62. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, zerbitzu anitzetako/kirol instalazioetako arduradun izateko lanpostu bat oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Uharteko Udalak, 2025eko martxoaren 10eko 2025-0260 Ebazpenaren bidez, onetsi egin zituen Uharteko Udaleko D mailako langile finkoentzat, zerbitzu anitzetako/kirol instalazioetako arduradunaren C mailako lanpostu bat oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako/kirol instalazioetako arduradunaren lanpostu bat betetzea, Uharteko Udaleko D mailako funtzionarioen arteko oposizio murriztuaren bidez, babes harturik Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikulua. Lanpostu hori Uharteko Udalaren plantilla organikoan agertzen da.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia C mailako funtzionario bilakatuko da, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz ezarritakoari Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa) eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan. Ordainsariak izanen dira indarrean dagoen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta udalak noiznahi aldatzen ahalko du zerbitzu arrazoiengatik.

2. oinarria.–Bete beharreko funtzioak.

Deialdi honen ondorioz izendatzen diren pertsonek beteko dituzte, besteak beste, jarraian agertzen diren funtzioak, bai eta, oro har, gaur egun eta etorkizunean C mailari atxikitakoak, eta lanbideen bilakaeraren, erabiltzen diren tresna eta baliabideen eta antolamendu sistemetan eta ematen diren zerbitzuetan gerta daitezkeen aldaketen ondorioz sor daitezkeenak ere.

–Itaroa guneko instalazioen kontrola (izotz pista eta bainuetxeko gimnasioa):

  • Hotzaren eta beroaren automatek, pistak eta bainuetxeak behar bezala funtzionatzen dutela kontrolatzea, baita programazio lanak eta ordutegiak aldatzeko lanak burutzea ere.

–Girotzeko eta ur bero sanitarioa ekoizteko sistemen zuzenketetarako eta prebentziorako mantentze lanetan laguntzea, arautegian ezarritakoari jarraikiz.

–Sua itzaltzeko eta telefonogunearen sistemen mantentze lanen jarraipena egitea, indarra duen arautegiaren arabera. (Kanpoko eta barneko mantentze lanak).

–Lanaldiaren hasieran bainuetxeko igerilekuen ontziak martxan jartzea. Uraren kontrol fisiko-kimikoko parametroak erregistratzea.

–Honako hauen funtzionamendua berrikustea: sauna, lurrun bainu, argiztapena, fitness aretoetako kirol ekipamendu eta iturgintzako elementuena, baita horien prebentziozko mantentze lanak ere.

–Ekipoen tenperatura, funtzionamendu eta ordutegiak kontrolatzea eta erregistratzea. Kirol zerbitzuaren eta zerbitzu anitzetako arduradunaren irizpideei jarraikiz, ekipoak manipulatzea energia aurrezteko xedez.

–Matxuren kontrola eta erregistroa, baita egindako konponketena ere.

–Instalazioko elementu guztien kontrola inbentarioan.

–Leku hauetan legionellosia kontrolatu eta prebenitzea: Ugarrandia kiroldegiko kirol-instalazioak, Spa Sport Itaroa eta Uharte izotz-pista, belar artifizialeko futbol zelaia, ikastetxe publikoa, haur eskolak, kultur etxea, Plazaldea, Arte Garaikideko Zentroa, Ugazte, Toki Alai pilotalekua, San Esteban, udal artxiboa, udaletxea (kanpoa eta barnea).

  • Udal eraikin guztietan legionella prebenitzeko kontrolaren liburuak prestatzea, eta prebentzio ekintzak araudiaren arabera planifikatzeaz arduratzea.
  • Su itzalgailuen eta suteetako ur hargune hornituen kontrola eta erregistroa udal eraikin guztietan, araudiaren arabera.

–Zerbitzu anitzetako arduradunarekin lankidetzan aritzea arlo horretako eguneroko lana antolatzeko; instalazioa mantentzeko eguneroko eragiketak antolatzeaz arduratzea; instalazioan mantentze lanak burutzen dituzten enpresa guztiekin ordutegiak koadratzea (horien arduraduna da eta gainerako langileei aginduko die), lan txikiak egiteari buruzko erabakiak hartzea, etab.

–Zerbitzu anitzetako arduradunari laguntzea kirol instalazioen talde osoaren txandak eta oporrak antolatzen, bai eta eguneroko lan parteak kontrolatzen ere, zerbitzu anitzetako arduradunari sei hilean behin txostenak bidaliz.

–Zerbitzu anitzetako arduradunarekin batera, udal eraikin bakoitzean prebentziozko mantentze lanen plan bat ezartzea, indarrean dagoen araudia betetzeko.

–Lan horiez gain, elektrizitatea, iturgintza eta garbiketa lanak, igerilekuetako kimikoen kontrola eta, oro har, Itaroa izotza-spa-sport instalazioa behar bezala mantentzeko lanak egitea.

–Asteburuko guardiak egitea, kirol instalazio guztietako abisuei eta matxurei erantzuteko.

–Instalazioak prestatu eta martxan jartzea, urteko sasoi aldaketetarako.

–Uholdeen kontrako protokoloan ezarritako lanak egitea.

–Produktu kimikoak kontrolatzea eta berritzea (bromoa, kloroa, algizida, malutatzailea, PH murriztaileak).

–Zerbitzu anitzetako mantentze lanetako beharginei laguntzea margoketa, zurgintza, igeltserotza, elektrizitate, iturgintza eta bestelako lanetan, bai eta konponketa txikiak egitea ere.

–Eraikinak mantentzeko lanak egitea, hala nola teilatu hodiak, saneamendu kutxetak eta abar garbitzea.

–Ateak, leihoak, pertsianak eta altzariak konpontzea.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

3. oinarria.–Izangaien betekizunak.

3.1. Izangaiak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Uharteko Udalaren zerbitzuko D mailako langile finkoa izatea.

b) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta frogatzea administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua duela. Bestela, Uharteko Udalean zortzi urtez aritu izana frogatuko da.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

e) Ez egotea funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

f) B motako gidabaimena edukitzea.

g) Behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea funtzioak betetzeko.

3.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa izanen da.

4.2. Eskaera aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitara eman eta ondoko 10 lanegunetan, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, hala behar bada, akatsak zuzentzen.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Baztertutako hautagaitzarik ez badago, zuzenean argitaratuko dira behin betiko zerrendak.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.

–1. epaimahaikidea: Javier María Iribarren Olite, Ikuskapen Jarduketen Programazio Unitateko burua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:

–2. epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

–Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko giza baliabideetako kudeatzailea.

–Epaimahaikidea: Xabier Diaz Piñar, Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaiak ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

7.3. Lehiaketaldia.

7.3.1 Lehiaketaldian, 25 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

a) Esperientzia zerbitzu anitzetako/kirol instalazioetako lanpostuan, administrazio publikoan edo enpresa pribatuan:

–1 puntu administrazio publikoan aritutako urte bakoitzeko.

–0,5 puntu enpresa pribatuan aritutako urte bakoitzeko.

Urtebetetik beherako lanaldiak egiaztatuz gero, lan egindako aldiaren proportzioan emanen da puntuazioa.

Laneko esperientzia egiaztatzeko, izangaiek lan bizitza aurkeztu beharko dute, bai eta administrazioaren edo enpresaren egiaztagiria ere (Uhartekoa ez bada).

Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

b) Euskara:

–Euskaraz jakitea: 1,75 puntu gehienez.

  • A1 maila ahoz eta idatziz: 0,75 puntu.
  • A2 maila ahoz eta A1 maila idatziz: 1,00 puntu.
  • A2 maila ahoz eta idatziz: 1,25 puntu.
  • B1 maila ahoz eta idatziz: 1,50 puntu.
  • B2 maila ahoz eta B1 maila idatziz: 1,75 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bidez edo baliokidetzat jotzen den titulu baten bidez frogatzen ahal da.

7.4. Oposizioak proba bakarra izanen du:

Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da; zehazki, lanpostuarekin zerikusia duten proiektu edo kasu praktiko jakin batzuk garatu beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko ditu proiektu edo kasu horiek, eta horien helburua izanen da frogatzea deialdiaren xede den lanpostuaren funtzioei buruz izangaiek dituzten ezagutzak eta benetako jarduna.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du. Gehieneko puntuazioa 75 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 37,5 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.

Orobat, gutxienez 50 puntu beharko dira, lehiaketako eta oposizioko puntuazioak batuta, oposizio-lehiaketa gainditzeko.

8. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara, izangai bakoitzak ateratako emaitzak batu ondoren eta erdietsi duten puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori alkateari igorriko dio, puntu gehien lortu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 15 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Uharteko Udalaren bulegoetan:

a) Jaiotza aktaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo Uharteko Udalean emandako zerbitzu urteen ziurtagiria.

c) Medikuaren agiria edo txostena, egiaztatzen duena interesdunak baduela karguaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun psikiko edo fisikoa.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.3. Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ez da izendatua izanen, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko alkateak Uharteko Udaleko C mailako funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan, eta ezinbestekoa izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, Uharteko Udaleko C mailako funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza edo erabaki hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

10.2. Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Uharte, 2025eko uztailaren 10a. Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

Datuen babesa.

Xedea: Ematen diren datu pertsonalak udalak egindako hautapen prozesuan erabiliko dira, udal eskumenak gauzatzeko.

Tratamenduaren legitimazioa:

–Tratamendua beharrezkoa da, bete dadin eginkizun bat interes publikoaren aldekoa, edo botere publikoak erabiltzeko (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina).

–Adostasuna: Eskubideak erabiltzea: Erregistro bulegoan eta egoitza elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidalita haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es).

Datuak gordeko diren denbora: Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiratuta edukiko dira, udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizunak dituen bitartean. Bestalde, bete egin beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuen hartzaileak: Datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira udalaren web orrian eta iragarki taulan, deialdian adierazi bezala.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

(Hobe ordenagailuz, eskuz bada, letra larriz)

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Uharteko udalerria: mugartea, biztanleria, udal eskumenak, udal zerbitzuak, udal organoak: osoko bilkura eta alkatea.

2. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa, I. kapitulua: xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Ergonomia lanpostuan. Zamak eskuz erabiltzea. Ahalegin fisikoari loturiko arriskuak. Arrisku biologikoak. Arrisku kimikoak. Norbera babesteko ekipamenduak eta segurtasun arauak, lorezaintzako, korronte elektrikoetako, iturgintzako, igeltserotzako, pinturako eta zurezko eta metalezko arotzeriako jarduerekin lotutakoak.

3. gaia.–773/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 30ekoa, gutxieneko xedapenak ezartzen dituena langileek norbera babesteko ekipamenduak erabiltzeari buruzko segurtasun eta osasunerako. 1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa: segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak, langileek laneko ekipamenduak erabiltzeko.

4. gaia.–Automata programagarrien bidez kontrolatutako instalazio automatizatuen mantentze-lanak.

5. gaia.–Iturgintza, berokuntza eta aire girotze instalazioetako mantentze lanak: materialak, iturgintzako hodientzako, saneamendurako eta berokuntzarako; sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak; berokuntza zirkuituak: osagaiak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea; galdara gela eta horren osagai bereziak; aire girotze gela eta horren osagai bereziak. Ulertzea iturgintza, saneamendu, berokuntza eta aire girotze eskemak. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).

6. gaia–Ur instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.

7. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

8. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: zirkuituak, etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

9. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila zilindroak eta pertsianak.

10. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

11. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

12. gaia.–Kirol instalazioen higiene eta osasun baldintzei eta legionellaren kontrolari buruzko indarreko legeria.

13. gaia.–6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzen duena.

14. gaia.–86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.

15. gaia.–Tabakoaren Legearen aplikazioa igerilekuetan (abenduaren 30eko 42/2010 Legea).

16. gaia.–105/1999 Foru Dekretua, apirilaren 12koa, hondakin urak isurtzeagatik sor daitezkeen kalteak saihesteko, igerilekuek eta ura edangarri bihurtzeko tratamendurako instalazioek bete behar dituzten kondizio teknikoak ezartzen dituena.

17. gaia.–742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena.

18. gaia.–487/2022 Errege Dekretua, ekainaren 21ekoa, legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko osasun baldintzak ezartzen dituena.

19. gaia.–656/2017 Errege Dekretua, ekainaren 23koa, Produktu kimikoak biltegiratzeko erregelamendua eta bere jarraibide tekniko osagarriak onesten dituena.

20. gaia.–178/2021 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretua aldatzen duena.

21. gaia.–Ordenantza, hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera arautzen duena. (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 74. zenbakia, 2010eko ekainaren 18a).

Iragarkiaren kodea: L2503764