gero, proportzionalki banatuko da entitate onuradunen artean, 8. oinarriko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

Laguntzak puntuazio ordenaren arabera eman ondoren, entitate batek laguntzari uko egitea erabakitzen badu, 15 egun balioduneko epean egin beharko du, laguntza eman zaiola jakinarazten denetik zenbatzen hasita, eta gerakina hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, lehentasun hurrenkeraren arabera.

3.2.3. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez-lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako aurrekontuari.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Diruz lagunduko diren prebentziozko kontserbazioko eta kontserbazio sendatzaileko proiektuak exekuzio fasean edo amaituta egoten ahal dira, baina beti gauzatu eta bukatu beharko dira 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

4.2. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Aurrekontu orokor bat erantsi beharko da, kontzeptuak banakatuta izanen dituena, bai eta kronograma bat ere.

4.3. Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko proiektuen kasuan, proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnenak eta horretarako kontratatzen direnenak, eta ezin izanen da gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Plantillako pertsona bakarrak egin behar badu lan guztia edo zati bat, adierazi beharko da lanaldiaren zer portzentaje emanen duen proiektuan lan egiten.

4.4. Prebentziozko kontserbazioko eta kontserbazio sendatzaileko proiektuak aurkezteko betebehar formalak 5. eranskinean daude jasota.

4.5. Nahitaezkoa izanen da eskaeran Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldez aurreko txostena eranstea, baimena ematen duena prebentziozko kontserbazioko eta kontserbazio sendatzaileko proiektuak egiteko.

4.6. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Inbertsioak eta Zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.

5. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (ez dira kontuan hartzen larunbatak, igandeak eta jaiegunak), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Entitate eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

5.3. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, behar bezala beteta, eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatutako eskaera-orri espezifikoarekin (1. eranskina) batera:

a) Entitate eskatzailearen IFZa (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria (6. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru sarrerak), 2024. urteari dagozkionak. Jardueraren memoria 6. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein agiri eransten ahalko zaio.

f) Hala badagokio, prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko proiektua, 5. eranskinean adierazitako jarraibideen arabera.

g) 2025. urterako jarduera plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta asteko zer egunetan irekiko den dohainik.

h) 2025erako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak funtzionamendurako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

j) Zuzendaritza taldea osatzen duten pertsonen eta entitatean lan egiten duten langileen sexuaren araberako banaketa.

5.4. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarritzat joko da deialdi honetan araututako egunetan garatzen dena eta 1. oinarrian zehaztutako funtzionamendua eta kontserbazioa (prebentziozkoa eta/edo sendatzailea) finantzatzeari dagokiona ezbairik gabe.

6.2. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Inbertsioak eta Zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten gastuak.

6.3. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.4. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

6.5. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

Museoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz. Haren irizpena loteslea izanen da eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari ebazpen proposamena eginen dio.

7.2. Prebentziozko kontserbaziorako eta/edo kontserbazio sendatzailerako laguntzak baloratzeko, Museoen Atalak txosten bat edo aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Onartzen diren eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2024. urtean kultura arloan egindako ibilbidea (gehienez 50 puntu), 6. eranskinean xehatuta dauden honako puntu hauen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 15 puntu.

–Erakundean gauzatutako hobekuntzak: gehienez 15 puntu.

–Irekitzeko ordutegia / doakotasuna: gehienez 5 puntu.

–Bisitari kopurua: gehienez 5 puntu. Hazkundearen portzentajea.

–Euskararen erabilera: gehienez 5 puntu.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzen erabilera: gehienez 5 puntu.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 30 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 30 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 20 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

Baremo hau aplikatuz lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da dirulaguntzak emateko lehentasun hurrenkera funtzionamenduaren modalitaterako.

8.2. Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko gastuetarako onartutako eskaerak gehienez 20 puntuz baloratuko dira, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Aurkeztutako proiektua ongi egokitzea museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren bildumaren beharrei eta ezaugarriei, lehentasuna emanez Kultura Zuzendaritza Nagusiko bisita teknikoetan aurkitutako arazoei heltzen dieten esku-hartzeei (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea: metodologia, ekipoa, antolakuntza eta kronograma (gehienez 10 puntu).

Balorazioan gutxienez 12 puntu (%60) lortzen ez dituzten prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko proiektuek ez dute laguntzarik jasoko. Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun hurrenkera.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, entitate guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte aipatutako 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko amaierako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

11.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

11.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

11.4. Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko proiektuan egindako aldaketa ororen berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

11.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea nola ekipamendurako sarreran hala haren zabalkunderako erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Con la colaboración de/Laguntzaile. Halaber, "Museos de Navarra/Nafarroako Museoak" markaren logotipoa sartu beharko da, erregistratutako museo edo bilduma museografiko iraunkorra dela adierazteko. Marka horrek, hala badagokio, "Nafarroako Museoen Sistema" marka ordeztuko du.

11.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

11.7. Amaierako memoria bat aurkeztea. Memoria horretan, prebentziozko kontserbazioaren eta/edo kontserbazio sendatzailearen kasuetan, proiektuaren helburuak noraino bete diren ebaluatzeko txosten bat jaso beharko da. Txosten horretan, laguntza eskatzean aurkeztu zen proiektuan jasotakoarekiko betetze maila adieraziko da (5. eranskina).

11.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xede diren prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11.9. Gardentasuna:

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradun pribatuek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.10. Gastuen, ordainketen eta sarreren egiaztagiriak aurkeztea.

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Dirulaguntzak ordainketa bakar baten bidez ordainduko dira, behin proiektuak amaitu ondoren (prebentziozko kontserbazioaren eta/edo kontserbazio sendatzailearen kasuan), eta agiri hauek 2025eko azaroaren 17a baino lehen aurkeztuta, egun hori barne:

a) Aurkeztutako gastuen eta diru-sarreren zenbateko osoa eta, diru-sarrerak kenduta, laguntzaren justifikazio gisa proposatzen den azken zenbatekoa berariaz jasotzen dituen dokumentu edo testu laburra. Zenbateko hori Museoen Zerbitzuak berrikusi eta onartu beharko du.

b) 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta egon behar direnak (azaroaren 17a baino lehen).

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak.

c) Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko konturako taula normalizatuak, behar bezala beteak. Museoen Zerbitzuak helaraziko ditu taula horiek.

d) Jarduera memoria, 6. eranskineko ereduaren araberakoa, 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko datuekin. Urteko memoria osoa, hau da, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko datuak jasotzen dituena, 2026ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko da beranduenez.

e) Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko proiektuetan gauzatutako jarduketaren amaierako memoria, hasierako proiektuan proposatutako helburuak noraino bete diren ebaluatzeko txostena barne.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

12.2. Gastuen eta diru sarreren justifikazioa honela eginen da:

12.2.1. Justifikaziorako, justifikazio taula edo kontuaren eredua erabiliko da, eta dagozkion faktura eta banku frogagiriak atxikiko zaizkio, PDF formatuan eta modu ordenatu eta korrelatiboan (aipatu eredua Museoen Zerbitzuak helaraziko du eskaera egiten den unean eta entitate onuradun bakoitzak egokitzen ahalko du).

Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da, PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar).

12.2.2. Fakturak 2025eko urriaren 31 baino lehen igorriak izan beharko dira, eta ordainagiriak justifikazio epea bukatu aurretik ordainduak (azaroaren 17a baino lehen, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera beteko dira.

12.2.3. Entitate onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

12.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan-kontratuan berariaz aipatzen ez bada.

Zeharkako zergak (adibidez, BEZa) ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

12.2.5. Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, gastua noiz egin den adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla berresteko egunak ere, kontuan hartuz (jada adierazi den bezala) gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (gastuak urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta ordainketak 2025eko azaroaren 17ra arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Toki entitateetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

12.3. Ekipamenduko ondasunen hornidura edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek emandako zerbitzuak ordaintzera bideraturiko gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiago bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzailea hautatzeko, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Toki entitateen kasuan, baldintza hori justifikatzeari dagokionez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 legean ezarritakoa aplikatuko da.

12.4. Prebentziozko kontserbazioko eta/edo kontserbazio sendatzaileko lanen kasuan, proiektuaren gastu guztiak justifikatu beharko dira. %80 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (oinarri arautzaile hauen 3.2 oinarrian ezartzen den bezala), laguntzak ematean ezarritako gehieneko mugarekin.

12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2026ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.

13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin zenbateko horien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

14.1. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.

14.2. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

ERANSKINETARAKO ETA IZAPIDEETARAKO FITXA

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/museoen-eta-bilduma-museografiko-iraunkorren-funtzionamendurako-laguntzak

Iragarkiaren kodea: F2503588