64. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15/2025 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Hezkuntza Departamentuko Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eskualde-mailakoak deklaratzen baitira Erroko "San Esteban" HLHIPko eta Iruñeko "San Jorge" HLHIPko jantokiak.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenez, eskualdeko jantokiak dira Hezkuntza Departamentuak halakotzat jotzen dituenak, eskola-jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola-garraioaren erabileraren mende dauden ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetako premiei erantzun beharrez. Hezkuntza Departamentuak antolatuko ditu, ikastetxeetako eskola kontseiluekin eta zuzendaritzekin lankidetzan.

Era berean, ezartzen du Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantokitzat jotzen ahalko dituela aurreko paragrafoan jasotako ezaugarriak betetzen ez dituztenak, baldin eta ikasle guztiek edo gehienek honako ezaugarri berezi hauetakoren bat badute:

a) Aukeratutako ikastetxean plazarik ez izateagatik inguruko batera bideratu diren ikasleak.

b) Aukeratutako hizkuntza ereduagatik beste herri batean ikasi behar dutenak.

c) Hezkuntza Bereziko ikasgela espezifikoetara bideratutako ikasleak.

d) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak.

2025eko otsailaren 17an, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txostena aurkeztu zuen. Bertan, Erroko "San Esteban" HLHIPko eta Iruñeko "San Jorge" HLHIPko jantokiak eskualdekotzat deklaratzea proposatzen da, haien ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

Erroko "San Esteban" HLHIPko jantokiaren kasuan, ezaugarri berezi horiek kontuan hartzen dira egunero beste herri batetik joanda jangela erabiltzen duten ikasleen ehunekoa kontuan izanik. Gainera, are gehiago, ikastetxea despopulazio-arrisku handiko eremu batean dago, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoaren arabera.

Iruñeko "San Jorge" HLHIPri dagokionez, eskualdekotzat jotzeko oinarria da sozioekonomikoki ahulak diren sektoreetako ikasleen zer ehunekok erabiltzen duen jantokia.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Eskualdeko jantoki deklaratzea Erroko "San Esteban" HLHIP eta Iruñeko "San Jorge" HLHIP.

2.–Deklarazio honek 2025eko irailaren 1etik aitzina izanen du eragina.

3.–Adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Erroko "San Esteban" HLHIPko eta Iruñeko "San Jorge" HLHIPko zuzendaritzei eta guraso-elkarteei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko otsailaren 27an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2503214