Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
102/2025 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez betearazten baita Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean emaniko 000005/2025 apelazio-epaia.
2024ko irailaren 13an, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak 178/24 epaia eman zuen.
Epai horretan, ezetsi egin zen Silvia Gonzalo Echarri andreak Nafarroako Gobernuak emaniko bi erabakiren kontra jarririko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Batetik, Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren 18an emaniko Erabakia, zeinaren bidez ezetsi baitzen honen kontra jarririko gora jotzeko errekurtsoa: 515/2022 Ebazpena, irailaren 15ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko gaikuntzadun funtzionarioen artean betetzeko deialdia. Bestetik, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 28an emaniko Erabakia, zeinaren bidez ezesten baita errekurtsogileak honako honen aurka jarririko gora jotzeko errekurtsoa: 57/2023 Ebazpena, martxoaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, bukaera ematen diona Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaituriko funtzionarioen artean betetzeko prozedurari.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean emaniko 000005/2025 apelazio-epaiaren bidez (2025eko urtarrilaren 27an jakinarazi zen), baietsi egin zen Silvia Gonzalo Echarri andreak Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak emaniko 178/24 epaiaren aurka jarri zuen apelazio-errekurtsoa, eta errebokatu egin zen epaia.
Apelazio-epai horrek baliogabetu egiten du Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren 18an emaniko Erabakia, zuzenbidearekin bat ez datorrelako, eta deklaratzen du apelatzaileak eskubidea duela Burlatako Udalean destinoa duen plaza adjudikatzeko, Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaituriko funtzionarioen artean betetzeko prozeduran.
Kasazio-errekurtsorik jarri ez denez, apelazio-epaia irmo bilakatu da. Hori dela eta, bidezkoa da epai hori bere horretan betearaztea, eta Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikatzea Burlatako Udalean destinoa duen plaza, Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaituriko funtzionarioen artean betetzeko prozeduran, zeina Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman irailaren 15eko 515/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitzen.
Horregatik, epaia betearazteko, aldatu egin behar da 57/2023 Ebazpena, martxoaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, bukaera ematen diona Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaituriko funtzionarioen artean betetzeko prozedurari, eta Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikatu behar zaio Burlatako Udaleko idazkari-plaza, Atarrabiako Udaleko idazkari-plazaren ordez.
Epaiak betearazteari dagokionez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103. artikuluak eta hurrengoek arautzen dute ezen prozesuan emaniko epaiak eta gainerako titulu betearazleak betearazteko ahala jurisdikzio-ordena horretako epaitegi eta auzitegiei bakarrik dagokiela, eta auziaz lehenbiziko auzialdian edo auzialdi bakarrean arduratu denari dagokiola ahal hori egikaritzea, eta alderdiak behartuta daudela epaiak haietan jasoriko moduan eta bertan ezarritako baldintzen arabera betetzera, eta, beraz, pertsona eta erakunde publiko eta pribatu guztiak behartuta daudela administrazioarekiko auzien epaile eta auzitegiek eskaturiko lankidetza ematera, ebatzirikoa behar bezala eta osorik betearazteko.
Aipaturiko 103. artikuluaren 4 apartatuak ezartzen duenez, zuzenbidean erabat deusez izanen dira epaietako erabakien aurkako egintza eta xedapenak, baldin eta horiek betetzea saihesteko ematen badira.
Auzitegi Gorenak adierazi izan duenez (Administrazioarekiko Auzien Hirugarren Sala, 5. atala, 2009ko apirilaren 16ko epaia, 2826/2007 errekurtsoa, kasazioan emana): "Epaiaren betearazpenaren edukia haren epaitzan erabiltzen diren terminoetatik atera behar da (hau da, xedapen-zatiaren formatik eta terminoetatik), helburu jakin bat lortzeko: jurisdikzio-adierazpenean lortu nahi den ondorioa erdiestea; horretarako, helburu hori duten neurrien sorta zabal bat artikulatzen da, eta, ildo horretan, Legeak xedatzen du neurri zabal horiek «epaitzan jasoriko deklarazioak betetzeak eskatzen duenak» zehazten dituela. Lege-testuak jasotzen dituen terminoen zabaltasunak aukera ematen du argi eta garbi ondorioztatzeko epaiaren betearazpenaren edukiak ikuspegi bikoitza duela; izan ere, alde batetik, Auzitegiak eta Administrazioak jarduera juridiko jakin bat egin behar dute jurisdikzioan deuseztatu diren agindu juridikoak eraldatzeko edo ezabatzeko; eta, bestetik, jarduera horren ondorioz, egoera jakin batzuetan –gainera– beharrezkoa izanen da, izaera osagarriarekin, jarduera material bat egitea, errealitate materiala eraldatzeko, aurreko erabakiaren ondorioz sortzen dena. (...) Laburbilduz, beraz, epaiaren epaitzak nahitaez dakar berekin deuseztaturiko erabaki juridikoak eraldatzeko hasierako jarduera juridiko bat, eta, haren ondotik, aipaturiko erabaki juridikoen xede izan zen errealitatea eraldatzeko jarduera material bat".
Auzitegi Gorenaren 1997ko ekainaren 20ko epaiak adierazi zuenez, administrazio-egintza bat epai judizial bidez baliogabetzat jotzeak ez dakar, nahitaez, geroago emaniko administrazio-egintza guztiak baliogabetzea, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen egungo 49. artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz. Artikulu horren arabera, "egintza bat deusez edo deuseztagarri izateak ez dakar prozedurako ondokoak ere deusez edo deuseztagarri izatea, aurrekoarekin zerikusirik ez badute", eta, horrek, horrenbestez, berekin dakar egintza baten baliogabetasunak haren "mendekoak" diren egintzei eragiten diela.
Hala, Auzitegi Gorenaren 2010eko azaroaren 12ko epaiak parekatu egiten ditu egintza independenteak eta "geroko izapidetzeari lotuta ez dagoen izaera autonomoa dutenak", eta adierazten du egintza lotuak direla "geroko egintzaren ezinbesteko aurrekari saihestezina osatzen dutenak", "halako moldez non baliogabetasun-akatsaren komunikagarritasuna gertatzen baita, deuseztagarriei zein deusezei eragiten diena".
Ikus dezakegunez, jurisprudentziak finkaturiko gai bat da, hau da, "egintza independenteak ez badira, eta ez badute geroko izapidetzeari lotuta ez dagoen izaera autonomoa, egintza horiek ere baliogabeak izanen dira, geroko egintzaren ezinbesteko aurrekari saihestezina osatzen duten egintza lotuak baitira".
Auzitegi Gorenaren 2016ko uztailaren 1eko Epaiaren hitzetan, "kate-efektua" edo kateko baliogabetze-efektua deritzonaren aplikazio hutsaren aurrean gaude, eta ondorio hedakor hori gertatzen da, gorago adierazi den bezala, deuseztasunagatik izan zein deuseztagarritasunagatik izan egintza akastunak. Gainera, eragindako baliogabetasunak ez du eskatzen egintza horien demandan metaturiko eta adieraziriko aurkaratzea.
Aztergai dugun epaia betearazteari dagokionez, Burlatako Udaleko idazkari-plaza apelatzaileari adjudikatzeko, gorago adierazi den bezala, 57/2023 Ebazpena aldatu behar da, horretan Atarrabiako Udalekoa adjudikatzen baitzitzaion, eta aldaketa horrek ez du aldatzen deialdian parte hartu zuten gainerako gaikuntzadun funtzionarioei lanpostu hutsak adjudikatzea.
Alabaina, kontuan hartu behar da hizpide dugun lekualdatze-lehiaketa maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean jasoriko aurreikuspenen babesean egin zela (16/2022 Foru Legea, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat gorderiko lanpostuen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Lege horren hitzaurrean, "gaikuntzadun funtzionarioen mugikortasuna plaza huts guztien artean" aurreikusten da, eta ezartzen du "Foru-gaikuntzadun funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko ezohiko lehiaketak bukatu ondotik, hautaprozesu bat deituko da foru-gaikuntza lortzeko, txanda libreko deialdi bidez eta oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez" eta "txanda libreko deialdi horretan (…) lekualdatze-lehiaketa bereziaren xede diren eta foru-gaikuntzadun funtzionarioei gorderiko lanpostuak eskainiko dira, baldin eta lehiaketa horretan bete ez badira eta ez badaude aldi baterako enplegua egonkortzeko hautaprozesuetan eskaini beharreko lanpostu hutsen zerrendan".
Hala, 1. artikuluak foru-gaikuntzadun funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko lehiaketa berezi hori arautzen du, eta, zehazki, 6. apartatuak honako hau xedatzen du: "lanpostu hutsak betetzearen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak betetzeko ezohiko lehiaketan adjudikaturiko lanpostu hutsari dagokion egonkortzeko hautaprozeduran sartuko dira".
Ondotik, 2. artikuluak ezartzen du, "Foru-gaikuntzadun funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko lehiaketa bereziaren ondoko hautaprozesuak" izenburupean, ezen, foru-gaikuntzadun funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko ezohiko lehiaketak (aurreko artikuluan arautua) bukaturikoan, 3.etik 8.era bitarteko artikuluetan arauturiko hautaprozesuen deialdia eginen duela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak.
Eta, jarraian, 3. artikuluak "txanda irekian eta oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez foru-gaikuntza lortzeko hautaketa-prozesua" deritzona arautzen du, zeinaren xedea baita, hain zuzen ere, "foru-gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatuak izan eta lekualdatze-lehiaketa bereziaren xede izanik lehiaketa horretan betetzen ez diren lanpostuak, ez badaude aldi baterako enplegua egonkortzeko hautaprozesuetan eskaini beharreko lanpostu hutsen zerrendan".
Eta aipatu araudian xedaturikoa aplikatuz, lekualdatze-lehiaketaren deialdiaren 8.4 oinarriak (515/2022 Ebazpena, irailaren 15ekoa) honako hau ezartzen zuen: "lanpostu hutsak betetzearen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak sartuko dira lanpostuak betetzeko lehiaketa berezian adjudikaturiko lanpostu hutsari legokiokeen egonkortze-hautaprozeduran edo txanda irekikoan".
Oinarri hori aplikatuz, 57/2023 Ebazpenaren bidez, Atarrabiako Udaleko idazkari-lanpostu hutsa Silvia Gonzalo Echarri andreari (Etxarri Aranazko Udaleko idazkari-lanpostuaren titularra) adjudikatu zitzaion, eta ondorioz sortu zen lanpostua (Etxarri Aranazko Udalarena) aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko hautaprozeduran sartu zen, Atarrabiakoa (apelatzaileari egindako lekualdatzeetan adjudikatu zitzaiona) lanpostuak betetzeko prozedura horri baitzegokion.
Hala, ebazpen horren hirugarren apartatuaren azken paragrafoan honako hau adierazten da: "Etxarri Aranazko Udaleko idazkari lanpostuari dagokion eta hutsik gelditu den lanpostua abenduaren 1eko 679/2022 Ebazpenaren III. eranskinari gehituko zaio, eta merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez beteko da".
Ikus dezakegunez, egintza horiek ez dira ez autonomoak, ez independenteak, baizik eta elkarri lotuak; izan ere, funtzionarioen arteko lekualdatze-prozeduran lanpostu hutsak betetzearen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak adjudikaturiko lanpostu hutsari dagokion hautaketa-prozeduran sartzen dira (egonkortzea edo txanda irekia).
Hori dela eta, lanpostu huts bat edo beste bat adjudikatzea ondoko egintzen ezinbesteko aurrekari saihestezina da. Egintza horiek hutsik gelditu den lanpostuaren araberakoak izanen dira, eta, beraz, gaikuntzadun funtzionarioari lanpostu bat edo beste bat adjudikatzeak zehazten du hutsik gelditu den lanpostua betetzeko araubide juridikoa: egonkortzeko salbuespenezko prozeduraren bidez beteko da (679/2022 Ebazpena), baldin eta gaikuntzadun funtzionarioa haren eranskinean dagoen lanpostu huts batera lekualdatzen bada, edo txanda librean, lekualdatzean hautaturiko plaza 680/2022 Ebazpenaren eranskinean ageri bada.
Beraz, Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikaturiko plazaren aldaketak, zeina epai judiziala betez egin behar baita, ondorioak ditu prozedura horietan emaniko ondoko egintza jakin batzuetan, eta egintza horiek ere baliogabe bilakatzen dira, Atarrabiako plazaren adjudikazioa zuzenbidearen aurkakoa baita.
Horrela, eta epaia betez adjudikatu behar den lanpostu hutsa (Burlatako Udaleko idazkari-lanpostua) salbuespenezko egonkortze-prozedurakoa izan ordez txanda librekoa zenez, Etxarri Aranazko Udaleko idazkari-plazari zegokion eta hutsik gelditu den lanpostua (apelatzailearen titulartasunekoa) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren (zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen duen gaikuntza lortzeko eta Nafarroako toki-entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako sarbidea izateko deialdia) IV. eranskinean sartu behar da txanda irekiko hautaprozesuaren bidezko lehiaketa-oposizio sistemaren bidez, %100eko lanaldiarekin eta hizkuntza-eskakizun gisa euskararen nahitaezko ezagutzarekin.
Bestalde, Atarrabiako Udaleko idazkari-lanpostuari dagokion lanpostu hutsak (%100eko lanaldiarekin eta hizkuntza-eskakizun gisa euskararen nahitaezko ezagutzarekin) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abenduaren 1eko 679/2022 Ebazpenaren (zeinaren bidez onetsi baitzen deialdi bat Nafarroako toki-entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile izateko gaikuntza lortzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanda, eta lanpostu horietara sartzeko, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez) III. eranskinean egon behar zuen.
Hala ere, azken ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zen, eta, horren ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 8614-2024 konstituzio-kontrakotasuneko arazoa aurkeztu du, maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legearen (Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat gorderiko lanpostuen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa) 6. artikuluko 1. eta 2. apartatuei dagokienez.
Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak, 2024ko abenduaren 3ko probidentziaren bidez, erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko arazo hori izapidetzeko onartzea, eta hala argitaratu zen 2024ko abenduaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Konstituzio-kontrakotasuneko arazo hori planteatu eta onartu denez, Nafarroako toki-entitateetako idazkari zein kontu-hartzaile lanpostuen multzoetarako merezimendu-lehiaketako salbuespenezko sistemaren bidez egonkortzeko hautaprozesuak etenda daude, eta, ondorioz, Atarrabiako Udaleko idazkari-plazari dagokionez, Konstituzio Auzitegiaren erabakiari itxaron behar zaio.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emaniko abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren bidez deituriko prozedurei dagokienez, adierazi behar da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emaniko urriaren 4ko 513/2024 Ebazpenaren bidez deitu zela lanpostu hutsak hautatzeko eta betekizunak egiaztatzeko ekitaldia. Eskainiriko plazen artean, Burlatako Udaleko idazkari-plaza zegoen, eta ez Etxarri Aranazko Udalekoa.
Jarraian, azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpenaren bidez –Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana–, alde batetik, Nafarroako toki erakundeetako idazkari izateko gaikuntza ematen zaie han zerrendatzen diren izangaiei, eta bestetik, funtzionario izendatzen dira eginkizun publiko horietan aritu daitezen hurrenez hurren esleitzen zaizkien lanpostuetan, ebazpen horren eranskinean xedatutakoarekin ados. Adjudikaturiko plaza horien artean Burlatako Udaleko idazkari-plaza dago, baina ez Etxarri Aranazko Udalekoa.
Ebazpen horrek ezartzen duenez, adjudikaziodunek dagokien toki-entitatean izendatu dituzten lanpostuaz jabetu beharko dute ondorio horietarako Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ematen duen ebazpenean zehazturiko datan, 16/2022 Foru Legean jasoriko aurreikuspenekin bat etorriz, eta izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako gaikuntzadun funtzionarioaren izaera emanen diete izendaturiko izangaiei, Nafarroako toki-entitateen zerbitzura dauden funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.
Ildo horretan, aipaturiko arauaren 8.2 artikuluak xedatzen duenez, 1. artikuluan aurreikusten diren merezimendu-lehiaketa berezietan lanpostua adjudikatzen zaien izangaiak eta 3.etik 7.era bitarteko artikuluetan aurreikusiriko hautaprozesuen ondorioz foru-gaikuntza lortzen dutenak egun berean jabetuko dira izendatuak izan direneko lanpostuaz.
Ikus daitekeenez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 252. artikuluan jasoriko aurreikuspenarekin bat etorriz, 16/2022 Foru Legearen 8.2 artikuluak aldi berean lanpostuaz jabetzeko sistema bat ezartzen du bertan jasoriko prozedura guztietarako.
Merezimendu-lehiaketa bereziaren bidezko aldi baterako egonkortze-prozesuak Konstituzio Auzitegiak planteaturiko konstituzio-kontrakotasuneko auziari buruzko iritzia eman arte etenda daudenez, ez dira beren lanpostuz jabetu, ez lekualdatze-lehiaketetan plaza bat adjudikatu zaien gaikuntzadun funtzionarioak, ez abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpeneko hautaprozesuak gainditu dituzten eta (idazkari-lanpostuen kasuan) azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpenaren bidez izendatu diren izangaiak, gorago azalduriko arau-eragozpena dela-eta. Horrenbestez, azken kasuan daudenak ez dira nominako eta plantillako funtzionario bihurtu, eta, horrekin batera, ez dituzte lortu Nafarroako toki-entitateen zerbitzura dauden funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak.
Gainera, aipaturiko azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpenaren aurka errekurtsoa jarri da, administrazio-bidean zein administrazioarekiko auzibidean, eta, besteak beste, izendaturiko izangaiak berak dira errekurtsogileak, eta, ondorioz, ebazpena ez da irmoa, ez eta onartua ere.
Halaber, kontuan hartu behar da maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legea aldatzeko lege-proposamen bat kontuan hartzea onetsi zuela Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak (2025eko urtarrilaren 23ko bilkuran), 16/2022 Foru Legearen 8. artikuluaren 2. apartatua ezabatzeko eta gorago aipaturiko kolektiboek lanpostuaz jabetzeko aukera izan dezaten, botere legegileak ulertzen baitu horren ondorioz arau-eragozpena dagoela eta ezin direla karguaz jabetu.
Halaber, adierazi behar da hautaprozesuko izangai guztiek une oro jakin dutela zer errekurtso jarri diren eta zer auzi dauden hizpide den gaiaren inguruan, bai administrazio-bidean, bai administrazioarekiko auzibidean.
Hala, 2022ko azaroaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (232. zk.) argitaraturiko iragarkiaren bidez, jakinarazi zen Silvia Gonzalo Echarri andreak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuela Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman irailaren 15eko 515/2022 Ebazpenaren aurka, interesdun guztiek alegazioak aurkeztu ahal izan zitzaten gehienez ere hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 118. eta 45. artikuluetan xedaturikoari jarraikiz.
Ondotik, Silvia Gonzalo Echarri andreak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman irailaren 15eko 515/2022 Ebazpenaren aurka jarririko gora jotzeko errekurtsoa ezetsi zuen Nafarroako Gobernuaren 2023ko urtarrilaren 18ko Erabakiaren aurka.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abuztuaren 1eko 280/2023 Ebazpenaren bidez, administrazioarekiko auzi-errekurtso horri buruzko administrazio-espedientea igorri zen, eta xedatu zen interesdunei horren berri ematea 2023ko abuztuaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta epatu ziren autoetan pertsonatu ahal izateko.
Halaber, adierazi behar da Francisco Javier Gil Izco jaunak, zeina Atarrabiako Udalean idazkari-eginkizunak egiten ari baita administrazio-kontratudun gisa (plaza hori Silvia Gonzalo Etxarri andreari adjudikatu zitzaion lekualdatze-lehiaketan, Burlatakoa izan beharrean), gora jotzeko errekurtsoa jarri zuela martxoaren 20ko 57/2023 Ebazpenaren aurka. Horretan, galdegiten zuen hura errebokatu eta ezeztatzea, Burlatako Udaleko idazkari-plaza Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikatzea eta "Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abenduaren 1eko 679/2022 Ebazpenaren III. eranskinean berriz sartzea Atarrabiako idazkari-plaza merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez bete dadin".
2023ko maiatzaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (104. zk.) argitaraturiko iragarkiaren bidez, jakinarazi zen aipaturiko gora jotzeko errekurtsoa jarri zela, eta interesdun guztiak epatu ziren alegazioak egin zitzaten, gehienez ere hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 118. eta 45. artikuluetan xedaturikoari jarraikiz.
Ondotik, Francisco Javier Gil Izco jaunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman martxoaren 20ko 57/2023 Ebazpenaren aurka jarririko gora jotzeko errekurtsoa ezetsi zuen Nafarroako Gobernuaren 2023ko uztailaren 5eko Erabakiaren aurka.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abenduaren 12ko 490/2023 Ebazpenaren bidez, administrazioarekiko auzi-errekurtso horri buruzko administrazio-espedientea igorri zen, eta xedatu zen interesdunei horren berri ematea 2024ko urtarrilaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta epatu ziren autoetan pertsonatu ahal izateko.
Halaber, espedientean jasota dago Ruth Alcalá Tuñón andreak (Burlatako plaza adjudikatu zitzaion azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpenaren bidez) aurretik (2024ko azaroaren 15ean) Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bidez eskatu zituela "Francisco Javier Gil Izco jaunak maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legearen ondoriozko lan-eskaintza publikoari, lekualdatzeei eta idazkari-lanpostuak betetzeko prozedurei buruz jarririko administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak".
2024ko azaroaren 19an, berak eskaturik Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak eskura zuen dokumentazioa erantsi zitzaion, eta, zehazki, Francisco Javier Gil Izco jaunak 57/2023 Ebazpenaren aurka jarririko gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuaren 2023ko uztailaren 5eko Erabakia eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeagatik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak egindako administrazio-espedientearen eskaera.
Ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean emaniko 000005/2025 apelazio-epaia betez, bidezkoa da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman martxoaren 20ko 57/2023 Ebazpena (zeinak bukaera ematen baitio Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaitutako funtzionarioen artean betetzeko prozedurari) aldatzea eta Burlatako Udaleko idazkari-plaza Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikatzea.
Adjudikazio horren ondorioz, halaber, eta martxoaren 22ko 16/2022 Foru Legean xedaturikoaren arabera, bidezkoa da Etxarri Aranazko Udaleko idazkari-plazari dagokion eta hutsik gelditu den lanpostua abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren IV. eranskinean sartzea, txanda irekiko hautaprozeduraren bidez betetzeko.
Era berean, bidezkoa da espedientea atzera eramatea lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldiaren deialdia egiten den unera arte, idazkari-lanpostua txanda irekian betetzeko izangai guztiek hautaketa-ekitaldia berriz egin ahal izan dezaten. Horretan, Burlatako Udaleko idazkari-plazaren ordez (plaza hori Silvia Gonzalo Echarri andreari adjudikatu behar baitzaio) Etxarri Aranazkoa jarri behar da. Horrenbestez, ondoriorik gabe uzten dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 513/2024 Ebazpena eta azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpena, baliogabe bihurtu baitira epaia betearaztearen ondorioz, idazkari-lanposturako txanda libreari dagokionez soilik, gorago azalduriko arrazoiengatik, Atarrabiako lanpostu hutsaren adjudikazioa (Justizia Auzitegi Nagusiak zuzenbidearen aurkakotzat jo du) ezinbesteko aurrekari saihestezina baita.
Areago, berriz esan behar da azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpena ez dela irmo bihurtu, ezta onartu ere, behar den garaian eta forman errekurritu baita, eta, gainera, hautagaiak ez direla funtzionario, ez baitira adjudikatu zitzaizkien plazaz jabetu.
Lanpostu hutsen hautaketa berria egin ondotik, deialdiaren oinarrietan aurreikusirikoari jarraikiz jokatu beharko da.
Dena den, izangaiek 7.2 oinarrian eskaturiko baldintzak egiaztatu dituztenez, eraginkortasun administratiboko arrazoiengatik, ez da beharrezkoa haiek berriz eskatzea; beraz, lanpostu hutsak hautatzeko egintzarako deialdia egiten duen ebazpena 7.1 oinarrian aurreikusirikora mugatu beharko da.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1.–Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean emaniko 000005/2025 apelazio-epaia betez, xedapen-zatiaren 3. apartatua aldatzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman martxoaren 20ko 57/2023 Ebazpenari (zeinak bukaera ematen baitio Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaitutako funtzionarioen artean betetzeko prozedurari). Honela idatzita geldituko da:
"3. Murchanteko, Esteribarko eta Etxarri Aranazko udaletako idazkari-lanpostuei dagozkien lanpostu hutsak abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren IV. eranskinari gehituko zaizkio, eta txanda irekiko hautaketa-prozeduraren bidez beteko dira. Esteribarko eta Etxarri Aranazko udaletako postuen hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa da (C1)".
2.–Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean emaniko 000005/2025 apelazio-epaia betez, eranskina aldatzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman martxoaren 20ko 57/2023 Ebazpenari (zeinak bukaera ematen baitio Nafarroako toki-entitateetako idazkari-lanpostuan hutsik dauden plazak merezimendu-lehiaketa bidez gaitutako funtzionarioen artean betetzeko prozedurari). Honela idatzita geldituko da:
ERANSKINA.–Ebazpena, Nafarroako toki entitateetako idazkarien lanpostu hutsak gaikuntzadun funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdiarena, jarraikiz maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean (Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoa) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) jasotako aurreikuspenei. Deialdia Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 515/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3koan.
IZENDATUTAKO LEHIAKIDEAK | ADJUDIKATUTAKO LANPOSTUAK |
MENDIVIL ZUBIZARRETA, VICTOR MANUEL | NOAIN (ELORTZIBAR) |
GONZALO ETXARRI, SILVIA | BURLATA |
FERRER GEA, FRANCESCA | LIZARRA |
SANZ DE GALDEANO MARTINEZ DE EULATE, MIREN ITZIAR | TAFALLA |
Murchanteko, Esteribarko eta Etxarri Aranazko udaletako idazkari-lanpostuei dagozkien lanpostu hutsak abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren IV. eranskinari gehituko zaizkio, eta txanda irekiko hautaketa-prozeduraren bidez beteko dira.
3.–Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025eko urtarrilaren 15ean eman 000005/2025 apelazio-epaia betez, Etxarri Aranazko Udaleko idazkari-plazari zegokion eta hutsik gelditu den lanpostua Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren (zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen duen gaikuntza lortzeko eta Nafarroako toki-entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako sarbidea izateko deialdia) IV. eranskinean sartzea, %100eko lanaldiarekin eta C1 nahitaezko euskara-eskakizunarekin, txanda irekiko hautaprozesuaren bidezko lehiaketa-oposizio sistemaren bidez; eta Burlatako Udaleko idazkari-plaza kentzea eranskin horretatik.
4.–Deialdi horren espedientea atzeratzea lanpostu hutsak hautatzeko egintzaren deialdia egin den unera arte, eta ondoriorik gabe uztea, txanda libreko idazkari-lanpostuei dagokienez soilik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 513/2024 Ebazpena eta azaroaren 28ko 639/2024 Ebazpena, baliogabe bilakatu baitira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2025ekto urtarrilaren 15ean eman 000005/2025 apelazio-epaia betez.
5.–Ebazpen hau interesdun guztiei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, horrekin batera, ohartaraztea ebazpenaren aurka espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
6.–Ebazpen hau jakinaraztea epaimahai kalifikatzaileko kideei eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari.
Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
Iragarkiaren kodea: F2504116
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
