63. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 12an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren onura publikoa, desjabetzearen ondorioetarako. Planaren sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko urriaren 23an egindako bilkuran, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zuen, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatuta, eta planaren interes orokorra deklaratu zuen, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 47. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak segurtasunaren eta larrialdien arloko eskumenekin lotutako azpiegiturak integratuko ditu espazio fisiko berean, ondoz ondoko faseetan.

Lehenengo fasean, Foruzaingoaren polizia-etxe nagusia eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa ezartzeko behar diren instalazioak eraikitzea aurreikusten da.

2025eko martxoaren 7an, Barne Zuzendaritza Nagusiak proposatu zuen Udalez gaindiko Plan Sektorial horren onura publikoaren deklarazioa egitea, desjabetzearen ondorioetarako, hura garatzeko behar den lurzorua erosteko espedienteari hasiera emateko.

Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen bederatzigarren artikuluak ezartzen duenez, nahitaezko desjabetzea egiteko, ezinbestekoa izanen da, aurretik, desjabetu nahi den objektuari emanen zaion xedearen onura publikoa edo gizarte interesa deklaratzea. Aitorpen hori Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez egin behar da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 45.4 artikuluak xedatzen duenez, udalez gaindiko plan edo proiektu sektorialak behin betiko onesteko prozesuetan, Nafarroako Gobernuak, hala badagokio, haien onura publikoa edo gizarte interesa deklaratzen ahalko du, desjabetzearen ondorioetarako.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren onura publikoa deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako. Planaren sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.

2. Erabaki hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Arangurengo eta Eguesibarko udalei jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 12an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2503814