1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
166E/2025 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Recuperaciones Valdizarbe SL enpresak erabiltzen ez diren ibilgailuak hartzeko eta deskutsatzeko instalazioak handitzeko sustatutako proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuaren txostena egiten baita.
2024ko uztailaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan (b eta d atalak).
Recuperaciones Valdizarbe SL enpresak Garesko 3. poligonoko 33., 68. eta 382. partzeletan (Aloa industrialdean) ibilgailuak desegiteko jardueraren instalazioak handitzeko eta aldatzeko asmoa du, jarduera horri dagozkion lanak egiteko eremu egokia izateko. Txosten honen I. eranskinean laburbildu dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean proposamen bat sartu da, espedienteari erantsitako dokumentaziotik ateratako informazio kartografikoarekin.
–Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide honetan kontsulta egin zaio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.
–Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.
Proposamenak hondakinak kudeatzeko egungo jarduera hobetzea dakar, eta, beraz, proiektuaren eremuan ekonomia zirkularra bultzatzen eta Nafarroan sortzen diren hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen azken bolumena murrizten lagunduko du. Horrez gainera, jardueraren eraginez kutsatuta egon daitezkeen euri-uren bi sareen arazketa-sistema hobetu eginen da. Halaber, sare horietako batean Arga ibaira zuzenean isurtzeko egun dagoen puntua kendu eginen da, eta horren ordez industrialdeko kolektorean isurtzeko puntu bat jarriko da.
Proposamenaren arabera, instalazioaren handitzea Garesko Aloa industrialdeko eremu urbanizatuaren barruko partzeletan eginen da. Jarduera zabaltzeko/aldatzeko ingurumen baimen integratuaren funtsezko aldaketaren espedientean, jarduerak airearen, lurzoruaren eta uren kutsadurari eta zaratari dagokienez izan ditzakeen ingurumen-inpaktuak kontrolatuko dira, baita hondakinak sortzearen ondoriozkoak ere.
Industrialdea eta instalazioen zati bat Arga ibaiaren eskuineko ibaiertzetik 100 metro baino gutxiagora daude, ibai horren terrazan, Santa Ageda gain txikiaren ipar-ekialdeko hegalaren eta NA-7040 errepideko Gares eta Artazu arteko zatiaren artean.
Proposamena lurzoru urbanizatuan dagoela ikusirik, eta kontuan harturik zuzkidura berririk behar ez dela, ez da okupazio berririk sortuko nekazaritzarako edo basogintzarako urbanizatu gabeko landa-lurretan. Garesko poligonoko 68. partzelaren zabalguneko zolaketan, kendu eginen da poligonoa urbanizatu zenetik bertan hazi den landare estalki espontaneoa (belardia sasiekin, basa-arrosak, etab.).
Ingurune naturalean dituen zeharkako eraginei dagokienez, Arga ibaitik gertu dagoenez, bereziki garrantzitsua izanen da lurzoruko jardueraren kutsadura lausoa kontrolatzeko eta arintzeko neurriak betetzea, bai eta jardueraren eraginez kutsatuta egon daitezkeen euri-urak kudeatzearen ondoriozko uren kutsadura ere, batez ere prezipitazio handiko uneetan.
Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta proposatutako jarduera handitzeko ingurumen baimen integratuan ezartzen diren baldintzak betetzen badira. Hori guztia indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea ukatu gabe, batez ere, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak xedatzen duena.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat etorriz eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 10/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Garesko Aloa industrialdeko Recuperaciones Valdizarbe S.L. enpresak erabiltzen ez diren ibilgailuak hartzeko eta deskutsatzeko instalazioak handitu ahal izateko proposamenak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Garesko Udalari, Basozaintzari (6. barrutia, "Lizarra Iparra") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Recuperaciones Valdizarbe SL enpresaren instalazioek eremu nagusi bat dute Garesko Aloa industrialdean, NA-7040 errepideko sarreraren ondoan (0,98 kilometro-puntua). Bertan, harrera-zabalgune bat, bulego-eremu bat, hiru pabiloiz osatutako eraikin bateratu bat eta "txapazko osagaiak" dituen beste pabiloi bat daude, eraikin horretatik patio batez bereizita. Horrez gainera, eremu horren ondoan, hirugarren pabiloi bat dago, «motorretarako», 30 metro zabaleko patio zolatu erantsi bat duena, eta, mendebaldean, 4.500 m² inguruko zolatu gabeko zabalgune bat. Azken gune horrek lehen deskribatutako instalazioak laugarren pabiloi batekin lotzen dituen bide bat du, industrialdeko beste esparru batean kokatua. Instalazioetako bi eremuek itxitura perimetral bana dute.
Jarduerak honako hauek ditu: elektrizitate-hornidurak eta edateko ur-hornidurak, deskontaminazioan sortutako isuriak eta hondakinak biltzeko sistema bat, industrialdeko euri-uren sarera isurtzen duen euri-ur garbiak biltzeko sare bat eta kutsatuta egon daitezkeen garbiketa-urak eta euri-urak biltzeko bi sare. Biek hidrokarburoak bereizteko kutxatila dute, isuri aurretik tratatzeko. Harrerako patioko urak biltzen dituen sareak, tratatu ondoren, inguruko Arga ibaira eta pabiloien arteko patioko euri-uren sarera eramanen ditu urak. Sare horrek, osagaiak garbitzetik lortutako industria-urekin batera tratatu ondoren, industrialdeko euri-uren sarera eramanen ditu.
Jasotako ibilgailuak harrerako zabalgunean biltegiratzen dira aldi baterako, lehen pabiloiaren iparraldean. Deskutsatzeko eta zatikatzeko lanak egin ondoren, motorrak dagokien pabiloira eramanen dira, eta gainerako elementu kutsatzaileak andel eta edukiontzi egokietan biltegiratuko dira, baimendutako kudeatzaileak eraman ditzan. Horren ondoren, deskutsatutako ibilgailuak instalazioetako zolatutako gune eta patioetan kokatutako ibilgailuen apalategietan biltegiratuko dira, eta gainerako elementuak dagozkien pabiloietan biltegiratuko dira zatikatzeko eta salmentarako sailkatzeko. Prozesuan zehar arriskurik gabeko beste hondakin batzuk kentzea aurreikusten da, eta hondakin horiek beren izaeraren arabera kudeatuko dira.
Eremuak eta jardueraren antolamendua hobetzeko proposatzen den aldaketa honetan datza:
–Gune nagusian pabiloi bakarra zehaztea, eremu horretako eraikinen, pabiloien eta bulegoen eremua okupatuz, eta deskontaminaziorako tunel zaharra eraistea. Pabiloi berriak 3.756 m²-ko altuera eta tipologia izanen ditu, egungoen antzekoak, eta bertan kokatuko dira komunak, txikizkako salmentarako bulegoa eta bidalketen gunea eta ordezko piezen, txaparen eta piezen biltegiratzea.
–Pabiloi horren aurreko zabalgunea bezeroak hartzeko, bulegoetarako eta bidalketetarako patio gisa erabiltzea, eta ez erabiltzen ez diren ibilgailuak hartzeko eremu gisa.
–Egungo motorren pabiloiaren ondoko patioan beste pabiloi bat eraikitzea, tipologia eta neurri berekoa, ibilgailuak egiaztatu, katalogatu, desmuntatu, deskutsatu eta garbitzeko.
–4.500 m²-ko tarteko zabalgunea hormigoiz zolatzea, deskutsatu beharreko ibilgailuentzako eta deskutsatutako ibilgailuentzako apalategiak kokatzeko, eta 353 m²-ko esparru angeluzuzen batean, karrozeriak eta bastidoreak deskutsatu ondoren biltegiratzeko. Horrez gainera, zelaiaren atzealdean 20 m³ edukierako 6 edukiontzi jarriko dira, hondakin hauek bereizita biltegiratzeko: gurpilak, motorrak eta kutxak, altzairu garbia, aluminiozko hagunak, plastikoak eta beirak, dagokion kudeatzaileari eman arte.
–Zabalgune zolatu berrirako sarbide berri bat eginen da erabiltzen ez diren ibilgailuentzat, eta industrialdearen barruko biribilgune batetik ate berri baten bidez jasoko dira.
–Garesko 3. poligonoko 383. partzelako pabiloia kaskoak, katalizatzaileak eta bateriak gordetzeko erabiliko da.
–Kutsatuta egon daitezkeen euri-urak biltzeko instalazioetako bi sareak hobetuko dira, eta sare bakoitzaren bukaeran dauden hidrokarburoak bereizteko kutxatilen ordez bi arazketa-sistema jarriko dira. Horietako bakoitzak harea kentzeko makina bat eta hidrokarburoen bereizgailu berri bat izanen ditu. Horrez gainera, bezeroen harrerako zabalgunetik datozen euri-ur araztuak ez dira zuzenean isuriko Arga ibaira, eta industrialdeko euri-uren kolektorera isurtzea proposatuko da.
–Egungo gainerako zerbitzuak eta zuzkidurak (hornidura, saneamendua, energia, etab.) aldaketarik gabe mantenduko dira, eremu eta pabiloi berrien barrualdeko beharrezko aldaketei dagokienez izan ezik.
II. ERANSKINA.–PROPOSAMENAREN KARTOGRAFIA

Iragarkiaren kodea: F2503622