60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2025erako

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko urtarrilaren 28an egin ohiko bilkuran, aho batez onetsi zuen Mankomunitatearen zerbitzuko langileen 2025eko lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa. Hona hemen haren testu osoa:

Bat etorriz Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak ekainaren 12an emandako 493/2024 Ebazpenarekin (Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko asteguneko jaien egutegi ofiziala ezarri zuen), honako jaiegun hauek ezarri dira.

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 17a: Ortzegun Santua.

–Apirilaren 18a: Ortzirale Santua.

–Apirilaren 21a: Pazko bigarrena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.

–Uztailaren 28a: Garesko tokiko jaieguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Gaiaz bozketa eginda, Batzorde Iraunkorrak, aho batez,

ERABAKITZEN DU:

Lehenbizikoa.–Onestea 2025eko lan egutegia Izarbeibarko Mankomunitateko langileendako, gorago adierazitakoarekin bat etorriz. Bertan ezartzen dira 2025eko jaiegunak, bai eta tokiko jaieguna ere.

Bigarrena.–Onestea Mankomunitatearen zerbitzuko langileen 2025. urteko lanaldiaren banaketa. Lanordu kopurua 1.592 izanen da, eta honela beteko dira:

2.1. Astelehenetik ortziralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 15 minutu izanen da. Nahitaez lan egin beharko da 8:30etik 14:00etara bitarte; langileek malgutasuna izanen dute gainerakoa egiteko, 07:00etatik 08:30era bitarte eta 14:00etatik 15:45era bitarte.

2.2. Aurreko apartatuan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, lanaldi partziala edo lanaldiaren murriztapena dutelako eta/edo zerbitzuaren beharrak direla-eta lanaldi bereziren bat duten langileei, ez ordu konpentsazioren bat dutenei.

2.3. Langile bakoitzak 17,50 orduko poltsa bat izanen du urte guztian erabiltzeko, zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2025. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak, eta Mankomunitatearen bulegoetako jaiegunak.

Laugarrena.–Jendea Mankomunitatearen bulegoetan hartzeko ordutegia 09:30etik 13:00ak arte izanen da, astelehenetik ortziralera.

Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta aditzera ematea Mankomunitate honetako langileen plantillari.

Garesen, 2025eko martxoaren 3an.–Mankomunitateko burua, Steven A. Leiper Ocariz.

Iragarkiaren kodea: L2503668