63. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, enpresa jarduerak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea

2024ko irailaren 6an, Gesalazko udalbatzak hasierako onespena eman zion Gesalazko ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, enpresa jarduerak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzari.

Onespena 2025eko urtarrilaren 14an argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (8. zenbakia). Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik egin gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Muetzen, 2025eko martxoaren 3an.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.

ORDENANTZA, GESALAZKO EKINTZAILETZARAKO, ENPLEGUA SUSTATZEKO, ENPRESA JARDUERAK BERRITU, ERABERRITU ETA IREKITZEKO ETA ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Gesalazko Udalaren jarduera enpresak eta ekonomia sustatzeko, haren xedea baita enplegua, ekintzailetza, enpresen berrikuntza, eraberritzea eta irekiera eta enpresen lehiakortasunaren hobekuntza bultzatzea, laguntzen eta dirulaguntzen bidez, haranak duen despopulatze maila kontuan hartuta.

Testu arauemaile honek laguntza hauek arautzen ditu:

–Enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak.

–Enplegua sustatzeko laguntzak.

–Jada existitzen diren enpresak mantentzeko laguntzak.

Gehienez ere 500 euroko laguntza emanen da enpresa bakoitzeko, hiru lerroetako laguntzak batuta.

2. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Udalbatza izanen da dirulaguntzak emateko organo eskuduna, hark izanen baitu ahalmena dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko.

3. artikulua. Onuradun edo enpresa onuradun izateko baldintza orokorrak eta betebeharrak.

a) Enpresa eta ekonomia jarduerak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek Gesalazko Udalean izanen dute jardueraren helbidea eta egoitza fiskala ere bertan izanen dute alta emanda. Enpresaburu diren pertsona fisikoen edo sozietateen kasuan, bazkideetako batek haranean erroldatuta egon beharko du, laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik, eta gutxienez urtebete gehiago egon beharko da erroldatuta.

Laguntza ematen den egunetik aurrera, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda jarraitu beharko da, gutxienez urtebete. Bestela, laguntza itzuli beharko da.

Nekazariek eta abeltzainek jarduera hori izan beharko dute nagusitzat laguntza ematen den egunean, eta, beraz, Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dira.

b) Bai dirulaguntza eskatzeko unean, bai dirulaguntzaren gainerako likidazioa egiteko unean, halakorik bada, egunean izan beharko dituzte Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Gesalazko Udalarekiko betebeharrak. Betebehar hori betetzen ez bada, dirulaguntza erabat ukatuko da.

c) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozeduraren hasiera eskatuta izatea.

d) Ordenantza honetan araututako laguntza programa eta lerro bakoitzerako ezarri diren baldintza espezifikoak betetzea.

e) Lerro bakoitzean ezarritako epean, mantentzea diruz lagundutako enpresa-proiektuak edo kontratuak.

f) Organo emaileari komunikatzea lortu direla beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

4. artikulua. Baztertze orokorrak.

Ez dira laguntza hauen onuradun izaten ahalko:

1. Administrazio publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

2. Udalaren laguntzak behin eta berriz eskatu dituzten sustatzaileak edo lehenago eskuratutako laguntzak eraginkortasunez eta behar bezala baliatu ez dituztenak.

3. Enpresa instrumentalak.

4. Ez dira dirulaguntzen onuradun izaten ahalko Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean dauden pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

5. Kanpoan gelditzen dira joko-aretoetara eta/edo apustu-etxeetara bideratutako enpresa-jarduerak.

6. Kanpoan gelditzen dira prostituzio klubekin lotutako jarduerak, edozein motatakoak direla ere.

5. artikulua. Eskaerak aurkeztea, epea eta ebazpena.

1. Eskaerak udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, ezarritako ordutegian. Baldin proposamena aurkezten bada urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), horren berri eman beharko zaio udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz ayuntamiento@guesalaz.es helbide elektronikora.

2. Eskabideak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), urte bakoitzeko deialdian ezartzen den epearen barnean aurkeztuko dira. Lerro bat baino gehiagotarako eskaera egiten dutenek behin baizik ez dituzte aurkeztuko dokumentu komunak.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik hasita, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaiola. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.

4. Urtero, iragarki bat argitaratuko da udaleko iragarki-taulan, eta haren bidez irekiko da eskabideak aurkezteko epea.

5. Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua. Deialdiaren urteko aurrekontuan aurrekontu-kreditu nahikorik ez dagoelako aintzat hartu ez diren eskabideak hurrengo urteko deialdian ebatziko dira, baldin eta horretarako aurrekontu-aplikazioan krediturik baldin badago.

6. Administrazio-unitateak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Dirulaguntza emateko erabakia gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

7. Egindako gastuen fakturek maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak agindutakoa bete beharko dute (haren bidez onetsi zen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua). Fakturek, betiere, dirulaguntza eskatu duenaren izenean egon behar dute.

Fakturak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira. Ez dira inola ere kontuan hartuko eskudirutan ordaindu diren gastuak, parte hartzen duten alderdietako baten eragiketei dagozkienak.

8. Udalbatzak alda ditzake ordenantza honen eranskinetan ageri diren dokumentuak (eskabide orriaren eredua, erantzukizunpeko adierazpena eta abar), hala erabakitzen badu, baldin eta aldaketa horrek ez badu eraginik ordenantza honetan lerro bakoitzerako araututako funtsezko alderdietan.

6. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Jarraikiz dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoari, Gesalazko Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunei ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki iruditzen zaizkion ikuskapen bisitak egiten ahal ditu.

Onuradunek lagundu beharko dute eta kontrol funtzio horiek gauzatzea erraztu beharko dute.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, baldin aldatu badira onuradunak onartutako konpromisoak eta betebeharrak.

Gerta liteke deialdi honen babespean eskatu eta eman izan den edozein dirulaguntza eskatu edo haren onuradun izan den enpresa baten titulartasuna edo izena aldatzea, edo enpresa subrogatzea. Era horretako aldaketarik gertatuz gero, unean bertan komunikatu beharko dute onuradunek, baita horien frogagiriak aurkeztu ere, dirulaguntza eman eta urtebete igaro artean.

7. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan onuradunak gauzatuko duen jardueraren kostua baino handiagoa, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo dirulaguntzekin batera.

Edonola ere, lerro bakoitzak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu laguntzen metaketa onartzeari edo ez onartzeari buruz, bai eta dirulaguntzak emateko irizpideak ere.

Hori dela eta, dirulaguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz lagundutako kontratu-aldian muga hori inoiz gainditzen bada, horren berri emanen da.

8. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.

Onuradunak ordenantzaren helburua bete duela eta dirulaguntzen lerro bakoitzean ezarritako iraunaldia bete duela egiaztatu ondoren eginen da:

–1. lerroa. Enpresa jarduera berriak: 12 hilabete, udalbatzak dirulaguntza ematen duenetik.

–2. lerroa. Enpleguaren sustapena: 3 hilabete, udalbatzak dirulaguntza ematen duenetik.

–3. lerroa. Jada existitzen diren enpresak mantentzeko laguntzak: 12 hilabete, udalbatzak dirulaguntza ematen duenetik.

9. artikulua. Finantzaketa.

Deialdia egiten den ekitaldiko udal aurrekontuko aplikazioen kargura finantzatuko dira ordenantza honetako laguntzak, deusetan ukatu gabe ordenantzaren 5.5 artikuluan xedatutakoa.

10. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Baldin aldatzen badira dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak, edo lortzen badira Estatuko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

a) Ondoko kasuetan, jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak, eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

d) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko. Itzulketa eskatzeko, jarraituko zaio azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra).

e) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea izapidetuko da kontraesanaren eta frogaren printzipioen arabera, onuradunari entzunaldia emanez, egin eta proposa ditzan egoki iritzitako alegazioak eta frogak. Udalbatza izanen da dirulaguntzak bertan behera uzteko edo errebokatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egiteak edo ez egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak izanen dira aipatutako legean ezarritakoak.

13. artikulua. Publizitatea.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Gesalazko Udalak diruz lagundu dituela agertu beharko da.

II. TITULUA.–DIRULAGUNTZEN LERROAK ETA PROGRAMAK

1. lerroa: Enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak

15. artikulua. Onuradun izateko berariazko baldintzak eta betebeharrak.

1. Enpresa onuradunak ekimen berriak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresako titularrek (bazkide guztiek, baldin eta erakunde eskatzailea sozietatea bada) ezin dute beren kontura jardun diruz lagunduko den jarduera ekonomikoan, berdin bakarka zein sozietate bateko kide izanik, diruz lagunduko den jarduera martxan jarri aurreko azken hiru urteetan, Gesalazko udal-mugartearen barnean.

b) Enpresak juridikoki sortu berriak izanen dira, ez da onartuko aldez aurretik existitzen den jarduera bat handitzea, ez eta lehendik existitzen diren enpresen antzeko jarduera gauzatzen duten delegazioak irekitzea, ezta enpresa juridikoki aldatzea ere.

2. Gesalazko Udalaren ekonomia jardueren gaineko zergan alta hartzea, aurreko urteko urriaren 1etik, abian den urteko irailaren 30era bitartean.

3. Eskatu eta ordaindu izana behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak direnak (jarduera sailkatuena eta irekitzekoa).

4. Proiektuari 12 hilabetez eustea, ekonomia jardueren gaineko zergaren hasierako altatik aurrera; bestela, litekeena da dirulaguntza aldatu edo itzuli behar izatea. (Enpresa jarduera 12 hilabete baino gutxiagoko epean itxiz gero, enpresa onuradunak itxiera horren berri eman beharko dio udalari, eta bildutako dirulaguntza itzuli, jarduera gelditzen den egunetik 12 hilabete bete arte falta den denboraren arabera, baldin jardueran gutxienez ere 9 hilabetez ari izan bada).

5. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak eta fakturak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izaten ahal diren bitartean.

16. artikulua. Baztertze espezifikoak.

1. Deialdi honetatik kanpo daude aurreko urteetan lerro honen bidez dirulaguntza jaso duten pertsonak, enpresa jarduerak edo enpresak, betiere jarduera beretan edo antzekoetan aritzeko baziren laguntza horiek.

2. Ez dira jarduera ekonomiko berritzat hartuko deialdiaren aurretik jada jarduera ekonomiko batean aritu eta ekonomia jardueren gaineko zergako beste epigrafe batean alta ematen dutenak.

3. Eskualdaketak diruz laguntzen ahalko dira negozioaren lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean ez badago ezkontza-loturarik edo antzeko egitatezko egoerarik, eta/edo hirugarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunik eta odol-ahaidetasunik.

17. artikulua. Diruz lagungarriak diren gastuak:

1. Honako hauek dira diruz lagungarriak diren gastuak:

KONTZEPTUA

GEHIENEKO
ZENBATEKOA

Kanpoko aholkularien gastuak (laneko arriskuen prebentzioa edo enpresa jardueren koordinazioa, kalitatea, datuen babesa)

100 euro

Enpresa ibilgailuak erosteko gastuak (furgonetak, traktoreak, atoiak...) (1)

100 euro

Transformazio elektrikoko zentro bat eraikitzeko gastuak

300 euro

Sarbideak kontrolatzeko sistema bat instalatzeko gastuak

100 euro

Hotz/bero industrialeko sistemak instalatzeko gastuak

100 euro

Suteen aurkako ekipoen, alarmen eta bideozaintzako sistemak instalatzeko gastuak

100 euro

Kalitate ziurtagiriak lortzeko gastuak

100 euro

Azoketan edo lehiaketetan parte hartzeko gastuak (eremu geografikoa edozein dela ere), jarduera abian jartzeko

300 euro

(1) Dirulaguntzak enpresa ibilgailuei eragiten badie, haraneko zirkulazioaren gaineko zerga ordaindu beharko dute.

18. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabidea, udalari zuzendua (1. eranskina).

2. Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien nortasun agiri nazionalak eta enpresaren IFK.

3. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

4. Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emana.

5. Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (2. eranskina).

6. Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

7. Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita eskatzaileak betetzen duela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan zehaztutakoa (2. eranskina).

8. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Zehaztu behar dira eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua. Horrez gain, agertu behar dira beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak, deialdi honetan parte hartzeko garaian. (4. eranskina)

9. Helbideratzeko bankuko datuak. Udalaren datu basean agertzen dena erabiliko da, ordainketak helbideratuta badaude. Helbideratuta ez badaude, banku erakundeak emandako banku helbideratzea aurkeztu beharko da.

10. Enpresa proiektuaren azalpen txostena.

11. Bizileku-baimena, egoiliar berrien kasuan.

12. Onartutako gastuen edo kostuen behin betiko fakturak, berdin jatorrizkoak edo konpultsatuak izan. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

13. Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua): bankuko transferentziak, bankuko egiaztagiriak edo ordainketaren laburpenak. Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa. Epeka ordaintzekoak badira, ezarritako epeen barnean dauden horiek jasoko dute laguntza.

14. Sozietateen kasuan, eraketa eskrituren kopia eta ondoren egindako aldaketena, halakorik balego.

15. Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan jarduera nagusi gisa inskribatuta egotearen ziurtagiri eguneratua.

2. ildoa: Enplegua sustatzeko laguntzak

19. artikulua. Xedea.

Dirulaguntza jasotzen ahalko dute gutxienez segidako hiru hilabeteko kontratuek, baldin eta kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik enpresako plantilla osoa handitzea badakarte; hasiera datak izan behar du, urtero, aurreko urteko urriaren 1etik abian den urteko irailaren 30era bitartekoa.

20. artikulua. Kontratuen betebeharrak.

Enpresak langileak mantendu beharko ditu, lan kontratu bakoitzean ezarritako epeak iraun bitartean. (Kontratatu den pertsonak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen beste pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta udalari horren berri eman beharko zaio gehienez ere 15 egunean kontratu berriaren dataz geroztik).

Dirulaguntza eman ondoren, pertsona edo enpresa onuradunak kontratu horren ondoriozko nomina guztien kopia eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, gutxienez hiru hilabetekoak.

21. artikulua. Baztertze espezifikoak.

–Honako hauei eragiten dieten kontratazioak: enpresaburuen edo enpresetako zuzendaritza karguak dituztenen edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideak, aurrekoak, ondorengoak eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideak, eta orobat haien gisakoak, izatezko bikoteen kasuan.

–Sustatzaileak edo laguntza eskatzen duten enpresen bazkideak.

–Aldi baterako laneko enpresak.

22. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa hiru hilabeteko kontratuetarako: 300 euro.

Lanaldi partzialeko kontratua bada, lanaldia zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza.

Lan kontratua etenik gabeko hiru hilabetez mantendu beharko da gutxienez.

23. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, udalari zuzendua (1. eranskina).

b) Pertsona edo enpresa eskatzailea identifikatzeko datuak: Izena, NANa edo AIZ zenbakia, jaioteguna, kontratazio data, lanpostua eta kontratatuaren dedikazio denbora (5. eranskina).

c) Kontratatuaren lan-bizitzaren kopia.

d) Egindako kontratuaren kopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dituela urratzen Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak. (2. eranskina).

f) Enpresaren plantillari buruzko aitorpena (3. eranskina).

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Zehaztu behar dira eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

h) Helbideratzeko bankuko datuak. Udalaren datu basean agertzen dena erabiliko da, ordainketak helbideratuta badaude. Helbideratuta ez badaude, banku erakundeak emandako banku helbideratzea aurkeztu beharko da.

i) Enpresaren nortasun juridikoaren egiaztagiria.

j) Enpresaren lan-bizitzaren txostena, lantoki bakoitzerako eta kotizazio kontuaren zenbaki bakoitzerako.

k) Ziurtagiria, agertzen duena egunean dituela zorren ordainketa eta gainerako betebehar formalak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, Nafarroako Foru Ogasunean eta gainerako zerga administrazioetan. Udalak ofizioz egiaztatuko du egunean dituela berekiko zorren ordainketa eta betebeharrak.

l) Sozietateen kasuan, eraketa eskrituren kopia eta ondoren egindako aldaketena, halakorik balego.

m) Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan jarduera nagusi gisa inskribatuta egotearen ziurtagiri eguneratua.

3. ildoa: Jada existitzen diren enpresak mantentzeko laguntzak

24. artikulua. Onuradun izateko berariazko baldintzak eta betebeharrak.

1. Dirulaguntza eskatzen ahalko dute ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda dagoen enpresa jarduera baten titular diren edo behin betiko ebazpena ematen denean titular izanen diren pertsona fisiko edo juridikoek edo sozietate irregularrek, jarduera berria bada, edo jarduera nagusia nekazaritza edo abeltzaintza duten eta haranean lan egiten duten nekazari edo abeltzainek.

2. Jarduera berria izanez gero, enpresa ekimenari buruzko txostena egin izana eta ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotea dirulaguntzaren behin betiko ebazpenaren tenorean.

3. Zerga betebeharrak egunean izatea, hala Gizarte Segurantzarekikoak nola Ogasunarekikoak eta Gesalazko Udalarekikoak, dirulaguntza eskatzeko tenorean. Betebehar hori ez betetzeak dirulaguntza ukatzea ekarriko du.

Dirulaguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute dirulaguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.

4. Dirulaguntzaren xede den enpresa jarduerari eustea 12 hilabetez, dirulaguntza ematea erabaki denetik; dirulaguntza itzuli edo aldatzen ahalko da, baldin itxiera ezinbestean gertatzen ez bada. 12 hilabeteak iraganik, baldintzak bete izanaren frogagiriak eskatzen ahalko ditu udalak.

24. artikulua. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak:

A) Diruz lagungarriak diren jarduketak.

Epigrafe honetako dirulaguntzek jarduketa hauek finantzatuko dituzte:

KONTZEPTUA

DIRUZ LAGUN DAITEKEEN GEHIENEKOA KONTZEPTU BAKOITZEKO

1.–Besteren kontura kontratatutako langileen gastua, gutxienez hiru hilabeteko kontratuarekin

300,00 euro

2.–Kanpoko aholkularien gastuak (laneko arriskuen prebentzioa edo enpresa jardueren koordinazioa, kalitatea, datuen babesa)

100,00 euro

3.–Ekoizpen- eta segurtasun-sistemen mantentze gastuak

100,00 euro

a) Enpresa ibilgailuak mantentzeko lanak (furgonetak, traktoreak, atoiak...) (1)

100,00 euro

b) Transformazio elektrikoko zentroa mantentzeko lanak (kontsumoak kanpo)

300,00 euro

c) Sarbideak kontrolatzeko sistemak mantentzeko lanak

100,00 euro

d) Hotz/bero industrialeko sistemak mantentzeko lanak (kontsumoak kanpo)

100,00 euro

e) Suteen aurkako ekipoen, alarmen eta bideozaintzako sistemak mantentzeko lanak

100,00 euro

4.–Kalitate ziurtagirien gastuak.

100,00 euro

5.–Azoketan edo lehiaketetan parte hartzeko gastuak (eremu geografikoa edozein dela ere)

300,00 euro

6.–Publizitate gastuak (telebista, irratia, prentsa eta bitarteko digitalak)

300,00 euro

(1) Dirulaguntzak enpresa ibilgailuei eragiten badie, haraneko zirkulazioaren gaineko zerga ordaindu beharko dute.

B) Kontzeptu hauek ezin dira inolaz ere dirulaguntzaren xede izan:

–Inbertsioak ez dira diruz lagunduko eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean.

–Leasing edo renting bidez aktiboak eskuratzea.

–Enpresa jarduerarako behar-beharrezkoak ez diren gastuak eta ondasunak eskuratzea.

C) Dirulaguntza jasotzen ahalko dute aurreko urteko urriaren 1etik uneko urteko irailaren 30era arte egindako jarduerek.

26. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, udalari zuzendua (1. eranskina).

b) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

c) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emana.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

e) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Zehaztu behar dira eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua. Gainera, adieraziko dira beste erakunde batzuei eskatutako laguntzak, deialdi honetan parte hartzeko garaian ebazpenaren zain daudenak (4. eranskina).

f) Dirulaguntzaren xede diren eta eginda dauden jarduerak azaltzen dituen memoria. Besteak beste, egindako jardueraren aurreko eta ondoko egoeren argazkiak sartu beharko dira, baita egindako gastuen zerrenda izenpetua eta zenbakitua ere, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

g) Egindako gastuen frogagiriak eta fakturak, ordenatuak, zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera, hurrenez hurren. Fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, edo zerbitzu kudeatzaileak adostuak.

h) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua): bankuko transferentziak, bankuko egiaztagiriak edo ordainketaren laburpenak. Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa.

i) Helbideratzeko bankuko datuak. Udalaren datu basean agertzen dena erabiliko da, ordainketak helbideratuta badaude. Helbideratuta ez badaude, banku erakundeak emandako banku helbideratzea aurkeztu beharko da.

j) Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan jarduera nagusi gisa inskribatuta egotearen ziurtagiri eguneratua.

27. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Jarduera berriak ezartzeko, dirulaguntza hau bateragarri eta osagarria da ordenantza honetan arautzen diren gainerako laguntzekin, betiere pertsona edo enpresa eskatzaileak laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen baditu.

Ordenantza honi jarraikiz ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak kostuaren %100 gainditzen ez badu.

Ordenantza hau arautzen duten laguntzak 500 eurokoak izanen dira gehienez onuradun edo enpresa bakoitzeko.

28. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza osorik ordainduko da, jarduera egin eta behar bezala justifikatu ondoren.

29. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoa), jakinarazten dizugu emandako datu pertsonalak baldintza-agiria kudeatzeko baino ez direla erabiliko, eta, adjudikazioduna izanez gero, ondorengo kontrataziorako, eta Gesalazko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batzen ahalko zaizkiela. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira Udaleko Erregistro Orokorrera zuzendurik. (Karrika Berria 2, 31176 Muetz).

XEDAPEN IRAGANKORRA

2024rako eskabideak aurkezteko epea ordenantza honen behin betiko iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 15ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA.–ESKAERA

Gesalazko ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, enpresa jarduerak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzen eskaera

DATUAK.

Izen-deiturak:…………...............................................................................………..……………………; herria: ………................…………………..; helbidea:……………………………………………………………; NANa: …………….......................……………; telefonoa: ………...........................................…………….; helbide elektronikoa: ………………....................................................................................…………..…….

....................................................................................................................... (r)en ordezkari gisa (izena edo sozietate izena: .....................................................) IFK edo NAN: ...................................; jarduera:.............................................; helbidea: Kalea, Poligonoa, Gerentearen izena, Telefonoa, Faxa, Web orrialdea, Posta elektronikoa, Eskabidearen xedea.

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen,

Muetzen, ................(e)ko .....................aren ...........(e)(a)n.

Eskatzailearen sinadura,

2. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Eskatzailea:

–ADIERAZTEN DUT eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta betetzen ditudala deialdian eskatzen diren baldintzak. Hitzematen dut deialdiko betebehar guztiak beteko ditudala eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatuko ditudala.

–ADIERAZTEN DUT ez dudala Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere. (*)

–ADIERAZTEN DUT ezen, jarraikiz apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluari (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Legea), ez naizela betetzen ari zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik, edo, edonola ere, ez nagoela zehapen- eta kondena-epai bat betetzeko zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz.

Sinatua: .............................................................................................................................................

Eskatzailearen sinadura, izena eta IFZ: .................................................................................................

(*) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuak:

"2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira izan lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile, betiere, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea –salbu horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duenean–, kontu-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera gaitasungabeturik egotea, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako desgaikuntza aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, edo merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak egotea honako arau hauetan aipatutako kasu batean: maiatzaren 11ko 12/1995 Legea (horren bidez jorratu zen Nazioaren Gobernukideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko Goi-kargudunen Bateraezintasuna) eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea (horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasuna). Orobat, izatea ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein (lege horren bidez jorratu zen Hauteskundeen Araubide Orokorra), bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, lege honen edo Tributuei buruzko Lege Orokorraren arabera.

Lege honen 11. artikuluaren 3. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak ez dira onuradun izaten ahalko, haien kideetako zeinahik aurreko debekuetakoren bat badu.

3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile. Halaber, elkarteak ez dira onuradun edo entitate laguntzaile izaten ahalko, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte".

3. ERANSKINA.–ENPRESAKO PLANTILLARI BURUZKO ADIERAZPENA

............................................................ jauna/andrea, ...................................... NANa edo NIFa duena, ................................................. enpresa edo entitate honen ordezkari eta hura ordeztuz.

Kontratazio berria egin edo kontratua aldatzen den hilabeteko plantilla, eta aurreko sei hilabeteetakoa.

12. hilabetea da kontratazioa edo kontratuaren aldaketa gertatzen den aurre-aurreko hilabetea, eta horrela hurrenez hurren, azken hilabetera arte (1. hilabetea da azkenekoa).

HILABETEAK

12

11

10

9

8

7

6

5

4

3

2

1

Langileak kontratu mugagabearekin

Kontratu mugagaberik ez duten langileak

Langileak GUZTIRA

Beste langile batzuk

Guztira

4. ERANSKINA.–XEDE BERBERERAKO ESKATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZERRENDA

Eskatutako dirulaguntzari dagokionez, adierazten dut: (x batekin markatu dagokion erantzuna):

A) Azken hiru urteetan ez diedala eskabide honen xederako inolako dirulaguntzarik eskatu beste administrazio publiko batzuei, entitate publiko edo pribatuei, edo partikularrei, Espainiakoak izan edo nazioartekoak.

B) Azken hiru urteetan eskabide honen xederako dirulaguntzak eskatu dizkiet beste administrazio publiko batzuei, entitate publiko edo pribatuei, edo partikularrei, Espainiakoak izan edo nazioartekoak.

Entitate emailea:

Emandako edo emateke dagoen dirulaguntzaren zenbatekoa:

…………............(e)n, ........(e)ko ...............aren ......(e)an.

Sinatua: .........................................................................

5. ERANSKINA.–ENPRESAREN DATUAK

PERTSONA FISIKOA EDO PERTSONA JURIDIKOA

IFK/AIZ/IFZ

SOZIETATE IZENA

HELBIDEA

HERRIA

PK

PROBINTZIA

ORDEZKARIAREN DATUAK

IZEN-DEITURAK

NANa

HELBIDE ELEKTRONIKOA

TELEFONO MUGIKORRA

LAGUNTZA ZER LANGILE KONTRATATZEAGATIK ESKATZEN DEN, HAREXEN IDENTIFIKAZIOA

SEXUA (G/E)

IZEN-DEITURAK

NAN/AIZ

JAIOTEGUNA

ADINA

NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAN INSKRIBATU ZEN EGUNA

BETE BEHARREKO LANPOSTUA

KONTRATUAREN HASIERAKO DATA

KONTRATUAREN BUKAERAKO DATA

LANALDIA (ASTEAN ZENBAT ORDU)

…………............(e)n, ........(e)ko ...............aren ......(e)an.

Sinatua: .........................................................................

Iragarkiaren kodea: L2503293