64. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2025 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea Concepción Lacunza Aldaya andrearen abintestato jaraunsle (GP 2022210) deklaratzeko prozedurari.

Ondare Zerbitzuak jakin du Concepción Lacunza Aldaya andrearen ondasunak badaudela, jaraunsle ezagunik gabe.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 5era bitarteko zenbakietan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 6an agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".

Concepción Lacunza Aldaya andrea Iruñean jaio zen, 1929ko abenduaren 6an, eta Iruñean hil zen 2020ko apirilaren 7an.

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta zenduari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ager litezkeenak):

–Kontua Caixabanken, 2019ko abenduaren 31n, 15.151,02 euroko saldoa duena.

–Caixabankeko balore-, aseguru- eta errenta-tituluak 2019ko abenduaren 31n, 13.836,24 euroko balioarekin.

–Etxebizitza, Blas de la Serna kaleko 63, 2. solairua, hirugarren ezkerra, Iruña.

Espedientean jasota daude kausatzailearen heriotza-ziurtagiriak, abintestato jaraunsleen deklarazioaren nabaritasun-akta, Heriotza Estaltzeko Aseguruen Kontratuen Erregistro Orokorra eta Azken Nahien Egintzen Erregistroa.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenen ondorioz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 243/2023 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren bidez esleitu didaten eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Concepción Lacunza Aldaya andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoarekin bat.

3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan, edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkezteko aukera izateko, toki honetan: Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea 27-2., Iruñea, 31003 Iruña).

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa).

Iruñean, 2025eko martxoaren 3an.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.

Iragarkiaren kodea: F2503431