1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
658E/2025 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdia onesten baita eta 2025erako gastua baimentzen baita dirulaguntza hauetarako: Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresentzako dirulaguntzak, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko; era berean, martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpenaren 6.1, 7., 14 a eta 14 b oinarri arautzaileak aldatzen dira eta 6.4 apartatua gehitzen da. DDBN identifikazioa: 811832.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2025. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2025. urterako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten dituzten inbertsioetarako dirulaguntzak.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren, eta otsailaren 23ko 476E/2022 Ebazpenaren, apirilaren 3ko 1810E/2024 Ebazpenaren eta maiatzaren 2ko 1279/2024 Ebazpenaren bidez aldatu.
Deialdia argitaratu zenetik igaro den denboran haren kudeaketan eta izapideetan izandako esperientziak zenbait behar sortu ditu: deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi zituen ebazpenaren 6.1, 7., 14 a eta 14 b oinarri arautzaileak aldatzea eta 6.4 apartatua gehitzea, dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzeko, balorazio irizpideak aldatzeko eta diruz lagundu daitezkeen gastuen oinarrian apartatu berri bat sartzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2025erako dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko.
2. 170.000 euroko gastua baimentzea, 2025erako gastuen aurrekontuko "Gizarteratze eta laneratze enpresetan inbertsioak egiteko laguntzak" izeneko 950001 96100 7709 241206 (E) partidaren kargura, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresei dirulaguntzak emateko, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten dituzten inbertsioetarako. DDBN: 811832.
3. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 2ko 226E/2021 Ebazpena, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak; zehazki haren eranskina aldatzen da, honela:
–3.1. Deialdiaren 6.1. oinarria aldatzea, testu hau izateko:
"6. Gastu diruz lagungarriak.
6.1. Aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, ordaindu eta fakturen edo froga-balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatuak.
Dirulaguntza honen ondorioetarako, ibilgetuan kontzeptu hauetan egiten diren inbertsioak joko dira gastu diruz lagungarritzat:
a) Gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerarako baino erabiltzen ez diren lokalak egokitzea. Kasu horretan, eskaerari dagokion proiektua erantsiko zaio.
b) Negozioa eskuz aldatzeko eskubideak. Kontzeptu honetatik kanpo daude saltzeko diren izakinak edo salgaiak.
c) Makineria eta tresnak.
d) Ekipo informatikoak.
e) Bulegoko altzariak.
f) Aplikazio informatikoak, baldin enpresaren jarduerari loturik badaude zalantzarik gabe.
g) Jardueran aritzeko bakarrik diren nahitaezko ibilgailuak. Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik joko dira babesteko modukotzat, hau da, beren fitxa teknikoan ezarrita duten sailkapen kodearen hasiera 03, 04, edo 06 ez dutenak.
h) Altzariak".
–3.2. 6.4 apartatua gehitzea
"6.4 Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina entitate ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Kontu horiek justifikatzeko, dagozkien oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraituko zaio".
Horretarako, fakturen, aurrekontuen edo inbertsioaren proformako fakturen fotokopiak aurkeztuko dira, bai eta hornitzailearen hautaketa egiaztatzen duen azalpen-agiri batena ere.
–3.3 Deialdiaren 7. oinarria aldatzea, testu hau izateko:
"7. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izaten ahal da, eta 9.500 eurokoa gehienez, gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzeko.
Hortik aurrera oraindik kreditu eskuragarririk baldin badago, soberako kopurua lortutako puntuen proportzioan banatzen ahalko da, gehienez 10.000 euro entitate bakoitzeko, betiere %20ko gutxieneko finantza-kidetza portzentajea eta 14 e) oinarrian baloratutako tartea errespetatuz".
–3.4. Deialdiaren 14 a) eta 14 b) oinarriak aldatzea, testu hau izateko:
"14. Balorazio irizpideak.
Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:
a) Enplegua sortzea: 15 puntu gehienez.
5 puntu emanen dira enpresak kontratatu duen edo kontratatu asmo duen langile bakoitzeko, baldin eta langile hori gizarte bazterketa egoeran badago eta kontratazioa deialdiaren epealdian egiten bada.
Kontratazio horiek handitu beharko dute laneratze enpresak aurreko urteko urriaren 31n zuen langile kopurua.
Gainera, 5 puntu gehiago hartzen ahalko dira, kontratatutako pertsona 5.000 biztanletik beherako udalerri batean erroldaturik badago, kontratazioaren unean.
Aurreko ekitaldian kalifikatutako gizarteratze eta laneratze enpresen kasuan, kontuan hartuko da behin-behineko kalifikazio egin zenean gizarteratze enpresak zuen plantilla.
b) Enpleguari eustea: 10 puntu.
10 puntu emanen zaizkio enpleguari eusten dion entitateari.
Enpleguari eutsi zaiola ulertuko da entitatearen plantilla gutxitu bada aurreko urteko urriaren 31n zuen plantillaren %5 baino gutxiago.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2503709