Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FALTZES
Deialdia, taxi lizentzia bat emateko
Alkatetzaren 2025eko martxoaren 4ko ebazpenaren bidez, Faltzesko Udalak Faltzesko udal-mugartean hiri-zerbitzua emateko taxi lizentzia lehiaketa bidez emateko deialdia onetsi du.
Ebazpen horretan bertan, aipatutako deialdia arautzen duten oinarriak onetsi dira, eta deialdia eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Faltzesko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agindu da, dagozkion legezko ondorioak izate aldera.
Faltzesen, 2025eko martxoaren 6an.–Alkate udalburua, Gloria Olcoz Luis.
FALTZESKO UDAL-MUGARTEAN TAXI LIZENTZIA LEHIAKETA BIDEZ EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da lehiaketa bidez ematea Faltzesko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia huts bat, epe mugagaberako. Baliozkoa izan dadin, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatu beharko da aldizka.
Zerbitzua Faltzesko udal-mugartean eginen da. 9/2005 Foru Legearen 18. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du.
2.–Araubide juridikoa.
Arau hauetan jasota dago deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:
–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua, indarrean jarraitzen duenari dagokionez.
–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.
–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea.
Aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako lege xedapenak.
3.–Lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.
Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:
1. Pertsona fisikoa izatea, eta 18 urtetik gorakoa, baina ez gainditzea Zirkulazio Kodean edo arlo horretan indarrean dagoen legedian jarduera-mota horretarako ezarritako adina.
2. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.
3. Frogatzea ibilgailua duela, jabetzan, errentan hartua edo zuzenbidez onartutako beste titulu baten bidez. Ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu:
–Turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egotea ezaugarri teknikoen fitxan, indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak betetzea, eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak betetzea.
–Oro har, bederatzi plazako gehieneko edukiera duten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, gidariarena barne, eta mugikortasun urriko pertsonentzat gaituta egon beharko dute, baita zerbitzua eman behar den eremuaren ezaugarrietara ere, bereziki ezaugarri geografiko, biztanle ezaugarri edo trafiko ezaugarri bereziak dituzten eremuak direnean.
–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.
–Lau ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.
4. Ibilgailuek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira.
–Ibilgailuek aire girotua edo klimatizagailua izan beharko dute.
5. Indarrean dagoen legedian ezarritako betebehar fiskalak, lanekoak eta sozialak betetzea, eta Faltzesko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea. Deialdian parte hartzeak esan nahi du baimena ematen dela udalak dagozkion egiaztapenak egiteko.
6. Erantzukizun zibila estalita izatea zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, aplikatzekoa den araudian ezarritako moduan.
7. Beste taxi lizentzia baten titularra/jabea ez izatea eta aurrekari penalik ez izatea.
4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
Eskabideak Faltzesko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Foruen plaza 11), 20 egun naturaleko epean, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak bat etorriko dira I. eranskineko ereduarekin.
Faltzesko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira (www.falces.org/ https://falces.sedelectronica.es), edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bitartekoren bat erabiliz.
Postaz bidalitako eskabideen kasuan, interesdunak, epea bukatu baino lehen, bidalketaren data egiaztatzen duen frogagiria bidali beharko du helbide elektroniko honetara: secretaria@falces.org. Bestela, proposamena ezarritako epetik kanpo postaz jasotzen bada, ez da onartuko. Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta lau egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.
5.–Dokumentazioa.
Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Faltzesen taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa" eta izen-deiturak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, bai eta gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:
–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.
–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.
–3. gutun-azala: Dokumentazio ekonomikoa.
1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako agiri hauek izanen ditu: eskabidea aurkezten duen pertsonaren nortasun agiri nazionalaren kopia, indarrean dagoen gidabaimenaren kopia, parte hartzeko eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena (I. eranskina).
2. 2. gutun-azala: "Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak oinarri hauen 6. klausulari begira aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, klausula horretan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.
3. "Proposamen ekonomikoa" izeneko 3. gutun-azalean, III. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da.
6.–Adjudikazio irizpideak.
Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak, eta gehienez 30 puntu lor daitezke:
1. Ibilgailuaren edukierari 5 puntu emanen zaizkio gehienez, baremo honen arabera:
–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.
–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 4 puntu.
–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 3 puntu.
2. Zerbitzuaren eskaintza: 7 punturekin baloratuko da zerbitzua aldi berezietan eskaintzeko konpromisoa (gaueko ordutegian, jaiegunetan eta asteburuetan), irteera eta helmuga Faltzesen izanda.
–Zerbitzua gauez egitea: 1 puntu.
–Zerbitzua jaiegunetan egitea: 1 puntu.
–Zerbitzua asteburuetan egitea: 1 puntu.
–Faltzesen egunean 8 ordu emateagatik: 4 puntu.
3. Urteko eskaintza ekonomikoa: gehienez ere 5 punturekin baloratuko da.
300 euroko gutxieneko eskaintzari puntu bat emanen zaio; 200 euro gehiagoko tarte bakoitzari beste puntu bat emanen zaio. 300 euro baino gutxiagoko eskaintzak ez dira onartuko.
4. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, DGTren bereizgarrien arabera: Gehienez ere 4 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada halakoak erabiltzen dituzten ibilgailuez baliatzeko. Baremo honi jarraikiko zaio:
–Zero isurtzeen bereizgarria: 4 puntu.
–ECO bereizgarria: 3 puntu.
–C bereizgarri berdea: 2 puntu.
–B bereizgarria: 1 puntu.
Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: https://www.pegatinas-dgt.com/. Espainiako Gobernuko Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) prestaturiko datu basean oinarrituriko sailkapena (http://coches.idae.es).
Eskaintzen guztizko puntuazioan berdinketarik bada, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.
5. Gehienez 5 puntu emanen dira Faltzesen duela bi urte baino gehiagotik erroldatuta egoteagatik.
6. Ibilgailuak helbidea Faltzesen badu, gehienez ere 4 puntu emanen dira.
7.–Balorazio batzordea.
Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Gloria Olcoz Luis, Faltzesko Udaleko alkatea.
1. epaimahaikidea: María Teresa Ibáñez Zubizarreta, Faltzesko Udaleko zinegotzia.
2. epaimahaikidea: Silvia Estevez Abeytua, Faltzesko Udaleko administrari-ofiziala.
Mahaikide idazkaria: Javier López Monreal, Faltzesko Udaleko idazkaria.
8.–Gutun-azalak irekitzea eta baloratzea.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldi batean, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du. Eskabideren batean akatsak badaude, hiru egun naturaleko epea emanen zaie interesdunei akats horiek zuzentzeko.
Ondoren, baita barne ekitaldian ere, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikaziorako bildutako irizpideei jarraikiz.
Batzordeak, adierazitako egunean, orduan eta lekuan eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalen edukiaren arabera eskatzaileei emandako puntuazioaren berri emanen du, eta idazkariak 3. gutun-azaletako proposamenak ireki eta irakurriko ditu. Faltzesko Udalaren iragarkien taulan jarriko da ikusgai emaitza.
9.–Lizentziaren adjudikazioa.
1. Behin-behineko adjudikaziodunak, adjudikazioa jakinarazi eta bi hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; bereziki honako egiaztagiri hauek:
–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta legean ezarritako ezaugarri guztiak beteko ditu.
–Aseguruen kontratazioa eta, hala dagokionean, soldatapeko gidariarena.
–Ekonomia jardueren gaineko zergako alta, uneko ekitaldikoa, eta, hala badagokio, azken ordainagiria.
–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.
–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.
–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non haren erantzukizunpean adieraziko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.
2. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta bi hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, bereziki ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da, eta hurrengo puntuaziorik onena lortu duenak hartuko du bere lekua, hurrenez hurren.
Adjudikaziodunak justifikatzen badu ezin duela ibilgailua adierazitako epean erabili, luzapena ematen ahalko da ibilgailua erabilgarri dagoela frogatzeko.
3. Dokumentazioa aurkeztu eta batzordeak ontzat eman ondoren, alkateari adjudikazio proposamena eginen dio. Alkateak behin betiko eta epe mugagaberako esleituko du taxi lizentzia, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da zerbitzua emateko lizentziaren behin betiko adjudikazioa.
10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.
Taxi lizentziaren behin betiko adjudikaziodunak 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan lizentziaren titularra izaten jarraitzeko ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Era berean, lehiaketan baloratu den ezaugarri oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziaren indarraldi osoan mantendu beharko da.
Lizentzia Faltzesko Udalaren aldez aurreko baimenarekin eskualdatzen ahalko da, betiere eskuratzaileak oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen baditu. Lizentzia ez da eskualdatzen ahalko ez badira gutxienez bost urte igaro eskualdatzailea lizentziaren titularra denetik.
Taxi lizentziaren eskualdaketa doakoa edo kostu bidezkoa izan daiteke; azken kasu horretan, eskuratzaileak transakzio ekonomikoaren zenbatekoa udalari jakinarazi beharko dio. Faltzesko Udalak tasa bat ezartzen ahal du kostu bidezko eskualdatzeetarako, eskualdatzaileak lizentzia doan eskuratu badu.
11.–Dedikazioa jardueran.
Faltzesen zerbitzua emanen dela bermatzeko, adjudikaziodunak konpromisoa hartzen du egunean 8 orduz gutxienez Faltzesko udalerrian zerbitzua emateko. Zerbitzua emateak udalerritik irtetea eta hara iristea dakar.
Ulertuko da gaueko zerbitzua dela 0:00etatik 8:00etara bitartean ematen dena.
12.–Eteteko arrazoiak.
Emandako lizentzia eteteko arrazoi izanen dira honako hauek:
–Lizentzia adjudikatzeko oinarrietan ezarritako baldintzak ez betetzea.
–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezarritakoak.
13.–Ibilgailuen antzinatasuna eta haiek berritzea.
Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko du lizentziari atxikitako ibilgailua, eta nahitaez ibilgailuak zortzi urte dituenean.
14.–Hiriarteko zerbitzuak.
Hiriarteko zerbitzuak emateko, taxiaren udal lizentziari atxikitako ibilgailuek dagozkien baimenak eskuratu beharko dituzte, 9/2005 Foru Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
15.–Ikuskapen organoak.
Hiriko taxi zerbitzuak zaintzea eta ikuskatzea Faltzesko Udalari dagokio. Beren eginkizunetan ari diren ikuskatzaileak agintari publikotzat hartuko dira. Ikuskapen zerbitzuen akta eta txostenetan edo garraioa zaintzeko legezko gaitasuna duten agenteen salaketetan egiazkotzat jasotzen diren gertaerek froga-balioa izanen dute, administratuek beren burua defendatzeko aurkez ditzaketen frogak alde batera utzi gabe.
Lizentzien titularrek nahitaez eman behar dituzten dokumentuak erakutsi behar dizkiete ikuskatzaileei, beren eginkizunetan dihardutela.
16.–Erabiltzaileen erreklamazioak.
Ibilgailu bakoitzak erreklamazio-liburu bakarra izanen du.
17.–Datu pertsonalen babesa.
2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, lehiaketan parte hartzen dutenei jakinarazten zaie Faltzesko Udala dela jasotako datuen tratamenduaren arduraduna. Datuak taxi lizentzia adjudikatzeko espediente hau kudeatzeko eta izapidetzeko erabiliko dira.
Tratamendua ahalbidetzen duen legezko oinarria Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearekin lotutako legezko betebeharra da. Aurreikusitako datu lagapenak Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean (15. artikulua) eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean zehaztutakoak dira.
Datuak adjudikazioa kudeatzeko eta jarduera garatzeko behar den epean tratatuko dira, eta alderdietako edozeinek bere eskubideak defendatzeko balia ditzakeen ekintzen preskripzio epeetan zehar mantenduko dira. Azkenik, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin bat etorriz artxibatuko dira, eta Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak betez soilik indargabetuko dira (51/2016 Foru Agindua).
Titularrek datuak eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko, transferitzeko eta mugatzeko eskubidea baliatzen ahalko dute legez ezarritako kasuetan. Horretarako, udalaren bulegoetara jo beharko dute, eta bertan emanen dizkiete horretarako ereduak, www.falces.org / https://falces.sedelectronica.es webgunearen bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean (dpd@falces.org). Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa jartzeko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
18.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.
Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak ebatziko ditu lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak aurkaratzen ahalko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat datorren araudian xedatutakoari jarraiki, eta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jarriz gero, jurisdikzio hori arautzen duen legean xedatutakoari jarraiki.
I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak: ................................................................................................................................ NAN/IFZ: ..........................; jakinarazpenetarako helbidea: .................................................................; PK: .........................., herria: ................................................; telefonoa: .............................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ................................................................................................................................, IFK: ................................................................................. helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko: .............................................................................................,
AZALTZEN DUT:
Parte hartu nahi dudala Faltzesko udal-mugartean hiri-taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz udalak onetsitako baldintza-agiriarekin. Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain. Hortaz,
NIRE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DUT:
–Betetzen ditudala indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak.
–Egunean ditudala segurtasun arloko, laneko osasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko betebehar guztiak, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.
–Ez dudala eritasun infektokutsakorrik, ez eta lanbidean normal aritzea eragozten edo zailtzen duen eragozpen fisikorik ere.
–Ez dudala aurrekari penalik.
–Ez dudala jaso zehapenik, ez prozedura penalez, ez administratiboz, gidabaimena kentzeko.
–Konpromisoa hartzen dudala ibilgailu bat edukitzeko, Faltzesko Udalak onetsitako baldintza-agiriaren 3. oinarrian ezarritako ezaugarriak dituena.
–Onartzen dudala Faltzesko Udalak onetsitako baldintza-agirian xedatutako guztia.
–Konpromisoa hartzen dudala frogatzeko adierazpen honetan aipatzen diren agiri guztiak baditudala eta horiek baliozkoak direla, hala eskatzen zaidan edozein unetan.
Horiek horrela,
ESKATZEN DUT:
Faltzesen hiriko taxi zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian onartzeko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean onartutako eta argitaratutako baldintzak kontuan hartuta. Horretarako, nire nortasun agiri nazionalaren eta indarrean dudan gidabaimenaren kopiak aurkezten ditut.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n.
(Sinadura)
Faltzesko Udaleko Alkatea
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Faltzesko Udala. Helburua: taxi lizentziaren adjudikazio espedientearen kudeaketa eta jarraipena ahalbidetzea. Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta beste eskubide batzuk, baldintza-agiriaren 17. klausulan zehatz-mehatz adierazitakoaren arabera, edo www.falces.org / https://falces.sedelectronica.es webgunean edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean (dpd@falces.org).
II. ERANSKINA.–DOKUMENTAZIO TEKNIKOA
Izen-deiturak: ................................................................................................................................ NAN/IFZ: ..........................; jakinarazpenetarako helbidea: .................................................................; PK: .........................., herria: ................................................; telefonoa: .............................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ................................................................................................................................, IFK: .................................................................................
AZALTZEN DUT:
Faltzesen hiriko taxiaren zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian onartzeko eskatu dudala, eta onetsitako eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako baldintzak ezagutzen ditudala. Horrenbestez, honekin batera dagokion dokumentazioa aurkezten dut, oinarrien 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera ibilgailuaren, zerbitzuaren eta, adjudikaziodun suertatuz gero, titularraren baldintza hauek baloratu eta puntuatu daitezen:
1. Ibilgailuaren edukiera, plaza kopurua gidaria barne: .......
2. Zerbitzua egiteko konpromisoa (x jarri dagokion aukeran):
Zerbitzua gauez egitea: Bai Ez
Zerbitzua jaiegunetan egitea: Bai Ez
Zerbitzua asteburuetan egitea: Bai Ez
Faltzesen egunean 8 ordu lan egitea: Bai Ez
3. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera (x jarri dagokion aukeran):
Zero isurtzeen bereizgarria.
ECO bereizgarria.
C bereizgarri berdea.
B bereizgarria.
4. Eskatzailea Faltzesen erroldatuta dago duela bi urte baino gehiagotik (x jarri dagokion aukeran): Bai Ez
5. Ibilgailua Faltzesen helbideratuta dago (x jarri dagokion aukeran): Bai Ez
Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau egin eta sinatzen dut.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n.
(Sinadura)
Faltzesko Udaleko Alkatea
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Faltzesko Udala. Helburua: taxi lizentziaren adjudikazio espedientearen kudeaketa eta jarraipena ahalbidetzea. Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta beste eskubide batzuk, baldintza-agiriaren 17. klausulan zehatz-mehatz adierazitakoaren arabera, edo www.falces.org / https://falces.sedelectronica.es webgunean edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean (dpd@falces.org).
III. ERANSKINA.–PROPOSAMEN EKONOMIKOA
Izen-deiturak: ................................................................................................................................ NAN/IFZ: .............................; jakinarazpenetarako helbidea: ..............................................................; PK: .........................., herria: .............................................................; telefonoa: .................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ......................................................................................................................., IFK: ..........................................................................................
Faltzesen hiriko taxiaren zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian onartzeko eskatu dut, eta onetsitako eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako baldintzak ezagutzen ditut. Horrenbestez, honako eskaintza ekonomiko hau egiten dut:
................................... euro urtean (letraz).
................................... euro urtean (zifra).
Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau egin eta sinatzen dut.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n.
(Sinadura)
Faltzesko Udaleko Alkatea
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Faltzesko Udala. Helburua: taxi lizentziaren adjudikazio espedientearen kudeaketa eta jarraipena ahalbidetzea. Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta beste eskubide batzuk, baldintza-agiriaren 17. klausulan zehatz-mehatz adierazitakoaren arabera, edo www.falces.org / https://falces.sedelectronica.es webgunean edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean (dpd@falces.org).
Iragarkiaren kodea: L2503557
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
