Iragarkia
60. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
334E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honen deialdia onesten baita: "Dirulaguntza erakunde sindikalentzat berdintasun agentearen figura ezartzeko". DDBN identifikazioa: 819332.
Espainiako Konstituzioak honako hau ezartzen du 14. artikuluan: "Espainolak legearen arabera berdinak dira eta ezin da onartu diskriminapenik, jaiotze, sexu, erlijio edo beste baldintza edo egoera pertsonal edo sozialagatik". Gainera, 9.2 artikuluan hauxe ezartzen du: "Botere publikoei baldintzak bultzatzea dagozkie askatasun eta pertsona baten eta taldea osotzen dutenena benetazko eta eragileak izan daitezen; baita galerazi edo osotasuna zailtzen dituzten oztopoak eragitea hiritargoen parte hartzea erraztea bai politika mailan, bai ekonomia, kultura eta gizarte mailan ere".
3/2007 Lege Organikoak, martxoaren 22koak, emakume eta gizonen berdintasunari buruzkoak, 45. artikuluan ezartzen duenaren arabera, "enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu beharko dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu beharko dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan".
Halaber, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak honako hau ezartzen du 45. artikuluan: "Enpresa eta lan arloko eskumena duen departamentuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduketak sustatuko ditu enpresa eta antolakundeetan, eta berdintasun neurrien eta planen jarraipena eta kontrola eginen ditu". Orobat, 45.1.a) artikuluan hauxe ezartzen du: "Nafarroako Gobernuak sustatuko du berdintasun neurriak eta planak egin eta ezartzea indarreko araudiak horretara behartzen ez dituen enpresa eta antolakundeetan, eta laguntza eta aholkularitza emanen die horiek prestatzeko". Eta 45.1.b) artikuluan: "Enpresa eta lan arloko eskumena duen departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean, tresna batzuk garatuko ditu, Nafarroako enpresa eta antolakundeetan berdintasun printzipioa pixkanaka aplikatzen laguntzeko". Hain zuzen ere, gure foru legearen 45. artikulu ia osoan lanaren arloko eskumena daukan departamentuari (Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua) dagozkion lege-agindu batzuk aipatzen dira; horien arabera, berdintasuna bermatu behar da edo, behintzat, horretan aurrera egin behar da, eta. horretarako. berdintasun neurriak eta planak egin eta ezarri behar dira enpresetan eta erakundeetan (indarreko araudiak horretara behartzen ez baditu ere), eta departamentuak laguntza eta aholkularitza eman behar dizkie horiek prestatzeko.
Beste alde batetik, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, berdintasun planak eta horien erregistroa arautzen dituenak, garatu eta osatu egiten du Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezartzen duen arauketa. Besteak beste, errege dekretu horretan ezartzen da nola negoziatu behar diren berdintasun planak langileen legezko ordezkaritzarekin. Hain zuzen ere, ezartzen duenaren arabera, berdintasun plana negoziatuko duen batzordea eratu behar da, eta bertan ordezkariak eduki behar dituzte enpresak eta langileek (enpresa batzordeko kideak eta/edo langileen delegatuak, etab.). Negoziazio-batzordearen egitekoak honako hauek izanen dira, besteak beste: negoziatzea eta diagnostikoa egitea; berdintasun planeko neurriak negoziatzea; diagnostikoaren emaitzei buruzko txostena egitea; lehentasunezko neurriak identifikatzea, honako hauek kontuan hartuta: diagnostikoa, aplikazio-eremua, plana ezartzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak, ardura duten pertsona edo organoak eta jarduketen kronograma; berdintasun planaren ezarpena sustatzea enpresan; neurketa-adierazleak definitzea, baita informazioa biltzeko, jarraipena egiteko eta berdintasun planean ezarritako neurrien betetze-maila ebaluatzeko beharrezkoak diren tresnak definitzea ere; langileak informatzeko eta sentsibilizatzeko lehenbiziko jarduerak sustatzea; araudian eta aplikagarria den hitzarmen kolektiboan esleituta dituen gainerako egiteko guztiak, bai eta batzordean bertan adosten direnak ere, honako hau barne: onesten den berdintasun plana lan agintaritza eskudunari helaraztea, erregistratu, gordailatu eta argitaratzeko. Hau da, plan bat negoziatzea baino zerbait gehiago da: negoziazio-batzordearen egitekoak kontuan hartuta, bertako kideek genero-berdintasunaren inguruko prestakuntza espezializatua eduki behar dute, planak behar bezala egiten, kontrolatzen eta erregistratzen direla bermatzeko.
Gainera, langileen legezko ordezkaritzarik ez dagoen kasuetarako honako hau ezartzen du 901/2020 Errege Dekretuak 5.3 artikuluan:
"(...) legezko ordezkaritzarik ez dagoen enpresetan, negoziazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori, alde batetik, enpresaren ordezkaritzak osatuko du, eta, bestetik, langileen ordezkaritzak. Azken hori orokorrean eta enpresaren sektorean ordezkagarritasun handiena duten sindikatuek osatuko dute, aplikagarria den hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordean parte hartzeko legitimazioa dutenek. Negoziazio-batzordeak gehienez ere sei kide izanen ditu alderdi bakoitzeko. Ordezkaritza sindikala sektoreko ordezkagarritasunaren proportzioan osatuko da, eta legitimazioa duten sindikatu guztien parte-hartzea bermatuko da".
Horren ildotik, Emakumeen eta Gizonen Ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan berariazko neurriak ezartzen dira emakumeei eta gizonei tratu bera emateko ordainsariei dagokienez eta haien artean bereizkeriarik ez izateko. Dekretu horretan ordainsarien gardentasunerako tresnak garatzen dira, esaterako ordainsarien erregistroa, enpresa guztiek egin beharrekoa, eta ordainsarien ikuskaritza, berrogeita hamar langiletik gorako enpresek egin beharrekoa. Tresna horiek berdintasun planaren diagnostikoan sartzen dira; horrez gainera, lanpostuen balorazioa ere egiten da, eta langileek informazioa jasotzeko eskubidea dutela jasotzen da. Zaila da berdintasun planetarako egoera-diagnostikoa egitea eta haien eraginkortasuna eta egokitasuna bermatzeko jarraipen eta ebaluaziorako neurriak eta sistemak eratzea; horregatik, prozesuan aritzen diren pertsonek prestakuntza eta gaitasun egokiak eduki behar dituzte. Dirulaguntza honen xedea da lan-baldintzak hobetzen eta desberdintasunak eta arrakalak murrizten lagunduko duten berdintasun plan onak egiteko gauza izanen diren pertsona adituak egotea Nafarroako enpresetan. Aipatutako arauetan erakunde sindikalei berdintasunaren arloan esleitzen zaizkien egiteko horiek guztiak gauzatu ahal izateko berdintasun agentea deritzon erreferentziazko figura sindikala abiatu behar da.
Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak adierazten duenez, sindikatu jakin batzuei aitortutako ordezkagarritasun sindikal handiagoa izateak posizio juridiko berezia ematen die, bai parte-hartze instituzionalari begira, bai ekintza sindikalari begira.
Horretarako, 2025-2028 aldirako Enplegu Planaren barruan, dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroan inskribatutako erakunde sindikalen artean Nafarroako enpresa eta administrazio publikoetan ordezkarien ehuneko hamar edo gehiago dutenei, baldin eta Nafarroako enpresetako berdintasun planen negoziazioetan aritzeko legitimazioa badute, genero-berdintasunerako baliabide tekniko espezializatuak erabil ditzaten lan-merkatuko genero-arrakalak eta desberdintasunak murrizteko.
Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoa dago (342. zenbakia).
Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, hauxe
AGINTZEN DUT:
1. Deialdi hau onestea: dirulaguntzak erakunde sindikalentzat, berdintasun agentearen figura ezartzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea (foru agindu honen eranskinean daude).
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
970000-97000-4819-494132: Dirulaguntza erakunde sindikalentzat, berdintasun agentearen figura ezartzeko | 2025 | 200.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 6an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honetako laguntzen xedea da genero-berdintasuna sustatzea Nafarroan lantokiren bat duten enpresetan, lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizteko eta inolako bereizkeriarik ez egoteko.
Horregatik, dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroan ordezkagarritasuna duten erakunde sindikalei, hain zuzen ere enpresetan genero-berdintasuna sustatzeko jarduerak egiten dituztenei: berdintasun planak negoziatu, delegatuei edo/eta enpresei aholkuak eman, diagnostikoak egin eta horiek ezartzeko, neurtzeko eta kontrolatzeko neurriak eta adierazleak ezarri.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izan daitezke dirulaguntza eskatzen den unean, Nafarroan ordezkagarritasuna izateaz gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde sindikalak:
a) Ordezkarien %10 edo gehiago izatea Nafarroako administrazio publiko eta enpresetan. Ordezkaritza hori Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroaren bidez ziurtatzen ahalko da.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
3. oinarria.–Diruz lagunduko diren ekintzen baldintzak.
Dirulaguntzak emanen dira erakunde sindikalek genero-berdintasunaren aldeko jarduketak egin ditzaten, honako baldintza hauek betez gero:
a) Jarduketetan honako ekintza hauek egin behar dira: egoera-diagnostikoak egin, sentsibilizazio-ekintzak, aholkuak eta informazioa eman, berdintasun planetako neurriak negoziatu, araudiaren arabera behartuta dauden enpresetan zein behartuta ez daudenetan, adierazleak txertatu, horien ezarpenaren jarraipena egin, eta, dirulaguntzen esparruaren barnean, genero-desberdintasunak murrizten, langileen lan-baldintzak hobetzen eta enpresen lehiakortasuna areagotzen laguntzen duten gainerako guztiak. Nolanahi ere, dirulaguntza ematen ahalko da Nafarroako edo sektore autonomikoetako enpresen berdintasun planak negoziatzen, prestatzen, ezartzen, horien jarraipena eta ebaluazioa egiten aritzen diren pertsonei laguntza eta aholkularitza espezializatua emateko, are emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunerako eta bereizkeria saihesteko eskubidea baliatzeko neurri espezifikoak (ordainsarien erregistroa, ordainsarien auditoria, lanpostuen balorazioa, besteak beste) ezartzen dituztenei ere.
b) Jarduketa horien hartzaileak Nafarroako enpresetako langileak izan behar dira.
c) Jarduketak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean egin behar dira.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz laguntzen ahalko dira aurreko oinarrian aipatzen diren jarduketetan 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean fakturatzen diren gastu hauek:
a) Entitateak proiektua zuzenean egiteko kontratatzen dituen langile tekniko adituen gastuak; teknikari horiek gutxienez 120 orduko prestakuntza eduki behar dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, erakunde publikoek edo unibertsitate publikoek zein pribatuek emana. Kontzeptu honengatik gehienez ere 50.000 euroko soldata-kostua onartuko da dirulaguntzarako (soldatak eta gizarte segurantza barne) lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko. Langilea urte osorako edo lanaldi osoan kontratatzen ez bada, dirulaguntza proportzioan murriztuko da. Gastu horiek behar bezala xehakatuta aurkeztu behar dira, zer jarduerari egozten zaizkien, haietan emandako orduak adierazita.
b) Entitateak proiektuan aritzeko kontratatzen dituen administrazio langileen edo bestelakoen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.
c) Langile horiek proiektuko ekintzak gauzatzeko egiten dituzten joan-etorrien eta mantenuaren gastuak, baldin eta nominaren bidez ordaintzen badira.
d) Jarduketen publikotasunak eta zabalkundeak eragiten dituzten gastuak.
e) Onuradunak diruz lagundutako jarduketak egiteko egin beharreko beste gastu batzuk.
2. Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten diren fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa ez da diruz lagungarria izanen, honako kasu honetan izan ezik: gastu horiek entitateak ezin baditu berreskuratu ez konpentsatu (berariaz adierazi beharko da).
3. Gastu diruz lagungarrietako bat (BEZa kenduta) 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatutako inprimakian frogatu beharko dira.
4. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, baimendutako gastu guztia banatuko da deialdian parte hartzen duten erakunde sindikalen artean, 2024ko abenduaren 31n ezarritako ordezkaritza sindikalaren ehunekoekiko proportzioan. Baldin eta baimendutako guztirako zenbatekoa eskatzaileen artean banatu ondoren diru baliagarri geratzen bada, beste banaketa proportzional bat eginen da dirulaguntzaren onuradunen artean, harik eta aurrekontuko kreditua agortu arte.
5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.
3. Eskabidearekin batera egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: helburuak eta adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntza eskatzen den gastu guztien aurrekontu xehatua eta justifikazioa, 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egozten zaizkion ehunekoa eta guztirako zenbatekoa adierazita (aurreikusitako jarduketak, langileria gastuak, joan-etorrien gastuak, zabalkunde-gastuak eta beste batzuk); proiektuan ariko diren genero-berdintasunaren arloko teknikarien kopurua; teknikari aditu bakoitzaren eta laguntzaile bakoitzaren kostua eta lanorduak.
Proiektuan zehaztu beharko da nola emanen zaizkien laguntza eta aholkularitza espezializatua Nafarroako edo sektore autonomikoetako enpresen berdintasun planak negoziatzen, prestatzen, ezartzen, jarraipena eta ebaluazioa egiten aritzen direnei, batez ere berdintasun planak negoziatzen dituzten batzordeetan esku hartzen dutenei. Honako datu hauek eman beharko dira: zenbat aditu kontratatuko diren, genero-berdintasunaren inguruan duten kualifikazio edo prestakuntza espezializatua, aurrekontu xehakatua eta zenbat berdintasun planetarako eskatuko diren laguntza eta aholkularitza espezializatua. Proiektuaren testuan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagoka izanen da; beraz, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, 4.4 oinarrian (ordezkagarritasun sindikala) adierazitako ordezkagarritasunaren araberako lehentasun-ordena ezartzeko, eta dirua banatuko da deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.
Baldin eta emanen diren zenbatekoak kalkulatu ondoren baimendutako kredituan soberakina badago, modu proportzionalean banatuko da dirulaguntza eskatu duten sindikatuen artean, harik eta baliagarri dagoen kreditua agortu arte.
Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, proiektuak jarduteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen ikusiko du, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, adieraziz onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateaz ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
1. Onuradunek 2025eko azaroaren 30erako (egun hori barne) frogatu beharko dute proiektua egin dutela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:
a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.
Zabalkunde gastuak baldin badaude, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.
b) Onuradunak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era arte proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.
2. 2026ko otsailaren 28a baino lehen (egun hori barne) onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute modu telematikoan, laguntzen fitxaren bitartez:
a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:
–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen-zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.
–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.
–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.
–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
–2025eko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko otsailaren 28ra bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.
b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.
3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkuntza inklusiboa erabiliz idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Entitate onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute 2025eko uztailaren 31 baino lehen, eta, horretarako, gauzatze-memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %40 gauzatu dela. Gainerakoa 2025eko abenduan ordainduko da, 7.1 oinarriaren arabera justifikatu ondoren. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.
2. 7.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.
3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 7.2 oinarriko frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.
Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea 7. eta 8. oinarrietan ezarritako moduan.
c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.
d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:
a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.
b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb).
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.
Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Nafarroako Gobernuaren aurrean, eta horretarako hilabeteko epealdia edukiko dute argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2503730
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
