1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 12an hartua, zeinaren bidez onespena ukatzen baitzaio Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitatean saltoki handi bat ezartzeko Pomarelli SLk sustatutako udalez gaindiko plan sektorialari.
I.–Planaren xedea.
Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 10ean hartutako erabaki baten bidez, udalez gaindiko plan sektorialtzat jo zen Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitatean saltoki handi bat ezartzeko proposamena, Pomarelli SLk sustatua. Erabaki hori 2024ko urtarrilaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (22. zk.).
Plan horren xedea da saltoki handi bat ezartzea Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitateko 494 zenbakiko katastro-partzelan dagoen nabean, merkataritza-jarduera hauetarako:
–Merkataritza-jarduera berri bat, ehungintzakoa, gaur egun erabiltzen ez den lokal batean. "PEPCO" operadoreak kudeatzekoa.
–"CRAZY PET" enpresak kudeatzen duen maskotendako merkataritza-lokala handitzea.
Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea betetzeko aurkeztu da plana. Lege horren 19. artikuluak xedatzen duenez, udalez gaindiko plan sektorial bat izapidetu behar da saltoki handiak ezartzeko, eta halakoak dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, 2.500 m² baino gehiagoko azalera erabilgarria edo azalera erabilgarrien batura badute produktuak saldu eta erakusteko.
Aipatutako L.6 unitatean dauden merkataritza-jarduerek (BM, TEDI eta CRAZYPET), aipatutako 17/2001 foru legearen arabera, saltoki kolektibo bat osatzen baitute, eta produktuak saltzeko eta erakusteko 2.499,48 m²-ko azalera erabilgarria dute guztira. Orain proposatu diren merkataritza-ezarpen berriekin, 909,04 m² handitu da azalera hori (CRAZYPET, 271,34 m², eta PEPCO, 637,70 m²). Hala, 2.500 m² baino gehiagokoa da, eta, horrenbestez, saltoki handitzat jotzen da.
II.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramitea.
Jendaurrean jartzeko eta ukituriko udalari entzunaldia emateko izapideetan, hiru alegazio dakartzan idazki bat erregistratu da, Lidia Lizarraga Eraso andreak eta Deñe Abuin Arrasate andreak aurkezturik, Nafarroako Merkatari Elkartearen eta Denok Bat saltokien eta zerbitzuen federazioaren ordezkari gisa, hurrenez hurren. Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak txostena eman du lehenbiziko bi alegazioei buruz, 2024ko azaroaren 22an.
–Edukia:
Lehen alegazioa: Erakunde interesdunen ustez, ez da justifikatzen, eta ez dago benetan, ezarpenaren xede den gehienbat bizitegi-erabilera duen hiri-lurzorurik, eta ez da betetzen hektareako 40 etxebizitzako bizitegi-dentsitatearen irizpidea. Bi irizpide horiek exijitzen ditu 17/2001 Foru Legeak saltoki handiak instalatzeko.
Bigarren alegazioa: Interesdunek adierazi dutenez, 17/2001 Foru Legeak, 25. artikuluan, "Foru-lege honetan eta lurralde-antolamendurako planetan ezarritako irizpideekin bat etortzea" exijitzen du udalez gaindiko plan sektorialak (UGPS) onesteko, eta "Eremu Zentraleko" Lurraldearen Antolamenduko Planaren (LAP3) 49.1.c) artikuluak hau ezartzen du: "e) Saltoki handiak, ahal dela, eskualdez gaindiko mailan antolatzaile diren herrigune edo eremuetan jarriko dira, edo eskualdeko mailan antolatzaile diren herrigune edo eremuetan, araudi honen 40. artikuluan definituari jarraikiz. Udalerri horiek merkataritza-ekintzako eta -erakarpeneko planak izan beharko dituzte, 17/2001 Foru Legearen 77.4 artikuluarekin bat etorriz."
Horri dagokionez, hau adierazi dute: "kasu honetan ez da ageri merkataritza-ekintzako eta -erakarpeneko planik udalerrian".
Hirugarren alegazioa: Interesdunek alegatu dutenez, dokumentuan ez da ageri saltoki handiak baimentzeko UGPSak onesteko 25.1.d) artikuluan galdegiten den emisioen azterketa bikoitza. Haien iritziz, ez da ulertzen ahal hura mugikortasun-dokumentuak ordezkatzen duenik.
–Erantzuna:
Merkataritzari buruzko Foru Legearen 19.6 artikuluak ezartzen du saltoki handiak gehienbat bizitegi-erabilera duten hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan jartzen ahalko direla. Ondotik, zehazten du zer jotzen den gehienbat bizitegi-erabilera izatetzat: "etxebizitza kolektibo jarraituko 250 etxebizitzako edo 600 biztanleko bizitegi eremuak eta hektarea bakoitzeko 40 etxebizitzako etxe-dentsitatea dituena. Salbuespen gisa, berreskuratutako industria eremuetan ere jartzen ahalko dira, hiriaren edo hiri-bilbearen zati badira."
Sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkezturiko dokumentuak hau jasotzen du Ardoi sektoreari buruz: "Bizitegi-azpisektoreak 45 etxebizitza inguruko dentsitatea du hektarea bakoitzeko, eta, beraz, aipaturiko 19.6 artikuluan saltoki handiak ezartzeko zehaztu den hektarea bakoitzeko 40 etxebizitzako gutxieneko dentsitatea baino dentsitate handiagoa du. Bestalde, lehentasunezko bizitegi-kokagunetzat jo behar da Ardoi Sektorea, 250 etxebizitza kolektibo baino anitzez gehiago baititu aurreikusirik (aipaturiko artikuluan kopuru hori ezartzen da gehienbat bizitegi-erabilera duela jotzeko gutxieneko atalase gisa). Begien bistakoa denez, 7.500 biztanle ingurukoa izanen litzateke Ardoi Sektore osoan aurreikusitako biztanle-kopurua, eta kopuru hori ere aipaturiko artikuluan xede bererako aipatzen den 600 biztanleren kopurua baino anitzez handiagoa da". Ardoiko Plan Partziala bi azpisektoretan banatzen da: bizitegi-azpisektore bat eta hirugarren sektorerako azpisektore bat. Beraz, hirugarren sektorerako azpisektorea urbanistikoki lotuta dagoen bizitegi-azpisektoreko datuetan oinarriturik baizik ez da justifikatzen ari gehienbat bizitegi-erabilera izatea.
Saltoki handia hirugarren sektorerako azpisektorean dago, eta, horrenbestez, gehienbat bizitegi-erabilera izatearen baldintzak betetzen diren kalkulatzeko, sektore osoko datuak hartu behar dira kontuan: bi azpisektoreak batu eta etxebizitza-kopuruaz zatitu. Ardoi Sektoreko Plan Partzialaren (2005ean onetsirik) eta Ardoi Sektoreko Udal Planaren aldaketaren (zeinak sektore horren bizitegi-eraikigarritasuna handitzen baitu, eta 2010ean onetsi baitzen) ondoriozko azalerari, eraikigarritasunari, etxebizitza-kopuruari eta bizitegi-dentsitateari buruzko arau-datuak honako hauek dira:
ARDOI PLAN PARTZIALA | AZALERAK (m²) | ERAIKIGARRITASUNA (m2c) | GEHIENEKO KOP. (zenbakia) | BIZITEGI-DENTSITATEA (etxeb./Ha) |
Bizitegi-azpisektorea | 550.604,50 >55,06 ha | 289.765,27 (226.024 + 63.741,27) | 2.260 (1.560+700) | 41,05 |
Hirugarren sektoreko azpisektorea | 198.854, 50 >19,88 ha | 121.247,00 | - | - |
Sektorea (guztira) | 749.459 >74,95 ha | 411.012,27 | 2.260 | 30,15 |
Beraz, Ardoi Sektorean gehienbat bizitegi-erabilera izatearen baldintza betetzen da, baina etxebizitza-dentsitatea ez da iristen Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19.6 artikuluak saltoki handi bat instalatu ahal izateko exijitzen duen hektareako 40 etxebizitzako dentsitatera.
Bigarren alegazioari edo Zizur Nagusiko Udalak merkataritza-erakarpeneko plana onetsi ez izanaren ondorio juridikoei dagokienez, 17/2001 Foru Legearen 18. artikuluak ezartzen du udal-plangintza orokorrak honako hauek jaso beharko dituela, merkataritza-erabileraren ondorioetarako: "c) Merkataritza antolatzeko eta hartara erakartzeko plan bat. Hiriguneetako eta dentsitate demografiko handiko etxebizitza-esparruetako merkataritza guneak edertzeko eta hirigintzaren aldetik hobetzeko neurriak edukiko ditu."
Bestalde, Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez, zenbait foru-lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du merkataritza-erakarpeneko planei dagokienez:
"Lehen xedapen gehigarria.–Udal-plangintza orokorra berrikustea.
Udal planeamendua berrikusten den unean edo foru lege hau indarrean sartzen denetik lau urteko gehieneko epean, administrazio eskudunak behartuta daude Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko 18.2 artikuluan ezartzen diren determinazioak sartzera, foru lege honetan duten idazketa berriaren arabera".
Puntu honetara iritsita, eta bi artikuluak loturik, ondorioztatzen ahal da toki-entitate guztiek onetsirik izan behar dutela merkataritza-erakarpeneko plan bat, eta, gainera, plan horrek udal-plan orokorraren barnean egon behar duela.
Alabaina, foru-legegileak ez du ezarri zer ondorio ekarriko dizkion udalerri bati merkataritza-erakarpeneko planik onetsi ez izanak. Printzipioz, ondoriozta liteke merkataritza-erakarpeneko planik ez egoteak eragozten duela udalerri batean merkataritza-gune handi bat instalatzea. Bada, interpretazio horrek talka eginen luke Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123 EE Zerbitzu Zuzentarauarekin. Aipaturiko zerbitzu-zuzentarauaren helburua da estatu kideen arteko zerbitzu-jarduerak egitea oztopatzen duten hesiak ezabatzea, Europako herrien arteko integrazioa sendotu, eta ekonomian nahiz gizartean aurrerabide orekatu eta jasangarria sustatze aldera. Zerbitzu-zuzentarau horrek aukera ematen die txikizkako merkatariei estatu kide guztietan salmenta-puntuak aiseago ezartzeko. Beraz, zuzentarau horren arabera, ez da esaten ahal sustatzaile bat ezin denik merkatuan aritu figura bat (merkataritza-erakarpeneko plana) onetsi ez delako, areago berak ez baitu hura sustatzen ahal.
Gainera, legeriak ez ditu mugatu merkataritza-erakarpeneko planaren ezaugarri juridikoak: ezezaguna da zer onespen-prozedura duen, ezezaguna da zer irismen duen plangintzan eta zer ondorio dituen halakorik ez egoteak.
Azkenik, hirugarren alegatuari dagokionez, gogorarazi behar da Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 21.3 artikuluak ezartzen duela udalaz gaindiko plan sektorial baten bidez saltokia baimentzeko eskaerari azterlan bat erantsi behar zaiola "proiektuaren eraginak sorturiko mugikortasuna eta mugikortasunaren ondoriozko CO2-emisio atmosferikoak ebaluatzen dituena".
Izapideturiko dokumentuak sortuko den mugikortasunari buruzko atal bat du, eta hau ondorioztatzen du atal horrek: "lortu nahi den merkataritza-ezarpen berriak sortuko duen mugikortasuna txikiagoa da egungo araudiaren arabera lokaletan jar litezkeen erabilera ez-komertzialekin eremuan sortuko litzatekeena baino, eta ondorioztatzen da lortu nahi den merkataritza-ezarpenak egungo egoeraren aldean sorturiko mugikortasuna 0 dela, edo, bestela esanik, proposamen honek ez dakarrela indarrean dagoen udal-planean aurreikusirik dagoena baino mugikortasun handiagorik".
Merkataritzari buruzko Foru Legeak exijitzen duen edukia ez da proiektuak sortuko duen mugikortasunaren eta indarrean dagoen udal hirigintza-plangintzak aurreikusten duenaren arteko konparazio edo bien azterketa bat. Ondorioz, interesatuei arrazoia eman behar zaie alegatutako dokumentu-gabeziari dagokionez.
Horregatik guztiagatik, lehenbiziko eta hirugarren alegazioak baiestea proposatzen da.
Ondorioz, alde batera utzi gabe sortuko den mugikortasunaren azterketarekin espedientea osatu ahal izatea, ez da onartzen ahal proposaturiko Merkataritzako UGPSa. Izan ere, gehienbat bizitegi-erabilera duen sektore batean kokaturik egon arren, ez da iristen Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19.6 artikuluak exijitzen dituen hektareako etxebizitzen kopurua.
III.–Hasteko erabakiari eta txosten sektorialei buruzko gogoetak.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko urtarrilaren 10eko Erabakiak jasotzen zuen zenbait eduki falta zirela. Sustatzaileak eduki horiek sartu ditu 2024ko martxoaren 21ean aurkeztu duen dokumentuan.
Azkenik, espedientean jasorik daude Iruñerriko Mankomunitatearen, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalaren eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostenak.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2025eko otsailaren 11ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau
ERABAKITZEN DU:
1. Aurkeztutako alegazioak erabaki honetan azaldu bezala ebaztea.
2. Onespena ukatzea Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitatean saltoki handi bat ezartzeko Pomarelli SLk sustatutako udalez gaindiko plan sektorialari.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea orok jakin dezan, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari igortzea, eta dagozkion ondoriotarako jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateari, Zizur Nagusiko Udalari eta sustatzaileari.
4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea bukatzen duela, eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Nolanahi ere, administrazio publikoek aurrez errekerimendua egin dezakete Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 12an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2503817