Iragarkia
64. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
30E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena, 2025erako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 818775.
1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen mende egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren mende ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.
Museoen Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia onestea, 2025. urterako, horretarako 68.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren inbertsioetarako laguntzen deialdia onestea, 2025. urterako.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20003-A2300-7816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak | 2025 | 68.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko otsailaren 28an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2025. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.
1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2025ean egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.
1.2. Onura publikoko edo interes sozialeko xedearen oinarria da pertsona guztien kulturarako eskubidea. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, adierazi zuen pertsona orok duela eskubidea bere behar kulturalak asetzeko, aske parte hartzeko komunitatearen bizitza kulturalean eta arteez gozatzeko.
Nazioarteko tresna ugarik dute eragin zuzena kulturaren eta museoen arloaren arauketan, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik harago. Adibidez, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), historian zehar, gai horrekin lotutako tresna ugari prestatu ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: museoak guztiontzat irisgarriagoak egiteko bitarteko eraginkorrenei buruzko Gomendioa, 1960ko abenduaren 14koa, ondasun kultural higigarrien babesari buruzko Gomendioa, 1978ko azaroaren 28koa, edo, berriena, 2015eko azaroaren 17ko Gomendio inspiratzailea, museoak, bildumak, haien aniztasuna eta gizartean duten funtzioa babestu eta sustatzeari buruzkoa, zeinak erakunde horien rola eguneratzen baitu gaur egungo mundurako.
1.3. Hau da dirulaguntzen aplikazio eremua:
–Aparatu kritikoa eta museografia berritzea.
–Pertsonak museoetako eraikinetara eta hango edukietara iristeko bideak erraztea (irisgarritasun unibertsala, seinaleak eta komunikazio ikusizkoa eta/edo espaziala).
–Bildumen segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.
–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.
–Ondasun higigarrietan eta higiezinetan esku hartzeko proiektuak; berariaz kanpoan geldituko dira Nafarroako Gobernuaren beste laguntza deialdi batzuetan egokiago edo zehatzago sartzen diren proiektuak.
2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.
2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.
b) Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
2.3. Kanpoan gelditzen dira:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.
–2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsioetarako partida izendunak –Museoen Zerbitzuari dagozkionak– dituzten museoak eta bilduma museografikoak.
3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.
3.1. Deialdiak guztira 68.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2025. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak" izeneko A20003-A2300-7816-333100 partidaren kontura.
3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira laguntzak, 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:
3.2.1. Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.
3.2.2. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez-lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako aurrekontuari.
3.2.3. Laguntzak puntuazio ordenaren arabera eman ondoren, gerakinik bada, puntuazioaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahal zaio, betiere 8.1.b) oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) %50era iritsi bada.
3.2.4. Entitate batek erabakitzen badu laguntza horri uko egitea, 15 egun balioduneko epean egin beharko du, laguntza eman zaiola jakinarazten denetik, eta soberakina ordenaren arabera dagokion hurrengo proiektuari ematen ahal zaio.
4. Proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina betiere 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin eta bukatu beharko dira. Laguntzak eman aurretik bukatzen badira, dirulaguntza jasotzen ahalko dute 10.5 oinarrian zehaztutako betebeharrak betetzen badituzte.
4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 8. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen hurrenkerari jarraituko zaio. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio bakar-bakarrik behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatuta, eta deialdiaren 8.b) puntuan (proiektuaren kalitatea) balorazioaren %50 (25 puntu) gainditu badu.
4.3. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte: aurrekontu orokor bateratua, kontzeptuak banakaturik, eta kronograma, zeinean adierazi beharko baita nork beteko duen eginkizun bakoitza proiektuaren fase bakoitzean.
4.4. Nahitaezkoa izanen da eskaeran Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldez aurreko txostena eranstea, baimena ematen duena ondasun higigarrietan eta higiezinetan esku-hartze proiektuak egiteko, baimen horren beharra duten ondasunak badira.
4.5. Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnenak eta horretarako kontratatzen direnenak, eta ezin izanen da gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Plantillako pertsona bakarrak egin behar badu lan guztia edo zati bat, adierazi beharko da lanaldiaren zer portzentaje emanen duen proiektuan lan egiten.
4.6. Proiektuak aurkezteko baldintza formalak 5. eranskinean jasota daude.
4.7. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Funtzionamendua eta Zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.
5. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.
5.1. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (ez dira sartzen larunbat, igande eta jaiegunak), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.2. Entitate eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
5.3. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, behar bezala beteta, eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatutako eskaera-orri espezifikoarekin (1. eranskina) batera:
a) Entitate eskatzailearen IFZa (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).
b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).
c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).
e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria (8. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru sarrerak), 2024. urteari dagozkionak. Jardueraren memoria 8. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein agiri eransten ahalko zaio.
f) Proiektuaren memoria xehatua, 5. eranskinarekin bat.
g) 2025. urterako jarduera plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta asteko zer egunetan irekiko den dohainik.
h) 2025erako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.
5.4 Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
5.5 Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
6. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 1. oinarrian adierazitako inbertsio proiektuak egiteko bada inolako zalantzarik gabe.
6.2. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
6.3. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
7.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
7.2. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
Batzordeburua:
–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.
Batzordeko kide eta idazkaria:
–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.
Batzordeko kideak:
–María Cánovas Arlegui andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.
–Maite Apezteguía Elso andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea. Ordezkoa: Patxi Burillo Nuin jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.
7.3. Proiektua eraikin batean esku-hartze arkitektonikoa egiteko bada eta eraikin hori kultur ondare gisa babestu beharreko kategoria batean sailkatua badago, batzordeak txosten teknikoa eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari.
7.4. Kontserbatu eta zaharberritzeko laguntzak baloratzeko, Museoen Atalak txosten tekniko bat eskatzen ahalko dio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalari.
8. Balorazio irizpideak.
8.1. Onartzen diren eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:
a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.
b) Proiektuaren kalitatea (gehienez 50 puntu), honela zehaztuta:
–Proiektuaren egokitasuna dirulaguntzaren xedearekiko: gehienez 10 puntu.
–Proiektua (5. eranskina): gehienez 15 puntu.
–Proiektuaren zabalkunde plana: gehienez 5 puntu.
–Proiektuak lurraldean duen eragin sozioekonomikoa: gehienez 5 puntu.
–Proiektuaren baldintza teknikoak: gehienez 15 puntu.
c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2024. urtean kultura arloan egindako ibilbidea (gehienez 15 puntu), 8. eranskinean zehazten diren puntu hauen arabera:
–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu.
–Jendearentzako ordutegia eta doakotasuna: gehienez 3 puntu.
–Bisitari kopurua: gehienez 3 puntu. Hazkundearen portzentajea.
d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:
–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.
–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.
–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.
8.2. Inola ere ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 8.b) oinarriaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) puntuazioaren %50era (25 puntu) iristen ez diren eskaerek.
9. Laguntzak emateko ebazpena.
9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, entitate guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
10. Entitate onuradunen betebeharrak.
10.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.
10.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.
10.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.
10.4. Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.
10.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektuaren zabalkunderako erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Con la colaboración de/Laguntzaile. Halaber, "Museos de Navarra/Nafarroako Museoak" markaren logotipoa sartu beharko da, erregistratutako museo edo bilduma museografiko iraunkorra dela adierazteko. Marka horrek, hala badagokio, "Nafarroako Museoen Sistema" marka ordeztuko du.
10.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.
10.7. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, betetze maila adieraziko da, hasieran aurkeztutako proiektuan jasotakoarekin alderatuta (6. edo 7. eranskina).
10.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:
10.9. Gardentasuna:
Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoek izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.
Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10.10. Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epeetan aurkeztea.
10.11. Laguntzaren xede diren inbertsio lanak bukatzea 2025eko urriaren 31 baino lehen.
10.12. Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzekotan, onuradunak ondasun horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako gutxieneko aldian zehar.
11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
11.1. Dirulaguntzen ordainketa. Emandako laguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2025eko azaroaren 17a baino lehen, egun hori barne:
a) 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta behar dutenak (azaroaren 17a baino lehen).
b) Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko konturako taula normalizatuak, behar bezala beteak. Museoen Zerbitzuak helaraziko ditu taula horiek.
c) Diruz lagundutako proiektuaren amaierako memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, amaierako memoria 6. eranskinean jasotako arauei jarraituz eginen da, eta, proiektu arkitektonikoen kasuan, 7. eranskinean jasotako irizpideei jarraituz.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.
11.2. Gastuen eta diru sarreren justifikazioa honela eginen da:
11.2.1. Justifikaziorako, Museoen Atalak justifikazio taula edo kontuaren eredu bat helaraziko die entitate onuradunei, Excel formatu normalizatuan; dagozkien faktura eta banku frogagiriak atxikiko zaizkio, PDF formatuan eta modu ordenatu eta korrelatiboan.
Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da, PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar).
11.2.2. Fakturak 2025eko urriaren 31 baino lehen igorriak izan beharko dira, eta ordainagiriak justifikazio epea bukatu aurretik ordainduak (azaroaren 17a baino lehen, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera beteko dira.
11.2.3. Entitate onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.
11.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan-kontratuan berariaz aipatzen ez bada.
Zeharkako zergak (adibidez, BEZa) ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).
11.2.5. Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak beharko dutela (gastuak, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak, 2025eko azaroaren 17ra arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.
Toki entitateetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.
11.3. Ekipamenduko ondasunen hornidura edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek emandako zerbitzuak ordaintzera bideraturiko gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiago bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzailea hautatzeko, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Toki entitateen kasuan, baldintza hori justifikatzeari dagokionez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 legean ezarritakoa aplikatuko da.
11.4. Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. %80 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (3. oinarrian ezartzen den bezala), laguntzak ematean ezarritako gehieneko mugarekin.
11.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2026ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.
12. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.
12.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).
12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte aipatutako 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
12.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko amaierako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.
13. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin zenbateko horien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
14.1. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.
14.2. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.
16. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
ERANSKINETARAKO ETA IZAPIDEETARAKO FITXA
Iragarkiaren kodea: F2503598
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
