63. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52E/2025 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, su-gorrina gaitza (Erwinia amylovora) pairatzen ahal duten espezieak Nafarroan ekoizteko tanpoi eremuak izendatzen dituena.

Kontseiluaren 2000/29/EE Zuzentarauak, 2000ko maiatzaren 8koak, landareentzat edo landarekientzat kaltegarriak diren organismoak Europar Batasunean sartzearen eta zabaltzearen aurka babesteko neurriei buruzkoak, zenbait arau ezarri zituen Europar Batasunean berrogeialdiko patogenoak kontrolatzeko.

2000/29/EE Zuzentarauan jasotako eremu babestuetan Erwinia amylovora (Burril, Winslow et al.) bakterioaren ostalari diren espezieak (Amelanchier Med, Chaenomeles Lindl., Cotoneaster Ehrh., Crataegus L., Cydonia Mill., Eriobotrya Lindl., Malus Mill., Mespilus L., Photinia davidiana (Dcne.) Cardot, Pyracantha Roem., Pyrus L. y Sorbus L.) sartu eta mugitzen ahalko dira, baldin eta aipatutako zuzentarauaren IV. eranskineko B zatiko 21. atalean jasotako baldintzak betetzen badira soilik, bidalketarekin batera eremu babestuetarako balio duen pasaporte fitosanitarioa aurkeztu beharra barnean hartuta.

Zuzentarau horren arabera, Erwinia amylovora bakteriotik babestutako eremuetan landareak mugitzeko, zerrenda horretan zehaztutako «eremu babestuetan» sortuak izan behar dute, edo, «tanpoi eremu» batera aldatuak izan badira, gutxienez zazpi hilabeteko epean mantendu behar dira –azken ziklo begetatibo osoko apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko aldia barnean hartuta– lurzati batean; lurzati horrek ofizialki izendatutako tanpoi eremu baten barruan egon beharko du, beheko mugatik 1 km-era gutxienez, eta 50 km² hartuko ditu gutxienez; gainera, landare ostalariak azken ziklo begetatibo osoaren aurreko ziklo begetatibo osoa hasi aurretik ofizialki onartutako eta gainbegiratutako kontrol sistema baten mende egonen dira, bertan landutako landareetatik Erwinia amylovora zabaltzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Batzordearen 2019ko azaroaren 28ko 2019/2072 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, zeinak baldintza uniformeak ezartzen baititu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/2031 (EB) Erregelamendua betearazteko, baimentzen du tanpoi eremuak ezartzea su-gorrina pairatzen ahal duten landareak ekoizteko edo lekualdatzeko.

58/2005 Errege Dekretuak, urtarrilaren 21ekoak, landareentzat edo landarekientzat kaltegarriak diren organismoak Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta hedatzea nahiz beste estatu batzuetara esportatu edo haietan zehar igarotzea eragozteko neurriak hartzen dituenak, osatu egiten du 2000/29/EE Zuzentarauaren transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora, eta haren eranskinetan hitzez hitz errepikatzen du zuzentarau horren IV. eranskineko B zatiko 21. atalaren edukia.

Uztailaren 9ko 1201/1999 Errege Dekretuak su-gorrina errosazeoetatik errotik kendu eta kontrolatzeko programa nazionala ezartzen du. 8. artikuluan, baldintza bereziak ezartzen dira Erwinia amylovora bakterioaren ostalari diren landare eta landarekiak organismo kaltegarri horren aurka babestutako eremuan sartzeko eta lekualdatzeko. Baldintza horiek urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuaren IV. eranskineko B zatiko 21. atalean ezarritakoak dira, eta haren V. eranskineko A zatiko 11.1.3 atalaren arabera, nahitaezkoa da eremu babestuetarako balio duen pasaporte fitosanitarioa, bai babestutako eremuaren jatorrizko materialerako, bai babestu gabeko eremu batetik sartzeko.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak maiatzaren 25ean emandako 450/2012 Ebazpenaren bidez, deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitate osoan ofizialki ezarria zela errosazeoen su-gorrina izeneko gaitza, Erwinia Amylovora (Burril, Winslow et al.) bakterioak eragindakoa, eta hainbat neurri fitosanitario hartu dira hura kontrolatzeko.

2012. urteaz geroztik, kontrolak egiten dira ezarritako tanpoi eremuetan, urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuaren IV. eranskineko B zatiko 21. atalean ezarritakoari jarraituz, eta Erwinia amylovora detektatzeko probetan emaitza negatiboak izan dira. Ondorioz, egokitzat jotzen da I. eranskinean jasotako eremuak tanpoi eremutzat jotzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a artikuluan, hainbat pertsonari eragiten dieten administrazio egintzak argitaratzea xedatzen da.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauek tanpoi eremu izendatzea:

– Alesbes-3, Alesbes eta Caparrosoko udal mugarteetan.

–Cadreita-3, Cadreita, Valtierra eta Arguedasko udal mugarteetan.

–Ameskoabarrena-1, Ameskoabarrena eta Urbasako udal mugarteetan.

Tanpoi eremuek I. eranskinean sartutako poligonoak hartzen dituzte, eta 50 km²-ko azalera dute. Ekoizpenerako lurzatiek ofizialki izendatutako tanpoi eremu baten barruan egon behar dute, mugatik gutxienez kilometro batera.

Tanpoi eremuen mugaketa geografikoa Nafarroako Datu Espazialen Azpiegituran argitaratuko da (IDENA: http://idena.navarra.es).

2. Tanpoi eremuetan, su-gorrinaren ostalari diren landare espezieak kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, ofizialki gainbegiratua, urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuaren 4. eranskineko B zatiko 21. atalean ezarritako baldintza berezien arabera.

Landare espezieak ekoizteko lurzatietan edo haien inguruko zonetan su-gorrina antzemanez gero, tanpoi eremuak baimena izateari utziko dio, eta Eremu Babestuetarako balio duen pasaporte fitosanitarioa ematea ukatuko da. Tanpoi eremuaren gainerako zatian detektatzen bada, indarrean dagoen araudiaren arabera egokiak diren neurriak hartuko dira, gaitza desagerrarazteko eta hedatzea saihesteko. Era berean, indarrik gabe uzten ahalko da tanpoi eremua, eta Eremu Babestuetarako pasaporte fitosanitarioa emateko baimena ere eteten ahalko da.

3. Mintegiek, beren lurzatiren bat tanpoi eremuetan sartu nahi izanez gero, II. eranskineko eskabidea aurkeztu beharko dute, eta ekoizpenerako lurzatiak edo lurzatiek tanpoi eremuaren mugatik barrura kilometro batera egon beharko dute gutxienez. Era berean, tanpoi eremu horietan lurzatiak dituzten mintegiek landaketetan izandako aldaketa guztien berri eman beharko dute, hala nola E. amylovoraren ostalari diren espezieak erauzi, landatu edo beste lurzati batera aldatzea. Nolanahi ere, material ostalariak gutxienez zazpi hilabetez egon beharko du ekoizpeneko lurzatiaren barruan, azken ziklo begetatibo osoko apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko aldia barnean hartuta.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Ekoizpeneko Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko martxoaren 18an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–IZENDATUTAKO TANPOI EREMUAK

IZENA

UDALERRIA

TANPOI EREMUA OSATZEN DUTEN POLIGONO ETA LURZATIAK

Alesbes-3

Alesbes

1., 3. (salbu lurzati hauek: 2262, 2263, 2264, 2265, 2275, 2276, 2277 eta 2278), 4., 5., 6., 7. eta 8. poligonoak

Caparroso

12. eta 17. poligonoak

Cadreita-3

Cadreita

1., 2., 4. eta 5. poligonoak

Valtierra

1., 2., 3., 7., 8., 9., 10. eta 11. poligonoak

Arguedas

5. poligonoa

Ameskoabarrena-1

Ameskoabarrena

3., 4., 5., 6., 7., 8., 9., 13. eta 14. poligonoak

Ameskoako herri-mendia

2. eta 3. poligonoak

Urbasa

1., 2., 4. eta 5. poligonoak

II. ERANSKINA.–SU-GORRINAREN (E. AMYLOVORA) OSTALARI DIREN ESPEZIEAK EKOIZTEKO/MERKATURATZEKO LURZATIAK TANPOI EREMU BATEAN SARTZEKO ESKAERA

EKOIZLEA:

ROPVEG zk.: Izena:

IFZa:

Tel.: Helbidea:

PK: Udalerria (probintzia)

ESKATZEN DUT:

Su-gorrinaren espezie ostalariak ekoitzi/merkaturatzen dituzten Nafarroako lurzati hauek, hurrengo taulan(1) bilduak, organismo horretarako TANPOI EREMU batean/batzuetan sar daitezela, legedi indardunean ezarritakoari jarraikiz, horrela kasuan kasuko kontrol ofizialen pean geldituko baita lurzati horretan ugalketarako ekoizten den landare materiala, gaitz horretatik babestutako eremuetan merkaturatzeko baimena izan dezan (ZP pasaportea):

KATASTROKO IDENTIFIKAZIOA (Poligonoa/lurzatia)

UDALERRIA

AZALERA (ha)

SU-GORRINAREN ESPEZIE OSTALARIAK(2)

LANDARE KOP.

.........................(e)n, ........(e)ko .............................aren .........(e)(a)n. 202........

Sinadura:

(1) Eskaera honi Urteko Landaketa Aitorpen eguneratua eransten bazaio (ekoizleentzako ROPVEGean bakar-bakarrik da beharrezkoa), taula ez da bete behar, baina bai eskaera sinatu.

(2) Honako hauek polinizatzeko polen aktiboa eta landareak: Amelanchier Med., Chaenomeles Lindl., Cotoneaster Ehrt., Crataegus L., Cydonia Mill., Eriobotrya Lindl., Malus Mill., Mespilus L., Photinia davidiana (Dcne.) Cardot, Pyracantha, Roen., Pyrus L. y Sorbus L., fruituak eta haziak izan ezik.

Iragarkiaren kodea: F2504195