1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
19/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Agindua aldatzen duena; foru agindu horren bidez, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren.
Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 27an emandako 79/2012 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko asmoz.
Behin zehaztuta eskolatzea doakoa dela eta familien ekarpena kendu ondoren, aldatu behar dira Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmenak sinatzeko oinarriak, helburu dutenak udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzea (ezarrita daude Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan).
Horregatik, eta dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra. Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Agindua aldatzea, honela:
1. 4. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da. Hona hemen testu berria:
Honako hau dioen tokian:
"Aipatu foru dekretuan ezarritako gehieneko ratioaren erdia gehi batera iristen diren unitateak bakarrik hartuko dira kontuan dirulaguntzarako, aparteko inguruabarrak daudenean salbu, entitate titularrak eskatu eta Hezkuntza Departamentuak baloratuta".
Honela behar du:
"Aipatu foru dekretuan ezarritako gehieneko ratioaren erdira iristen diren unitateak bakarrik hartuko dira kontuan dirulaguntzarako, aparteko inguruabarrak daudenean salbu, entitate titularrak eskatu eta Hezkuntza Departamentuak baloratuta".
2. 4. artikuluaren 2. puntuko hirugarren paragrafoa kentzen da.
3. 4. artikuluaren 3. puntuko lehenengo esaldia aldatzen da. Hona hemen testu berria:
Honako hau dioen tokian:
"Toki entitatearen ekarpena urteko modulu aplikagarriaren %25era artekoa izaten ahal da".
Honela behar du:
"Toki entitatearen ekarpena urteko modulu aplikagarriaren %18ra artekoa izaten ahal da".
4. 4. artikuluaren 3. puntuko b) apartatua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
Honako hau dioen tokian:
"b) Eskolatze tarifak dagokion araudian oro har ezarritakoa baino gehiago murrizteagatik".
Honela behar du:
"b) Tarifak dagokion araudian oro har ezarritakoa baino gehiago murrizteagatik".
5. 4. artikuluaren 3. puntuko c) apartatua kentzen da.
6. 4. artikuluaren 4. puntuko lehenengo paragrafoa aldatzen da. Hona hemen testu berria:
Honako hau dioen tokian:
"Oro har, Hezkuntza Departamentuak formula hau aplikatzearen ondorioz ateratzen den dirulaguntza emanen du: urteko modulu aplikagarria ken toki entitateak egin beharreko ekarpena ken familiek haurrak eskolatzeko ordaindu beharreko tarifak, familien tarifei buruzko araudiaren arabera".
Honela behar du:
"Oro har, Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da urteko modulu aplikagarriari toki entitateak egin beharreko ekarpena kenduz".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko otsailaren 26an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2502970