1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
28E/2025 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez formalizatutako esleipena, Nafarroako industrialdeetan energia-komunitateen sorrera sustatzekoa.
Energia-komunitateak honako bi zuzentarau hauen bidez ezarri ziren: batetik, 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentaraua, Iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilera sustatzeari buruzkoa, eta, bestetik, 2019ko ekainaren 5eko 2019/994 Zuzentaraua, Elektrizitatearen barne-merkatuko arau komunei buruzkoa –honen bidez aldatu zen 2012/27/EB Zuzentaraua, bai energia berriztagarrien komunitateei, bai herritarren energia-komunitateei dagokienez ere–. Lehenengoak, energia berriztagarrien komunitateak, berariaz jasotzen dira sektore elektrikoari buruzko Estatuko araudian, hornidura elektrikoaren jardueran parte hartzen duten subjektu berritzat hartuta.
Bestalde, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak hainbat neurri jasotzen ditu herritarrek eta energia-komunitateek energia berriztagarrien sorreran eta zerbitzu energetikoen eskaintzan parte hartzea sustatzeko.
Aurrekoarekin batera, 2030erako Nafarroako Energia Planak (PEN 2030) zenbait ekintza aurreikusten ditu energia-komunitateak eratzeko, energiaren erabiltzaileak ardatz dituen energia-sistema baterako trantsizio energetikoa bultzatzeko, komunitatea sortuz eta eraldaketa prozesu horretan teknologia aplikatuz.
Azken batean, energia-komunitateak dagoeneko errealitate bat dira eta horiek eratzeko proiektuak gero eta ugariagoak, eta Nafarroako Gobernuak are babes handiagoa eman nahi die. Horretarako, energia-komunitateak sustatzeko neurriak ezartzen dituen urriaren 21eko 64/2022 Foru Aginduaren bidez, Nafarroan horiek bultzatzen eta ezartzen laguntzeko hainbat neurri-sorta eta arau-esparru garatu dira.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluak jasotzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, izan eraginkortasun-arrazoiengatik, izan ez duelako jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik, betiere aurretik Parlamentuari jakinarazita. Agindu horren arabera, kudeaketa-esleipena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den hitzarmen baten bidez formalizatuko da.
Nafarroako Gobernuak ez du behar adina langile, Nafarroan energia-komunitateen sorrera sustatzeko aurreikusten diren jarduketak garatzeko gaitasun egokia dutenak, eta, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren izaera juridikoa kontuan hartuta, bai eta esleiturik dituen eginkizun publiko-administratiboak ere, komenigarria da, eraginkortasuna eta baliabideen optimizazioa helburu, Nafarroako Ganberari esleitzea jarduketa hauen kudeaketa, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren babesean:
–Bi energia-komunitate sortzeko partaidetza-prozesua diseinatzea eta garatzea.
–Hura garatzeko behar diren komunikazio estrategiak ezartzea.
–Energia-komunitateak sortzeko prozesua zabaltzea, partaidetza-prozesua amaitu ondoren.
–Energia-komunitateek aurrera eraman behar dituzten jarduketen plangintza, laguntza eta aholkularitza.
–Partaidetza- eta eratze-prozesua partekatu eta zabaltzea.
Lan horiek 2025. urtean eginen dira, eta 35.000 euroko gastua ekarriko dute.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez formalizatutako esleipena onestea, Nafarroako industrialdeetan energia-komunitateen sorrera sustatzekoa. Eranskinean ageri da.
2. 35.000 euroko gastua xedatzea hitzarmenaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2025eko gastu-aurrekontuetako 820001 82500 2276 425207 partidaren kargura ("Merkataritza Ganbera Sektore pribatuko energia-komunitateak").
3. Ebazpen hau Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari eta Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuari helaraztea, bai eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Departamentuari ere, Nafarroako Parlamentura bidal dezan.
4. Ebazpen hau eta erantsitako hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 6an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
HITZARMENA, ZEINAREN BIDEZ FORMALIZATZEN BAITA NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALAREN ESKU UZTEA ENERGIA, ENPRESA I+G+B ETA EKINTZAILETZAKO ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ESLEIPENA, 2025EAN NAFARROAKO SEKTORE PRIBATUAN ENERGIA-KOMUNITATEAK SUSTATZEKO
Iruñean, sinadura digitalaren egunean,
BILDURIK:
Alde batetik, Garbiñe Basterra Olóriz andrea, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkion eskudantziak erabiliz.
Eta bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko lehendakaria.
Bildutakoek, nork bere ordezkaritza erabiliz, eta adostasunez,
ADIERAZTEN DUTE:
I. Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak hainbat neurri jasotzen ditu herritarrek eta energia-komunitateek energia berriztagarrien sorreran eta zerbitzu energetikoen eskaintzan parte hartzea sustatzeko. Halaber, 64/2022 Foru Aginduak –urriaren 21ekoa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana–, Nafarroan energia-komunitateak sustatzeko neurriak ezartzen ditu.
II. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak eskumenak ditu hauen sustapenean: energia berriztagarriak, aurreztea, energia-efizientzia eta energiaren kudeaketa adimenduna.
Organo horrek, bere eskumenak baliatuz, jarduketa-programa bat egin nahi du industrialdeetan energia-komunitateak eratzea sustatzeko.
III. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala (aurrerantzean Nafarroako Ganbera) zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoa duena, eta helburuak betetzeko jardute-gaitasun osokoa. Administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo gisa eratu da, hura arautzen duen apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluaren arabera.
IV. 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, baldin eta, eraginkortasun-arrazoiak direla-eta edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez izateagatik, komenigarria dela ikusten bada, betiere aldez aurretik Parlamentuari jakinarazita.
Manu horren arabera, kudeaketa-esleipen hori hitzarmen baten bidez formalizatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek jasoko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta, hala badagokio, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.
V. Dagokigun kasuan, nola efikaziarekin hala Administrazioak baliabide tekniko egokirik ez izatearekin loturiko arrazoiak direla eta, Nafarroako Ganberaren esku uzten da esleipena, honako hauek aintzat hartuta: betetzen dituen funtzio publiko-administratiboak eta "TODA Energía" energia-komunitatea (zeinean Nafarroako Foru Komunitateko 29 udalek hartzen baitute parte) eratzean hartutako esperientzia. Aipatutako proiektu arrakastatsu hori eredugarria gertatu zaio hainbat Merkataritza Ganberari energia-komunitateak bultzatzeko.
Azaldutakoarekin bat etorriz, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, zeinaren bidez Nafarroako Ganberari egin beharreko esleipena formalizatzen baita. Hona hemen hitzarmenaren.
KLAUSULAK
Lehena.–Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari egiten dion kudeaketa-esleipena formalizatzea, 2025ean Nafarroan enpresako energia-komunitateak martxan jartzea bultzatzeko.
Bigarrena.–Esleitutako jarduketak.
Jarduketa honen helburua da deskribatutako helburuak lortzen laguntzea eta industrialdeetan bi energia-komunitate eratzeko eta garatzeko ekimenen beharretako batzuei erantzutea, aurreikusten diren honako jarduera hauen bidez:
–Energia-komunitateak eratzeko poligono egokiak identifikatzea.
–Enpresei laguntzea energia-komunitatean parte hartzeko eta hura eratzeko prozesuan, eta haien zuzendaritza-batzordeak gidatzea dauden baliabideak eta beharrak aztertzeko.
–Hasieran bazkideak erakartzeko sentsibilizatzea eta horretan laguntzea.
–Energia-komunitateko zuzendaritza batzordeari laguntza teknikoa ematea eratzeko lehenengo urratsetan.
–Etengabeko harremana izatea dinamizazio-elkartearekin edo -taldeekin eta interesa duten industrialdeko enpresekin (informazio-batzordeetan egonez, kontsultak ebatziz, etab.), energia-komunitateari buruzko zalantzak argitzeko.
–Ekimena formalki eratzeko beharrezkoak diren dokumentu juridikoak idazten laguntzea.
–Komunikazio-plana idaztea, dinamizazio-elkarte edo -taldearekin batera, proiektua toki-mailan zabaltzeko, behar diren tokiko bazkideak lortzeko.
–Ekimena komunikabideetan zabaltzea, eta, beti, energia-komunitatea eratzeko Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantzatu izanari erreferentzia egitea.
Hirugarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren betebeharrak.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Esleitutako jarduketak betetzea Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak horretarako emandako jarraibideekin bat.
b) Esleitutako jarduketak betetzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak edukitzea.
c) Garatu beharreko ekintzak eta jarduerak zehaztea, hasierako memoria batean, bai eta ekintza eta jarduera horiek behar bezala gauzatzeko eskura jarritako baliabide materialak eta giza baliabideak, lanen aurrekontua eta bete beharreko mugarrien kronograma ere.
d) Esleitutako lanak garatzeko sortzen diren agirietan agerraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekintzak direla, Nafarroako Ganberarekin elkarlanean gauzatuak, eta agiri horietan bi erakundeen logotipoak jartzea.
e) Egindako jarduketen egiaztagiria aurkeztea, bosgarren klausulan ezartzen den moduan.
Laugarrena.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Esleitzen diren jarduketak egiteko behar den laguntza teknikoa ematea.
b) Esleipena egikaritzeko beharrezkoa den informazio guztia Nafarroako Ganberaren esku jartzea.
c) Bigarren klausulan adierazten diren jarduketak egiteko 35.000 euro ordaintzea, gehienez, Nafarroako Ganberari.
Bosgarrena.–Egindako jarduketen egiaztapena eta ordainketa.
1. Nafarroako Ganberak, jarduketak egin ondotik, egindako jarduera egiaztatzen duen dokumentazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu beharko du, telematikoki, 2025eko abenduaren 2a baino lehen.
Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
–2. oinarrian deskribatzen eta garatzen diren jarduketen memoria-txostena.
–Eratutako energia-komunitateen IFKa.
–Eratutako energia-komunitate bakoitzeko parte-hartzaileen zerrenda.
–Energia-komunitateak energia-komunitateen erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria.
Aurkezten den dokumentazio ekonomikoak egindako gastuak egiaztatuko ditu. Horretarako, honako hauek aurkeztu beharko dira:
–Gastuen eta ordainketen ziurtagiria, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren arduradun ekonomikoak sinatua, non agertuko baitira egotzitako gastuaren eta egindako ordainketen datuak, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak konprometitutako gehieneko mugaraino, baita haien egiaztagiriak ere.
Gastuen artean ezin da zeharkako zergarik sartu, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoak badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
–Langileria-gastuak honako agiri hauek aurkeztuz frogatuko dira:
- Langileen nominak.
- Gizarte Segurantzako kotizazioaren TC1 eta TC2 agiriak, aldi berari dagozkionak.
- Garatutako zereginetan esku hartzen duten langileen ordu-egozpena zehazten duen dokumentua.
–Aurreikusitako jarduketak garatzeko Nafarroako Ganberak kontratatutako kanpoko kolaborazioen eta laguntzen fakturak eta ordainagiriak. Ordainketa-agiriek sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeak bete beharko dituzte, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoak.
–Zeharkako gastuen portzentajea, hau da, langile gastuen %10, justifikatuko da itxitako azken ekitaldiko kostu errealen arabera, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat.
2. Esleitutako lanak bi zatitan ordainduko dira. Lehen ordainketa, %50ekoa, alderdiek hitzarmena sinatzean eginen da, eta, gainerako zenbatekoa, agindutako lana amaitu ondotik. Aldez aurretik, egin beharreko jarduketa justifikatzen duen dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko da.
Seigarrena.–Jarraipen Batzordea.
Esleipen hau egoki gauzatzen dela begiratzeko, jarraipen-batzorde bat eratzen da. Batzorde horretako burua Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendaritza nagusia izanen da, edo hark eskuordetzen duena, eta bi batzordekide hauek ere izanen ditu: bata, zuzendaritza nagusi horrek izendatua, eta, bestea, Nafarroako Ganberak izendatua.
Zazpigarrena.–Auziak ebaztea.
Alderdien artean sortzen diren eztabaiden gainean jarraipen-batzordean adostasunik lortzen ez bada, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak ebatziko ditu, eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio-ordenari jakinaraziko zaizkio.
Zortzigarrena.–Esleipenaren indarraldia.
Kudeaketa-esleipen honek hitzarmen hau sinatzearekin batera hartuko du indarra, eta 2025eko abenduaren 2ra arte egonen da indarrean.
Esleitzen diren jarduerak nola garatzen diren, epe hori luzatzen ahalko da, bi alderdiek berariaz hala erabakita.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek elektronikoki sinatzen dute hitzarmen hau, azken sinaduraren eguna dela benetako sinadura data.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia | Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko burua |
Garbiñe Basterra Olóriz | Javier Taberna Jiménez |
Iragarkiaren kodea: F2503789