Iragarkia
62. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZKOIEN
Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzeko oposizio bidez
Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udaltzaingoko poliziaren lanpostu 1 oposizio bidez betetzea, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
Txanda irekiko plaza bat: 5-04 kodea duena plantilla organikoan.
Deialdia 2023ko lan publikoaren eskaintzatik dator.
1.2. Deialdi honen bidez polizia izendatzen diren izangaiek beteko dituzte Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzain-agenteen eginkizunak, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailetatik.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Txanda irekia.
Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izatea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.
e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa onartzea. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.
h) 28,50 euroko tasa ordaintzea, Oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko tasak arautzen dituen ordenantzan ezarri bezala.
Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) apartatukoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzea oinarrizko prestakuntza-ikastaroa (deialdiaren 7.3.5 apartatua) egiteko izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.
4.–Eskabideak.
Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/). Horretarako, sortutako izapidean sartu beharko da 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.
4.2. Eskabideek bete beharko dute https://peralta.sedelectronica.es/ helbidean deialdiari dagokion izapidean ageri den eredua eta, eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean (salbu 3.1.f) apartatuko baldintzari buruz ezarritakoa).
Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
b) Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokideren baten fotokopia.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena sasoi onean dagoela deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko.
d) 28,50 euroko tasa ordaintzea (izapidean sartutako ordainketa-pasabidearen bidez).
4.3. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, ORVE delakoa baliatuz bidaliko da (Erregistro Birtual Elektronikoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01312021.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Parte hartzeko eskaera-orriak aurkezteko epea amaitu ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko da argitaratzeko Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan (https://peralta.sedelectronica.es/) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu. Onartu gabeko eskaerarik ez badago, hurrengo puntuan adierazitako behin betiko onespena emanen zaio zuzenean.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik bada, horiek ebatzi ondoren, Azkoiengo Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta adierazitako euskarri berberetan argitaratuko dira, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Osaera.
Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Azkoiengo Udaleko lehen alkateordea. Epaimahaikidea: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Fernando Pérez Pérez, Azkoiengo Udaltzaingoko agente lehena.
Epaimahaikidea: Gorka Busto Idalga, Azagrako udaltzainburua.
Ordezkoa: Juan Luis Pellejero Verdejo, Corellako udaltzainburua.
Epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutakoa.
Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatutakoa.
Idazkaria. Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Jose María Gainza Ordoqui, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.
6.2. Eraketa eta jarduna.
–Epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratu beharko da epaimahaia.
–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
–Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek egon beharko dute bertan.
–Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatu urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioa 2025eko maiatzetik aurrera hasiko da, eta bi hautaketa-fase izanen ditu:
–Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.
–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
7.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz betiere, izangaia nor den frogatzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
Proba bakoitzaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan (https://peralta.sedelectronica.es/), Enplegu Publikoaren iragarki-taulan, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira aipatu euskarrietan; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
7.3.1. Prozeduraren faseak:
Hautapen prozesuaren lehen fasean honako proba hauek izanen dira:
a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun zuzen bakoitzak 1,50 puntuko balioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balio negatiboa izanen dute. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 150 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak. Proban, erreserbako hamar galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.
b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du izangaiak baztertzeko.
Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Epaimahaiak, probak egiteko laguntzaileak edukitzea erabakitzen badu, behar besteko aurrerapenaz argitaratuko du langile horiei buruzko informazioa.
Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:
–Pisua jasotzeko proba (banku press-a), 5-10 puntu bitarte.
–Uretako trebetasun proba, 5-10 puntu bitarte.
–Zalutasun proba (Barrow testa), 5-10 puntu bitarte.
–Erresistentzia proba (Course Navette-ren testa), 5-10 puntu bitarte.
Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera. Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horren ondorioetarako, debeku izanen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2021eko azaroaren 25eko Ebazpenaren I. eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2021eko 290. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 4koa).
Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.
Gaitasun fisikoa neurtzeko proba egin baino lehen, horretarako ezartzen den epean, osasun ziurtagiri mediko ofizial bat aurkeztu beharko da, inprimaki ofizialean egina eta jardunean dagoen medikuen elkargoko kide batek sinatua, non berariaz adieraziko baita izangaiak baduela proba fisiko horiek egiteko behar den gaitasun fisikoa eta osasuna.
Ziurtagiri hori aurkezten ez dutenek bigarren probako ariketa guztiak egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik baztertuta geldituko dira, ondorio guztietarako.
c) Proba psikoteknikoa.
Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren ebaluatuko da. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak. Aurreko bi probak gainditu dituzten izangai guztiek eginen dute proba hau.
d) Profil profesiografikoa eta proba nola eginen den.
NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak, organo aholku-emailea den aldetik, eta kalifikazio-epaimahaiak (edo horrek eskuordetzen duen pertsonak), lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutzen baititu, behar den azterketa egin ondoren, ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak proposatuko dituzte, bai eta eginkizunak egoki betetzeko behar diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Probak bi zati izanen ditu: lehenengoan, galdera-sorta bat edo batzuk eginen dira izaera orokorrari buruz eta/edo lan esparruko gaitasunei buruz. Eta bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko da. Kalifikazio-epaimahaia arduratuko da, probak egin aurretik, profilari eta probei buruz garrantzitsutzat jotzen dituen gai guztiak argitaratzeaz.
e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuen bikoitza badira, eta kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari jarraikiz. Azkoiengo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
Izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, Prebentzioak igorritako txosten medikoen arabera. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.
7.3.2. Lanpostuen adjudikazioa.
Adjudikazio ekitaldia eginen da prestakuntza-ikastaroa egin aurretik, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.
Ekitaldi horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrenda behin-behineko proposamena izanen da oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak jendaurrean jarriko du zerrenda Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan (https://peralta.sedelectronica.es/).
7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan (https://peralta.sedelectronica.es/) argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 apartatuko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/):
–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia, bi aldeena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.
Aurreko izapideak bete ondoren, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, eta oinarrizko prestakuntza-ikastarorako onartutako izangaiak zein diren adieraziko du. Baldin eta oinarrizko prestakuntza-ikastarorako behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkeztu, gainditutakoen artean puntuaziorik handiena duen eta eskatutako baldintzak betetzen dituen izangaiak ordeztuko du behin betiko zerrenda.
7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena:
Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Azkoiengo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioak badira.
7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa:
–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, puntuazio proportzionala aterako da, bai ikastaroaren puntuazio orokorrarena, bai ikastaroaren barruko arlo bakoitzarena.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.
–Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.
–Oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen diren langile finkoek jatorrizko lanpostuaren ordainsaria jasoko dute, hori handiagoa baldin bada praktiketako funtzionarioari dagokiona baino.
–Halaber, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliaturik badaude, horrexetan segituko baitute.
–Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.
–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.
–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien osasun proba guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.
–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatutako ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako.
–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira deialditik.
7.3.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen prozesu osoko puntuazioak, hau da, hautapen fasean lorturiko puntuazioak.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Azkoiengo Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Jabetza hartzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Azkoiengo Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoan, Azkoiengo Udaltzaingoan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta kidetuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
10.–Datu pertsonalak babestea.
Azkoiengo Udala da parte-hartzaileengandik biltzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, eta deialdia kudeatzeko erabiliko ditu.
Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa legezko betebeharra da (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua).
Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.
Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala. Beste datu-komunikazio batzuk egiten ahalko dira, betiere DBEOren 6. artikuluko kasuren batean oinarrituta badaude.
Parte-hartzaileek badute eskubidea datuetara irispidea izateko, datu horiek zuzentzeko, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Azkoiengo Udalera (Plaza Principal zk.g. 31350; Azkoien) egoitza elektronikoaren bitartez (https://peralta.sedelectronica.es/) edo datuen babeserako arduradunaren posta elektronikoan (dpd@aytoperalta.com). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetan: www.agpd.es. Edo aldez aurretik egin dezakete datuen babeserako arduradunari zuzenduta, lehen adierazitako helbidean.
I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
(Horretarako sortutako izapidean jasoa, ez da beharrezkoa deskargatzea)
Izen-deiturak: .........................................................................................................................................
NANa: .................................................................... Nazionalitatea: ..................................................
Jaioteguna: ............................................................................................................................................
Helbidea: .................................................................................................................................................
Herria ...................................................................................... Posta kodea: ...................................
Telefono finkoa / sakelakoa ....................................................................................................................
Helbide elektronikoa ..............................................................................................................................
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik.
Ez dudala indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik bat ere.
Ez naizela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.
Betetzen ditudala behar diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabide honetan jasotako datu pertsonalen tratamendua baimentzen dudala, langileak kontratatzeko deialdi hau kudeatzeko.
ESKATZEN DUT:
Onartua izatea Azkoiengo Udaltzaingoko agentearen lanpostua betetzeko deialdian. Deialdi hori argitaratu zen 2025eko .............................aren ......(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean,............. zenbakian.
Sinatua: Izen-deiturak: ..........................................................................................................................
Azkoienen, 2025eko ………………………(a)ren ……………(e)(a)n.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Azkoiengo Udala. Helburua: kudeatzea Azkoiengo udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko eta informazio gehigarrian adierazitako bestelako eskubideak. Informazio gehigarria: eskuragarri dago deialdiaren 10. oinarrian eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean edo web-orriko pribatutasun politikaren atarian. Datuak babesteko ordezkariarekin ere jar daiteke harremanetan, dpd@aytoperalta.com helbidean.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua.
4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.
5.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.
6.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: Salaketa, III. titulua: Polizia judiziala, VI. titulua: Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: Prozedura bereziak, II. titulua: Prozedura laburtua, II. kapitulua: Polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.
7.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.
8.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea: I. kapitulua: Xedapen orokorrak, II. kapitulua: Dokumentazio eta identifikazio pertsonala, III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, eta V. kapitulua: zehapen araubidea.
10.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
11.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.
12.–39/2015 Legea. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera. III. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.
13.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak.
14.–Azkoiengo Udalaren erregelamendu eta udal ordenantza ez-fiskalak.
a. Azkoiengo bide publikoaren gaineko udal ordenantza. 2002ko 47. aldizkaria, apirilaren 17koa.
b. Udal ordenantza, Piperoei buruzkoa (2005eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
c. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza, 129. Aldizkaria, 2014ko uztailaren 3koa.
d. Udal ordenantza, arautzen duena terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea (2020ko 30. Aldizkaria, otsailaren 13koa).
e. Nafarroako Erriberagoitiko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen ordenantza (1998ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 21ekoa).
15.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa. II. kapitulua, 2. atala.
16.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio eremua. II. titulua: neurriak. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.
17.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
18.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.
19.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
20.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.
21.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua: betebeharrak eta debekuak. IX. titulua. Ikuskatzea, zaintza eta kautela-neurriak. X. titulua. Arau-hauste eta zehapenak.
22.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua eta 12. artikulua.
23.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. VII. titulua.
24.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena. V. titulua.
25.–Azkoiengo udalerriko geografia, Azkoiengo kale izendegia eta toponimia.
Oharra: Gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.
III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK
1.–Banku press-a.
Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonentzako, eta 25 kilokoa emakumeentzako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, neurtuta barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:
ERREPIKAPENAK | NOTA |
30 baino gutxiago | Baztertua |
30 eta 35 artean | 5 |
36 eta 41 artean | 5,5 |
42 eta 46 artean | 6 |
47 eta 50 artean | 6,5 |
51 eta 54 artean | 7 |
55 eta 57 artean | 7,5 |
58 eta 60 artean | 8 |
61 eta 62 artean | 8,5 |
63 eta 64 artean | 9 |
65 | 9,5 |
66 edo gehiago | 10 |
2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).
Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.
Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.
Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.
Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metroko beste tarte bat itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.
Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.
–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.
Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
42"tik gora | 48"tik gora | Baztertua |
41"9tik 41"era bitarte | 47"9tik 47"ra bitarte | 5 |
40"9tik 40"ra bitarte | 46"9tik 46"ra bitarte | 5,5 |
39"9tik 39"ra bitarte | 45"9tik 45"ra bitarte | 6 |
38"9tik 38"ra bitarte | 44"9tik 44"ra bitarte | 6,5 |
37"9tik 37"ra bitarte | 43"9tik 43"ra bitarte | 7 |
36"9tik 36"ra bitarte | 42"9tik 42"ra bitarte | 7,5 |
35"9tik 35"ra bitarte | 41"9tik 41"ra bitarte | 8 |
34"9tik 34"ra bitarte | 40"9tik 40"ra bitarte | 8,5 |
33"9tik 33"ra bitarte | 39"9tik 39"ra bitarte | 9 |
32"9tik 32"ra bitarte | 38"9tik 38"ra bitarte | 9,5 |
31"9 edo gutxiago | 37"9 edo gutxiago | 10 |
3.–Zalutasun proba. (Barrow testa).
Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.
Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.
Zirkuituaren eskema:

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)
Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25"8 segundo gizonendako, eta 27"5 segundo emakumeendako.
Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:
–Zutoin bat botatzen badu.
–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.
–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
25"8 baino gehiago | 27"5 baino gehiago | Baztertua |
25"8 eta 25"2 artean | 27"5 eta 27"2 artean | 5 |
25"1 eta 24"5 artean | 27"1 eta 26"5 artean | 5,5 |
24"4tik 24"1era bitarte | 26"4 eta 26"1 artean | 6 |
24"0 eta 23"6 artean | 26"0 eta 25"6 artean | 6,5 |
23"5etik 23"0ra bitarte | 25"5 eta 25"0 artean | 7 |
22"9tik 22"7ra bitarte | 24"9 eta 24"7 artean | 7,5 |
22"6tik 22"5era bitarte | 24"6tik 24"5era bitarte | 8 |
22"4tik 22"3ra bitarte | 24"4tik 24"3ra bitarte | 8,5 |
22"2tik 22"1era bitarte | 24"2tik 24"1era bitarte | 9 |
22"0tik 21"9ra bitarte | 24"0tik 23"9ra bitarte | 9,5 |
21"8 edo gutxiago | 23"8 edo gutxiago | 10 |
4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).
Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe. Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:
–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.
–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
10 baino gutxiago | 9 baino gutxiago | Baztertua |
10 | 9 | 5 |
10,5 | 9,5 | 5,5 |
11 | 10 | 6 |
11,5 | 10,5 | 6,5 |
12 | 11 | 7 |
12,5 | 11,5 | 7,5 |
13 | 12 | 8 |
13,5 | 12,5 | 8,5 |
14 | 13 | 9 |
14,5 | 13,5 | 9,5 |
15 edo gehiago | 14 edo gehiago | 10 |
IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsirik eza.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen sistema.
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.
–Zifosiak, 30° baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak (eragin funtzionalaren arabera).
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterreko ihesa.
6.–Bihotz-hodietako sistema.
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, mugimenaren estereotipiak, loaren nahasmenduak), eragin funtzionalen arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.
–Substantzia psikotropikoen eta alkoholaren kontsumoaren ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Aparatu genitourinarioa.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.
–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.
–Bestelako eritasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berak dituen eskakizun operatiboek larriagotzen ahal dituztenak.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena direla kausa, polizia eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 30).
15.–Azalpen orokorrak.
–Patologia baztertzaileak ebaluazio epaimahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio epaimahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.
Azkoienen, 2025eko martxoaren 10ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
Iragarkiaren kodea: L2503676
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
